Category : Berriak

Dbusek bat egiten du Ikusmenaren Munduko Egunarekin

Urriaren 13an, osteguna, Ikusmenaren Munduko Eguna ospatuko da. Begisarek  (Erretinosi Pigmentarioak Jotakoen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du egun horretarako, eta Dbusek bat egin nahi dut jarduera horiekin.

Horregatik, ostegunean Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Dbus-ek adimen artifizialari buruzko jardunaldi batean parte hartu du, eta zerbitzuan inplementatutako berrikuntza teknologikoak aurkeztu ditu bertan

Dbusek adimen artifizialari buruzko jardunaldi batean parte hartu du. Spri Taldeak, Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, antolatu du jardunaldia, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, Miramonen, eta bertan egon dira adimen artifizialeko teknikariak eta adituak. Jardunaldian, Javier Vallejo Dbuseko zuzendari laguntzaileak HUPI enpresa teknologikoarekin batera Dbusen ezarritako azken soluzio berritzaileak aurkeztu ditu. Sistema horien helburua da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea eta planifikatzea, sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premietarako egokia den garraio publiko bat eskaintzeko.

Berrikuntza horietako bat da geltokien sentsorizazio sistema; izan ere, sistema horrek ahalbidetzen du geltokian dauden erabiltzaileen zenbaketaren kontrol ia zehatza egitea, eta datozen egunetarako eskaera aurreikusi ahal izatea, baliabideak optimizatzeko. Jardunaldian, halaber, Javier Vallejok beste programa berritzaile baten funtzionamendua azaldu du. Big datatik abiatuta konpainiaren autobusetako bidaiarien jatorri-helmuga matrizea eratzeko gai den programa da. Autobusetako ticketing datuetatik abiatuta eta algoritmo matematiko bat erabiliz, erabiltzaileen bidai ohiturak osatu ditzake. Hau da, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaien erregistroa hartuz jakin daiteke zer geltokitan igotzen eta jaisten diren erabiltzaile horiek, haien jatorri-helmuga matrizea, alegia. 

Zentzu horretan, saioan Smart Ramp eta Smart Clima proiektuak ere aurkeztu ditu Dbusek. Proiektu horiek aurreikuspen analisi adimenduneko proiektuak dira eta, autobusen arrapalen funtzionamenduari aplikatuak, hedapen automatikoa hobetzeko eta arazo teknikoak saihesteko, bai eta klimatizazio sistema monitorizatzeko ere baliatzen dira, mantentze prediktiboa hobetzeko, alertak ezartzeko eta zerbitzuko gorabeherak argitzeko, besteak beste.

Dbusek 15 urte baino gehiago daramatza berrikuntza teknologikoak ezartzen, eta erreferentea da Estatuan eta Europan garraioari aplikatutako berrikuntzetan, nazioarteko sarien finalista baita munduko garraio operadore berritzaileenaren kategorian.

Irakurri

Donostiak bost proiektu aurkeztu ditu Dbus-en zerbitzua elektrifikatzeko eta digitalizatzeko Europako funtsen deialdi berrian

Donostiako Udalaren bitartez, Donostiako Tranbia Konpainiak (DTK) garraio publikoa elektrifikatzeko eta digitalizatzeko bost proiektu aurkeztu ditu MITMAren (Garraioetako, Mugikortasuneko eta Ingurumeneko Ministerioa) Next Generation EU Europako funtsen bigarren deialdian. Eskaera horrek, “Donostia Electric Zen” izenekoak, 15.806.467,66 euroko aurrekontua du, eta horietatik 7.158.767€ diruz lagundutakoak izango lirateke, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan Emisio Txikiko Eremuak Ezartzeko eta Hiri Garraioaren Eraldaketa Digitalerako eta Iraunkorrerako Udalerriei zuzendutako Laguntza Programaren bidez.

 

Aurkeztutako bost proiektuek Donostiako autobus flota elektrifikatzeko lanetan jarraitzea ahalbidetuko lukete, eta zerbitzua hobetzen jarraitzea ere, arian-arian markesinak berrituz. Horrez gain, Dbizi, hirian dagoen alokairuko bizikleta publikoaren sistema, hedatzen jarraituko litzateke, igorpen akustikoak eta kutsagarriak murriztea sustatuta, eta airearen kalitatea hobetuta.

Flota errespetuzkoagoa eta iraunkorragoa

Azken deialdi honetan aurkeztutako proiektua onartzen bada, Dbusek 12 metroko beste 24 autobus gehiago eskuratuko lituzke, guztiak ere %100 elektrikoak. Autobus horiek hiriko linea guztietan emango lukete zerbitzua eta, horrela, MITMAren lehen deialdiari esker flotan sartuko diren 12 metroko 14 autobus elektriko berriekin batera eta lehendik Konpainiakoak diren hiru autobusekin, Dbusek, 2025ean, 41 autobus izango lituzke ezaugarri horiekin, hots, %100 elektrikoak, eta horiek 12 metroko flotaren %45 izango lirateke. Proiektu honi esker, halaber, flotaren eraldaketa ekologikoaren prozesua amaituko da, eta, 2025ean, flotaren %55 hibridoa izango da, hau da, 12 metroko flotaren %100ek teknologia errespetutsua eta iraunkorra izango dute.

Autobus berri horiekin batera, proiektuak horien kargagailuak erostea ere aurreikusi du, gauez kotxetegietan kargatze lanak egiteko, eta plataforma adimenduna kontratatzea autobusentzako kargatze lanetarako eragiketa eta azpiegituraren kudeaketa errazteko. Plataforma horrek ahalbidetuko luke egin daitezen kargatze lanei esker, autobusek esleituta dituzten zerbitzuak bete ahal izatea. Hala, kontsumoa optimizatuko litzateke.

Dbusen markesina sare osoa berritzea

Bestalde, DTKren proposamenak 50 markesina berritzea ere jasotzen du. Berritze lan horiei esker, 2025erako Dbusen zerbitzuko markesina sare osoa guztiz berriztuta egongo da, markesina irisgarri, inklusibo eta eraginkorrak izanik, aurreikusita baitago beste 136 markesina berritzea MITMAren lehen deialdiaren barruan eta beste 110 gehiago markesinak mantentzeko lanen kontratuaren barruan. Markesina berriek presentzia sentsoreak izango lituzkete. Horiek geltokiko argiztapena aktibatzen dute, elektrizitate hargunea duten geltokien kasuan. Gainera, markesina berriak ikusteko desgaitasuna duten pertsonentzako informazio sistema bat izango lukete, informazioa jasotzeko era, erabiltzailearen esperientzia eta erabiltzaile guztiek garraio publikorako sarbidea hobetzeko.

Bizikleta elektriko berriak

Azkenik, DTKren proposamenak Dbizi sistemaren hedapena jasotzen du, 132 bizikleta elektriko gehiago eskuratuz, eta, horrela, Donostiako bizikleta publikoak alokatzeko zerbitzua hobetu ahal izango litzateke. Sistemak, gaur egun, 47 geltoki misto ditu, 317 bizikleta mekanikorentzat eta 120 bizikleta elektrikorentzat. Bizikleta elektrikoen eskaintza hedatzeak zerbitzua erabiltzeko dagoen eskari handiari erantzungo lioke, izan ere, 2020ko abenduan abian jarri zenetik, harrera bikaina izan du hiritarren aldetik.

Irakurri

Donostia da, Kanaria Handiko Las Palmas, Palma eta Malaga hiriekin batera, garraio publikoaren digitalizazioaren gaineko “Innobus-Tur” proiektuko partaidea

Urtebetez proiektuan lanean aritu ondoren, “Innobus-Tur” proiektuan parte hartzen duten lau hirietako ordezkariek bilera egin dute gaur Donostian, egiten ari diren ekintzen aurrerapenak aztertzeko. Garraio publikoa digitalizatzeko proiektu bat da, non Donostiako hiri autobusen udal enpresak (Dbus), Kanaria Handiko Las Palmasekoak (Guaguas Municipales), Malagakoak (EMTSAM) eta Palmakoak (EMT PALMA) parte hartzen duten, udalerrien elkarte baten bitartez. Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Ministerioak (MITMA) finantzatzen du “Innobus-Tur” proiektua, Next Generation Europako funtsen bidez.

 

Jardunaldia gaur izan da, Donostiako Udaletxean, Donostia baita proiektua gidatzen duen hiria, eta bertan parte hartu dute Donostiako alkate eta Dbuseko Administrazio Kontseiluko presidente Eneko Goiak, Mugikortasun eta Garraioko zinegotzi Pilar Aranak eta Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek. Kanaria Handiko Las Palmasetik, Mugikortasuneko, Ekonomia Sustapeneko eta Itsasoko Hiriko Gobernuko zinegotzi eta Guaguas Municipales enpresako Administrazio Kontseiluko presidente José Eduardo Ramírez, eta Guaguas Municipales enpresako zuzendari nagusi Miguel Ángel Rodríguez egon dira jardunaldian. Palmari dagokionez, hiriko alkate Jose Hilak, Mugikortasun Iraunkorreko alkateorde eta EMT-Palmako Administrazio Kontseiluko presidente Francesc Dalmauk eta EMT-Palmako zuzendari gerente Mateu Marcusek parte hartu dute. Era berean, telematikoki parte hartu dute Mugikortasuneko zinegotzi José del Ríok eta Empresa Malagueña de Transportes enpresako gerente Miguel Ruízek.

“Innobus-Tur” proiektua

“Innobus-Tur” elkarlanezko proiektu bat da, eta bere helburua da autobus zerbitzua eta haren intermodalitatea hobetzeko jarduera berritzaileak eta errepikagarriak garatzea, prozesuak eta zerbitzuak digitalizatuz eta sentsorizatuz. 26,3 milioi euroko aurrekontua du, eta 36 hilabeteko epean gauzatu behar da. Aurrekontua Europako funtsen deialdian onartu zen, Espainiako Gobernuko MITMAren (Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Ministerioa) ‘Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean’. Programa 2024ko ekainean amaitzea aurreikusten da.

Proiektu horren bidez, sistemaren eraginkortasun handiagoa, irisgarritasun hobea eta garraio publikoaren erabiltzaileentzako abantailak lortu nahi dira, eta, era berean, autobuseko garraio publikoarekiko asebetetzea eta garraio horren erakargarritasuna areagotu nahi da, turistikoki erakargarriak diren hiri horiek bisitatu edo bertan bizi eta autobusen erabiltzaile direnentzat.

Proiektua oso ondo ari da aurrera egiten, eta programan ezarritako mugarriak eta helburuak betetzen ari da, bai eta  aurreikuspenak hobetzen ere. Hauek dira lau hirietan egiten ari diren ekintzak:

  • Ordaintzeko bitartekoak digitalizatzea eta eskudirutan egiten diren ordainketak murriztea
  • Lan harremanak digitalizatzea
  • Komunikazio eta informazio sistemak digitalizatzea
  • Markesina adimendunak.
  • Tailerreko jarduerak eta jarduera osagarriak digitalizatzea, flota jasangarria izan dadin.
  • Autobusek bat ez egiteko eta modu efizientean gidatzeko sistema
  • Edukierak kontrolatzeko eta jatorria-helmuga matrizeak estimazio algoritmo bidez kalkulatzeko sistema.
  • Autobusak sentsorizatzeko eta monitorizatzeko sistemak (arrapala adimendunak, bidaiarien zenbaketa, pneumatikoen presioa, aire girotua).
  • Eskaripeko iragarpenak egiteko eta geltokiak sentsorizatzeko sistemak, denbora errealeko informazioarekin.
  • Giza baliabideak eta material mugikorra optimizatzeko plangintza sistema adituak.

Dbusek egiten du erretinosi pigmentarioaren egunarekin

Irailaren 25ean, igandea, Erretinosi Pigmentarioaren Munduko Eguna ospatuko da. Begisarek (Erretinosi Pigmentarioak Jotakoen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du gaixotasuna gehiago ezagutu dadin eta gaixotasun horren aurka borrokatzen duten pertsonei  babesa erakusteko, eta Dbusek jarduera horiekin bat egin nahi du.

Horregatik, igande honetan Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

 

 

 

Irakurri

Transdev-eko ordezkaritza batek Dbus bisitatu du

Dbusek Transdeveko ordezkaritza baten bisita jaso du bere instalazioetan. Transdev Frantziako garraio operadore bat da, 18 herrialdetan presentzia duena, eta horietan autobus, tranbia eta metro zerbitzuak eskaintzen ditu. Ordezkaritzarekin batera, Hupi zerbitzu teknologikoen hornitzailearen langileak ere izan dira. Kide horiek guztiek Kotxetegietako instalazioak ikusi ahal izan dituzte, bai eta Donostiako autobusen flotan ezarritako azken aurrerapen teknologikoak zehaztasunez ezagutu ere.

 

Transdevek interes berezia erakutsi du Dbusen ezarritako azken irtenbide berritzaileen aurrean, hala nola geltokien sentsorizazio sistema, horrek ahalbidetzen baitu geltokian dauden erabiltzaileen zenbaketaren kontrol ia zehatza, eskariaren aurreikuspena egitearekin batera. Bisitan, halaber, big datatik abiatuta konpainiaren autobusetako bidaiarien jatorri-helmuga matrizea eratzeko Dbusek erabiltzen duen programa berritzailea ikusi ahal izan dute. Autobusetako ticketing datuetatik abiatuta eta algoritmo matematiko bat erabiliz, erabiltzaileen bidai ohiturak osatu ditzake. Hau da, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaien erregistroa hartuz jakin daiteke zer geltokitan igotzen eta jaisten diren erabiltzaile horiek, haien jatorri-helmuga matrizea, alegia. 

Ildo horretan, ordezkaritzak Smart Ramp eta Smart Clima proiektuak ere ezagutu ahal izan ditu. Proiektu horiek aurreikuspen analisi adimenduneko proiektuak dira eta, autobusen arrapalen funtzionamenduari aplikatuak, hedapen automatikoa hobetzeko eta arazo teknikoak saihesteko, bai eta klimatizazio sistema monitorizatzeko ere baliatzen dira, mantentze prediktiboa hobetuz, alertak ezarriz, zerbitzuko gorabeherak argituz, etab.

Hitz batean, sistema horien helburua da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea eta planifikatzea, sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premietarako egokia den garraio publiko bat eskaintzeko.

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu nazioarte mailan hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du eta etorkizuneko ikuspegi berri bat ere bai, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz gain.

Irakurri

Garraio publikoaren erabilera sustatzea, Mugikortasunaren Astea dela eta

Irailaren 16tik 22ra Mugikortasunaren Astea izango da, eta hori dela-eta, autobus geltokietan dagoen informazio materiala berrituko du Dbusek, lineen ibilbideen eta ordutegien irudia eguneratuz, errazago ulertzeko eta erakargarriago egiteko. Datozen egunetan hasiko dira materialak eguneratzen, eta pixkanaka eguneratuko dira Dbuseko geltoki guztietan. Era berean, Donostian zerbitzua ematen duten hiriko linea guztien
ibilbideak jasotzen dituzten planoak ere berrituko dira.

Informazioaren hobekuntza horren helburua da erabiltzaileen esperientzia hobetzea, garraio publikoaren erabilera sustatzeko. Era berean, egun horietan, 2020an abiatu zen eta Dbusen oso harrera ona izan zuen kanpaina bat berreskuratuko da. Garraio publikoaren onuren inguruan da kanpaina, eta autobus garraio publikoa ibilgailu pribatuaren alternatiba ona dela azpimarratzen duten lau ideia erabiltzen ditu. Ideia horiek grafikoan daude adierazita:

– Garraio publikoan bidaiatuz bidaiaren denbora beste zeregin batzuetarako erabil daiteke.
– Gastuak murriztu daitezke
– Ingurumena zaintzen da
– Espazio publikoaren erabilera hobetzen da

Kontua da aldaketa txikiak eginez mugikortasun iraunkorraren ereduan aurrera egiten jarraitzea Donostian, garraio publikoan bidaiarik gehien erregistratzen duen hirietako batean. Izan ere, Donostiak erregistratzen duen bidai kopurua Europako handienetako bat da eta Espainian Donostiaren antzeko neurria duten gainerako hirietakoa baino askoz handiagoa.

Irakurri

Dbusek Mercedes Benz-en 12 metroko autobus %100 elektrikoa probatuko du

Datozen egunetan, Dbusek 12 metroko autobus %100 elektrikoa eta zero emisiokoa probatuko du. Autobusa Mercedes-Benz etxekoa da, eCitaro modeloa, hain zuzen ere. Aurreikusita dago ibilgailua irailaren 21era arte egongo dela Donostiako kaleetatik bidaiariekin benetako zerbitzua ematen, Dbuseko 16-Igeldo, 25-Benta Berri-Añorga eta 33-Larratxo-Intxaurrondo-Berio-Igara lineen zerbitzuak eginez. 

Ibilgailu %100 elektrikoa eta isila da, 12 metrokoa, eta gauean kargatzen da Kotxetegietan. NMC3 belaunaldi berriko bateriek 316,8kWh edukiera erabilgarria dute, eta horri esker, autobusak 300 km-ko autonomia lor dezake. Ibilgailuak, gainera, Preventive Brake Assist (PBA) sistema du, hiri autobusetarako munduko lehen balaztatze aktiboko laguntzailea. Laguntza sistema berri horrek ohartarazten du geldirik dauden edo mugitzen ari diren objektuekin talka egingo duela (oinezkoak ere detektatzeko gai da), eta automatikoki balaztatze partziala egiten hasten da, talka egiteko berehalako arriskua dagoenean.

Ibilgailu %100 elektrikoekin lehenago egindako probetan bezala, proba hau Dbusen flota elektrifikatzeko prozesuaren aurreko fasean autobus elektrikoekin egiten ari diren probetako bat da. Izan ere, Next Generation funtsen bidez laguntzak eskatu zaizkio MITMAri (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa) 19 autobus %100 elektriko erosteko (4.160.000€-ko dirulaguntza jasoko da) eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioari ere beste autobus elektriko bat gehiago erosteko (550.000€-ko dirulaguntza jasoko da).

 

Dbusek 246 markesina berrituko ditu datozen bi urteetan

Datozen bi urteetan (2022-2024), Dbusek bere historiako markesina berrikuntzarik handiena egingo du, 246 unitate berri jarriko baititu. Markesina berri horietako 136 Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Ministerioak (Next Generation funtsak) finantzatuko ditu, emisio txikiko eremuak ezartzeko eta hiri garraioaren eta mugikortasunaren eraldaketa digital eta jasangarria egiteko laguntzen bidez. Gainerako 110 markesina, berriz, markesinen eta hiriko altzarien beste elementu batzuen kudeaketa integraleko zerbitzuaren emakidaren barruan berrituko dira.

Markesinak berritzeko plana zehazteko, hainbat irizpide hartu dira kontuan, hala nola markesinen narriadura, irisgarritasuna, ordezko piezen hornidurarik eza, markesinak gehiago hedatzeko beharra, hiriko auzoen araberako eguneratze orekatua, zutoinen ordez markesinak jartzea, etab. Horrez gain, hiriko markesinen estetika homogeneizatu nahi da, modelo bakarra erabilita geraleku guztietarako eta soilik haien konfigurazioa egokituta, lekuaren orografiaren edo irisgarriak izateko oztopoen arabera.

Berritze fasea datozen asteetan hasiko dela aurreikusten da. Hasteko, lehenengo 30 markesinak jarriko dira, eta markesina horiek bi funtzionalitate berri izango dituzte:

  • Gidatze sistema: sistema honek ikusmen urritasuna duten pertsonei aukera ematen die ingurune ezezagunetan orientatzeko, seinaleztatutako elementuraino oso modu zehatzean iristeko eta testuinguruaren informazioa eskuratzeko, adibidez, autobusak iristeko denbora erreala eta helmuga, markesinaren kokapen estrategikoetan jarritako seinale digital irisgarri eta unibertsal baten bidez (urrutitik irakur daitezkeen QR kodeak) eta mugikorreko aplikazio berezi bat erabiliz. Sistema baliagarria da, halaber, beste dibertsitate funtzional sentsorial edo kognitibo motaren bat duten pertsonentzat, horiek ere orientatu eta informatu baitaitezke irudien eta seinale akustikoen bidez eskura daitezkeen edukiei esker.
  • Argiztapenerako sentsorea: argietara konexioa duten markesina berriek presentziaren sentsoreak izango dituzte, eta sentsore horiei esker kortesiazko argiak aktibatu ahal izango dira eta markesinaren barruko ikuspena nabarmen hobetuko da, barrutik nahiz kanpotik, puntu beltzak ezabatzeko eta ingurunearen segurtasuna hobetzeko. Kortesiazko argi horiek beren argia graduatuko dute markesinan pertsonen presentzia dagoen ala ez kontuan hartuta, eta, beraz, energia gastua aurrezteko aukera ematen da, beharrezkoa ez denean erabilera mugatuta.
Irakurri