Category : Berriak home

Dbus-ek bere 500. autobusa gehitu du bere flotan

Dbus autobus hibrido berriak gehitzen ari da bere flotan, eta datozen egunetan aurkeztuko dira autobus horiek. 14 ibilgailu berri etorriko dira eta horien artean egongo da flotako 500. autobusa, kontuan izanda Konpainiaren zati izan diren autobusak eta trolebusak. MAN etxearen Lion’s City NL HIBRIDO autobusa da (A37), eta 804 zenbakia ezarri zaio Dbusen flota osoaren barruan. 500. autobusa ibilgailu hibrido bat da, eta igorpenak %25 inguru murriztea ahalbidetzen du, antzeko ezaugarriak dituzten autobus dieselen aldean.

 

Flotaren bilakaera

Dbus 1886an eratu zen, Donostiako Tranbia Konpainia izenarekin, eta historiako 133 urte hauetan hainbat teknologiatako ibilgailuekin funtzionatu du. Odol trakzioa zuten edo animaliek tiratutako tranbiekin hasi zen eta ondoren tranbia elektrikoak sartu zituen, eta gerra zibilaren aurretik lehen autobusa sartu zuen bere flotan. Autobus horiek urte gutxitan egon ziren zerbitzuan, eta 1944an tranbia elektrikoak baino ez zeuden flotan.

1948an, lehen trolebusak sartu ziren (trakzio elektrikoko autobusak) eta autobus batzuk erosi ziren hiriak zeuzkan elektrifikatu gabeko lineetarako. 1973az geroztik flotan autobusak baino ez dira egon. 2011n Dbusek lehen autobus hibridoa sartu zuen bere flotan eta 2014an lehen autobus %º100 elektrikoa.

Ondoren datozen 5 ibilgailuak Konpainiak bere autobus eta trolebusen flotan sartu zituen 1., 100., 200., 300. eta 400. Ibilgailuak dira

 

1. autobusa 

Data: 1934a gutxi gorabehera. 

Modeloa: Berliet

Matrikula: SS-8792

Flota barruan zuen zenbakia: 1 

Autobus diesela, Tolosan Hijos de Ildefonso Eizagirre sozietateak jarritako karrozeriarekin.

(Argazkia: Trenaren Euskal Museoa)

 

 

100.trolebusa 

Data: 1961a gutxi gorabehera. 

Modeloa: BUT Q1 (British United Traction) 

Matrikula: Matrikularik gabe

Flota barruan zuen zenbakia: 91 

Bi solairuko trolebusa, London Transport Executiveri erosia.

(Argazkia: Jean-Henri Manara)

 

200.autobusa 

Data: 1982 

Modeloa: Pegaso 6038 

Matrikula: SS-6680-P

Flota barruan zuen zenbakia: 206 

Autobus diesela, Burillo jarritako karrozeriarekin. Hiru atedun lehen autobusa flotan.

(Argazkia: Jokin Larrañaga)

 

300.autobusa 

Data: 1997 

Modeloa: Mercedes O405N2 

Matrikula: SS-0464-AZ

Flota barruan zuen zenbakia: 523 

Autobus diesela, Burillo jarritako karrozeriarekin. Mugikortasun urria duten pertsonentzat solairu baxua eta arrapala zituen lehen modeloa izan zen.

(Argazkia: Jokin Larrañaga)

 

400.autobusa 

Data: 2008 

Modeloa: MAN Lion´s City 

Matrikula: 5384 GDN

Flota barruan zuen zenbakia: 709 

Autobus diesela, MANek jarritako karrozeriarekin eta egungo irudi korporatiboarekin.

(Argazkia: Sergio Ibañez)

Irakurri

Dbus-ek mugikortasun elektrikoan duen esperientziaren berri eman du

Gaur mugikortasunari buruzko MOUVEMENTS jaialdia egin da Donibane Lohizunen,  Euskal Hirigune Elkargoaren Mugikortasun Sindikatuak antolatuta, eta Dbusek elektromugikortasunari lotuta dituen esperientziak eta proiektuak jakinarazi ditu bertan. Mugikortasunari lotutako agente batzuk bildu eta haien artean esperientziak eta ezagutzak trukatzeko asmoarekin egindako foro bat da jaialdia.

Jardunaldian, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari ondokoak, Dbusek elektromugikortasunarekin eta ingurumenaren ikuspegitik iraunkorra den garraioarekin duen konpromisoa azaldu du, bai eta elektromugikortasunari lotuta Konpainian gaur egun lantzen ari diren proiektuak ere. Era berean, floten elektrifikazioari modu bideragarrian aurre egiteko operadoreek dituzten premiez eztabaidatu da, bai eta soluzio teknologiko honek konpainien egunerokoan erabiltzeko eta beste propultsio sistema batzuekin konbinatzeko dituzten abantailez eta desabantailez ere.

Dbus E-MOBASK proiektu europarrean parte hartzen ari da, Euskal Kosta-Aturriko Mugikortasun Sindikatuarekin (SMPBA) eta Gipuzkoako Garraioko Lurralde Agintzaritzarekin (GGLA) batera, Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta errazteko asmoarekin. Proiektuaren zati bat –%65–  Eskualde Garapenerako Europako Fondoarekin (FEDER) finantzatuko da,  Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.

Irakurri

Bukatu da Dbus-en lehen autobus %100 elektriko artikulatuaren proba pilotua

Azken 6 hilabeteetan Dbus bere lehen autobus %100 elektriko artikulatua probatzen aritu da. Irizar Taldeak fabrikatutako ie tram modeloan frogatu da lehen esperientzia pilotu hori. Ibilgailuak 28-Amara-Ospitaleak linean eman du zerbitzua, hau da, Dbuseko linearik erabilienean eta Euskadin urtean bidaiari kopururik handiena erregistratzen duen linean.

Proba pilotu berritzaileari esker, sistemaren funtzionamendua egiaztatu ahal izan da. Benetako baldintzetan eta bidaiariekin zein hutsik edo bidaiaririk gabe doala probatu da. Ibilbidean zehar kargatzeko Miramonen instalatu den azpiegitura elektrikoa frogatzeko probak ere egin dira. Autobusak bukatu ditu jada zerbitzuko probak, baina urtarrilaren 31ra arte funtzionamenduan jarraituko du azpiegituraren froga gehiago egiteko.

 

Ibilgailuaren ezaugarriak

Irizarren ie tram-a 18 metroko autobus bat da, ez du batere kutsatzailerik igortzen (0 igorpen) eta isila da. Horrez gain, diseinu berritzailea dauka eta estetika aerodinamiko erakargarria. Kotxetegietan gauez egiten zuen kargaz gain, proba pilotuan autobusak aukerako karga egiten zuen ibilbidean zehar, 28 lineak Miramonen duen linea buruko geltokian, hain zuzen. Izan ere, geltoki horretan instalatu zen karga horretarako beharrezkoa den azpiegitura elektrikoa. Azpiegitura bera ere Irizar Taldeak garatutakoa eta hornitutakoa zen. Kargarako, autobusak goiko aldean duen pantografoa zabaldu eta karga zutoinarekin konektatzen zen.

18 metroko autobus %100 elektriko artikulatu batekin egin den proba hau beste urrats bat da Donostiako autobus flota elektrifikatzeko prozesuan. Linea honetan, Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu eta beste proiektu pilotu batzuk lantzen ari da mugikortasun iraunkorragoa bultzatzen jarraitu ahal izateko.

Irakurri

Dbus-eko autobusen erabilera handia San Sebastian egunean, 157.025 bidaiarekin

Urtarrilaren 19an eta 20an, San Sebastian eguna zela eta, erabiltzaile asko erregistratu dira Dbuseko autobusetan. Guztira, urtarrilaren 19tik urtarrilaren 20ra bitartean,  hau da, larunbatetik igandera bitartean, 157.025 bidaia zenbatu dira (behin-behineko datua). 2013. urtearen aldean, orduan ere urtarrilaren 19a eta 20a larunbata eta igandea baitziren, 3.554 bidaia gehiago erregistratu dira.

Era berean, ohiko larunbat eta igande batean baino 51.000 bidaia gehiago erregistratu dira. Pasa den urteko datuei dagokienez, iaz jaia ostiralean eta larunbatean ospatu zen, eta ohiko ostiraletan eta larunbatetan baino 38.000 bidaia gehiago erregistratu ziren; beraz, aurtengo datuek erakusten dute ohiko bidaiekiko igoera bat egon dela, asteko egunaren arabera.

Era berean, gautxori zerbitzuetan 17.440 bidaia zenbatu dira gau bien artean. Berez, urtarrilaren 19ko gauean 12.400 bidaia erregistratu dira, eta hori gau bakar bateko errekor historikoa da gautxori zerbitzuetan.

San Sebastian jaiari begira, hilaren 19ko arratsaldean Dbusek auzo guztietako lineak indartu zituen banderaren Igoeraren aurretik, gau osoan zehar Igoeraren ondoren, hilaren 20ko zerbitzua hasi aurretik, hilaren 20ko goizean, Haur Danborrada dela eta, eta 20ko arratsalde-gauean, 4:00etara arte, azken autobus zerbitzuak itxi arte, banderaren Jaitsieraren ondoren.

Autobusaren erabilera oso handia izan da hiriko linea guztietan, eta hauek izan dira egun horietan gehien erabili direnak:

  • 13-ALTZA: 19.877 bidaia
  • 28-AMARA-OSPITALEAK: 18.740 bidaia
  • 5-BENTA BERRI: 18.044 bidaia
  • 26-AMARA-MARTUTENE: 10.165 bidaia
  • 25-BENTA BERRI-AÑORGA: 6.831 bidaia

 

Datu horiekin, Dbusek jarraitzen du izaten egun horietan donostiarrek hirian mugitzeko gehien aukeratzen duten garraiobidea, izan ere, danborraren bideak zirkulazioa oztopatu ohi du. Dbusek eskerrak eman nahi dizkie erabiltzaileei izandako pazientziagatik, eta lanean jarraituko du zerbitzua egunez egun hobetzeko.

Irakurri

Dbus-eko bidaien gorakada historikoa

2018an, 29.168.562 izan dira Dbusen zerbitzuetan autobusez egindako bidaiak (behin-behineko datua), eta aurreko urtean, berriz, 28.402.059 bidaia erregistratu ziren. Horrek esan nahi du bidai kopuruak igoera handia eduki duela, urtean 766.503 bidaia gehiago egin baitira. 2000tik egon den igoerarik handiena izan da, eta orain arteko bigarren bidai kopururik handiena, 2012an  29.216.698 bidaia erregistratu ziren eta.

Uztailaren hasierara arte Astiñeneko zubia itxita egon den arren eta horren ondorioz denbora tarte horretan autobusek 34.000 bidaia gutxiago egin badute ere, 766.503 bidaia gehiago egon dira azkenean, 24-27-41 lineek egin behar izan dituzten ibilbide alternatiboei esker.

Era berean, garrantzitsua da azpimarratzea Dbusen zerbitzuen erabilerak lanegunetan, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan eta gautxori zerbitzuetan ere egin duela gora, 2013ko martxoan Gipuzkoan tarifa bateratuta abiarazi zenetik errekor historikoa lortuta.

Horrenbestez, datu horiekin, Dbusek tarifa bateratu aurretik garraio publikoaren erabileran zuen maila eskuratu du berriro, jakinda 2011n izan zuela erabilera mailarik  handiena 2004tik etengabe igotzen aritu ondoren.

Mugikortasuneko zinegotzi Pilar Aranak oso ondo baloratu du 2018an erregistratu den bidai gorakada, eta azpimarratu du “Dbuseko autobusen erabilera maila altuari esker hiria lehenengo lekuan dagoela garraio publikoaren erabilerari dagokionez. Nabarmendu du, halaber, erabiltzaileak oso pozik daudela Dbusek ematen duen zerbitzuarekin, zerbitzu eraginkorra eta gero eta iraunkorragoa baita, flotan sartu dituen autobusak modernoagoak eta garbiagoak direlako”.

 

2018a zenbakitan

2018an linearik erabiliena 28-AMARA-OSPITALEAK linea izan da, 4.141.657  bidaiarekin, eta ondoren 13-ALTZA linea 3.659.161 bidaiarekin eta 5-BENTABERRI linea 3.098.813 bidaiarekin.

Abuztua izan da autobusa gehien erabili den hilabetea, 2.599.594 bidaiarekin (Donostian Dbus autobusen hileko erabilerari dagokionez inoizko kopururik handiena), eta horren atzetik uztaila, 2.526.588 bidaiarekin, urria, 2.498.588 bidaiarekin, eta iraila, 2.490.072 bidaiarekin.

Igoera nahiko homogeneoki erregistratu da urte osoan zehar, izan ere, neguko hilabeteetan zein udakoetan erabili da gehienbat autobusa oro har. Zalantzarik gabe, eman den zerbitzu onak eragin du horretan, nagusiki puntualtasunaren aldetik izandako indize altuengatik eta zerbitzuan lortutako abiadura komertzial handiarengatik; izan ere, horregatik da garraio publikoa hirian mugitzeko modurik eraginkorrena donostiarrentzat.

Urteko egun hauetan erabili da gehien autobusa: abenduaren 21ean (San Tomas) 120.193 bidaiarekin (horixe da, hain zuzen, Donostian garraio publikoa erabili deneko zifra historikorik handiena); urtarrilaren 19an (San Sebastian bezpera), 115.837 bidaiarekin; abuztuaren 14an (Ama Birjinaren egunaren bezpera), 112.752 bidaiarekin; urriaren 31n (Halloween gaua), 106.386 bidaiarekin; azaroaren 23an (Black Friday), 102.019 bidaiarekin; abenduaren 5ean, 101.637 bidaiarekin; eta abenduaren 20an, 100.991 bidaiarekin.

Bide beretik, bada beste datu positibo bat: Gautxori zerbitzuaren erabilera nabarmen handitu da, 210.248 bidaia erregistratu baitira; alegia, aurreko urtean baino 20.625 bidaia gehiago (%11ko erabilera hazkundea).

Autobus erabileraren batez bestekoa igo egin da bai lanegunetan (eguneko 91.651 bidaia, eta aurreko urtean eguneko 90.255 bidaia izan ziren) bai larunbatetan (eguneko 69.553 bidaia, eta aurreko urtean eguneko 65.829 bidaia izan ziren), bai eta jaiegunetan ere (eguneko 43.167 bidaia, eta aurreko urtean eguneko 41.435 bidaia izan ziren).

2019an ere, donostiarren konfiantza hobetzeko lanean jarraituko dugu Dbusen. Donostiako herritarrek garraio publikoaren alde egindako apustuari eta Dbus osatzen duten pertsonek egunetik egunera zerbitzua hobetzeko egindako lanari esker erreferentzia gara sektorean.

Irakurri

[ITXITA] Lan eskaintza: Laneko arriskuen prebentzioko teknikaria

Laneko arriskuen prebentzioa kudeatzeaz arduratuko da. Horretarako, arriskuak identifikatu eta ebaluatuko ditu eta honako eginkizun hauek izango ditu: prebentzio planen ezarpena; prestakuntza eta informazioa; planen eta haien emaitzen plangintza, jarraipena, kontrola eta hobekuntza; alorrean ziurtapena lortzeko prozeduren ezarpena eta barne auditoretzak; Laneko Segurtasun eta Osasun Komitean parte hartzea, kudeaketa integralarekin loturiko beste hainbat eginkizunez gainera.

Eskatzen den profil nagusia: Unibertsitate ikasketak Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan edo Ingeniaritzan, Goi Mailako teknikari titulua Laneko Arriskuen Prebentzioan (laneko segurtasuna, industria higienea eta ergonomia eta psikologia aplikatua espezialitateak), 3 urteko esperientzia antzeko eginkizunetan, bai eta kalitate arauak ezartzen, antolakuntzarako eta plangintzarako gaitasuna, ekimena, harremanetarako trebetasuna eta balioa ematea. Euskaraz jakitea baloratuko da.

Iragarkia ikusi (pdf)

Mugikortasun Klusterreko eta Garapenerako Banku Interamerikarreko ordezkariak Dbus-en izan dira

Gaur, Garapenerako Banku Interamerikarraren ordezkaritza bat, Euskadin barna bisita tekniko bat egiten ari dena, Dbuseko instalazioetan izan da, Mugikortasun eta Logistika Klusterreko kide batzuen laguntzarekin. Ordezkariek kotxetegietako instalazioak bisitatu ahal izan dituzte, eta Donostiako autobusen flotan ezarritako punta-puntako aurrerapen teknologikoak zehaztasunez ezagutu dituzte.

Era berean, ordezkariei interesa piztu diete Dbusen ticketing sistemak eta eskudirutan ordaintzeko erabiltzen den sistemaren bilakaerak. Sistema hori, hain justu, urte hauetan guztietan ezarri diren tarifa politikei esker finkatu da, noizbehinkako bidaiariak zigortu baitituzte ohiko bidaiarien alde eginda, bai eta Lurraldebus-MUGI garraio txartel intermodalari eta Gipuzkoako Tarifa Bateratuari esker ere.

Bide beretik, Dbus autobus guztietan BAT (Araba) eta BARIK (Bizkaia) txartelek duten interoperabilitatearen berri jaso dute, eta baita EMV kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzeko proiektu pilotuaren berri ere, 16-Igeldo eta 45-Renfe-Bus geltokiak-Antigua-Aiete lineetan. Sistema berritzaile honek aukera ematen du eguneko noizbehinkako bidaia txartela kontakturik gabeko Visa, Mastercard eta American Express kreditu txartelekin eta zordunketa txartelekin zein sakelakoetako aplikazio batzuekin ordaintzeko. Espero da udarako sistema flota osora zabaldu ahal izatea.

Era berean, Dbusek bere flotan dituen autobus elektrikoen funtzionamendua egiaztatu ahal izan dute ordezkariek bisitan. Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu, eta proiektu pilotu bat egiten ari da 28 autobus linean Irizar ie tram probatzeko. 18 metroko autobus %100 elektrikoa da ie trama, zero igorpenekoa, artikulatua eta ibili bitartean kargatzeko aukera duena. 9-Egia-Intxaurrondo, 13-Altza eta 14-Bidebieta lineetan egiten ari den proiektu pilotua ere ezagutu dute, non CAF Taldeko Vectia enpresak fabrikatutako autobus hibrido-elektrikoa probatzen ari diren.

Azkenik, flota osatzen duten autobus hibridoak ikusi dituzte. Dbusek, oraintxe bertan, 24 autobus hibrido ditu, eta espero da datozen asteetan, ezaugarri horiek dituzten 14 ibilgailu gehitzea. Era horretan, ingurumenari begira iraunkorrenetako bat izango den flota osatuko du.

Irakurri

San Tomas egunean Dbusen autobusen erabilera errekorra

2018ko San Tomas egunean, abenduaren 21a, ostiralean, Donostia hiriko autobusek erabilera handia izan zuten, 2012an ezarritako errekorra haustera iritsiz. Guztira 128.960 bidaia kontabilizatu ziren egun osoan zehar Dbusen autobusetan.

Autobusaren erabilera masiboari esker aurretik ezarritako marka hautsi zen, 2012ko San Tomas egunean ezarri zena hain zuzen, 124.818 bidaiarekin. Erabilera masiboak aurreikuspen guztiak gainditu zituen, izan ere 2018ko San Tomas eguna da orain enpresak Donostian soilik hiri garraio zerbitzua ematen duenetik erabilera handiena izan duen eguna, Dbusen rankingean lehenengo postuan ezarriz. Abenduko lanegunetako batazbesteko erabiltzaileen kopurua kontuan izanda, 30.000 bidaiari baino gehiago erregistratu dira. Iazko datuekin alderatuta, kopurua ia %7 igo da.

Lineen arabera, hauek izan dira erabilienak:

  • 28-AMARA-OSPITALEAK: 19.027 bidaia
  • 13-ALTZA: 17.111 bidaia
  • 5-BENTA BERRI: 16.017 bidaia
  • 26-AMARA-MARTUTENE: 7.961 bidaia
  • 17-GROS-AMARA-MIRAMON: 7.305 bidaia
  • 14-BIDEBIETA: 5.452 bidaia
  • 9-EGIA-INTXAURRONDO: 5.417 bidaia
  • 33-LARRATXO-INTXAURRONDO-ANTIGUO-BERIO: 5.371 bidaia
  • 25-BENTA BERRI-AÑORGA: 5.264 bidaia

 

Autobus erabilera arrakastatsu hau lortu ahal izateko, egun osoan zehar, Dbusek lineak sendotu zituen 20 gidarirekin eta autobus osagarriekin, 233 gidari izan zirelarik egun osoan zehar zerbitzua eman zutenak.

Aldi berean, Mugikortasuneko Agenteen laguntza erabakigarria izan zen garraio publikoak behar bezala funtziona zezan.

Irakurri

Gabonak adineko pertsonengandik hurbil, Dbus-i esker

Aurten, Dbusek ekimen hunkigarria jarri du abian Gabonak eta Donostiako dekorazioa Matia Fundazioaren Lamourous Zentroan bizi diren adineko pertsonengana hurbiltzeko. Gaur, abenduak 20, Konpainiaren autobus batek egoitzan bizi diren adineko 15 pertsonak osatutako talde bat eraman du hiritik, Dbuseko autobusetik Donostiako Gabonetako giroa ikus dezaten. Hiria lagunkoiagoa izaten laguntzeko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da.

Horrela, jardueran parte hartu duten pertsonek arratsalde alaitsua igaro ahal izan dute eta Gabonetako apaingarriez eroso eta seguru gozatu. Ibilbidean, hiriko hainbat gune garrantzitsu ikusi dituzte, hala nola Alderdi Eder, Artzain Ona eta Loiola kalea, Santa Catalina zubia, Frantzia pasealekuaren inguruak eta Maria Cristina zubia, besteak beste.

74 eta 94 urte bitarteko pertsonak dira, Gabonetako egun hauetan hirira hurbildu eta kale argitsuetatik ibiltzeko zailtasunak dituztenak noiz edo noiz. Jarduera honi esker hiriko leku esanguratsuetatik ibili ahal izango dira, pertsona askorentzat ohikoa den jarduera bat gogoratzeko eta hurbiletik bizitzeko aukera edukita. Jardueran, parte hartzaile gehienek senideak eduki dituzte ondoan, beraiekin esperientzia partekatzen, bai eta zentroko arduradun batzuk ere.

Ekimen honekin, Dbusek Lamourous Zentroan bizi diren pertsonen artean harrera ona eduki duen jarduera batean lagundu nahi izan du, garai hau pertsona horientzat eta beraien ingurukoentzat atseginago eginda.

Irakurri

“Dbus eta Gabonak”, 12. haurrentzako marrazki lehiaketaren sari banaketa

Hamabigarren urtez jarraian, Dbus eta San Martingo Azokak, FNAC-en parte-hartzearekin, “Dbus eta Gabonak” Haurrentzako Marrazki Lehiaketa antolatu dute. Edizio honetako parte-hartzea paregabea izan da, 1 eta 12 urte arteko 1.866 haur baino gehiagoren marrazkiak jaso baitira.

Gaur, 2018ko abenduaren 15ean, San Martin Merkatuko FNACen sari banaketa burutu da.

A mailako irabazleak (8 urte bitarteko haurrak) ondorengoak izan dira:

  • 1. Saria: Naraya Almeida Moreno, 7 urtekoa, The English School. Dbus-eko autobusak 2019an 6 hilabetetan erabiltzeko txartel pertsonal transferiezin mugagabea + LENOVO 8” Tableta + Donostia Jokoa (marrazkia ikusi).
  • 2. Saria: Iñaki Odriozola Etxaniz, 7 urtekoa, Orixe Ikastola.  Dbus-eko autobusak 2019an 3 hilabetetan erabiltzeko txartel pertsonal transferiezin mugagabea + SONY DSC 810 kamera + Donostia Jokoa (marrazkia ikusi).
  • 3. Saria: Paula Michelena Rey, 6 urtekoa, Summa Aldapeta.  Dbus-eko autobusak 2019an 3 hilabetetan erabiltzeko txartel pertsonal transferiezin mugagabea + Liburu sorta eta idazketarako sorta + Donostia Jokoa (marrazkia ikusi).

B mailako irabazleak (9 urtetik 12 urte bitarte) ondorengoak izan dira:

  • 1º Saria: Natalia Herrero del Teso, 11 urtekoa, The English School. Dbus-eko autobusak 2019an 6 hilabetetan erabiltzeko txartel pertsonal transferiezin mugagabea + LENOVO 8” Tableta + Donostia Jokoa (marrazkia ikusi).
  • 2. Saria: Bruno Zulueta Mozo, 11 urtekoa, Summa Aldapeta. Dbus-eko autobusak 2019an 3 hilabetetan erabiltzeko txartel pertsonal transferiezin mugagabea + SONY DSC 810 kamera + Donostia Jokoa (marrazkia ikusi).
  • 3º Saria: Paul Pérez de Blas, 11 urtekoa, Axular Lizeoa.  Dbus-eko autobusak 2019an 3 hilabetetan erabiltzeko txartel pertsonal transferiezin mugagabea + Liburu sorta eta idazketarako sorta + Donostia Jokoa (marrazkia ikusi).

12. Marrazki Lehiaketa honetako gainontzeko finalistek ere sariak jaso dituzte, parte-hartu izana bermatzen duen diploma, Dbusen txartel-zorroa eta Konpainiako autobusetako baten maketa hain zuzen. Gainontzeko finalistak ondorengoak izan dira:

A Maila:

B Maila:

Marrazki finalistak abenduan zehar DVBUSen agertuko dira eta aldi berean DBUS eta San Martin Merkatuko web orrian argitaratuko dira
Dbusetik haurrek marrazkiak egiterakoan jarritako ilusioa eta sormena eskertu nahi dugu, bai eta guraso eta eskolen parte-hartzea ere.

Marrazkien erakusketa

Donostia Kulturaren kolaborazioa dela eta, aurre-aukeratutako 200 marrazkiak ikusgai egongo dira abenduaren 19tik urtarrilaren 19ra arte, Aiete Kultur Etxean (Aiete pasealekua 63). Itxita: abenduak 24, 25 eta 31; urtarrilak 1 eta 6.

 

 

 

 

 

 

Irakurri