Category : Berriak

Asteazkena urriak 9, “XXI. mendeko teknologia garraio publiko hobea edukitzeko” hitzaldia

Urriaren 9an, asteazkenean, 11:30ean, “XXI. mendeko teknologia gure hirietan garraio publiko hobea eta mugikortasun iraunkorragoa edukitzeko” hitzaldia ospatuko da Donostiako Udaletxeko Osoko Bilkura aretoan.

Hizlaria Carlos F. Daganzo izango da, Garraio Zientziako Katedraduna Berkeleyko Unibertsitatean (Kalifornia), eta Honoris Causa Doktorea Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan. Hiri Garraioaren Etorkizunari buruzko Volvo Fundazioaren Bikaintasun Zentroko zuzendaria da, eta irakasle izan da Massachussets Institute of Technology (MIT) institutu ospetsuan. 

Hainbaten iritziz, Carlos F. Daganzo irakaslea da hiri eremuetako taldeko garraioen sareak aztertu eta konfiguratzeko lanetan diharduen munduko ikertzailerik hoberena, eta, horrez gain, bost liburu zientifikoren egilea da eta 150 artikulu baino gehiago argitaratuta ditu izen handiko nazioarteko aldizkarietan. Bere ikerketa lanak hiri garraiorako eredu berriak aztertzera bideratuta daude nagusiki, garraioaren kudeaketa eraginkorragoa eta iraunkorragoa izan dadin.

Hirietako espazioen diseinua eta bertako garraio sarearen ezaugarriek eragin zuzena dute hiri horietan bizi diren pertsonen bizitza kalitatean. Teknologia berriei esker, ekologia, iraunkortasuna eta efizientzia garraio publikoaren konfigurazioa egituratzen duten kontzeptuak dira.

Hitzaldian azken aurrerapen teknologikoek hirien bizi-kalitatea hobetzeko egin dezaketena aztertuko da. Era berean, Daganzo irakasleak eta bere taldeak kontinente ezberdinetako hainbat hiritan bertako hiri-garraio publikoaren konfigurazio eta kudeaketa jasangarri baten aldeko lanean izandako elkarlan eta esperientziak azalduko dira. Besteak beste, Bartzelona, Sakramento (Kalifornia), Chengdu eta Nanjing (Txina), Amman (Jordania) eta Nairobi (Kenia), eta baita Donostian ere izandako esperientziak izango dira mintzagai.

Eguna: asteazkena, irailak 9

Ordua: 11:30ean

Lekua: Donostiako Udaletxeko Osoko Bilkura aretoa

Izen-ematea: 943 000 200 telefonoan

> Programa deskargatu (pdf)

Irakurri

Dbus-ek MAN etxeko Euro 6 motorra duten autobus artikulatu ekologiko berriak edukiko ditu bere autobus flotan

Donostiako Tranbia Konpainiak, Dbusek, bere autobus flota berritzeko planaren baitan, 18 metroko autobus artikulatu ekologiko berriak erosiko ditu eta horniketa hori MAN Truck & Bus Iberia enpresari esleitu dio. Hasieran Dbusek lau autobus erosiko ditu eta horiek 2014an sartuko dira flotan, eta ondoren, baliteke, beste hiru unitate gehiago erostea.

MANen eskaintzako autobusek ekologia, efizientzia eta irisgarritasunari dagokienez eskatutako ezaugarriak betetzen zituzten. MAN Lion’s City G da eskainitako modelo guztietatik aukeratu dena, eta modeloak Euro 6 igorpen teknologia du, igorpen mailak merkatuko mailarik txikienetara murriztea ahalbidetzen duen teknologia, alegia. Dbus da MANen teknologia berri hori daukaten autobus artikulatuak erosi duen lehen enpresa.

Erosketa horrekin Dbusek autobus zaharrenak eta kutsadura gehien sortzen dutenak ordeztuko ditu. Teknologia berriarekin kontsumoak murriztuko dira, kendutako autobusekin alderatuta, eta horrek urtean eguratsera gutxi gorabehera 30 tona CO2 gutxiago igortzea ekarriko du, hirian aire garbiagoa eta osasuntsuago egotea bermatuta.

MAN autobus berriak Konpainiarako pertsonalizatuak izango dira, bere bidaiarien egungo premietara egokituta egongo dira eta. Hala, DTKren eskakizun guztiak beteko dituzte irisgarritasun, erosotasun eta segurtasunari dagokienez, eta %100 irisgarriak izango dira, zoru baxua eta sartzeko arrapala edukiko baitute 2 gurpildun aulkitarako lekura iristeko. Horretaz aparte, autobusek makurtzeko sistema bat edukiko dute ibilgailuaren zorua eta geltokia altuera berean jartzeko, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak, gurpildun aulkian doazenak eta haurren kotxeak errazago sar daitezen. Mugikortasuna murriztuta dutenentzako eserlekuak ere badituzte, eta autobusen barrualdean zein kanpoaldean itsuentzako eta ikusmena murriztua dutenentzako informazio sistema akustikoak ere bai; beraz, autobus berriak Dbusek duen soinu bidezko informazio sisteman integratuta egongo lirateke.

Autobus berriek Euro 6 motorra izango dute, 320CV-koa, bai eta ZF ECOLIFE abiadura kutxa automatiko efizientea, segurtasunez frenatzeko ABS + ASR sistemak, Thermoking aire girogailua, ate azkar bikoitzak eta irristagarriak, barruko LED argiak eta eguneko kanpoko argiztapen sistema ere.

Dbusek, gaur egun, MAN etxeko 89 autobus ditu bere flotan, eta horietako bat autobus hibridoa da, %30 gutxiago kontsumitzen duena. Erositako MAN etxeko EURO 6 autobus ekologiko berriekin Dbusek garbiago eta efizienteagoak diren autobus gehiago izango ditu bere flotan, donostiarrei eta hiria bisitatzera datozenei zerbitzua emateko.

Irakurri

Dbus saritu dute ingurumenarekin duen konpromisoarengatik

Dbus Donostiako Tranbia Konpainiak Ecostars Ohorezko Diploma eskuratu du hiri garraio iraunkorragoaren aldeko ekimen eta proiektuekin hartuta duen konpromisoarengatik, Logistika eta Mugikortasun Iraunkorraren Euskal Erakundeak (IVL) egindako batzar nagusiaren eskutik.

Ecostars (Efficient and Cleaner Operations STARS) dugu garraio flotaren ingurumeneko kudeaketa efizientea eta iraunkorra dela egiaztatzeko 2012az geroztik Dbusek duen protokoloa. Konpainia izan zen aitorpen hau eskuratzen lehen garraio enpresa, erregai kontsumoa eta bere autobusen igorpenak gutxitzen bere efizientzia operatiboa hobetzeko konpromisoa hartuta zuelako, aldi berean ratio ekonomikoa optimizatuta eta ingurumeneko inpaktua nabarmen murriztuta. Logistikako Euskal Erakundea da enpresen ingurumenarekiko etekina aitortu eta etekin horri izarrak esleitzen dizkion ekimen europar honen egiaztatzaile ofiziala.

Duela gutxi, 2013an, Dbusek Garraioaren Nazioarteko Foroak emandako sari bat ere eskuratu zuen, munduan dauden garraio sektoreko lau konpainia hoberenetako bat izateagatik, eta 2012aren bukaeran, Europako garraio publikorik hoberenaren saria eman zioten Gasteizen egindako Civitas Foroaren baitan. Herritarrek autobus zerbitzu gero eta hobeagoa eduki dezaten egunetik egunera egiten dituen ahaleginei esker, baliabideak optimizatzen eta ingurumeneko inpaktua murrizten saiatzen baita beti, gaur egun Dbus erreferentea da nazioartean hiri garraio publikoko konpainia gisa.

Irakurri

Dbus-ek bere aurrerapen teknologikoak aurkeztu ditu Donostian Garraio Sistema Adimendunei buruz egin den XIII. Biltzarrean

Ekainaren 18tik 20ra bitartean Garraio Sistema Adimendunei buruzko Espainiako XIII. Biltzarra egin da CEITek (Azterketa eta Ikerketa Teknikoen Zentroa) Donostian duen egoitzan, eta bertan mugikortasun, trafiko eta garraio publikoarekin lotuta dauden azken aurrerapen teknologikoak aurkeztu eta eztabaidatu dira.

Biltzarreko saio teknikoetan Dbusen partaidetza garrantzitsua izan da. Inaugurazio ekitaldian Konpainiaren Zuzendari gerente Gerardo Lertxundik garraio publikoko Ticketing sistemen gaineko saioa eta garraioan NFCren orainari eta etorkizunari buruzko mahai ingurua presiditu zituen. Mahai inguruan telefoniako enpresetako ordezkariek, soluzio teknologikoen hornitzaileek eta garraioko agintaritzek parte hartu zuten, eta garraio publikoan telefono mugikorrekin ordaintzeko kontakturik gabeko teknologien ezarpenari buruz aritu ziren.

Javier Vallejo Dbuseko Planifikazio eta Zerbitzu buruak, berriz, garraio publikoan herritarren zerbitzura egindako azken garapen teknologikoen txostena aurkeztu zuen Biltzarrean zehar. Aurkeztu zituen teknologietako asko dagoeneko operatibo daude Donostiako hiri autobusetan eta gainera europar proiektu batzuen babesa dute, esaterako Dbus Eremu Atlantikoko beste bost hirirekin batera aurrera eramaten laguntzen ari den Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) finantzatuta dagoen SITE proiektuarena (Smart Traveling in Atlantic Cities).

Biltzarrean zehar Dbusek bere lineetan dagoeneko operatibo duen autobus hibridoa erakutsi zuen. Autobus hori 2011z geroztik ari da hiritarrei zerbitzua ematen, kontsumoan %30era arteko aurrezpena lortuz. Bisita teknikoan pertsona itsu edo ikusmena urritua dutenentzat hiri erdian berriki instalatu diren audio sistemarekin egokitutako panelak erakutsi ziren, bai eta pertsona horiek garraio publikoa autonomia handiagoz erabili ahal izan dezaten autobusetako barrualdean eta kanpoaldean jarritako audio sistema ere. Bisitan zehar Dbusen 5 eta 28 lineetan dagoeneko martxan den BRT sistemaren (Bus Rapid Transit) ezaugarriak aurkeztu dira, izan ere, horren bidez konpainiak nazioarteko errekonozimendu handia lortu du, esaterako, Garraioaren Nazioarteko Foroak emandakoa, mundu mailan antolatzen dituen “Garraioaren Lorpenen” sarietan.

Irakurri

Dbus-ek erdiko ateko sarbidea hobetu du mugikortasun urriko pertsonentzat eta haurren aulkiekin bidaiatzen dutenentzat

Dbusek txartelak baliozkotzeko makinak jarriko ditu bere autobusetako erdiko atean mugikortasun urria izan eta gurpildun aulkian doazen pertsonek eta haurrentzako aulkiekin bidaiatzen dutenek garraio publikora igotzea errazago izan dezaten.

Baliozkotzeko makina erdiko atean jartzearen arrazoia izan da gero eta premia handiagoa dagoela autobus irisgarriagoak eta egokituagoak edukitzeko, bidai txartela eroso eta seguru ordaindu ahal izateko. Hala, hemendik aurrera erdiko atetik sartu behar diren pertsonek ez dute gidaria dagoen lekuraino joan beharrik izango bere txartela baliozkotzeko.

Haurren aulkiekin bidaiatzen duten pertsonen kasuan, horiek ere ez dute haurrarentzako bidai txartelik atera beharko, helduaren txartela baliozkotuta automatikoki haurrarentzako txartela aterako baita, ordainketa prozesua erraztuta eta paperezko bidai txartelen kontsumoa txikiagotuta. Erdiko atetik haur batekin bi haurrekin sartuz gero, gidariari haur txartel bat eskatu beharko zaio.

Makina berriak poliki-poliki instalatzen joango dira Dbuseko autobus guztietan, eta espero da udan zehar makina berriak autobus guztietan instalatuta egotea.

Garrantzitsua da gogoratzea baliozkotzeko makina berri hauek bakarrik esandako kolektiboek erabiltzeko direla, hau da, bakarrik gurpildun aulkietan doazen mugikortasun urriko pertsonek eta haurren aulkiekin bidaiatzen dutenek erabiltzeko direla, horiek dira-eta erdiko atetik sartzeko baimena dutenak. Gainontzeko erabiltzaileek aurreko atetik sartzen jarraituko dute, eta gidariaren ondoan dauden makinetan baliozkotuko dituzte beraien txartelak.

Baliozkotzeko makina berriak autobusaren erdiko gunean egongo dira instalatuta, gurpildun aulkietarako eta haurren aulkietarako egokitutako guneetan. Baliozkotzeko makina berria autobusaren erdiko gunean instalatzeko lanekin batera, baliozkotzeko beste makina eredu bat ezarriko da gidariaren gunean, autobusera sartu eta ezkerraldean egongo dena. Horrekin pertsona batek baino gehiagok txartelak batera baliozkotu ahal izango dituzte, aldi berean autobusera azkarrago sartzea ahalbidetuta.

Autobusak irisgarriak izatea Konpainiak duen lehentasunetako bat da, eta helburu hori poliki-poliki lortzen ari da, autobusen %100ean sartzeko arrapalak instalatuz, gurpildun aulkietarako eta haurren aulkietarako guneak eratuz, autobusen barrualdea mugikortasun urria duten pertsonen premietara egokituta diseinatuz, eta duela gutxi informazio paneletako eta autobusetako informazioa soinu bidez emateko sistema ezartzeko egin diren egokitzapenak eginez.

Baliozkotzeko makinak erdiko atean jartzea SITE proiektuan (Smart Traveling in Atlantic Cities) sartutako ekimena da, autobusen irisgarritasuna hobetzeko neurrietako bat, alegia. Proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) finantzatuta dago, eta Dbusek Eremu Atlantikoko beste bost hirirekin batera parte hartzen du bertan garraio publikoa hobetzeko diren sistema teknologikoen ezarpena bultzatzeko asmoarekin.

Irakurri

Dbus, Alemanian egindako garraioari buruzko nazioarteko goi bileran sarituta

Maiatzaren 23an, ostegunean, “Garraioaren Lorpenak” izeneko sari ospetsua banatu zen Leipzigen, Alemaniako hirian egin den Garraioari buruzko Nazioarteko Goi Bileraren baitan. Lehen saria Kansaiko (Japonia) Aireportu Internazionalari eman zioten, garraio publikoko azpiegiturak finantzatzeko duen eredu berritzailearengatik.

Dbusek epaimahaiaren aitorpena eskuratu du eta mundu mailako hautaketa prozesuko fase guztiak gainditu ditu, finalerdietan lehen postua lortuta eta finalera helduta. Finalean Japoniako aireportua baino ez da geratu bere gainetik.

Aitorpenarekin Dbusek garraio publikoaren autofinantzaketan lortutako maila handia azpimarratzen da bereziki. Autobusaren erabilera masiboa, urtean bidaiariek batez beste 156 bidaia egiten baitituzte ─Europako tasarik handienetako bat ─ eta garapen teknologiko handiak hiriari asko aurreratzen lagundu diote. Horrek esan nahi du istripuak, zaratak, eguratsera igorritako kutsatzaileak eta trafiko pilaketak nabarmen gutxitu direla, 10,5 milioi euro inguruko aurrezpena ekarrita urtean Donostiako hiriarentzat.

Urtero, “Garraioaren Lorpenak” saria Goi Bileraren gaiarekin lotura duten proiektu berritzaileak dituztenei eskerrak emateko erabiltzen da, eta aurtengo Goi Bileran, garraioaren finantzaketaz aritu dira. Sari honekin, Garraioaren Nazioarteko Foroak onartu egin du Dbus dela 2013an munduan garraioaren sektorean diharduten lau konpainia hoberenetako bat.

Irakurri

Mexikotik etorritako garraio publikoan aditu diren hainbat lagunek osatutako ordezkaritza bat Dbusen bisitan

Pasa den maiatzaren 7an Dbusek garraio publikoan aditu diren hainbat lagun hartu zituen bere instalazioetan. Adituak Mexikotik zetozen, bertako hainbat enpresa handiren ordezkari gisa.

Dbus bisitatzeko etorri ziren enpresek Mexikoko iparraldean dihardute eta lurreko zein aire bidezko garraio zerbitzuak eskaintzen dituzte. Denen artean 9.000 autobus baino gehiagoko flota dute eta 2 milioi kilometro baino gehiago egiten dituzte egunean.

Bisitan zehar, Mexikoko ordezkariek Dbuseko instalazioak ikusi ahal izan zituzten, baita kotxetegiak eta autobusen kontrolerako zentroa ere, eta zehatz-mehatz egiaztatu zituzten Dbuseko autobus flotan instalatutako azken aurrerapen teknologikoak bai eta autobusen erabilera, efizientzia eta segurtasuna hobetzeko kontrol eta kudeaketa sistemak ere.

Dbusetik oso garrantzitsutzat jotzen dugu nazioarte mailan hiriarteko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren erakundeekin harremanetan egotea, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen duelako eta etorkizuneko ikuspegi berri bat ere bai, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.

Irakurri

Dbus-ek Grupo Promedios enpresari esleitu dio autobusetako eta markesinetako publizitatearen ustiapena

Grupo Promedios izango da datozen urteetan Donostiako autobusean eta autobus geltokietako markesinetan jarriko den publizitatearen ustiapenaz arduratuko dena.

Lehiaketa publikoa banandutako bi lotetan esleitu zen eta Grupo Promediosen eskaintza izan da lote bietan puntuaziorik altuena lortu duena. Eskaintzan bai proposamen teknikoa bai proposamen ekonomikoa baloratu dira.

Horrela, Grupo Promedios enpresak Donostiako hiri autobusen kanpoaldean gaur egun egiten ari den publizitate ustiapenarekin jarraituko du datozen urteetan. Esleipen berriarekin kudeatuko diren autobusak 120 izango dira.

Autobusen geltokietako markesinei dagokienez, Grupo Promediosek gaur egun zerbitzua ematen duen enpresa ordezkatuko du eta gaur egungo kontratuak dituen baldintzak hobetuko ditu. Kontratuan publizitatearen ustiapena eta 361 markesinen mantentze lanak sartzen dira.

Grupo Promediosek esperientzia zabala du publizitate euskarriak ustiatzen. Gaur egun, 5.000 euskarri baino gehiago kudeatzen ditu autobus, metro eta markesinetan, 35etik gorako esklusibetan.

Irakurri

Dbusek bidezko merkataritzaren alde egiten du barre kutsagarriekin

Datorren maiatzaren 11ean ospatuko den Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna dela eta, Dbusek Adsis, Alboan, Caritas Gipuzkoa eta Emaus Fundazioarekin kolaboratu du flashmob baten grabaketan, bidezko merkataritza pertsona guztien artean zabaltzeko asmoz.

> Bideoa ikusi

“Algo que si lo practicas, contagia” lelopean, flashmob -ak barrea kutsatu daitekeela erakutsi nahi du, bidezko merkataritzaren moduan, norberaren adibidea erabiliz. Akzioa hirian zehar ibili zen Dbusen autobusetako batean grabatu zen, “Es justo tu autobus” kartela zeramana. Edonor igo zitekeen bertara eta barre kutsakorrarekin bat egin.

Flashmob-a Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako ekintza programaren barne dago. Programa ostegunean, maiatzaren 9an jarriko da martxan pertsona guztientzako hainbat ekitaldirekin, eta maiatzaren 11ra arte luzatuko da.

> Programa osoa ikusi

Irakurri