Category : Berriak home

Ekainaren 29an hasi zen eskaripeko geldialdien zerbitzua Dbus-en B8 gaueko linean

Dbusek eta Donostiako Udalak eskaripeko geldialdien sistema bat probatuko da Dbuseko B8-Mirankontxa-Benta Berri-Seminarioa gautxori linean.  Linea horren zati jakin batzuetan eskatu ahal izango da ibilbidearen geltoki ofizialen artean gelditzeko.  Ekainaren 29an,ostirala, hasi zen zerbitzua.

Zerbitzua ezagutzera emateko, eskuorri bat argitaratu zen, zerbitzuaren gaineko informazioarekin. Eskuorria buzoietan banatu zen, lineak eskaripeko geldialdiak egin ditzakeen guneetan. Era berean, eskuorria B8 lineako autobusaren barruan banatu ziren eta Dbusen web orrian (eskuorria ikusi) dago eskuragarri. Materialak zerbitzuaren ezaugarri nagusiak jasotzen ditu.

Zer zerbitzu egiten du B8 Lineak?

B8 lineak ostiral, larunbat eta jai bezperetan ematen du zerbitzua, eta hiriaren mendebaldetik egiten du ibilbidea.

Ordutegiak:

Irteerak Boulevardetik:

– Ostiralak eta jai bezperak: 00:30 – 01:30 – 02:30 (03:30ean, ekainaren 23tik abuztuaren 31ra)

– Larunbatak:

00:15 – 00:45 – 01:15 – 01:45 – 02:15 – 02:45 – 03:15 – 03:45

Irteerak Avancotik:

– Ostiralak eta jai bezperak:

00:05 – 00:55 – 01:55 (02:55ean, ekainaren 23tik abuztuaren 31ra)

– Larunbatak:

00:40 – 01:10 – 01:40 – 02:10 – 02:40 – 03:10

Nork eskatu dezake eskaripeko geldialdia?

Eskaripeko geldialdia gidariari eskatu behar zaio berariaz, eta emakumeek eta 18 urtetik beherakoek egingo dute eskaera. Jaisteko baino ez dira izango geldialdiak. Geldialdi horietan ezin izango da autobusera igo.

Nola eskatzen da eskaripeko geldialdia?

Erabiltzaileak berak jaitsi nahi duen lekua baino geltoki bat aurretik eskatu beharko dio gidariari, zuzenean. Gelditzeko eskaera egin duen erabiltzaileak autobusaren aurreko aldera joan beharko da, aurreko atetik jaitsi beharko baita.

Ibilbidearen zer zatitan egin daiteke eskaera?

Eskaripeko jaitsiera zerbitzua kale hauetan baino ezingo da eskatu:

– Sanserreka
– Pio Baroja
– Pinuen pasealekua
– Heriz pasealekua
– Aizkorri
– Donostizarra
– Portuene
– Mikelete

Zer baldintza bete behar ditu leku batek bertan eskaripeko geldialdia egin ahal izateko?

Funtsezko baldintza da gutxienez 1,5 metroko zabalera duen espaloia egotea eta arrisku egoerarik ez sortaraztea. Egoera hauetan, nagusiki, ez da jaisterik egongo:

– Autobusa ezingo da izkina, bidegurutze nahiz bidebanatze batetik bost metrora baino gutxiagora gelditu.

– Ezingo da oztopatu  ibilgailuak pasabide lizentzia dutela behar bezala seinaleztatzen duten eraikinetara pasatzea, ez pertsonek eraikin batera sartu nahiz ateratze ohiko lekuak erabiltzea ere.

– Ezingo da geldialdirik egin seinaleak bete behar dituzten erabiltzaileei seinale horiek ikustea galarazten zaien tokietan, ez eta besteri maniobrak eginarazten zaienetan ere.

– Ezingo da geldialdirik egin irlatxo, erdibitzaile, sestran dauden pasaguneetan, bizikletazaleen pasaguneetan, oinezkoen pasaguneetan eta espaloia janda dagoen lekuetan.

– Ezingo da geldialdirik egin gelditzea debekatuta dagoela seinaleztatuta dagoen nahiz arauek hala ezartzen duten tokietan.

Halere, zalantzazko egoeretan gidariaren irizpideak edukiko du lehentasuna.

Nola eskatu dezake eskaripeko geldialdia gurpildun aulkian bidaiatzen duen pertsona batek?

Arrapalatik autobusera igotzean, gurpildun aulkian doan bidaiariak (emakumeak edo 18 urtetik beherakoak) non jaitsi nahi duen jakinaraziko dio gidariari. Gidariak erabiltzaileari jakinaraziko dio ea eskatutako lekuan baldintza egokiak dauden arrapala jaisteko eta baldintzak egokiak ez badira beste leku bat proposatuko dio jaisteko.

Eskuorria ikusi (pdf)

Irakurri

Plaka bat Mikel Zabalzaren eta Angel Portugalen oroimenez, Dbus-en egoitzan

Donostiako Udalak eta Dbusek plaka oroigarri bat jarri dute Dbusen instalazioetan, Euskal Herrian modu batean edo bestean azken hamarkadetan egon den biolentziaren biktima izan diren langileen omenez. Plakak testuinguru horretan hil ziren Dbuseko bi langileren aipamena egiten du, Konpainiaren gidari izan ziren Mikel Zabalza eta Angel Portugalena.

Plaka gaur goizean egindako ekitaldi batean ezagutarazi da, non langile bien senideak ez ezik, Donostiako alkate Eneko Goia, Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalez, Dbuseko Administrazio Kontseiluko kideak, Donostiako Udaleko Giza Baliabideen Batzordeko zinegotzi eta kideak, Gogora elkarteko ordezkariak eta Gipuzkoako Aldundikoak eta Dbuseko lehengo langile batzuk ere egon diren.

Plaka oroigarri hori Dbuseko Enpresa Batzordeko kide diren sindikatuen ekimenez jarri da, eta testua Donostiako Udaleko Giza Baliabideen Batzorde Ez-iraunkorrean onartu da, non Udaleko talde politiko guztiek parte hartzen duten. Alkatea da organo horren burua, eta bertan giza eskubideei lotutako udal politikaren alderdiak aztertzen dira.

Mikel Zabalza, Dbuseko gidaria, 1985ean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta ondoren bere gorpua agertu zen Bidasoa ibaian. Angel Portugal, hau ere gidaria, bihotzeko batek jota hil zen, 1997an berak gidatzen zuen autobusak kale borrokako ekintza bat pairatu ondoren.

Plaka hau jarrita, bai Donostiako Udalak bai Dbusek estimua adierazi nahi die hainbat hamarkadatan testuinguru zailean lan egitea egokitu zaien langile guztiei eta, batez ere, hildako bi langileei.

Irakurri

Aurkeztu da Dbus-en lehen autobus %100 elektriko artikulatua

Datozen egunetan zerbitzua ematen hasiko da Donostian lehen autobus %100 elektriko artikulatua, Irizar Taldeak fabrikatutako ie tram modeloa. Ibilgailua berritzailea da eta gaur goizean aurkeztu da. 6 hilabetez egongo da Dbuseko 28-Amara-Ospitaleak linean, autobusak benetako baldintzetan eta bidaiariekin nola funtzionatzen duen frogratzeko egiten ari den proiektu pilotu baten barruan.

Proiektuaren aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Donostiako Alkate Eneko Goiak, Dbuseko Zuzendari Gerente Igor Gonzalezek, Irizar Taldeko Zuzendari Nagusi José Manuel Orcasitasek eta Diputatu Nagusi Markel Olanok, iraunkortasunaren aldeko apustu sendoa eta  iraunkortasunarekiko konpromisoa berretsita. Denek azpimarratu dute honen moduko proiektuekin hiria eta Gipuzkoa mugikortasun elektrikoaren munduko abangoardian kokatzen direla.

Autobus %100 elektriko artikuluaren ezaugarriak

Irizarren ie tram-a 18 metroko autobus bat da, ez du batere kutsatzailerik igortzen (0 igorpenak) eta isila da. Horrez gain, diseinu berritzailea dauka, estetika aerodinamiko erakargarria. Barruan, elementuen kokapenari esker errazago da ibiltzea, autobusaren bi zati nagusien artean leku gehiago baitago, eta argi gehiago dago, leihoak handiagoak direlako eta beheko aldean leihoak dituelako.

Ibilgailuak Dbuseko flotan ohikoak diren erosotasun eta segurtasuneko elementu guztiak ditu, hala nola erdiko atetik sartzeko arrapala teleskopikoa, gurpildun aulkietarako edo haur kotxeetarako erdialdean dituzten bi lekuak edo entretenimenduko edukiak edo zerbitzuari buruzko informazioa ematen duten autobus barruko pantailak. Autobusa Irizar Taldearen teknologiarekin fabrikatu da, eta beste nobedade azpimarragarri hauek ere baditu:

– Lau ate ditu autobus artikulatuek eduki ohi dituzten hiru ateen aurrean. Lehen atea sartzeko da eta beste hirurak jaisteko.

– Autobusaren atzerako ispiluen ordez kamerak ditu, ibilgailuaren kanpoaldea ikusteko.

– Autobusak argi gehiago dauka barrualdean, eta eserlekuak beste modu batean antolatuta daude.

– Barruko argiak led dira.

– Erdiko aldeko hauspoa zabalagoa eta argitsua.

– USB atakak eserleku guztietan.

– Litio ioizko bateriak ditu, potentzia dentsitate handikoak eta bizitza baliagarri luzekoak baitira.

Duela gutxi, autobusak 2018ko urteko autobusaren saria eta 2018ko Ibilgailu Industrial Ekologikoaren saria eskuratu ditu Espainian. Ildo horretan, autobusaren alderdi berrienak eta ekologikoenak azpimarratzeko, eta proiektu pilotua abian jarri dela aprobetxatuta, komunikazio kanpaina bat diseinatu da, donostiarrek proiektuaren berri eduki dezaten eta kutsatzailerik eta zaratarik igortzen ez duen ibilgailuaren abantailak ezagutu ditzaten. Ibilgailuaren errotulazioan bertan zein 28 autobus linearen geltokietan egongo da informazio hori.

Karga geltokian

Autobusa gauean kargatzen da, Kotxetegietan, baina, halere, aukerako karga bat ere egin behar du ibilbidean zehar. Aukerako karga hori 28 autobus linearen burualdeko geltokian egingo da, Miramonen, han jarri baita horretarako behar den azpiegitura elektriko. Autobusak, Miramoneko linea bukaerako geltokira iristen den bakoitzean, gutxi gorabeherako 5-6 minutuko karga bat egingo du. Autobusak pantografo bat dauka, zeina autobusaren sabaian zabaltzen den eta karga zutoinarekin konektatzen den, 500kW-potentziako karga jasotzeko.

Autobusa martxan jarrita, posible izango da urtean 120 tona CO2 gutxiago igortzea eguratsera. Aldi berean, beste urrats bat gehiago emango da Donostiako autobus flota elektrifikatzeko bidean eta, bereziki, 28 linearen erabateko elektrifikazioan, zeina Dbuseko linearik erabiliena baita eta urtean bidaiari kopururik handiena erregistratzen duen autobus linea Euskadin.

Era berean, agerian uzten du Dbusek elektromugikortasunarekiko eta ingurumenarekin gero eta errespetutsuagoak diren teknologiak bultzatzearekin duen konpromiso etengabea. 2014an Dbusek Europan fabrikatutako 12 metroko lehen autobus elektrikoa jarri zuen martxan, Irizar etxearen ie2 modeloa, eta harrez gero Dbusek hiru autobus %100 elektriko eta 24 autobus hibrido gehitu ditu bere flotan, eta ingurumena gehien errespetatzen duten flotetako bat bihurtu da.

Irakurri

Start-Stop sistema ezarrita, diesel autobusen kontsumoa eta igorpenak murriztuko ditu Dbus-ek

Gaur, ekainak 5, Ingurumenaren Munduko Eguna da eta, egun horrekin bat etorrita, Dbusek bukatu berri du Konpainiaren diesel autobusen efizientzia energetikoa hobetzeko sistema bat ezartzen. Zehazki, Start-Stop sistema ezarri da flotako bi autobusetan. Sistema horri esker, autobusa gelditzen denean, esaterako autobus geltokietan, semaforoetan edo auto pilaketetan, motorra ere gelditzen da, erregai kontsumoa murrizteko, kutsatzaile gutxiago igortzeko eta zarata gutxiago ateratzeko, eta horrela autobusek autobus hibridoen antzera funtzionatuko dute.

Espero da sistema honekin, zeina EIKAk garatu baitu, kontsumoak eta igorpenak %15 gutxiago izatea. Neurria E-MOBASK proiektu europarraren zatia da, eta bere helburua da Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera bultzatzea eta erraztea, erabilera errazagoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa izan dadin eta garraio publikoa ibilgailu pribatuak baino gehiago erabiltzea bultzatzeko.

Proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) kofinantzatu du %65ean, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).  POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.

Proiektu europar horren barruan ere Dbusek EKObus sistema zabalduko du bere flota osora. Sistema Sart-Stoparekin bateragarria da, eta eraginkortasunez gidatzen laguntzeko sistema bat eta anti-bunching sistema bat (bat ez egiteko sistema) dauzka, linearen maiztasunari eusten saiatzeko eta, beraz, geltokietan ordutegiak hobeto betetzeko. EKObus autobusa martxan dagoela aktibatzen da, eta horregatik Start-Stop sistemaren osagarria da.

Dbusen flota ingurumena gehien errespetatzen duen flotetako bat da. 3 autobus %100 elektriko eta 24 autobus hibrido dauzka, Start-Stop sistemari esker modu hibridoan ere funtzionatzen duten bi autobus diesel hauetaz aparte. Era berean, urtea amaitu baino lehen Dbusek 14 autobus hibrido gehiago sartuko ditu bere flotan. Horrela, beraz, 2018aren bukaerarako flotaren ia %45 elektriko-hibridoa izango da.

Horren froga da azken sei urteotan Dbusen flotak ibilitako kilometro bakoitzeko batez besteko kontsumoa %15 jaitsi dela, hurrengo grafikoan ikusi daitekeen moduan:

Kontsumoa murrizteak kilometroko CO2ren igorpenak proportzio beran murriztea ere ahalbidetu du azken. Murrizketa horrek gorakada nabarmena eduki du 2015etik, bikoiztu egin baita, flotan sartutako ibilgailu hibrido eta elektrikoei esker eta Start-Stop edo EKObus sistemen ezarpenari esker.

Ildo honetan, datozen asteetan ie tram lehen autobus %100 elektrikoa probatzeko proiektu pilotua ere hasiko da. Autobusa Irizar Taldeak fabrikatu du eta proiektuak 6 hilabete iraungo du.

Irakurri

Ekainaren 1etik aurrera zerbitzu gehiago Igeldoko linean

Ekainaren 1etik aurrera, Dbuseko 16-Igeldo linearen zerbitzuak maiztasun handiagoz emango dira, ohiko erabiltzaileen eta turista eta bisitarien garraioa errazteko. Beste urte batzuetan, uztailean eta abuztuan zabaldu da linearen zerbitzua, baina aurten ekainaren 1ean, ostirala, hasiko da zerbitzu gehiago ematen eta irailaren 30ean, igandea, bukatuko, egun bi horiek barruan sartuta. 10:05etik 21:05era handituko da zerbitzuaren maiztasuna, denbora tarte horretan 20 minutukoa izango baita.

Udako ordutegiak ekainaren 23tik aurrera

Horrez gain, aurten ere aurreratuko dira udako ordutegiak. Ekainaren 23tik aurrera, larunbata, eta abuztuaren 31ra arte, ostirala, 16 lineak zerbitzu gehiago emango ditu Gipuzkoako plazatik, 23:00etan eta 0:00etan beste bi irteera gehiagorekin.

Era berean, ekainaren 23tik abuztuaren 31ra arte Igeldo auzoak autobus zerbitzua izango du gauean, ostiral, larunbat eta jai bezperatan, B7-IGELDO GAUTXORIArekin. Gautxoria 1:00etan eta 2:00etan aterako da Bulebarretik, eta Kontxa pasealekutik joango da zuzenean Igeldoraino eta Kanpineraino

Modu berean, ohiko denez, Igeldoko jaietan Dbusek zerbitzua indartuko du, irteera gehiagorekin.

Irakurri

Dbusek 14 autobus hibrido gehiago edukiko ditu

2018aren bukaerarako, Dbusek 12 metroko 14 autobus hibrido gehiago edukiko ditu. MAN etxearen Lion’s City NL HÍBRIDO modeloko autobusak izango dira (A37), Dbusek bere flotan sartu duen autobus hibridoaren azken modeloa, alegia. Dbuseko Administrazio Kontseiluan eta Donostiako Udalbatzarrean onartu da hori. 2018rako aurreikusitako autobusak ez ezik, aurten 2019rako aurreikusita zeudenak ere erosiko dira.

Era berean, ibilgailu guztiak hibridoak izango dira, beraz, Dbusen 12 metroko autobusen flotaren ia % 45 elektriko-hibridoa izango da, ingurumena gehien errespetatzen duen flotetako bat izanik. Dbusek bere flotako autobus zaharrenak ordezteko ibilgailu berriak jarri behar ditu zerbitzuan, eta premia horri erantzuten dio autobus horien erosketak.  Espero da autobusak urte amaierarako jasotzen joatea, gero prestatzeko eta ondoren zerbitzua ematen hasteko.

Autobus hibridoen ezaugarriak

2018ko otsailaz geroztik Dbusek modelo horretako lau autobusak ditu. MANen Lions’s City Hibrido modeloak igorpenak %25 inguru murrizteko aukera ematen du antzeko ezaugarriak dituzten autobusen aldean, eta agerian uzten du, berriro ere, Dbusek ekologia eta jasangarritasunarekin duen konpromisoa. Ibilgailu horiek bezala, autobus hibrido berriek hobekuntza batzuk dituzte:

– “Serie”-ko konfigurazioa, abiadura kaxarik gabea, gidatzea oso eroso egiten duena.

Frenatzearen energia berriro erabilgarri egiten dute, suabeago frenatuz, freno elementu mekanikoen kontserbazio handiagoa daukate eta energia gordetzeko sistemari etekin handiagoa ateratze diete.

Arrive & Go funtzio berritzailea dute, zeinarekin ibilgailua geltoki batera hurbiltzen denean eta ibilgailua abiarazten denean edo abiarazten ari den bitartean modu elektrikoan baino ez duen funtzionatzen, gasik igorrik gabe eta ingurunean kutsadura akustikorik eragin gabe. Ibilgailuak Dbuseko zenbait autobus lineatan lanean ariko dira.

Eskatutako geltokiaren kartela dute atzeko aldean erabiltzaileen erosotasunerako.

USB kargagailu bi dituzte, bidaian zehar gailu elektronikoak doan kargatu ahal izateko.

Ateetan kamerak ere badituzte harrapatuta geratzea eragozteko, baita atzera martxa egiterakoan talkak eragozteko ere.

– Ateen aldeetan led argiak, horiek zabaltzean eta ixtean pizten direnak.

– Ibilgailuen argi guztiak, baita kanpoko kartelena ere, led argiak dira, aurrezpen energetiko handiago ahalbidetzeko eta hobeto ikusteko.

Ibilgailu berri hauek gehitzeak 4.632.600 euroko inbertsioa dakar, zaina bankuko mailegu baten bitartez finantzatuko den. Dbusek azken hamarkada hauetan egin duen autobus erosketarik garrantzitsuenetako bat da.

14 autobus berri horiekin Konpainian dauden autobus diesel zaharrenak ordeztuko dira poliki-poliki, flota berritzeko planarekin jarraituta.  Horrela, aurreikusten da urtean 350 tona CO2 gutxiago igorriko dela.

Irakurri

Dbusek eskaripeko geldialdien sistema bat probatuko du uda honetan gautxorien B8 linean

Udara begira, Dbus proiektu pilotu bat prestatzen ari da gaueko zerbitzuetan eskaripeko geldialdiak probatzeko. Zehazki, B8-Miraconcha-Benta Berri-Seminario gautxori linean egingo da proba. Linea horretan emakumeek eta 18 urtetik beherakoek ibilbidearen geltoki ofizialen artean zati jakin batean gelditzeko eskaera egin ahal izango dute, autobuseko bidaia seguruago izan dadin beraientzat.

Seguru asko, proiektu pilotua ekainean hasiko da. Mota honetako lehen esperientzia pilotua da Donostian, eta emaitzak aztertu eta gero baloratu egingo da ea zerbitzu mota hau zabaldu daitekeen gaueko beste linea batzuetara edo zerbitzuaren konfigurazioa birplanteatu behar den.

Zati jakin batean gelditzeko eskaera egin ahal izango da

B8 lineak ostiral eta larunbatetan ematen du zerbitzua, eta hiriaren Mendebaldetik egiten du bere bidea, non kale batzuen ezaugarriak direla-eta egokitzat jo den sistema probatzea Eskaripeko jaitsiera zerbitzua kale hauetan baino ezingo da eskatu:

– Sanserreka
– Pio Baroja
– Pinuen pasealekua
– Heriz pasealekua
– Marañon Doktorea
– Donostizarra
– Portuene
– Jauregia

Proiektu pilotuaren ezaugarriak

  • Eskaripeko geldialdia gidariari eskatu behar zaio berariaz, eta emakumeek eta 18 urtetik beherakoek egingo dute eskaera. Erabiltzaileak berak jaitsi nahi duen lekua baino geltoki bat aurretik eskatu beharko dio gidariari, zuzenean.
  • Gelditzeko eskaera egin duen erabiltzailea autobusaren aurreko aldera joan beharko da, aurreko atetik jaitsi beharko
  • Eskaripeko geldialdiak jaisteko baino ez dira izango. Geldialdi horietan ezin izango da autobusera igo.
  • Erabiltzailearentzat arriskutsuak ez diren baldintzetan egingo da jaitsiera. Horregatik, istripu posibleak ekiditeko, espaloia dagoen tokietan baino ez da jaitsiko.
  • Eskaripeko geldialdian Oinezkoen eta Ibilgailuen Zirkulazioari buruzko Udal Ordenantzak xedatzen duena bete beharko da.
Irakurri

“Laguntzaileak” kanpainak elkarbizitza bultzatzen du Dbus-eko autobusetan

Dbusek autobusa bultzatu nahi du belaunaldi desberdineko pertsonen arteko elkarbizitzarako leku gisa, eta horretarako abian jarri du “Laguntzaileak” kanpaina, gazteen zein pertsona helduen partaidetzarekin. Donostiako Udalak Goazen Donostia estrategia bultzatu du, gure hiria eta Dbuseko autobusak elkargune eta elkarbizitzarako leku lagunkoiak izan daitezen, eta kanpaina hau estrategia horren barruan kokatzen da.  

“Dbus, batzen gaituen linea”

“Dbus, batzen gaituen linea” leloarekin, adin desberdineko erabiltzeak inplikatzea bilatzen du  “Laguntzaileak” kanpainak. Zentzu horretan, Dbusen bidaiatzen duten adineko pertsonei lagundu eta aholkuak emateko asmoarekin, Easo Politeknikoan Mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta izeneko prestakuntza zikloa egiten ari diren 40 ikasle hiru egunetan arituko dira (maiatzaren 15, 16 eta 17an) geltokietako informazioa ulertzeko edo autobusean bidaiatzeko zailtasunak eduki ditzaketen pertsonei laguntza eskaintzen eta haiei lagun egiten. Helburua da belaunaldien arteko elkartasuna sustatzea eta adineko pertsonei autobusean erosoago eta seguruago bidaiatu ahal izateko behar dituzten tresnak ematea.

Kanpainarekin, halaber, gazteen inplikazioa bilatzen da, konturatu daitezen beste pertsona batzuek agian beren laguntza eta enpatia behar dituztela eta keinu txikiekin beste pertsona horiei lagundu ahal dietela bidaia atseginago egiten. Kanpaina jarraitzeko asmoarekin prestatu da, eta beste erabiltzaile batzuentzat ere baliagarria izan daiteke, gomendio eta informazio praktikoak emango baitzaizkie, errespetuz eta elkartasunez jokatzea garrantzitsua dela gogorarazteko. Azken finean, Dbuseko lineak geure helmugarekin elkartzen gaituzten lineak dira, baina gainerako bidaiarekin ere elkartzen gaituzte. Leku bat, non Donostiarrak hurbil dauden, elkar ulertzen duten eta elkarrekin bizi diren, eta linea bat, zeinarekin hiriak aurrera egiten duen.

Laguntzailearen figura

“Laguntzaile” arituko diren Easo Politeknikoko 40 ikasle binaka joango dira autobusetan, eta laguntza euskaraz zein gaztelaniaz emango dute. Dbuseko bidaiarientzat interesgarri izan daiteken informazio praktikoa ere emango dute.

– Geltokietan: informazio panelak eta markesinetako informazioa interpretatzen eta ulertzen lagunduko dute, eta aholkuak ere emango dituzte, esaterako autobusera igotzeko eta jaisteko edo garraio txartela eskura edukitzeko, autobusera azkarrago sartzeko.

– Autobusean: erreserbatuta dauden eserlekuen erabilera azalduko dute, bai eta autobusen pantailetan hurrengo geldialdia abisatzeko sistema, barren eta eusteko elementuen erabilera ere, besteak beste.

Ikasleak identifikatuta joango dira. Kanpainaren materiala eramango dute eta bidaiariei esku-orriak emango dizkiete, aholkuekin. Kanpainarekin lortu nahi da, baita ere, gazteak konturatzea zein garrantzitsua den ahal duten neurrian Donostia eta bertako garraio publikoa adin guztietako jendearentzat lagunkoiagoak, seguruagoak eta erosoagoak izaten laguntzea eta giro atsegina eta kolaboratzailea sustatzea.

Osagarri gisa, kanpaina baditu beste euskarri batzuk, hala nola autobus bateko errotulazioa, markesinetako kartelak, autobusen barruko pantailetako mezuak, sare sozialetako edukiak eta, nobedade moduan, informazio praktikoa jasotzen duten biniloak markesinetako kristaletan.

Garraio publikoa sustatzeko eta autobusaren barruan errespetua bultzatzen laguntzeko Dbusek aurretik abian jarri dituen kanpainei jarraipena eman nahi dio kanpaina honek, Dbusen bidaiatzea esperientzia atsegina izan dadin pertsona guztientzat.

 

Irakurri

Hasi dira Dbusen autobus %100 elektriko artikulatuaren lehen probak

Miramonen, hasi dira jada lehen autobus %100 elektriko artikulatua probatzeko egingo den proiektu pilotuaren garapenerako beharrezkoa den azpiegitura instalatzeko lanak. Irizar Taldeak fabrikatutako autobusa da probatuko dena eta Dbuseko 28-Amara-Ospitaleak linean egingo dira probak.

Proiektua uda inguruan hasiko da, eta gutxi gorabehera 6 hilabete iraungo du. Dbusek Irizar ie tram modeloa probatuko du; 18 metroko autobus artikulatu bat da, %100 elektrikoa, eta Kotxetegietako karga guneaz gain aukerako karga bat ere behar du ibilbidean zehar. Aukerako karga hori 28 linearen linea buruko geltokian egingo da, Miramonen, eta hortxe jada hasi dira lanak egiten.

Autobusak, Miramoneko linea bukaerako geltokira iristen den bakoitzean, 5-6 minutuko karga bat egingo du. Autobusak pantografo bat edukiko du, zeina autobusaren sabaian zabalduko den eta karga zutoinarekin konektatuko den, 600kW-potentziako karga jasotzeko. Horretarako, Miramonen karga horretarako beharrezkoa den azpiegitura instalatzen ari da: pantografoa eta karga estazioak Obrak hasteko, karga estazioen elementuak jartzeko behar den lekua prestatzen ari da, eta datozen asteetan pantografoa eta karga estazioak beraiek kokatuko dira, eta elementu bien arteko konexio elektrikoak egingo dira.

Ibilgailuaren lehen probak

Datozen egunetan, halaber, ibilgailuaren lehen probak egingo dira, zirkulazioan, eta kontsumoen hasierako kalkuluak egiteko eta ibilbidearen zati jakin batzuk aztertzeko balioko dute. Horretarako, jada jarrita dago Kotxetegietako karga gunea, zeinarekin autobusa kargatuko baita hasierako proba hauetan.

Lehen proba horiek bidaiaririk gabe egingo dira eta autonomia mugatuarekin, izan ere, autobusa Kotxetegietan baino ez da kargatuko. Obrak amaitu ondoren eta pantografoa eta karga estazioak instalatu eta baliozkotu eta gero, autobus %100 elektriko artikulatua ibilbide osoa egiten hasiko da, bidaiaririk gabe, eta ondoren zerbitzua ematen hasiko da 28-Amara-Ospitaleak linean eta bidaiariekin.

 

Irakurri

Dbuseko sormen lehiaketako sari banaketa “cdec” publizitate kongresuaren baitan

Dbusek eta Club de Creativos klubak gaur entregatu dituzte “c de c 2018” sormenaren urteko kongresuaren baitan antolatutako sormen lehiaketako sariak. Donostian egin da kongresua 2018ko apirilaren 12 eta 14 artean, eta azken jaian entregatu dituzte lehiaketako sariak, Kursaalen, eta hauek hartu dute parte: Eneko Goia Donostiako alkateak, Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio saileko zinegotziak, eta Igor Gonzalez Dbuseko gerente zuzendariak. Ekitaldi horretan, bestalde, Sormenaren Sari Nazionalak entregatu dituzte.

Lehiaketa azaroan jarri zuten martxan autobusa publizitate euskarri gisa erabiltzea eta sektoreko ikasleen eta adituen arteko sormena sustatzea bultzatzeko helburuarekin. Dbuseko autobus baterako publizitate diseinua eginda, autobusa inpaktu bisual eta berezko ezaugarriak dituen publizitateko euskarri gisa proiektatzea du lehiaketak helburu. Promedios enpresaren babesa du, hiriko markesinetan eta autobusetan publizitatea kudeatzen duen enpresarena.

Donostiako autobusetan dagoeneko ikusgai dauden bi diseinu irabazleak hauek izan dira:

PROFESIONALEN kategoria: Elisa Sánchez, “Donostia con las Big Ideas” (Donostia Big Ideasekin) diseinuarekin. 1.500€ jaso ditu, eta 2 hilabetetan Dbuseko autobusean bere lana agertzeko aukera.

IKASLEEN kategoria: Ana Martín eta Ángela Mateos “Qué fue antes, la creatividad o el creativo” (Zer etorri zen lehenago: sormena edo sortzailea) diseinuarekin. 1.000€ jaso dituzte, eta 2 hilabetetan Dbuseko autobusean beren lana agertzeko aukera.

Club de Creativos publizitate arloko talentua hobetzeko eta bateratzeko asmoz sektore horretako profesionalak, ikasleak eta iragarleak batzen dituen erakundea da. Urtero antolatzen du “c de c” kongresua eta Estatu mailan sormenaren hitzordu nagusi bihurtu da komunikazio industriako 1.800 aditu ingururen parte hartzearekin.

 

 

Irakurri