Dbusen ekintza guztiak Urteko Memorian jasota daude, eta Erantzukizun Sozial Korporatiboaren eskakizunak betetzen ditu. Dbus pertsonari eskainitako konpainia denez, eta bizi garen gizarte, kultura eta ingurumeneko ingurunea hobetzeko konpromisoa duenez, Dbusen jarduera, ikuspegi sozialetik, honako zutabe hauetan oinarrituta dago:
Gizartea
Urtero, Dbusek kausa sozial batzuekiko sentsibilizazio eta kontzientziazio handiagoa lortzeko egiten diren ekimenak bultzatu eta haietan parte hartzen du. Horregatik, Dbuseko autobusek batzuetan ekimen horien aldeko banderak eta kartelak eramaten dituzte. Ondoren ikusi dezakezue zer kausa sozialekin egin du bat Dbusek.
Ingurumena
Dbusek ingurumenaren hobekuntzaren alde egiten duen ekarpen nagusia Dbuseko autobus sarearen erabilera masiboa da; izan ere, autobusak erabiltzen dituzten pertsonek beraien ibilgailua erabiliko balute erregaia askoz gehiago kontsumituko litzateke.
Halere, Dbusek badaki Konpainiaren beraren jarduerak erregaia kontsumitzea eskatzen duela, eta horregatik flota eta instalazioak hobetzeko lanetan ari da etengabe.
Ondoren ingurumeneko kalteak ahalik eta gehien murrizteko egin diren hainbat ekintza datoz zehaztuta.
- Inplementazio teknologikoak flotan, erregaien kontsumoa murrizteko eta igorpen kutsatzaileak gutxitzeko.
- Flotaren etengabeko berrikuntza, ibilgailu gero eta garbiagoak eta gero eta efizienteagoak sartuta, esaterako , autobus hibridoa eta autobus elektrikoa
- Kontsumo energetikoaren optimizazioa Kotxetegien instalazioetan.
- Hondakinak modu arduratsuan kudeatzea
Ildo horretan, Dbusek AENORen ISO 50001 ziurtagiria dauka Energiaren Kudeaketagatik, zeinarekin Konpainiak egiten duen energiaren kudeaketa eta etengabeko hobekuntzarekin hartuta duen konpromisoa bermatuta baitaude.
Langileak
Formazioa, motibazioa eta baldintza berdintasuna pertsonen kudeaketaren oinarriak dira Dbusen.
Dbuseko zerbitzuaren kalitatea ez da bakarrik berrikuntza teknologikoan oinarritzen. Era berean, eta oso funtsean, egunero Donostiako hiritarrei eta hiria bisitatzen dutenei zerbitzua ematen dieten profesionalak prestatzeko jarduerak egituratzen dira. Hori dela eta, Dbusek gidatze moduaz, efizientziaz, segurtasunez, giza harremanez eta euskaraz etengabe prestakuntza eskaintzen die bere langileei, haiek zerbitzu profesionala eta eraginkorra eman dezaten beren eguneroko jardunean.
Gaur egun Dbuseko plantillan 440 langile daude, eta horietatik 39 emakumeak dira. Dbusen funtsezkotzat jotzen da emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bultzatzea. Lanean berdintasuna egon dadin borrokan ari diren hainbat elkarteren sariak eskuratu dira, bai eta emakumeek beraientzat ohikoak ez diren lanpostuetan lan egin dezaten bultzatzeagatik ere.
Euskara
Dbusek euskara plan bat du martxan 2006az geroztik. Plan horretan enpresan euskararen presentzia areagotzeko eta kanpo zein barne harremanetan, eta bereziki bezeroekiko harremanetan, euskararen presentzia gero eta bermatuago egon dadin Dbusek hartu dituen konpromisoak eta erabakiak agertzen dira, bai eta euskara Konpainiaren zerbitzuaren habeetako bat izan dadin hartutakoak ere.
Zilarrezko Bikain ziurtagiria dugu azken urteetan egindako ahaleginen erakusgarria. Ziurtagiria 2013an eskuratu zuen, Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioaren eskutik, Konpainiak azken urteetan bere eguneroko jardunean euskararen normalizazioaren alde egindako ahalegina eskertzeko.