Category : Berriak

Dbusek bat egiten du Boluntariotzaren Nazioarteko Egunarekin

Abenduaren 5a, larunbata, Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna da. Boluntarioen lana ezagutarazteko eta kohesio soziala bultzatzeko Sareginez irabazi asmorik gabeko erakundeen sareak antolatutako jarduerekin bat egin nahi du Donostiako Udalak.

Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Dbus: IGO GARRAIO SEGURURA

Dbusek informazio kanpaina bat abian jarri du garraio publikoa sustatzeko garraiobide seguru eta iraunkor gisa, segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzen duen garraiobidea baita; izan ere, COVID-19ari aurre egiteko moduaren AENOR ziurtagiriak hori bermatzen du. 

Kanpaina azterketa zientifikoetan eta osasun publikoko adituen iritzian oinarritzen da, eta autobusean bidaiatzea seguru egiten duten arrazoi nagusiak biltzen ditu:

Autobusen eta Kotxetegietako instalazioen eguneroko garbiketa eta desinfekzioa. Lan horiek egiteko, ihinztatzeko sistema motorizatu berritzaile bat erabiltzen da, eta sistema horrekin autobusaren barruko leku guztietara iristen da eta desinfekzio zehatzagoa eta zorrotzagoa egin daiteke.

Autobusen okupazioaren monitorizazioa, erabiltzaile gehien erregistratzen duten lineetan irteera gehiago jartzeko, jakinda azken hilabeteetan erregistratu den batez besteko okupazioa %22 izan dela eta zerbitzuen %99,3k %50 baino gehiagoko okupazioa dutela.  

Zerbitzuak areagotzen dira puntako orduetan: irail hasieratik Dbusek bere baliabideen %100a du aktibatuta eta zerbitzuen maiztasunak maximoak dira ahalik eta leku gehien eskaintzeko.

Maskaren erabilera derrigorrezkoa da erabiltzaileentzat eta gidarientzat. Era berean, autobusek babes manpara dute gidariaren postuan.

– Dbuseko autobusetan garraio txartelarekin eta banku txartelarekin ordaintzea gomendatzen da, osasun kontuengatik eskudiruaren erabilera murrizteko.

– Ibilgailuak zerbitzuan daudela etengabe aireztatzen dira, airea une oro sartzen baitzaie, geltokietan ibilgailuaren ate guztiak irekiz eta itxiz eta lehen orduan kotxetegietatik ateratzen den unetik ibilgailuaren leiho eta sabai leiho guztiak irekiz. Hiri garraioko ibilbideak laburrak izateak eta geltokitik geltokira distantzia txikia egoteak laguntzen du aireztapen horretan. Era berean, pegatinak jarri dira autobusetako leiho guztietan, erabiltzaileei leihoak irekita utz ditzatela eskatzeko, aireztapena areagotzeko.  

Kanpaina hainbat euskarritan dago, hala nola Dbusen markesinetan, autobusen barruko pantailetan, 4 autobusen errotuluetan, web orrian eta sare sozialetan.

Bideoa ikusi

 

Dbuseko autobusetako aireztapena indartzea

Dbusek COVID-19ari aurre egiteko moduagatiko AENOR ziurtagiria dauka, zeinarekin bermatuta dago Konpainiak ematen duen zerbitzuan Dbsuek egoera berri honi aurre egiteko duen protokoloan bertan ezarritako protokolo eta neurriak betetzen direla.

Ibilgailuetako aireztapena hobetzea da neurri horietako bat. Dbuseko autobusak etengabe aireztatuta daude zerbitzua ematen ari diren bitartean, geltokietan ate eta leiho guztiak irekiz eta ibilgailua lehen orduan Kotxetegietatik irteten den unetik lehio eta sabai leiho guztiak irekiz aire ekarpena jarraitua baita.

Era berean, linearen ibilbide bukaerako geltokira iristen den bakoitzean, gidariek bermatu behar dute leihoek irekita jarraitzen dutela, aireztapena jarraitua izatea ahalbidetzeko, eta, ahal den guztietan, geltoki horietan ate guztiak ere irekiko dira.

Egun osoan aireztapena ahalik eta handiena izan dadin, erabiltzaileei eskatzen zaie leihoak irekita uzteko. Horretarako, leiho guztietan pegatinak jarri dira informazio horrekin eta autobusen barruko pantailetan ere ematen ari da informazio hori.

Irakurri

Dbizi bizikletak alokatzeko sistema berriaren gaineko informazio guztia zure eskura

Datozen asteetan, hiriko bizikleta alokatzeko sistema berria edukiko du Donostiak, Dbizi sistema, alegia. UTE BIZISSek (MOVUSek eta URBASERek eratutako ABEEa) kudeatuko du udal sistema, Dbusen eta Donostiako Udalaren bitartez.

Sistema berriak aurrekoak baino sare zabalagoa dauka, 46 geltokirekin eta 437 bizikletarekin, eta bizikleta horietatik 120 elektrikoak dira, eta 317 mekanikoak. Geltoki guztiak mistoak dira, hau da, bizikleta mekanikoak zein elektrikoak hartu eta utzi ahal izango dira puntu berean.

Geltokiak hiriko hainbat auzotan jartzen ari dira eta gaurtik aurrera www.dbizi.eus web orrian kontsultatu ahal izango da geltokiei eta beren kokalekuei buruzko informazio guztia, bai eta tarifei edo sistemaren funtzionamenduari buruzkoa ere.

Era berean, jada irekita dago Dbiziren Erabiltzailearen Arretarako Bulegoa, Zorroaga pasealekuko 23-25ean; astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, lanegunetan, 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Telefonoz (943 060 888), sare sozialen bidez, posta elektroniko bidez (info@dbizi.eus) eta whatsapp edo telegram bidez (648 019 332) ere jar daiteke harremanetan bulegoarekin.

Sistema abian jartzeak ahalbidetuko du Donostiako mugikortasun iraunkorreko eskaintza handitzea eta errazago egingo du garraio modu guztien arteko intermodalitatea.

Sisteman alta eman

Abenduaren hasieran eman ahal izango da izena sisteman, Dbiziren web orriaren edo apparen bidez, edo Dbiziren Erabiltzailearen Arretarako Bulegoan.  Lehengo sistemaren erabiltzaileek (2020ko ekainean sistemari baja eman zitzaionean abonatuak zirenak) %50eko deskontua izango dute banakako abonu arruntean, baldin eta 2021eko urtarrilaren 6a baino lehen ematen badute alta sistema berrian.

Horretarako, datozen egunetan, kode bat jasoko dute posta elektroniko bidez eta abenduan, sisteman izena emateko epea modu ofizialean irekitzen denean, deskontuaz baliatu ahal izango dira. Era berean, urtarrilaren 6a baino lehen erregistratzen diren erabiltzaile berriek %25eko deskontua edukiko dute banakako abonu arruntean.

Tarifak eta ordainketa sistema

Dbiziren ordainketa sistema berriak kuota finko bat ezartzen du, banaka edo taldeka ordaindu beharreko abonu arrunta edo noizbehinkako abonu gisa, eta erabilerako denbora tarteen araberako ordainketa, bizikleta maileguan hartzen den denboraren arabera. Era berean, tarifa desberdina izango da bizikleta mekanikoa edo elektrikoa erabiltzen bada.

Sistemak taldeko abonu arrunta eta noizbehinkakoa ere baditu, 2-5 pertsonako taldeentzat, familientzat, enpresentzat eta abarrentzat. Abonuaren titular nagusiak egingo ditu taldeko pertsonen erabilerengatiko ordainketa guztiak.

Horrez gain, deskontuak egingo dira bizikleta elektrikoak erabiltzeko tarteen arabera (0-60 minutu) leku garaietan edo urrutik dauden auzoetako geltokietako joan-etorrietan (web orriko planoan adierazitakoaren arabera), eta deskontuak egingo dira, halaber, familia ugariagatik, abonu arruntetan eta noizbehinkakoetan.

Geltokien sarea

Garapeneko lehen fase honetan 46 geltoki jarriko dira hiriko 10 auzo edo gune hauetan: erdialdea, Gros, Egia, Ategorrieta-Ulia, Intxaurrondo, Antigua, Ibaeta, Loiola-Martutene, Aiete eta Amara.

Bigarren fasean, gainera, 22 geltoki gehiago jarriko dira, eta Bidebieta, Herrera, Altza eta hiriko beste eremu batzuetara zabalduko da sarea. 

Sistema berriak funtzionamendu ordutegi zabala du: astelehenetik ostiralera 06:00etatik 00:00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan 24 orduz egongo da martxan.

Bizikleten ezaugarriak

Bizikleta berriak sendoak dira, eta sistemaren apparen bitartez desainguratzen eta ainguratzen dira. Bizikleta elektrikoek errotulazio berdea dute, eta mekanikoek, berriz, urdina.  

Elementu teknologikoak, fisikoki, geltokian daude eta ez bizikletan bertan, eta bizikletak mugitzen dira beti ainguraketa batetik bestera; beraz, bizikletak arinagoak dira eta ekintza bandaliko pairatzeko duten arriskua txikiagoa da. Horrek, azken finean, erabiltzaileek esperientzia hobea izatea dakar.

Informazio gehiago

Irakurri

Dbusek bat egiten du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunarekin


Beste urte batez, Dbusek bat egiten du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunarekin. Eguna asteazkenean, azaroaren 25a, ospatuko da.  Keinu horrekin Dbusek emakumeak iraindu eta beraien izena zikintzen duen eraso eta portaera ororen aurka dagoela erakutsi nahi du, eta bere ekarpena egin nahi  du genero berdintasunaren aldeko borrokan.

Horregatik, asteazkenean, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunean Dbuseko autobus guztiek puntu lila eramango dute biolentzia horren aurka gaudela adierazteko.

Irakurri

Emakundek antolatu duen enpresetako berdintasunari buruzko jardunaldi batean parte hartu du Dbusek

BAI SAREAren Soldata Arrakalaren lantaldeak garatutako lan bati buruzko hitzaldi bat eman da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak enpresetako berdintasunaren alorreko aurrerapenei buruz antolatu duen jardunaldi batean, eta hitzaldi horretan parte hartu du Dbusek.

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza erakundeen sarea da BAI SAREA, eta Emakundek sustatua da, lan eremuan berdintasuna sustatzeko eta bermatzeko. Soldata Arrakalaren lantaldean, zehazki, sarea osatzen duten erakunde guztiek beren enpresetan duten egoera aztertzeko eta soldata arrakala murrizteko neurriak abian jartzeko baliagarri dituzten tresnak lantzen dira.

Jardunaldi honetan, DBUSeko Langile eta Giza Baliabideen arduradun Nerea Diezek soldata arrakalari buruzko lana aurkeztu du hainbat arlotako enpresen aurrean. Duela gutxi, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren arloko neurriak jasotzen dituzten bi arau argitaratu dira (urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretua eta urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretua), eta horien helburua da berdintasun planak erregelamendu bidez garatzea eta neurri bereziak ezartzea emakumeen eta gizonen artean tratu berdintasunerako eta diskriminaziorik ezarako eskubidea gauzatzeko ordainsarien alorrean.

Emakunderen zigilua, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa

2010az geroztik dauka Dbusek Emakundek ematen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen zigilua, enpresan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean aurrera egiteko hartutako konpromisoagatik eta egindako lanagatik eta horrela eremu soziolaboralean ekimen berriak sustatzeagatik. Sare horretako eta Soldata Arrakalaren lantaldeko partaide izanik, Dbusek urrats bat gehiago ematen du berdintasunaren eta Konpainiako langileen garapenean laguntzen duten praktika onen alde hartutako konpromisoan.

 

Irakurri

Dbusek bat egin du Smith-Magenis Sindromearen Nazioarteko Egunarekin

Azaroaren 17an, asteartean, Smith-Magenis Sindromearen Nazioarteko Eguna izango da. Sindrome hori hainbat sintoma eta osasun arazo dakartzan asaldura genetikoa da. 

Dbusek bat egin nahi du ASME Erakundeak (Smit-Magenis Sindromearen Espainiako Elkartea) antolatutako jarduerekin, gaixotasuna gehiago ezagutzeko asmoz, eta babesa eskaini nahi die egunero gaixotasun horri aurre egiteko borrokatzen diren pertsona guztiei. Horregatik, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainarekin lotutako kartela eramango dute bihar asteartea egun osoan zehar.

Irakurri

Dbusek bat egingo du Entzutearen Egunarekin

Igandean, azaroak 15, Entzutearen Eguna ospatuko da. Dbusek bat egin nahi du egun horretarako Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak antolatutako jarduerekin, eta horren bidez hari babesa erakutsi, bere errealitatea beste norbaitekin partekatu behar duenari entzunez egiten duen lanagatik. 

Horregatik, igandean Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri