Mugikortasun iraunkorraren kudeaketa eraginkorra eta garraio publikoaren garapen handiagoa lortzeko xedez, Donostiako Udalak Donostiako alokairuko bizikleta publikoen sistema kudeatzeko enkargua egingo dio Dbusi. Horren harira, gero eta gehiago dira bizikleta publikoaren sistemak hiri garraio gisa hartzen dituzten hiriak eta, hori dela eta, garraio publikoko enpresa operadoreak hasi dira sistemok kudeatzen. Martxoaren 12an Dbuseko Administrazio Kontseilua egingo da eta bertan sistemaren ezaugarriak zehaztuko dira.
Dbizi alokairuko bizikleta publikoaren sistema 2008aren amaieran jarri zen abian. Hasiera batean esperientzia piloto gisa sortu zen, alokatzeko bost estaziorekin eta ehun bizikleta mekanikorekin. Arrakasta izan zuenez, ondoren Donostiako Udala sarea handitzen joan zen eta 2013an sistema berria jarri zen, bizikleta elektrikoekin, hirian dauden aldapak igo ahal izateko eta urrutien dauden auzoetara iritsi ahal izateko.
Urrats berri bat sistemaren hobekuntzan
Urte hauetan esperientzia hartu ondoren, Udalak sistema hobetu nahi du eta bizikletaren erabilpena sustatu nahi du, hirian dauden garraio publikoko beste era batzuen osagarri gisa. Horretarako, enkargua egin dio Dbusi lizitatu beharko den sistema berri bat abian jarri dezan. Sistema berria esleitu ondoren, hurrengo 4-7 hilabeteetan sistema funtzionatzen hasi beharko da, eta denbora tarte horretan egungo bizikleta publikoko zerbitzua ere martxan egongo da, hau da, ez da zerbitzua etengo.
Kudeaketa sistema berriarekin, Dbizi Dbusen eskaintzaren barruan sartuko da eta alokairuko bizikleta publikoen zerbitzuak Dbusen zerbitzuen katalogoan sartuko dira. Sistemak ordutegi zabalagoa izango du, 6:00etatik 00:00etara, eta bizikleta mekanikoak ere edukiko ditu. Horrela, eskaintza biderkatu egingo da eta sistema malguagoa eta osoagoa izango da, eta kalitatea handiagokoa. Horrela, bada, sistema mistoa izango da, bizikleta elektrikoak eta mekanikoak eskainiko baititu.
Sistema berria progresiboki jarriko da matxan
Sistema berriak bi mugarri garrantzitsu edukiko ditu:
– Kontratuko lehen urtean, egungo zerbitzutik abiatuta, 120 bizikleta eta 16 estazio egongo dira (gaur egun, 115 bizikleta eta 16 estazio daude), eta zerbitzua zabalduko da. 267 bizikleta mekaniko gehituko zaizkio, dagozkien 32 estazioekin hiriko gune lauan, gune horretan jada badago-eta bidegorrien sarea. Sare mistoa honako kokaleku hauek osatuko dute: 9 estazio Erdialdean, 3 Antiguon, 6 Ibaetan, 6 Grosen, 9 Amaran, 5 Egian, 1 Loiolan, 1 Intxaurrondon, 3 Aieten eta 1 Ategorrieta-Ulian.
– Kontratuko laugarren urtean, bizikleta publikoen sistema leku garaietan eta Erdialdetik urrun dauden auzoetara zabalduko da, bizikleta eta estazio elektriko gehiago jarriz, alde horietan bizikletetarako azpiegitura gauzatzen hasi ondoren. Aurreikusita dago 24 estazio gehiago instalatzea (22 elektriko eta 2 mekaniko), 137 bizikleta gehiagorekin (120 elektriko eta 17 mekaniko). Hauek dira aurreikusten diren kokalekuak: 4 estazio Altzan, 3 Erdialdean, 1 Antiguon, 1 Ibaetan, 2 Grosen, 1 Egian, 1 Amaran, 2 Martutenen, 3 Loiolan, 2 Intxaurrondon, 1 Bidebietan eta 1 Aieten. Horrez gain, beste 2 estazio gehiago jartzea aurreikusten da, baina ez da erabaki non.
Zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi da
Kudeaketa sistema berriarekin lortu nahi den helburu nagusietako bat da bandalismoa eta lapurretak murriztea. Horretarako, bizikletak ainguratzeko sistema hobetuko da eta indartu egingo da erabiltzaileak identifikatzeko sistema. Era horretan, kontrolatu nahi da non dagoen utzitako bizikleta bakoitza, bai eta mailegu bakoitzaren iraupena ere, bizikletak era arduratsuan erabil daitezen eta sistema bizikletak erabiltzeko egoera optimoenean egon dadin. Sistema berriarekin, halaber, espazio publikoa optimizatu nahi da eta mugitzen ez diren bizikletekin espazio publikoan bizikleten aparkalekuak betetzea saihestu, normalean bizikleta erabiltzen dutenentzat bizikletak aparkatzeko leku gehiago izatea ahaleginduz.
Kalitatea handiagoa izan nahi horretan, sistemak UNE 13816 egiaztagiria ere izango du, zerbitzu on bat bermatzeko. Dbusek egiaztagiri hori 5-Benta Berri, 13-Altza eta 28-Amara-Ospitaleak autobus lineetan du, kalitate estandar horiek linea guztietan aplikatzen baditu ere. Bizikleta sistemari araua aplikatuta zerbitzuaren kalitatearen jarraipen hobea egingo da eta era eraginkorragoan erantzungo zaie sistemaren eskakizunei.