Category : Berriak home

Dbusen autobusen erabilerak gora egin du 2019ko lehen seihilekoan

Dbusen autobusetan zenbatutako bidai kopuruak goraka jarraitzen du. 2019ko ekainaren 30ean urteko 29 milioiko bidai kopurua gainditu da berriro, izan ere, azken 12 hilabeteetan 29.311.304 bidaia erregistratu dira. Kopuru hori errekor historikoa da, Donostian autobusek historian izan duten erabilerarik handiena izan baita.  

Aurretik, 2011ko ekainean lortu zen kopuru historiko bat; orduan, 29.297.317 bidaia erregistratu baitziren azken 12 hilabeteetan. Aurreko urtean eta garai berean erregistratu ziren datuekin alderatuta, 653.165 bidaia gehiago egon dira aurten (%2,3ko igoera).  Ondoko grafikoan ikus dezakegu bidaia kopuruak seihilekoka izan duen bilakaera:

Analisia lineaz linea

Lineei dagokienez, 2019ko lehen seihilekoan gehien erabili den linea 28-Amara-Ospitaleak izan da, eta horren atzetik 13-Altza eta  5-Benta Berri  lineak. Bidaiarien Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauaren arabera AENORen kalitate ziurtagiria duten hiru lineak dira, eta ziurtagiri horrekin linea horien zerbitzuaren kalitatea egiaztatzen da.

Era berean, sei hilabete hauetan bidaia kopuruak gora egiten jarraitu du Antiguon, Berion, Ibaetan eta Igaran zerbitzua ematen duten lineetan (5-16-25-33-40-43-45 lineak), aparteko 10.000 bidaia baino gehiagorekin, eta Amaran zerbitzua ematen dutenetan (17-21-26-28 lineak), aparteko 12.000 bidaia baino gehiagorekin.

Modu berean, Ekialdeko aldean aldaketa garrantzitsuena Altza eta Bidebieta lineetan (13-14 lineak) egon den hazkunde handia izan da, aparteko 23.000 bidaiari baino gehiago izan ditu eta.  Aiete aldeko lineek (18-19-23-31-32-45 lineak) gora egiten jarraitu dute, duela 3 urte egin ziren hobekuntzen ondoren. Aparteko 40.000 bidaia gehiago zenbatu dira. 

Horrez gain, bigarren urtea da, jarraian, Gautxori zerbitzuek gorakada handia izan dutena. 2019ko lehen seihileko honetan 1.123 bidaia gehiago zenbatu dira.

Beste albiste oso positiboa izan da auzoen arteko lineetan (24-27-41 lineak) bidaiak berreskuratu direla, aparteko 65.000 bidaia baino gehiago eduki dituzte-eta. Horren arrazoia izan da Astiñeneko zubia ireki dela, 2018ko lehen seihilekoan itxita egon baitzen.

 

Bidaien analisia 

2019ko lehen seihilekoan, urtarrilaren 31 izan da autobusa gehien erabili den eguna, 101.039 bidaiarekin, eta horren atzetik, maiatzaren 3a, 99.022  bidaiarekin (Real Sociedad- Real Betis Balompie taldeen arteko kopako partida, Anoetan) Kasu honetan, 2019ko urtarrilaren 19a (San Sebastian bezpera) larunbata izan da eta 88.573 bidaia zenbatu dira (ohiko larunbat batean baino 25.000 bidaia gehiago).

 

Zentzu horretan, lanegunetako autobusen batez besteko erabilera tarifak bateratu zirenetik handiena izan da, 91.986 bidaiarekin (90.746 bidaia 2018an). Larunbat eta jaiegunetako erabilerari dagokionez, lehen seihileko honetan batez besteko erabilera 2018koa baino handiagoa izan da, baita tarifak bateratu zirenetik erregistratutako handiena ere. Izan ere, larunbatetan 69.050 bidaia erregistratu dira (66.029 bidaia 2018an) eta 40.021 bidaia jaiegunetan (39.169 bidaia 2018an).

Dbusek 18 metroko hamar autobus artikulatu berri sartuko ditu bere flotan

Datozen egunetan, Dbus lizitazio prozesu bati ekingo dio 2020-2022 aldian 18 metroko 10 autobus artikulatu erosteko. Ibilgailuen erosketa horren esleipena 2020ko lehen seihilekoan egin ahal izatea espero da, 2020ko bigarren seihilekoan 3 autobus jasotzeko, 2021ean 4 autobus, eta 2022an 3.

Lizitazioz erosten diren 18 metroko autobus artikulatu berriek Dbuseko flotaren ezaugarri guztiak beteko dituzte. Horrek esan nahi du plataforma baxuak eta mugikortasun urriko pertsonentzako arrapalak eduki dituztela, autobusak %100 irisgarri izan daitezen. Lizitazioan aurreikusten da ibilgailuak ingurumenarekin errespetutsuak izan daitezela, aurten bertan onartu den Euskal Autonomia Erkidegoko Iraunkortasun Energetikoari buruzko Legeak ezartzen dituen ingurumeneko irizpideetan oinarrituta; horrenbestez, exijituko da autobusek gutxienez DGTren ECO etiketa eduki dezatela eta kutsadura akustikoa eta kutsatzaileen igorpenak murrizten uztea.

Lizitazio berri honek erakusten du Dbus flota progresiboki berritzearekin konprometituta dagoela, flota modernoa, ekologikoa eta erabat irisgarria izan dadila. Ildo horretan, duela gutxi 2019an erosi eta 2020an zerbitzuan jarriko diren 12 metroko bederatzi autobusen lizitazio prozesuari ekin zaio, eta aurreikusten da datozen lau urteetan ezaugarri horiek dituzten 30 autobus gehiago erosi ahal izatea, gehienez ere.

Azken urteetan joera izan da flotan gutxiago kutsatzen duten motorrak dituzten autobusak edukitzea. Aurreikusten da 2019ko ekitaldiaren bukaerarako gutxi gorabehera 12 metroko autobus flotaren %50 elektriko-hibrido izatea, eta horrela Euskadiko autobus flotarik ekologikoena izatea eta Estatuko flotarik iraunkorrenetako bat.

Irakurri

Dbusek 17-Gros-Amara-Miramon linea elektrifikatuko du

Donostiako hainbat lineatan egindako elektromugikortasuneko proiektuen ostean, Dbusek erabaki du BEI (Bus Elektriko Adimenduna) sistema inplementatzea 17-Gros-Amara-Miramon linean.  Linea horrek Erdigunea eta Gros autobus geltokiarekin eta Renfeko geltokiarekin lotzen ditu, baita Amararekin, Donostiako Ospitaleen gunearekin eta Miramongo parke teknologikoarekin ere.  

Linea horren elektrifikazio osoa Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sinatuko duten hitzarmenari esker egingo da.

2014an 12 metroko lehen autobus %100 ekektriko jarri zen zerbitzuan, eta harrez gero Dbusek hainbat ibilgailu elektriko probatu ditu, euren funtzionamendua egiaztatzeko eta linea bat guztiz elektrifikatzeak dakartzan beharrak aztertzeko. Era berean, 17 linea da Dbusen bidaiari gehien dituen laugarren linea (2.020.000 bidaia 2018an), eta etengabe ari da hazten.

Horren erakusgarri da lineak lanegunetan 1.300 bidaia egiten dituela 12 metroko autobuseko. Bidaia kopuru hori 5-Benta Berri lineakoaren antzekoa da, hor 1.286 bidaia izaten baitira lanegunetan 18 metroko autobuseko.

17 lineak 12 metroko autobusekin ematen du zerbitzua eta linea elektrifikatuta autobus horiek 18 metroko 9 autobus elektriko artikulatuekin ordezkatuko lirateke, autobusen kapazitatea hobetuta eta erosotasun handiagoa eskainita erabiltzaileei.

Proiektua martxan jartzeko beharrezkoa izango da 9 autobus elektriko artikulaturen erosketa lizitatzea. Horietako zazpik linean emango dute zerbitzua eta bi erreserban utziko dira.

 

Erakundeen arteko hitzarmena

2018ko otsailean, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak lankidetzako protokolo orokorra sinatu zuten, Donostian “Smart Mobility”-rekin (mugikortasun eraginkorra eta integratua) lotutako zenbait jarduera gauzatzeko, eta horien artean zegoen BEI sistema.  

Protokolo horretan jarritakoari jarraituz, hiru erakundeek aurreikusita dute lankidetza hitzarmen bat onartzea, proiektua erredaktatu eta geroko Bus Elektriko Adimendunaren (BEI-BEA) ezarpenerako, Donostiako 17-Gros-Amara-Miramon linean.

BEI sistemak gutxienez neurri hauek hartzea eskatuko luke:

– %100 elektrikoak diren zero igorpeneko autobus elektriko artikulatuak sartzea eta karga puntuak instalatzea.

– Bus bide gehiago egitea eta semaforoz autobusei lehentasuna ematea

  • Hobekuntzak autobusen sarbideetan ontziratze denborak optimizatzeko.
  • Hobekuntza irisgarritasunean.
  • Sistema adimendunen ezarpena kudeaketarako, gidatzeko eta komunikaziorako.

 

Dbuseko 17 linea BEI linea bihurtzeari dagokion eraikuntza proiektuaren garapenerako eta ondorengo ezarpenerako jarritako lanen aurrekontua 40.000.000€-koa izango da (BEZ barne), epea gutxi gorabehera 4 urtekoa (2019-2022) delarik.

Irakurri

Aldaketak 26, 31, 41 eta B4 lineetan Txomin Eneako lanak direla-eta

Txomin Eneako eta Aintzieta pasealekuko obrak direla eta, astelehenetik aurrera, uztailak 15, 15:00etatik aurrera gutxi gora-behera, aldaketak egitea aurreikusita dago Dbuseko autobus linea hauetan: 26Amara-Martutene; 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza; 41-Gros-Egia-Martutene; eta B4-Amara-Erriberak-Martutene. Fase honetan, ibilgailuentzat itxita egongo da Aintzieta pasealekuaren zati bat, eta zati horretan dauden geltokiak, beraz, Felisa Martin Bravo Hiribidera eramango dira, auzo berriaren barruan. Hauek dira egingo diren aldaketak:

  • Martutene alderantz: Renfe Loiola eta Antzieta geltokiak Aintzieta Pasealekuko 15ean eta Felisa Martin Bravo Hiribideko 4an jarriko diren bi markesinetara eramango dira.
  • Erdialderantz: Antzieta 31ko eta Txomin Eneako geltokiak behin-behineko zutoin bitara eramango dira, Felisa Martin Bravo Hiribideko 13an eta 5ean.

Ziur aski, obrak irailaren hasieran bukatuko dira, eta aurrerago jakinaraziko da autobus zerbitzuak hiriko alde horretan edukiko duen behin betiko konfigurazioa.

Donostiako autobus markesinak berritzeko lanak esleitu ditu Dbusek

Orain dela hilabete batzuk hiriko markesinen kudeatze integralerako lehiaketa publikoa argitaratu zen eta orain, berriz, Dbusek Promedios Taldeko PM TRANS EUROPE S. L. U. enpresari esleitu dio lizitazioa. Kontratuak 15 urteko iraupena izango du, eta bere barruan sartzen dira hiriko garraio sareko geltokien instalazioa, birkokapena eta mantentze lanak, eta, horiez gain, publizitatearen ustiapena ere bai.

Lizitazioak aurreikusten du Donostiako 110 markesinak berritzea; orain arte berritu den markesina kopururik handiena da.  Donostiak 563 geltoki ditu, eta horietatik 309 markesina erakoak dira eta 254 zutoin erakoak; halere, berritze lan hauetan markesina erakoak baino ez dira eguneratuko. Berritze hori gehienez ere 3 urte eta erdiko epean egingo da, urtean 34-36 markesina inguru eguneratuta.  

Markesinak berritzeko lanek ez diote kosturik eragingo Dbusi, TRANS EUROPE enpresak markesinetan ustiatu ahal izango duen publizitatearen bitartez finantzatuko baitira. Horrez gain, Dbusi 494.450€ ordainduko dio urtero, kanon finko gisa. Esleitutako kanon finko hori baldintza pleguan eskatzen zen kanon minimoa baino %60 handiagoa da gutxi gorabehera.

Esleipenerako, kalitate, irisgarritasun eta diseinuko irizpideak hartu dira kontuan. Helburuetako bat zen hiriko altzariak bateratzea eta homogeneizatzea; beraz, markesinak berritzeko aukeratu den modeloa Donostia modeloa da. Markesina arina da, gure hiriarentzat bereziki diseinatua eta Dbuseko geltokietan azken aldian instalatu den Grimshaw modeloaren antzekoa. Gaur egun, 40 geltoki Grimshaw modelokoak dira eta 263 geltoki 2003 modelokoak.

Aukeratu den modeloa eguraldi txarretik egoki babesteko diseinatuta dago, atzeko aldea eta alboak itxita ditu-eta. Beirek bandalismoaren aurkako xaflak dituzte, grafitiak egitea eragozteko, eta zutoinen altzairuaren akabera mikrotesturizatua izango da.  

Era berean, markesina berriak Irisgarritasunaren Legera egokituta egongo dira. Irizpide orokor gisa, geltokiak uzten duen guztietan, sarrera albotik eta erdiko aldetik edukiko dute, igarotzeko gutxienez 90 zentimetroko zabalera utzita. Manpara guztiak zeharrargiak izango dira eta kolore biziko bi banda edukiko dituzte kristala dagoela adierazteko.  Linearen zenbakia eta destinoa ere adieraziko dituzte, braillez, eta berme iskiatikoko eserleku bat edukiko dute.

Kontratuaren indarraldian aurreikusten da mupi digitalak instalatzea. Mupi horietan publizitatea materiala zein zerbitzukoa sartuko da, Dbusentzat kosturik eduki gabe, izan ere, 1.000€-ko kanon gehigarri bat ordainduko da unitateko eta urteko, gehi mupi bakoitzeko publizitatearekin fakturatzen den %40.

Berritzeko, Dbusek Donostiako Udalaren Mugikortasun Departamentuarekin elkarlanean markesinen egoeraren gainean egin duen analisia hartuko da abiapuntu gisa .

Irakurri

Ekainaren 23tik aurrera Dbus-ek zerbitzu gehiago emango ditu udan

Ekainaren 23an, igandean, San Juan bezperan, Dbuseko udako zerbitzuak hasiko dira, eta abuztuaren 31ra arte, larunbata, eskainiko dira. Udan, halaber, Dbusek zerbitzu bereziak eskainiko ditu denboraldiko ekitaldirik garrantzitsuenetarako.

Era berean, udako hilabete horietarako, Dbusek “Elkartzen duten lineak” izeneko kanpaina abian jarriko du, garraio publikoa sustatzeko, egunetik egunera ehuntzen diren eta Dbuseko autobus lineekin elkartzen gaituzten linea ikusezinak agerian jarriz.  

  1. “Elkartzen duten lineak” kanpaina 

Dbuseko lineak, askotan, nabaritzen ez diren lineak dira, baina egunez eta gauez, udan eta neguan, gure eguneroko bizitzarekin, gure zaletasunekin, gure inguruneko pertsonekin eta gure egunerokoarekin elkartzen gaituzte.

Erabiltzaileek Dbuseko autobus lineen sarearekin duten loturan  eta egunero sortzen den harreman horretan fokua jarriz, Dbusek “Elkartzen duten lineak” izeneko kanpaina abiarazi du. Dbus sarea 41 lineak eta 134 autobusek osatuta dago, eta sare horrek lortzen du urtero 180.000 pertsona inguruk elkarrekin lotuago sentitzea eta Donostiak eskaini ahal dienetik hurbilago ere bai.

Grafiko fresko eta koloretsu batekin, kanpaina hainbat historiaren ingurukoa da, eta euskarri askotan dago presente: alde batetik, geltokietako markesinetan kartel batzuk ikusi daitezke, non benetako erabiltzaileen profilak eta erabiltzaile horiek Donostiatik mugitzeko erabili ohi dituzten autobus lineak agertzen diren. Autobusen barruan ere binilo batzuk jarri dira, erabiltzaileak beren helmugekin elkartzen dituzten hainbat historiarekin. Era berean, bideo batzuk prestatu dira autobus barruko pantailetan eta sare sozialetan emateko, non kanpainari buruzko material guztia erakutsiko den. Horrez gain, lehiaketa eta zozketa txikiak antolatuko dira.  Dbusen Youtube kanalean (dbusdonostia) ikusi daiteke kanpainaren bideo nagusia, hemen eskuragarri dago. 

 

  1. Udan, Dbuseko zerbitzu gehiago

2019ko udan Dbusek zerbitzu gehiago eskainiko ditu egunez eta gauez. 

> Informazio osoa (pdf)

Mikrobus zerbitzua Pasealeku Berria eta Urgull mendira ekainean

Ekainaren 1etik aurrera, larunbata, Dbusek mikrobus zerbitzua emango du Urgull Mendian, 39-URGULL linearekin. Ekainaren 22ra arte, zerbitzuak larunbatetan eta igandeetan emango dira, baina ekainaren 23an zerbitzuak egunero ematen hasiko dira.

Zerbitzuak 30 minuturo izango dira goizeko 11:00etatik 13:30era, eta arratsaldeko 17:00etatik eta 20:00etara.

-Urgull alderantz irteerak SALAMANCA PASEALEKUTIK izango dira, ondorengo orduetan:

11:00 – 11:30 – 12:00 – 12:30 – 13:00 – 13:30

17:00 -17:30 – 18:00 – 18:30 – 19:00 – 19:30 – 20:00

 

-Urgulletik irteerak SANTIAGOKO BATERIATIK izango dira ondorengo orduetan:

11:15 – 11:45 – 12:15 – 12:45 -13:15 -13:45

17:15 – 17:45 – 18:15 – 18:45 – 19:15 – 19:45 – 20:15

 

Urgullerako zerbitzuaz gain, mikrobus honek Bretxa eta Pasealeku Berriko aparkalekuen arteko garraio publikoko konexioa dakar.

Uztailean eta abuztuan ere egunero emango da zerbitzu hau, Aste Nagusian eta aurreko eta ondorengo egunetan izan ezik, Pasealeku Berriko barraken instalazioa dela eta. Irailean zerbitzua asteburuetan izango da berriz ere, Estropadetan izan ezik.

Irakurri

Ekainaren 1etik aurrera zerbitzu gehiago Igeldoko linean

Ekainaren 1etik aurrera, Dbusen 16-Igeldo linearen zerbitzuak maiztasun handiagoz emango dira, ohiko erabiltzaileen eta turista eta bisitarien garraioa errazteko.

Iaz egin zen bezala, 16-Igeldo linea ekainaren 1ean, larunbata, hasiko da zerbitzu gehiago ematen eta irailaren 30ean, astelehena, bukatuko, egun bi horiek barruan sartuta. 

10:05etik 21:05era handituko da zerbitzuaren maiztasuna, denbora tarte horretan 20 minutukoa izango baita.

 

Udako ordutegiak ekainaren 23tik aurrera

Ekainaren 23tik aurrera, igandea, eta abuztuaren 31ra arte, larunbata, 16 lineak zerbitzu gehiago emango ditu Gipuzkoako plazatik, 23:00etan eta 0:00etan beste bi irteera gehiagorekin.

Era berean, ekainaren 23tik abuztuaren 31ra arte Igeldo auzoak autobus zerbitzua izango du gauean, ostiral, larunbat eta jai bezperatan, B7-IGELDO GAUTXORIArekin. Gautxoria 1:00etan eta 2:00etan aterako da Bulebarretik, eta Kontxa pasealekutik joango da zuzenean Igeldoraino eta Kanpineraino

Modu berean, ohiko denez, Igeldoko jaietan Dbusek zerbitzua indartuko du, irteera gehiagorekin.

Irakurri

Dbusek sistema bat probatuko du geltokietako zerbitzua erabiltzaileen eskariaren arabera egokitzeko

Autobus geltokietan zain dagoen pertsona kopurua abiapuntu hartuta zerbitzua erabiltzaileen benetako eskaerara egokitzea ahalbidetuko dion sistema berritzaile bat inplementatu du Dbusek. Sistemak aukera ematen du denbora errealean kalkulatzeko zenbat pertsona dauden autobusaren zain geltokian, datu horrekin jakiteko noiz indartu behar den zerbitzua autobus gehiagorekin, eta, horretarako, ikusmen artifizialeko sentsoreak erabiltzen ditu.

ATUCek (Hiri Garraio Kolektiboen Enpresa Kudeatzaileen Elkartea) Teknologia Berriak, Marketina eta Kalitatea Batzordea egin du berriki Madrilen, eta Batzorde horren barruan aurkeztu du Dbusek sistema hori. Harrera oso ona eduki du sistemak, eta, bertan ikusi denez, Europako erreferente gisa zerbitzuaren eta teknologiaren abangoardian egoten jarraituko du.

Hasteko, bost panel elektronikotan instalatu dira sentsore horiek, eta prozesadore batek, sentsoreetatik jasotako datuak monitorizatu ondoren, balio bat kalkulatu eta kontrol zentrora datu bat bidaltzen du 60 segundoan behin geltoki bakoitzetik. Horrela, une bakoitzean geltokietan dagoen eskariaren arabera indartu daiteke zerbitzua.

Hauek dira sistema hori duten panel elektrikoak:

– Askatasunaren hiribideko 21ekoa (13-37 lineak).

– Askatasunaren hiribideko 15ekoa (9-29-42 lineak).

– Pinares-Mirakruz 16 (13-27-37 lineak)

– Urbieta 6 (19-23-26-31-32-36-46 lineak)

– Urbieta 58 (21-28 lineak)

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere finantzatzen du jarduketa hau, Lehiakortasuna Indartzeko duen programaren barruan. Era berean, emaitzak positiboak baldin badira, sistema panel elektronikoa duten Dbuseko gainerako geltokietan instalatzeko aukera aztertuko da. Hitz batean, kontua izango da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea eta planifikatzea sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premietarako egokia den garraio publiko bat eskaintzeko.

Irakurri