Category : Berriak

Ezagutu Donostiako hiriko ingurune naturala Dbuseko markesinetan

Urriaren 1ean Habitataren Munduko Eguna izango dela eta, Dbusek eta Cristina Enea Fundazioak indarrak batu dituzte Donostiako fauna eta flora autoktonoa ezagutarazteko, horretarako hiriko autobus markesinak erabiliz.

“Hurrengo Geltokia: hiriko natura” da kanpainaren leloa, eta Hiri Berdearen jardueretako bat izanik, bere helburua da Donostiako ingurune naturala ezagutaraztea eta balioestea eta garraio publikoa bultzatzea, hiritik mugitzeko modu iraunkorra den heinean.

Horrela, Donostiako hainbat animalia espezie eta gune natural aukeratu dira, haien gaineko informazioa eman ahal izateko. Animalia espezie eta gune natural horien kokalekuetatik hurbilen dauden Dbus geltokietan emango da esandako informazioa. Donostiarrentzat oso ezagunak ez diren espezieak eta guneak dira eta autobus geltokiak hiriko leku estrategikoetan daude, espezie eta gune horien kokalekuetatik oso hurbil. Hiriko ingurunean, non erakinak gero eta ugariagoak diren, ohikoa da natura ezkutuan eta bigarren planoan gelditzea. Halere, Donostiak natura aberatsa dauka, hainbat leku edo gunetan dibertsifikatuta.

Ildo horretan, hainbat auzotako 10 geltokitan binilo batzuk jarri dira, interesgune hauen gaineko informazioarekin:

– Cristina Enea Parkea → Frantziskotarrak (Egia)

– Ibaetako Haritza → Irakasle Eskola (Antigua)

– Ametzagainako Parkea → Garbera

– Urgulleko sugandila → Boulevard

– Ulia Mendia → Gaiztarro (Bidebieta)

– Uliako ur biltegiak → Toki Eder (Ategorrieta)

– Ondarretako marearteko zabalgunea  → Londres Hotela

– Muga kretazeoa/Paleozenoa → Ondarreta eta Zumalakarregi 21

– Altzako bioaniztasuna → Arri Berri (Altza)

Liburuxka batean ere jaso da informazio hori, eta liburuxka hori Dbusen web orrian, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean eta kultur zentroetan eskuratu daiteke.

Ipuin kontalariak Dbuseko autobus batean

Urriaren 5ean, ostirala, 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzako ipuin kontalarien saioak egongo dira Alderdi Ederreko lorategietan, non Dbuseko autobus bat jarriko den. 30na minutuko 3 saio egongo dira, euskaraz: 17:30ean, 18:15ean eta 19:00etan.

Ipuin kontalarien saio horietan naturarekin lotura duten istorio batzuk kontatuko zaizkie haurrei, hiriko naturaren aberastasunari eta Dbusen ikurrari, alegia, galzorian dagoen eta Donostiako alde batzuetan existitzen den Euskal Herriko  hegoaldeko zuhaitz igelari, keinu bat eginda.

Liburuxka ikusi (pdf)

Irakurri

Dbusek bat egiten du Erretinosi Pigmentarioaren Egunarekin

Irailaren 30ean, igandea, Erretinosi Pigmentarioaren Munduko Eguna ospatuko da. Begisarek (Erretinosi Pigmentarioak Jotakoen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du gaixotasuna gehiago ezagutu dadin eta gaixotasun horren aurka borrokatzen duten pertsonei  babesa erakusteko, eta Dbusek jarduera horiekin bat egin nahi du.

Horregatik, igande honetan Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Dbus-eko autobusen erabilerak gora egin du 2018ko lehen seihilekoan

Azken urteetako joerari jarraituta, 2018ko lehen seihilekoan 14.195.767 bidaia erregistratu dira Dbuseko autobusetan; horrek esan nahi du aurreko urteko denbora tarte berean baino 255.463 bidaia gehiago egin direla.

Hurrengo grafikoan, lehen seihilekoko emaitzek azken urteetan eduki duten bilakaera ikus daiteke, kontuan izanda 2013an Tarifa Bateratua sartzean erregistratu zen beherakada handia.

Analisia lineaz linea

Lineei dagokienez, 2018ko lehen seihilekoan gehien erabili den linea Amara-Ospitaleak izan da (28 linea), eta horren atzetik Altzakoa (13 linea) eta Benta Berrikoa (5 linea). Bidaiarien Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauaren arabera AENORen kalitate ziurtagiria duten hiru lineak dira, eta ziurtagiri horrekin linea horien zerbitzuaren kalitatea egiaztatzen da.

Era berean, sei hilabete hauetan bidaia kopuruak gora egiten jarraitu du Antiguon, Berion, Ibaetan eta Igaran zerbitzua ematen duten lineetan (5-25-33-40-43-45 lineak), aparteko 115.000 bidaia baino gehiagorekin, eta Amaran zerbitzua ematen dutenetan (17-21-26-28 lineak), aparteko 102.000 bidaia baino gehiagorekin. Modu berean, Ekialdean aldaketarik garrantzitsuena izan da Altza eta Bidebietako lineek (13-14 lineak) eta Egia eta Intxaurrondo lineek (8-9-29-42 lineak) bidaia kopuruan eduki duten igoera. Zehazki, aparteko 40.000 eta 19.000 bidaia gehiago zenbatu dira, hurrenez hurren. Aiete aldeko lineek (18-19-23-31-32-45 lineak) gora egiten jarraitu dute, duela 2 urte egin ziren hobekuntzen ondoren. 38.000 bidaia baino gehiagoko igoera eduki dute.

Horrez gain, Gautxori zerbitzuek gorakada handia eduki dute, urte bat baino gehiagoan zerbitzu horien erabilera etengabe jaitsi ondoren. 2018ko lehen seihileko honetan, egoerak buelta ematen du eta aparteko 10.603 bidaia zenbatu dira, %13 baino gehiago hazi dela adierazita. Gorakada linea guzti-guztietan gertatu da, B4-Amara-Martutene linea izanik gehien erabilitakoa.

Azpimarratzekoa da, halaber, TB6-Uliako Taxibusa eskaripeko zerbitzuaren gorakada. 1.907 bidaia gehiago eduki ditu, eta horrek esan nahi du zerbitzuak %30 egin duela gora.

Halere, eta zenbaki positiboekin kontrajarrita, 2018ko lehen seihileko honetan Astiñeneko zubiaren itxierak 79.241 bidaiako jaitsiera ekarri du itxiera horrek kaltetutako lineetan, hau da, 24, 27 eta 41 lineetan.

Bidaien analisia

2018ko lehen seihilekoan, urtarrilaren 19a izan da autobusa gehien erabili den eguna (San Sebastian bezpera). Egun horretan 115.837 lagunek hartu zuten autobusa. Urtarrilaren 19aren atzetik, otsailaren 2a eta apirilaren 19a (Europa Leagueko partida Anoetan) izan dira autobusa gehien erabili den egunak, horietan 99.193 eta 97.318 bidaia erregistratu baitziren, hurrenez hurren.

Zentzu horretan, lanegunetako autobusen batez besteko erabilera tarifak bateratu zirenetik handiena izan da, 90.746 bidaiarekin (89.329 bidaia 2017an). Larunbat eta jaiegunetako erabilerari dagokionez, lehen seihileko honetan batez besteko erabilera 2017koa baino handiagoa izan da, baita tarifak bateratu zirenetik erregistratutako handiena ere. Izan ere, larunbatetan 66.029 bidaia erregistratu dira (64.367 bidaia 2017an) eta 39.621 bidaia jaiegunetan (39.196 bidaia 2017an).

Informazio osoa (pdf)

Irakurri

Vectiaren autobus hibrido-elektriko bat probatuko du Dbusek

Garraio gero eta iraunkorragoaren alde konprometituta, Dbusek proiektu pilotu bat aurkeztu du, non CAF Taldeko Vectia enpresak fabrikatutako autobus hibrido-elektriko bat probatuko duen. Proiektuak 6 hilabete iraungo du gutxi gorabehera, aurtengo irailetik 2019ko otsailera arte, eta hiriko ekialdean dabiltzan autobus lineetan probatuko da: 9-Egia-Intxaurrondo, 13-Altza eta 14-Bidebieta; hau da, Altza, Bidebieta, Gros, Egia eta Intxaurrondo auzoetan zerbitzua ematen duten lineetan probatuko da.

Veris.12 Partial Electric modeloa da, 12 metrokoa. Autobusa modu hibridoan zein modu elektrikoan dabil, kanpoko kargaren premiarik gabe; beraz, ez du azpiegiturarik behar, ez linean, ez Kotxetegietan. Autobusak GPS bidez trukatzen ditu gidatze moduak, beraz. ez du gidariaren esku-hartzerik behar. Zehazki, Erdialdean, Grosen, Altzan (Harria parkea-Lauaizeta) eta Bidebietan ibiliko da modu elektrikoan, %100ean.

Irtenbide teknologiko malgua

Irtenbide teknologiko malgua da, eta kutsadura eta zarata murriztea ahalbidetzen du. Autobus hau martxan jartzeak CO2 igorpenak murriztea ahalbidetuko du modu hibridoan funtzionatzen duen lekuetan; eta erabat modu elektrikoan funtzionatzen duen lekuetan, berriz, ez dute batere CO2rik igorriko.

Era berean, Vectiaren autobusak berrikuntza teknologiko batzuk ditu, efizientzia energetikoa handitzera bideratuta, hala nola freno birsortzailea, freno pedalari sakatuta erregaiaren kontsumoan aurrezten uzten duena, edo start&stop sistema, zeinarekin modu hibridoan zirkulatuta autobusak geldialdi bat egiten duenean motorra gelditzen baita.  Gainera, ibilgailua %100 elektriko bihurtu daiteke bere bizitza baliagarriaren edozein unetan, lineako aukerako karga sistema erabiliz (OppCharge estandarra betetzen du).

Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi duenez, Dbusek garraio elektriko eta iraunkorraren alde egiten duen apustuak “beste bidaide bat dauka, CAF da, hain zuzen, bidaide hori “. Donostiako alkateak uste du autobusen konpainia bere flota berritzeko eta igorpenak murrizteko ematen ari den urratsak babes sendoa izan behar direla teknologia garbiak garatzen ari diren lurraldeko enpresetan. Hala, CAFek bere modelo berriarekin egingo duen proba balioetsi du, bere modelo berriarekin erabat interesgarriak diren prestazioak dituen autobus bat egiaztatu ahal izango baita, eta horrek urrats gehiago emateko balio ahal digu”.

“Oso pozgarria da garraio elektrikoaren alde egiten ari garen apustu honetan urrats berriak eman ahal izatea Gipuzkoako enpresa baten eskutik. Lankidetza publiko-pribatu honek alde biei egiten die on, eta hori da jarraitu nahi dugun bidea”, esan du bukatzeko.

CAFeko Negozioetako eta Teknologiako Zuzendari Korporatibo Josu Imazek, berriz, eskerrak eman dizkio Dbusi emandako laguntzagatik, eta azpimarratu du Vectiarentzat garrantzitsua dela bere produktuak Donostian ezagutaraztea eta Dbusekin elkarlanean aritzea, garraioko iraunkortasunean erreferentziakoak diren garraio operadoreetako bat baita.

“Dbusek eta CAFek elkarrekin garatutako lehen proiektua da hau, eta seguru gaude etorkizunean bion arteko lankidetza hori areagotu egingo dela. Izan ere, pozik esan dezakegu enpresa biak, proiektu honetaz aparte, jada proiektu berri bat aurreikusten ari direla CAF teknologia frogatzeko, hiriko linea baten %100 elektrifikatzeko aukerarekin, linea ibilgailu eta karga gune berriak jarrita.”

Vectia CAF Taldeko enpresa bat da, eta beste hiri  batzuetan ere badu autobusak funtzionamenduan, hala nola Bartzelonan, Valladoliden, Vitoria-Gasteizen, Iruñean edo Irunen. Era berean, CAF Taldea mugikortasunaren alde egiten ari den apustuaren barruan, berriki erosi duen Solaris enpresarekin, CAFek bere produktu gama osatu du, eta hiri mugikortasun iraunkorreko sistemetan Europan zuen lidergoa indartu.

Ildo horretan, Dbusek SOLARIS etxearen Urbino Hybrid 12 modeloko 19 autobus hibrido dauzka eta ingurumena gehien errespetatzen duten flotetako bat dauka. 2018aren bukaerarako aurreikusten da 12 metroko autobusen erdia elektriko-hibridoak izatea, gutxi gorabehera.

Proiektu pilotu honekin, CAF Taldeak eta Dbusek Donostian mugikortasun elektrikoa bultzatzen laguntzen dute, Donostiako autobus linea batzuen ezaugarrietara egokitzen den eta teknologikoki berritzailea eta malgua den irtenbide bat egiaztatuz.

 

 

 

 

 

Irakurri

“Zurekin edonora”: Dbus-ek bat egiten du Mugikortasun Iraunkorrararen Europako Astearekin

Irailaren 16tik 22ra arte Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea ospatuko da eta, hori dela-eta, Dbusek “Zurekin edonora” kanpaina abian jarri du, Donostiako Udalaren Mugikortasun Departamentuak aste horretarako bultzatu duen programaren barruan, garraio publikoaren erabilera bultzatzeko eta autobusetan elkarbizitza sustatzeko, erabiltzaileen artean autobusa errespetuz eta elkartasunez erabiltzea bultzatuta.

Kanpainarekin, “Laguntzaileak” ekimenari jarraipena eman nahi zaio, zeina pasa den maiatzean abian jarri baitzen autobusa belaunaldi desberdineko pertsonen arteko elkarbizitza gune gisa sustatzeko eta autobusetan seguru eta eroso bidaiatzeko aholku praktiko batzuk emateko. Aurreko kanpainan arrapala nola erabili edo haur-aulki batekin autobusera nola igo azaltzen zen, besteak beste, eta oraingoan, berriz, antolatutako jarduerekin autobusa ondo erabiltzeko eta autobusean bidaiatzen duten gainerako pertsonak aintzat hartzeko mezua bidali nahi da, hainbat ideia azpimarratuta. Esaterako, aipatzen da garrantzitsua dela autobusean azkarrago sartzea eta autobus barruan ibiltzea erraztea, autobusaren barruan paketeak egoki garraiatzea, ibilgailua ez zikintzea edo musika bolumen altuan eramanda beste erabiltzaileak ez molestatzea.  Hitz batean, helburua da Dbusen bidaiatzen duten pertsona guztien esperientzia hobetzea, baita gidariena ere.

Horretarako, bi jarduera osagarri antolatu dira autobusen barruan, irailaren 19, 20 eta 21erako. Hauek dira jarduerak:

– Perchinga mezu praktikoekin, autobusetan:  hiru egun horietan autobusen barruko barretan denontzat bidaia atseginagoa izateko 7 aholku egongo dira.

– Mikroantzerkia autobusetan: antzezpen batzuk dira, erabiltzaileei autobusetan gertatu ohi diren egoerak modu atseginean eta entretenigarrian azaltzeko, eta garraio publikoa leku atseginagoa egiten duten praktika onez ohartarazteko. Perchinga autobusen barruko barretan jarriko den egun berberetan egingo dira antzezpenak. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, 11:30etik 13:30era eta 16:30etik 18:30era, Dbuseko hainbat lineatan.

Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea 2002az geroztik ospatzen da, eta garraio publikoaren erabilera sustatzea eta ingurumenarekin arduratsua den mugikortasunaren garrantziaz sentsibilizatzea dira bere helburua. Edizio honetan, Europako 1.800 udalerri inguruk parte hartuko dute, eta Donostiakoa da horietako bat. Ildo horretan, Dbusen kanpainaren asmoa da autobusaren erabilera sustatzea eta erabiltzaileak ohartaraztea autobusa ondo erabiltzea garrantzitsua dela bidaiaren esperientzia hobetzeko.

“Laguntzaileak” aurreko kanpaina bezala, “Zurekin edonora” kanpaina ere Donostiako Udalak bultzatutako Goazen Donostia estrategiaren barruan sartzen da. Estrategia horrekin, Donostiako Udalak nahi du gure hiria eta Dbuseko autobusak elkargune eta elkarbizitzarako leku lagunkoiak izatea.  

Informazio gehiago

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Fibrosi Kistikoaren Munduko Egunarekin

Irailaren 8an, larunbatean, Fibrosi Kistikoaren Munduko Eguna ospatuko da. Egun horretan, Euskal Herriko Fibrosi Kistikoaren Elkarteak (FQ Euskadi) jarduerak antolatuko ditu eta Dbusek bat egin nahi du jarduera horiekin.

Horregatik, bihar, larunbata, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Dbus-eko geltoki berria 27, 31, 33 eta 38 lineetan

Dbuseko zerbitzua hobetzeko, irailaren 10etik aurrera, astelehena, 27-Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Gros, 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza, 33-Larratxo-Intxaurrondo-Antiguo-Berio eta 38-Trintxerpe-Altza-Molinao lineek geltoki berri bat edukiko dute Herreran, Txingurri 40an:

– 27 linea: Intxaurrondo alderantz, Larratxo III eta Garbera geltokien artean.

– 31 linea: Loiola alderantz, Larratxo III eta Poligono 27ko biribilguneko geltokien artean.

– 33 linea: Intxaurrondo alderantz, Larratxo I eta Otxoki geltokien artean.

– 38 linea: Trintxerpe alderantz, Larratxo III eta Txingurri 29 geltokien artean.

Era berean, 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza lineak Altzako Anbulatorioan ere egingo du geldialdia. Geltoki hau Santa Barbara eta Nerecan geltokien artean kokatuta dago eta orain arte geltoki horretan 13-Altza eta 38-Trintxerpe-Altza Molinao lineak baino ez ziren gelditzen.

 

Dbuseko autobusen erabilera masiboa Aste Nagusian, 756.826 bidaia egin dira

2018ko Aste Nagusian autobusaren erabilera masiboa izan da hirian. Momentuz astea guztian zehar, abuztuaren 11tik, larunbata, abuztuaren 18ra, larunbata, 756.826 bidaiari izan ditu Dbus-ek. Alegia, %1,47ko hazkundea 2017an erregistratutako 745.897 bidaien aldean. Zifra hauekin, oraindik probisionalak, Dbus-eko autobusak berriro ere garraiobide publiko erabilienak izan dira Donostiako jaietan.

2018ko Aste Nagusian erabilera gehieneko egunak hauek izan dira: abuztuaren 14, asteartea, Ama Birjinaren bezpera, 111.845 bidaiarirekin; abuztuaren 13a, astelehena, 98.541 bidaiarirekin; eta abuztuaren 11, larunbata, 97.573 bidaiarirekin.

Bidaiarien eguneroko banaketa ondorengoa da:

  • Abuztuaren 11, larunbata: 97.573 bidaiari
  • Abuztuaren 12a, igandea: 75.706 bidaiari
  • Abuztuaren 13a, astelehena: 98.541 bidaiari
  • Abuztuaren 14a, asteartea: 111.845 bidaiari
  • Abuztuaren 15a, asteazkena: 89.704 bidaiari
  • Abuztuaren 16a, osteguna: 93.604 bidaiari
  • Abuztuaren 17a, ostirala: 97.258 bidaiari
  • Abuztuaren 18a, larunbata: 92.595 bidaiari

Aste Nagusian zehar gehien erabili diren lineak hauek dira: Amara (17, 21, 26 eta 28 lineak) 199.315 bidaiarekin, hazkunde ikaragarria izan dute; Benta Berri eta Añorga (5, 25, 33, 40 eta 45 lineak) 165.959 bidaiarekin; Altza (13 linea) 93.824 bidaiarekin; Egia-Intxaurrondo (8, 9, 29 eta 42) 81.516 bidaiarekin; Aiete (18, 19, 23, 32 eta 46 lineak) 50.584 bidaiarekin; eta Bidebieta (14 linea) 31.206 bidaiarekin. Gainera mikrobus lineetan 24.924 bidaia erregistratu dira.

Zifra hauek Dbus-en zerbitzuen indartzeari esker lortu dira, izan ere 23.000 zerbitzu baino gehiago eskaini baitira egun hauetarako. Zerbitzu hauek 268 gidariren eskutik eman dira, beste 42 pertsonaren laguntzarekin, batez ere inspektore, tailerretako langile, eta koordinazio lanetan eta autobus flotaren funtzionamendua zaindu duten ezinbesteko beste hainbat langileri esker.

(Argazkia: aitonaldape)

Irakurri

Geltokien eta ibilbideen aldaketak Dbus-eko 26, 41 eta B4 lineetan

Abuztuaren 8tik aurrera, asteazkena, 26-Amara-Martutene, 41-Gros-Egia-Martutene eta B4-Amara-Riberas-Martutene lineek beren ibilbideen zati bat eta geltoki batzuk aldatuko dituzte Amaran eta Martutenen, puntualtasuna hobetzeko eta Martutene, Txomin, Loiola eta Erriberetako erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaintzeko. Horrela errazago izango da lineetarako ezarritako ordutegia betetzea.

  • 26-Amara-Martutene:

– Martutene alderantz: Antso Jakituna 12, Madril 10 eta Pilareko Ama geltokiak kenduko dira. Martutenen Larrun Mendi izango da linearen geltoki burua.  Urbieta 58 geltokia kendu egingo da eta Mendeurrena geltokira eramango da.

– Erdialderantz: Pilareko Ama eta Antso Jakituna 11geltokiak kenduko dira. Martutenen, Larrun Mendi izango da linearen geltoki burua.

  • 41-Gros-Egia-Martutene eta B4-Amara-Erriberak-Martutene:

Pilareko Ama geltokia kenduko da. Martutenen Larrun Mendi izango da linearen geltoki burua.

* Egungo Pilareko Ama geltokia erabiltzen dutenentzako oharra:  biribilgune berriaren ondoan, geltoki bat prestatuko da gasolindegiaren sarreran eta geltoki honetan autobusek denbora egingo dute. Kendu egingo den Pilareko Ama geltokitik 70 metro eskasera egongo da behin-behineko geltoki hau, eta Larrun Mendi bukaerako geltokia ere 70 metro eskasera egongo da behin-behineko geltokitik. Behin-behineko geltoki honetan erabiltzaileek igo eta jaitsi ahal izango dute.

24-27-41 lineak ohiko ibilbideak egiten ari dira Astiñeneko zubia ireki ondoren

Astiñeneko zubiko lanak bukatu direla eta, Dbuseko 24, 27 eta 41 lineak beren ohiko ibilbideak egiten ari dira.

  • 27-ALTZA-GROS-ANTIGUO-INTXAURRONDO

Larratxo alderantz: Loiolan zerbitzua ematen hasi da berriro eta La Salle, Patxillardegi, Loiola Parking, Bartzelona 26, Bartzelona 10 eta Toribio Alzagako geltokiak lehengora bueltatu dira.
Obrek iraun duten bitartean egon diren behin-behineko geltoki hauek, ordea, zerbitzurik gabe geratu dira: Nemesio Etxaniz (behin-behineko zutoina), Zorroagako pasealekua (behin-behineko zutoina) eta Erriberako Pasealekua (hiri arteko autobusen geltokia).

Antiguo alderantz: aldaketarik gabe.

  • 27-ALTZA-INTXAURRONDO-ANTIGUO-GROS

Loiola alderantz: Loiolan zerbitzua ematen hasi da berriro eta Aralar Mendilerroa 34, Patxillardegi eta Loiola Parkingeko geltokiak lehengora bueltatu dira.
Obrek iraun duten bitartean Nemesio Etxanizen egon den behin-behineko geltokia, ordea, zerbitzurik gabe geratu da.

Larratxo alderantz: aldaketarik gabe.

  • 41-GROS-EGIA-MARTUTENE:

Martutene alderantz: ohiko ibilbidea egiten hasi da.

Gros alderantz: Geltoki hauek lehengora bueltatu dira: Bartzelona Hiribidea 35, Bartzelona Hiribidea 15, Egia 17, Frantziskotarrak, Mandasko Dukea 3 eta Euskadi plaza.
Obrek iraun duten bitartean egon diren behin-behineko geltoki hauek, ordea, zerbitzurik gabe geratu dira: Nemesio Etxaniz (behin-behineko zutoina), Erriberako pasealekua (hiri arteko autobusen geltokia) eta Maria Cristina zubia.