Category : Berriak

Azaroan, Dbusek bere historiako batez besteko erabilerarik handiena erregistratu du lanegunetan

Pasa den hilean, 2019ko azaroan, Dbuseko autobusen erabilerak igoera handia eduki du lanegunetan, egunean batez beste 97.730 bidaia egin baitute, bere historiako bidai kopururik handiena izanik. Guztira, 2.486.844 bidaia zenbatu dira azaroan.  

Zehazki, Dbuseko hiru lerro nagusiek –5-Benta Berri, 13-Altza eta 28-Amara-Ospitaleak–9.984, 11.427 eta 13.153 bidaia egin dituzte batez beste lanegunetan, hurrenez hurren. 

Oso datu positiboak izan dira, hirian egiten ari diren obrak, hala nola Tolosa hiribidea asfaltatzeko lanak, eta baldintza klimatologikoak direla-eta hilabete hauetan erregistratzen ari diren zirkulazio zailtasunak gorabehera.

Dbus ahalegin handia egiten ari da lineen maiztasunei eutsi ahal izateko eta erabiltzaileen gero eta eskari handiagoari erantzuteko, zerbitzua 5-6 gidarirekin eta autobus unitate gehiagorekin indartuta. Era berean, egunero lineen emaitzak monitorizatzen dira aztertzeko zer hobekuntza egin daitezkeen erabilgarri dauden baliabideen arabera.

Datu horiek urrian erregistratutako emaitza onei batzen zaizkie, hilean 2.641.815 bidaia zenbatu baitira erabileraren errekor historikoa hautsita. Horrek esan nahi du, halaber, erabilera kopururik altuena izan dela Dbusek zerbitzua soilik Donostian ematen duenetik

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Boluntariotzaren Nazioarteko Egunarekin

Abenduaren 5a, osteguna, Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna da. Boluntarioen lana ezagutarazteko eta kohesio soziala bultzatzeko Sareginez irabazi asmorik gabeko erakundeen sareak antolatutako jarduerekin bat egin nahi du Donostiako Udalak. 

Horregatik, ostegunean Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Datozen lau urteetan Dbus-en 12 metroko autobusen %90 hibrido-elektrikoak izango dira

Dbusek MAN TRUCK & BUS IBERIA, SAUri esleitu dio 12 metroko hamabi autobus hibridoren erosketa, datozen hiletan Donostiako autobus lineetan zerbitzuan jartzeko. Datozen lau urteetan ezaugarri horiek dituzten 39 autobus -gehienez ere- eskuratzeko aukera emango duen eta horrekin zerbitzuan hobekuntzak egitea ahalbidetuko duen kontratu baten barruan sartzen da erosketa hau.

MAN Lions City 12C Efficienthybrid autobusa da flota berritzeko aukeratu den modeloa. Autobus hibridoaren modelo berria da, indartsuagoa eta Dbuseko lineen ibilbide zorrotzetarako egokia den motorizazioarekin. Gaur egun Dbusek 38 autobus hibrido ditu, eta horietatik 19 MAN markakoak dira. Modelo berriak Dbuseko flotaren ezaugarri guztiak betetzen ditu, hau da, plataforma baxuak eta arrapala elektrikoak ditu mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, autobusa %100 irisgarri izan dadin. Era berean, ibilgailua erabat egokitzen da Dbusen baldintza teknikoetara, hala nola, gidariaren lanpostuaren diseinura eta erabiltzaileentzako lekuaren banaketara, besteak beste. 

Ibilgailuaren nobedadeetako bat da erabiltzaileen eserlekuetan oinetarako leku gehiago dagoela; izan ere, eserlekuak alboko panelen bitartez lotzen dira lurrera, eta, horri esker, espazio gehiago egoteaz gain irisgarritasuna hobetzen da eta errazagoa da autobusa barrutik garbitzea. Start&Stop sistema ere badu, zeinarekin autobusaren motorra gelditu egiten baita ibilbideko semaforoetan edo geltokietan. Horrela, erregaia aurreztu eta kutsadura atmosferikoa eta akustikoa murrizten dira.

Igorpenen murrizketari dagokionez, modelo berriak igorpenak %10 inguru murrizteko aukera ematen du antzeko ezaugarriak dituzten autobus dieselen aldean, eta agerian uzten du Dbusek ekologia eta jasangarritasunarekin hartuta duen konpromiso etengabea. Ildo horretan, hamabi autobus berriak sartuta aurreikusten da urtean 61,6 tona CO2 gutxiago igorriko dela.

Autobus bakoitzaren prezioa 287.000€-koa da, entrega epea zazpi hilabetekoa, eta bermea bost urtekoa.  Lehen aldiz, berme hori luzatu egin da, MAN ibilgailuetan aurretik zegoen 3 urteko bermetik gaur eguneko 5 urteko bermera. Hori hobekuntza handia da ibilgailuen mantentze lanetarako.

Dbusek bere flotako autobus zaharrenak ordezteko ibilgailu berriak jarri behar ditu zerbitzuan, eta premia horri erantzuten dio autobus hauen erosketak.  Azken urteetan, Dbus ahalegin handia egiten ari da bere flota apurka-apurka berritzeko.

Autobus berriak sartuta, aurreikusten da datozen lau urteetan Dbusen 12 metroko flotaren %90 elektriko-hibridoa izango dela, eta ingurumena gehien errespetatzen duen flotetako bat izango dela.  Era berean, urte hauetan berrituko diren autobusak Dbusen 12 metroko autobusen ia erdia izango dira; beraz, Dbusek flota berritzeko bere historian egin duen prozesurik garrantzitsuena da.

 

Irakurri

Dbus eta Deustoko ikasleak elkarlanean autobus barruko giza harremanak hobetzeko estrategiak lantzen

Dbus eta Deusto Business Schoolen Marketin Aurreratuko Unibertsitate Masterra (MUMA) egiten ari diren ikasleak elkarrekin aritu dira marketin erlazionaleko estrategiak lantzen, Donostiako autobus zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen esperientzia hobetu ahal izateko asmoz. Lana pasa den irailean hasi zen, Masterreko irakasle Alazne Mujika Alberdiren ekimenez, eta azken hilabete hauetan masterreko ikasleek egoeraren diagnostiko bat egin dute, eta egoera hobetzeko proposamen bat planteatu ere egin dute.  

Abiapuntuko premisa izanik Dbus “Pertsonak daramatzaten eta pertsonekin lan egiten duten pertsonek” osatuta dagoela, autobusean ezartzen diren giza harremanak izan dira aztertu beharreko puntuetako bat. Ikasleei planteatutako erronka, beraz, harremanak maila guztietan humanizatzea izan da, gidariaren eta erabiltzailearen arteko harremana bereziki azpimarratuta. Funtsezko alderdia da erabiltzaileen esperientzia hobetzeko, eta Dbusek urteak daramatza hori lantzen, bai gidariei prestakuntza berezia emanez, bai bidaiariei zuzendutako kanpainen bitartez.

Hilabete hauetan Dbuseko komunikazio plataforma guztietan dauden datuak eta informazioa aztertzen aritu ondoren, Deusto Business Schooleko ikasleek hainbat proposamen aurkeztu dituzte jardunaldi batean, non Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek eta Konpainiaren Marketin arloko arduradunek parte hartu baitute. Proposamenak egindako diagnostikoan oinarrituta daude, izan ere, diagnostikoan premia nagusiak identifikatu dituzte.

Horretarako, ikasleek Konpainiaren filosofia korporatiboaren balioak identifikatu dituzte, eta beraiek proposatutako ekintza guztiak balio horiekin bat datoz.

Testuinguru honetan eta egoeraren diagnostiko honetatik abiatuta, talde bakoitzak bere balio proposamena aurkeztu du, erabiltzaileen esperientzia hobetzera zuzendutako ekintza eta kanpaina batzuetan oinarrituta. Proposamenen barruan daude, esaterako, prestakuntza ekintzak, sentsibilizazio kanpainak eta pertsonalizazio ekintzak, harremanak hurbilagoak eta humanoagoak izatea lortzeko. Seguru gaude gogoeta horrek etorkizuneko estrategietarako balioko duela, ideia freskoz eta dibertigarriz beteta baitago.

Irakurri

Dbusek bat egiten du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin

Beste urte batez, Dbusek bat egiten du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunarekin. Eguna astelehenean, azaroaren 25a, ospatuko da.  Keinu horrekin Dbusek emakumeak iraindu eta beraien izena zikintzen duen eraso eta portaera ororen aurka dagoela erakutsi nahi du, eta bere ekarpena egin nahi  du genero berdintasunaren aldeko borrokan.

Horregatik, astelehenean, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunean Dbuseko autobus guztiek puntu lila eramango dute biolentzia horren aurka gaudela adierazteko.

Irakurri

Dbusek bat egingo du Smith-Magenis Sindromearen Nazioarteko Egunarekin

Azaroaren 17an, igandean, Smith-Magenis Sindromearen Nazioarteko Eguna izango da. Sindrome hori hainbat sintoma eta osasun arazo dakartzan asaldura genetikoa da. 

Dbusek bat egin nahi du ASME Erakundeak (Smit-Magenis Sindromearen Espainiako Elkartea) antolatutako jarduerekin, gaixotasuna gehiago ezagutzeko asmoz, eta babesa eskaini nahi die egunero gaixotasun horri aurre egiteko borrokatzen diren pertsona guztiei. Horregatik, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainarekin lotutako kartela eramango dute igandean egun osoan zehar.

Irakurri

Dbus-ek bat egingo du Entzutearen Egunarekin

Bihar, ostirala, azaroak 15, Entzutearen Eguna ospatuko da. Dbusek bat egin nahi du egun horretarako Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak antolatutako jarduerekin, eta horren bidez hari babesa erakutsi, bere errealitatea beste norbaitekin partekatu behar duenari entzunez egiten duen lanagatik. 

Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdetik etorritakoen bisita hartu du Dbus-ek bere instalazioetan

E-MOBASK mugaz gaindiko proiektu europarraren baitan, Dbuseko teknikariak eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko teknikariak Kotxetegien instalazioetan elkartu dira mugikortasuneko esperientziak partekatzeko eta erronka komunak aztertzeko.

Bisita horretan, Dbusek azken 15 urteetan enpresak egin dituen aurrerapenen berri eman die. Besteak beste, zerbitzuan egindako hobekuntzak, ezarri diren teknologiak, lortu diren emaitzak eta jaso diren aitortzak jakinarazi dizkie, eta Donostian laster zabalduko diren proiektuen gainean ere hitz egin die. 

Mugaz gaindiko lurraldean mugikortasunaren alorrean dituzten erronkak ere aztertu dituzte erakunde bietako teknikariek, gai hori ere bada-eta Dbusek Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin eta Euskal Hirigune Elkargoaren Mugikortasun Sindikatuarekin batera garatzen ari den E-MOBASK Proiektuko aztergaia. Gaur egun lurraldeko helburuetako bat da garraio publikoaren erabilera bultzatzea ibilgailu pribatuaren erabileraren aurretik eta herritarrek mugikortasunari lotuta dituzten ohiturak aldatzea mugikortasun iraunkorrago baterantz.

Era berean, erakunde biek erakutsi dute elkarrekin aritzeko prest daudela mugikortasuneko hobekuntzak eta garraio publikoaren erabilera bultzatzeko eta errazteko asmoz etorkizunean egon daitezkeen proiektu europarretan.   

Irakurri