Category : Berriak home

Haurrentzako XII. Marrazki lehiaketa “Dbus eta Gabonak”

Dbusek eta San Martin Azokak 2018ko “Dbus eta Gabonak” haurren marrazketa lehiaketa antolatu dute. Oraingoa hamabigarren edizioa da eta aurreko urteetan arrakasta handia izan du 13 urtetik beherako haurren artean.

Sormena bultzatzeaz gain, lehiaketarekin haurrei Donostian garraio publikoa erabiltzearen garrantzia transmititu nahi zaie, hiri-espazioen jasangarritasuna eta hiritarren bizi kalitatea bermatzeko. Izan ere, mugikortasuna hobetzeko garraio publikoaren erabilera ezinbestekoa izaten da Gabonetan.

LEHIAKETAREN OINARRIAK

Parte hartzailea 13 urtetik beherako edozein haur izan daiteke eta gai libreko marrazki bat egin beharko du. Baldintza bakarra Gabonen inguruko ideia bat azaltzea izango da, autobusarekin erlazionatuta.

Marrazkiak FNACeko erakusmahaian utziko dira (San Martin Azoka) edo Dbusen (Fernando Sasiain 7 kalea), eta parte hartzailearen datuak idatzi beharko dira atzealdean:

  • Izen-abizenak
  • Adina
  • Jaiotze data
  • Helbidea
  • Telefonoa eta harremanetarako posta elektronikoa
  • Ikastetxea
  • Baimendutako tutorearen izenpea

Ezinbestekoa da datu pertsonal guztiak adieraztea. Bestela, marrazkia lehiaketatik baztertuta geratuko da. Derrigorrezkoa izango da, halaber, formularioa betetzea parte hartzailearen legezko tutoreen baimenarekin (Pdf-a deskargatu).

Bi kategoria egongo dira:

  • A Kategoria: 8 urte artekoa, hau da, 2010ean edo geroago jaiotako haurrentzat.
  • B Kategoria: 9 eta 12 urte artekoa; hau da, 2006an, 2007an, 2008an edo 2009an jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute.

Marrazkiak jasotzeko azken eguna 2018ko azaroaren 16a izango da.

SARIAK

Epaimahaiak, Dbusek izendatuko baita, kategoria bakoitzeko marrazki irabazleak hautatuko ditu.

  • Lehen saria: Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2019ko 6 hilabetetan + LENOVO 8” Tableta.
  • Bigarren saria: Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2019ko 3 hilabetetan + SONY DSC 810 kamera.
  • Hirugarren saria: Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2019ko 3 hilabetetan + Liburu sorta eta idazketarako sorta.
  • Gainerako finalistek (4. postutik 10.era) Diploma bana jasoko dute.

Sarien banaketa ekitaldia abenduaren 15ean, larunbata, goizeko 12:00etan egingo da San Martin Azokan, FNACen aretoan. Finalista izan direnei telefonoz jakinaraziko zaie aldez aurretik.

Dbusek marrazkiak hedatu, publikoki erakutsi eta erreproduzitzeko eskubidea bere gain hartzen du, marrazkien egileek, euren lanaren autoretza onartzen zaielarik, inolako eskubiderik sortzen ez dutelarik. Marrazkiak Dbusen marketin kanpainetan erabiliak izan daitezke.

Lehiaketarako izena ematean parte hartzaileek ematen dituzten datuak Dbusen jabegokoa den fitxategi batean sartuko dira beraien tratamendurako, eta lehiaketan parte hartzea kudeatzeko erabiliko dira. Dbusen Pribatutasun Politikari buruz edota interesdunak honi lotuta dituen eskubideen erabileraz gehiago jakiteko, begiratu www.dbus.eus web orrian.

Marrazki finalistak DVbusen erakutsiak izango dira abenduan zehar eta Dbus eta San Martin Azokaren webguneetan azalduko dira. Halaber, marrazkiak horretarako egokitutako leku publikoetan erakutsi ahal izango dira. Erakusketa amaitu ondoren, marrazkiak gorde egingo dira zaintzapean, hilabete bateko epean.

Kartela ikusi (pdf)

Irakurri

Transportes Unidos de Asturias enpresako eta Emtusa-ko ordezkaritza bat dbus-en, bisitan

Dbusek Transportes Unidos de Asturias (TUA) enpresako eta EMTUSA-ko ordezkaritzaren bisita bat eduki du; Oviedoko eta Gijongo hiri garraioa kudeatzen dituzte erakunde biek, hurrenez hurren. Asturiasko eta Gijongo garraioa kudeatzeaz arduratzen diren erakundeak dira.  Asturiasko taldearen ordezkariek kotxetegietako instalazioak bisitatu ahal izan dituzte, eta Donostiako autobusen flotan ezarritako azken aurrerapen teknologikoak eta autobus elektrikoak zehaztasunez ezagutu.

Asturiasko ordezkaritzak EMV kontakturik gabeko  banku txartelarekin ordaintzeko sistemaren funtzionamendua egiaztatu ahal izan du, zeina 26-Igeldo eta 45- Renfe-Bus Geltokiak-Antigua-Aiete lineetan ezarrita baitago 2017az geroztik. Eguneko noizbehinkako bidai txartela kontakturik gabeko Visa, Mastercard eta American Express kreditu txartelekin eta zordunketa txartelekin eta mugikorretako aplikazio batzuekin ordaintzen uzten du sistema berritzaile honek. Espero da 2019ko udarako sistema flota osora zabaldu ahal izatea.

Gidatzen laguntzeko EKObus sistema ere ezagutu ahal izan dute. Sistema aitzindari hau Dbuseko 32 autobusetan dago martxan 2013az geroztik eta aurreikusita dago, baita ere, flota osora zabaltzea. Eraginkortasunez gidatzen laguntzeko sistema batek eta anti-bunching sistema batek (autobusek bat ez egiteko sistema) osatzen dute EKObus sistema. Gidariari laguntzen dio era ekonomikoan eta ekologikoan gidatu dezan, erregai fosilen kontsumoa eta kutsatzaileen igorpena gutxituta eta, aldi berean, linearen maiztasuna eta puntualtasuna mantenduta. Euskal Eurohirian garraio publikoa sustatzea helburu duen E-MOBASK proiektu europarraren barruan sartzen dira neurri biak.

Bisitan, halaber, big datatik abiatuta konpainiaren autobusetako bidaiarien jatorri-helmuga matrizea eratzeko Dbusek erabiltzen duen programa berritzailea ikusi ahal izan dute.  Autobusetako ticketing datuetatik abiatuta eta algoritmo matematiko berritzaile bat erabiliz,  erabiltzaile donostiarren bidai ohiturak osatu ditzake. Hau da, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaien erregistroa hartuz jakin daiteke zer geltokitan igotzen eta jaisten diren erabiltzaile horiek, haien jatorri-helmuga matrizea, alegia.

TUAko eta EMTUSAko ordezkaritza interesatuta agertu da, halaber, une honetan Dbusek martxan duen eskaripeko taxibus zerbitzuaz, zeinak Gros Ategorrietarekin eta Uliarekin konektatzen duen. Eguneroko garraio zerbitzu bat da eta erabiltzeko aldez aurretik erreserbatu behar da. MUGI txartelarekin ordaindu daiteke, hobariak eskuratzeko aukerarekin eta Dbuseko gainerako lineekiko autobus aldaketak egiten uzten du.

Bukatzeko, Dbusek bere flotan dituen autobus elektrikoen funtzionamendua egiaztatu ahal izan dute Asturiasko teknikariek bisitan. Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu,  eta proiektu pilotu bat egiten ari da 28 autobus linean Irizar ie tram probatzeko. 18 metroko autobus %100 elektrikoa da ie trama, zero igorpenekoa eta artikulatua. 9-Egia-Intxaurrondo, 13-Altza eta 14-Bidebieta lineetan egiten ari den proiektu pilotua ere ezagutu dute, non CAF Taldeko Vectia enpresak fabrikatutako autobus hibrido-elektrikoa probatzen ari den.

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du, bai eta etorkizuneko ikuspegi berri bat lortzea ere, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.

Irakurri

Pays Basque-Adourreko Mugikortasuneko Sindikatuaren ordezkaritza tekniko bat Dbus-en bisitan

Syndicat des Mobilités Pays Basque-Adour (SMPBA) erakundeko teknikari batzuek osatutako ordezkaritza bat Donostian egon da hiriak mugikortasun elektrikoaren alde egindako apustua ezagutzeko Dbusen eskutik. Dbus eta Pays Basque-Adourreko Mugikortasuneko Sindikatua E-MOBASK proiektu europarraren parte hartzen ari dira elkarrekin. Proiektuak Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera bultzatzea eta erraztea du helburu, erabilera errazagoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa izan dadin eta garraio publikoa ibilgailu pribatuak baino gehiago erabiltzea bultzatzeko.

Ibilgailu elektrikoen azterketa da proiektuaren baterako neurrietako bat. Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu,  eta proiektu pilotu bat egiten ari da 28 autobus linean Irizar ie tram probatzeko. 18 metroko autobus %100 elektrikoa da ie trama, zero igorpenekoa eta artikulatua. Proiektuaren barruan egingo den azterketan, ibilgailuen funtzionamendutik ateratzen diren emaitzen berri emango da. Hain zuzen ere, Pays Basque-Adourreko Mugikortasuneko Sindikatuak 18 metroko 18 autobus elektriko sartuko ditu laster bere flotan. Autobus horien izena Trambus da, eta azaroaren 9tik 17ra bitartean egingo da haien aurkezpen ofiziala Baionan, Angelun, Biarritzen, Boucaun eta Tarnosen

Ordezkaria bereziki interesatuta agertu da autobus %100 elektriko artikulatuaren proiektu pilotuaz, eta mantentze lanetako eta kargarako sistema ikusteko aukera eduki du. Kotxetegietan karga gune bat edukitzeaz gain, autobus %100 elektriko artikulatuak aukerako karga bat egingo du ibilbidean, 28 lineak Miramonen duen bukaerako geltokian.

E-MOBASK proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) kofinantzatu du %65ean, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.

 

 

Irakurri

Ezagutu Donostiako hiriko ingurune naturala Dbuseko markesinetan

Urriaren 1ean Habitataren Munduko Eguna izango dela eta, Dbusek eta Cristina Enea Fundazioak indarrak batu dituzte Donostiako fauna eta flora autoktonoa ezagutarazteko, horretarako hiriko autobus markesinak erabiliz.

“Hurrengo Geltokia: hiriko natura” da kanpainaren leloa, eta Hiri Berdearen jardueretako bat izanik, bere helburua da Donostiako ingurune naturala ezagutaraztea eta balioestea eta garraio publikoa bultzatzea, hiritik mugitzeko modu iraunkorra den heinean.

Horrela, Donostiako hainbat animalia espezie eta gune natural aukeratu dira, haien gaineko informazioa eman ahal izateko. Animalia espezie eta gune natural horien kokalekuetatik hurbilen dauden Dbus geltokietan emango da esandako informazioa. Donostiarrentzat oso ezagunak ez diren espezieak eta guneak dira eta autobus geltokiak hiriko leku estrategikoetan daude, espezie eta gune horien kokalekuetatik oso hurbil. Hiriko ingurunean, non erakinak gero eta ugariagoak diren, ohikoa da natura ezkutuan eta bigarren planoan gelditzea. Halere, Donostiak natura aberatsa dauka, hainbat leku edo gunetan dibertsifikatuta.

Ildo horretan, hainbat auzotako 10 geltokitan binilo batzuk jarri dira, interesgune hauen gaineko informazioarekin:

– Cristina Enea Parkea → Frantziskotarrak (Egia)

– Ibaetako Haritza → Irakasle Eskola (Antigua)

– Ametzagainako Parkea → Garbera

– Urgulleko sugandila → Boulevard

– Ulia Mendia → Gaiztarro (Bidebieta)

– Uliako ur biltegiak → Toki Eder (Ategorrieta)

– Ondarretako marearteko zabalgunea  → Londres Hotela

– Muga kretazeoa/Paleozenoa → Ondarreta eta Zumalakarregi 21

– Altzako bioaniztasuna → Arri Berri (Altza)

Liburuxka batean ere jaso da informazio hori, eta liburuxka hori Dbusen web orrian, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean eta kultur zentroetan eskuratu daiteke.

Ipuin kontalariak Dbuseko autobus batean

Urriaren 5ean, ostirala, 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzako ipuin kontalarien saioak egongo dira Alderdi Ederreko lorategietan, non Dbuseko autobus bat jarriko den. 30na minutuko 3 saio egongo dira, euskaraz: 17:30ean, 18:15ean eta 19:00etan.

Ipuin kontalarien saio horietan naturarekin lotura duten istorio batzuk kontatuko zaizkie haurrei, hiriko naturaren aberastasunari eta Dbusen ikurrari, alegia, galzorian dagoen eta Donostiako alde batzuetan existitzen den Euskal Herriko  hegoaldeko zuhaitz igelari, keinu bat eginda.

Liburuxka ikusi (pdf)

Irakurri

Dbus-eko autobusen erabilerak gora egin du 2018ko lehen seihilekoan

Azken urteetako joerari jarraituta, 2018ko lehen seihilekoan 14.195.767 bidaia erregistratu dira Dbuseko autobusetan; horrek esan nahi du aurreko urteko denbora tarte berean baino 255.463 bidaia gehiago egin direla.

Hurrengo grafikoan, lehen seihilekoko emaitzek azken urteetan eduki duten bilakaera ikus daiteke, kontuan izanda 2013an Tarifa Bateratua sartzean erregistratu zen beherakada handia.

Analisia lineaz linea

Lineei dagokienez, 2018ko lehen seihilekoan gehien erabili den linea Amara-Ospitaleak izan da (28 linea), eta horren atzetik Altzakoa (13 linea) eta Benta Berrikoa (5 linea). Bidaiarien Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauaren arabera AENORen kalitate ziurtagiria duten hiru lineak dira, eta ziurtagiri horrekin linea horien zerbitzuaren kalitatea egiaztatzen da.

Era berean, sei hilabete hauetan bidaia kopuruak gora egiten jarraitu du Antiguon, Berion, Ibaetan eta Igaran zerbitzua ematen duten lineetan (5-25-33-40-43-45 lineak), aparteko 115.000 bidaia baino gehiagorekin, eta Amaran zerbitzua ematen dutenetan (17-21-26-28 lineak), aparteko 102.000 bidaia baino gehiagorekin. Modu berean, Ekialdean aldaketarik garrantzitsuena izan da Altza eta Bidebietako lineek (13-14 lineak) eta Egia eta Intxaurrondo lineek (8-9-29-42 lineak) bidaia kopuruan eduki duten igoera. Zehazki, aparteko 40.000 eta 19.000 bidaia gehiago zenbatu dira, hurrenez hurren. Aiete aldeko lineek (18-19-23-31-32-45 lineak) gora egiten jarraitu dute, duela 2 urte egin ziren hobekuntzen ondoren. 38.000 bidaia baino gehiagoko igoera eduki dute.

Horrez gain, Gautxori zerbitzuek gorakada handia eduki dute, urte bat baino gehiagoan zerbitzu horien erabilera etengabe jaitsi ondoren. 2018ko lehen seihileko honetan, egoerak buelta ematen du eta aparteko 10.603 bidaia zenbatu dira, %13 baino gehiago hazi dela adierazita. Gorakada linea guzti-guztietan gertatu da, B4-Amara-Martutene linea izanik gehien erabilitakoa.

Azpimarratzekoa da, halaber, TB6-Uliako Taxibusa eskaripeko zerbitzuaren gorakada. 1.907 bidaia gehiago eduki ditu, eta horrek esan nahi du zerbitzuak %30 egin duela gora.

Halere, eta zenbaki positiboekin kontrajarrita, 2018ko lehen seihileko honetan Astiñeneko zubiaren itxierak 79.241 bidaiako jaitsiera ekarri du itxiera horrek kaltetutako lineetan, hau da, 24, 27 eta 41 lineetan.

Bidaien analisia

2018ko lehen seihilekoan, urtarrilaren 19a izan da autobusa gehien erabili den eguna (San Sebastian bezpera). Egun horretan 115.837 lagunek hartu zuten autobusa. Urtarrilaren 19aren atzetik, otsailaren 2a eta apirilaren 19a (Europa Leagueko partida Anoetan) izan dira autobusa gehien erabili den egunak, horietan 99.193 eta 97.318 bidaia erregistratu baitziren, hurrenez hurren.

Zentzu horretan, lanegunetako autobusen batez besteko erabilera tarifak bateratu zirenetik handiena izan da, 90.746 bidaiarekin (89.329 bidaia 2017an). Larunbat eta jaiegunetako erabilerari dagokionez, lehen seihileko honetan batez besteko erabilera 2017koa baino handiagoa izan da, baita tarifak bateratu zirenetik erregistratutako handiena ere. Izan ere, larunbatetan 66.029 bidaia erregistratu dira (64.367 bidaia 2017an) eta 39.621 bidaia jaiegunetan (39.196 bidaia 2017an).

Informazio osoa (pdf)

Irakurri

“Zurekin edonora”: Dbus-ek bat egiten du Mugikortasun Iraunkorrararen Europako Astearekin

Irailaren 16tik 22ra arte Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea ospatuko da eta, hori dela-eta, Dbusek “Zurekin edonora” kanpaina abian jarri du, Donostiako Udalaren Mugikortasun Departamentuak aste horretarako bultzatu duen programaren barruan, garraio publikoaren erabilera bultzatzeko eta autobusetan elkarbizitza sustatzeko, erabiltzaileen artean autobusa errespetuz eta elkartasunez erabiltzea bultzatuta.

Kanpainarekin, “Laguntzaileak” ekimenari jarraipena eman nahi zaio, zeina pasa den maiatzean abian jarri baitzen autobusa belaunaldi desberdineko pertsonen arteko elkarbizitza gune gisa sustatzeko eta autobusetan seguru eta eroso bidaiatzeko aholku praktiko batzuk emateko. Aurreko kanpainan arrapala nola erabili edo haur-aulki batekin autobusera nola igo azaltzen zen, besteak beste, eta oraingoan, berriz, antolatutako jarduerekin autobusa ondo erabiltzeko eta autobusean bidaiatzen duten gainerako pertsonak aintzat hartzeko mezua bidali nahi da, hainbat ideia azpimarratuta. Esaterako, aipatzen da garrantzitsua dela autobusean azkarrago sartzea eta autobus barruan ibiltzea erraztea, autobusaren barruan paketeak egoki garraiatzea, ibilgailua ez zikintzea edo musika bolumen altuan eramanda beste erabiltzaileak ez molestatzea.  Hitz batean, helburua da Dbusen bidaiatzen duten pertsona guztien esperientzia hobetzea, baita gidariena ere.

Horretarako, bi jarduera osagarri antolatu dira autobusen barruan, irailaren 19, 20 eta 21erako. Hauek dira jarduerak:

– Perchinga mezu praktikoekin, autobusetan:  hiru egun horietan autobusen barruko barretan denontzat bidaia atseginagoa izateko 7 aholku egongo dira.

– Mikroantzerkia autobusetan: antzezpen batzuk dira, erabiltzaileei autobusetan gertatu ohi diren egoerak modu atseginean eta entretenigarrian azaltzeko, eta garraio publikoa leku atseginagoa egiten duten praktika onez ohartarazteko. Perchinga autobusen barruko barretan jarriko den egun berberetan egingo dira antzezpenak. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, 11:30etik 13:30era eta 16:30etik 18:30era, Dbuseko hainbat lineatan.

Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea 2002az geroztik ospatzen da, eta garraio publikoaren erabilera sustatzea eta ingurumenarekin arduratsua den mugikortasunaren garrantziaz sentsibilizatzea dira bere helburua. Edizio honetan, Europako 1.800 udalerri inguruk parte hartuko dute, eta Donostiakoa da horietako bat. Ildo horretan, Dbusen kanpainaren asmoa da autobusaren erabilera sustatzea eta erabiltzaileak ohartaraztea autobusa ondo erabiltzea garrantzitsua dela bidaiaren esperientzia hobetzeko.

“Laguntzaileak” aurreko kanpaina bezala, “Zurekin edonora” kanpaina ere Donostiako Udalak bultzatutako Goazen Donostia estrategiaren barruan sartzen da. Estrategia horrekin, Donostiako Udalak nahi du gure hiria eta Dbuseko autobusak elkargune eta elkarbizitzarako leku lagunkoiak izatea.  

Informazio gehiago

Irakurri

Dbus-eko geltoki berria 27, 31, 33 eta 38 lineetan

Dbuseko zerbitzua hobetzeko, irailaren 10etik aurrera, astelehena, 27-Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Gros, 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza, 33-Larratxo-Intxaurrondo-Antiguo-Berio eta 38-Trintxerpe-Altza-Molinao lineek geltoki berri bat edukiko dute Herreran, Txingurri 40an:

– 27 linea: Intxaurrondo alderantz, Larratxo III eta Garbera geltokien artean.

– 31 linea: Loiola alderantz, Larratxo III eta Poligono 27ko biribilguneko geltokien artean.

– 33 linea: Intxaurrondo alderantz, Larratxo I eta Otxoki geltokien artean.

– 38 linea: Trintxerpe alderantz, Larratxo III eta Txingurri 29 geltokien artean.

Era berean, 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza lineak Altzako Anbulatorioan ere egingo du geldialdia. Geltoki hau Santa Barbara eta Nerecan geltokien artean kokatuta dago eta orain arte geltoki horretan 13-Altza eta 38-Trintxerpe-Altza Molinao lineak baino ez ziren gelditzen.

 

Geltokien eta ibilbideen aldaketak Dbus-eko 26, 41 eta B4 lineetan

Abuztuaren 8tik aurrera, asteazkena, 26-Amara-Martutene, 41-Gros-Egia-Martutene eta B4-Amara-Riberas-Martutene lineek beren ibilbideen zati bat eta geltoki batzuk aldatuko dituzte Amaran eta Martutenen, puntualtasuna hobetzeko eta Martutene, Txomin, Loiola eta Erriberetako erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaintzeko. Horrela errazago izango da lineetarako ezarritako ordutegia betetzea.

  • 26-Amara-Martutene:

– Martutene alderantz: Antso Jakituna 12, Madril 10 eta Pilareko Ama geltokiak kenduko dira. Martutenen Larrun Mendi izango da linearen geltoki burua.  Urbieta 58 geltokia kendu egingo da eta Mendeurrena geltokira eramango da.

– Erdialderantz: Pilareko Ama eta Antso Jakituna 11geltokiak kenduko dira. Martutenen, Larrun Mendi izango da linearen geltoki burua.

  • 41-Gros-Egia-Martutene eta B4-Amara-Erriberak-Martutene:

Pilareko Ama geltokia kenduko da. Martutenen Larrun Mendi izango da linearen geltoki burua.

* Egungo Pilareko Ama geltokia erabiltzen dutenentzako oharra:  biribilgune berriaren ondoan, geltoki bat prestatuko da gasolindegiaren sarreran eta geltoki honetan autobusek denbora egingo dute. Kendu egingo den Pilareko Ama geltokitik 70 metro eskasera egongo da behin-behineko geltoki hau, eta Larrun Mendi bukaerako geltokia ere 70 metro eskasera egongo da behin-behineko geltokitik. Behin-behineko geltoki honetan erabiltzaileek igo eta jaitsi ahal izango dute.

24-27-41 lineak ohiko ibilbideak egiten ari dira Astiñeneko zubia ireki ondoren

Astiñeneko zubiko lanak bukatu direla eta, Dbuseko 24, 27 eta 41 lineak beren ohiko ibilbideak egiten ari dira.

  • 27-ALTZA-GROS-ANTIGUO-INTXAURRONDO

Larratxo alderantz: Loiolan zerbitzua ematen hasi da berriro eta La Salle, Patxillardegi, Loiola Parking, Bartzelona 26, Bartzelona 10 eta Toribio Alzagako geltokiak lehengora bueltatu dira.
Obrek iraun duten bitartean egon diren behin-behineko geltoki hauek, ordea, zerbitzurik gabe geratu dira: Nemesio Etxaniz (behin-behineko zutoina), Zorroagako pasealekua (behin-behineko zutoina) eta Erriberako Pasealekua (hiri arteko autobusen geltokia).

Antiguo alderantz: aldaketarik gabe.

  • 27-ALTZA-INTXAURRONDO-ANTIGUO-GROS

Loiola alderantz: Loiolan zerbitzua ematen hasi da berriro eta Aralar Mendilerroa 34, Patxillardegi eta Loiola Parkingeko geltokiak lehengora bueltatu dira.
Obrek iraun duten bitartean Nemesio Etxanizen egon den behin-behineko geltokia, ordea, zerbitzurik gabe geratu da.

Larratxo alderantz: aldaketarik gabe.

  • 41-GROS-EGIA-MARTUTENE:

Martutene alderantz: ohiko ibilbidea egiten hasi da.

Gros alderantz: Geltoki hauek lehengora bueltatu dira: Bartzelona Hiribidea 35, Bartzelona Hiribidea 15, Egia 17, Frantziskotarrak, Mandasko Dukea 3 eta Euskadi plaza.
Obrek iraun duten bitartean egon diren behin-behineko geltoki hauek, ordea, zerbitzurik gabe geratu dira: Nemesio Etxaniz (behin-behineko zutoina), Erriberako pasealekua (hiri arteko autobusen geltokia) eta Maria Cristina zubia.

 

 

Donostiako Udalak kanpaina bat abiarazi du Dbusen autobusen bidez GGEE-en Aldarrikapen Unibertsala aditzera emateko

Uztail-abuztuetan, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko artikulu banarekin “jantziko” dira Dbuseko 30 autobus. Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Nagusiak onartu zituen, 1948an. Diseinatzaile profesionalek kartel bidez eginiko artelanez ilustratuta egongo dira 30 artikuluok —euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez—. EHUk bultzatzen duen Giza eskubideei begira erakusketa kolektiboa eratzen dute kartelek.

Giza Eskubideen Bulegoak antolatu du ekimena, eta helburu du dokumentu horretan jasotako balio eta eskubideak aditzera ematea, aipatu agiri hori mugarritzat baitute Giza Eskubideen historian, aurreneko aldiz, mundu osoan eta pertsona guztientzat babestu beharreko oinarrizko eskubideak ezarri zituelako. Dokumenturik itzuliena da munduan, 500 hizkuntzatan baino gehiagotan eskuragarri baitago.

Kanpainaren aurkezpenean Donostiako alkate Eneko Goiak nabarmendu duenez, garrantzitsua da herritarrak jakitun jarri eta sentikor bihurtzea gizakiok ditugun askatasun eta eskubideez, ez dela inor berezi behar “arraza, larru kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik”, aldarrikapenak berak jaso bezala.

Ibilbide pedagogikoa eta argitalpena

Eneko Goiak gogorarazi bezala, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko Eskerrak Giza Eskubideei erakunde arteko ekimenean sartzen da. Hartan, Autonomia Erkidegoko hiru hiruburuetako udalek, foru aldundiek, EUDELek eta EHUk parte hartzen dute, eta helburu du giza eskubideak sustatzea, aldarrikatzea eta babestea.

“Ikusizko formatu ibiltari hori eta udaldia aukeratu dituzte mezua  gera dadin uda honetan bisitari etorriko zaizkigun hamaika eta hamaika lagunengan. Donostia Giza Eskubideen alorrean erreferentziazko hiri konprometitua delako, eta ekin eta ekin horretan jarraituko dugulako eginkizun  horretan”.

Gainera, ekinaldi honetan, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala poltsiko argitalpen batean berrargitaratuko du Donostiako Udalak, ikastetxeetan eta herritarren artean banatzeko, abenduaren 10aren inguruan, aldarrikatu izanaren 70. urteurrena betetzeko delako.   Gainera, ospakizun horrekin batera, ibilbide pedagogiko bat eratuko dute Aiete parkean, hain zuzen ere, aldarrikapenaren 30 artikuluak aditzera eman eta haien gainean gogoeta egitera gonbidatzeko, “joandako urteak gorabehera, erreferente etikoa izaten jarraitzen du, estatu, herri eta nazioetarako. Eta indarrean dirau, zoritxarrez —deitoratu du alkateak—, egunetik egunera eskubide horiek urratzen jarraitzen dutelako mundu osoan”.

 

 

 

Irakurri