Category : Berriak home

Dbus-ek berriro hurbildu dizkie Gabonak adineko pertsonei “Argibusa” jarduerarekin

Laugarren urtez, Dbusek “Argibusa” jarduera antolatu du, Konpainiaren autobus bat erabiliz adineko pertsonei Donostiako Gabon giroa eta dekorazioa hurbiltzeko.  Oraingo honetan, San Ignacio – Hermano Garate Egoitzarekin elkarlanean antolatu da jarduera, eta zentro horretan bizi diren adineko 20 pertsonak aukera izan dute gaur, abenduak 18, autobusean irteera bat egiteko eta hirian dagoen gabon giroa ikusteko.

Hiria lagunkoia izaten laguntzeko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da. Horrela, jardueran parte hartu duten pertsonek arratsalde alaitsua igaro ahal izan dute eta Gabonetako apaingarriez eroso eta seguru gozatu. Hiritik egin duten ibilbidean hirian funtsezkoak diren hainbat leku ikusi dira, hala nola Alderdi Eder, Artzain Ona eta Loiola kalea, Santa Katalina zubia, Frantziako pasealekuaren ingurua, eta Maria Cristina zubia, besteak beste.

Hirira hurbildu eta Gabon garaian kale argitsuetatik ibiltzeko zailtasuna dituzten 67 eta 87 bitarteko adineko pertsonak dira. Ekimenari esker hainbat lekutatik igaro ahal izango dira –kasu batzuetan leku esanguratsuak–, eta pertsona askorentzat ohikoa den jarduera bat gogoratu eta hurbiletik bizi ere bai. Jarduera horretako partaide gehienek senideekin batera egin dute ibilbidea, esperientzia partekatu ahal izateko, eta zentroko arduradunak ere egon dira beraiekin.

Aurreko urteetan jarduerak izan zuen arrakasta eta harrera onaren ondoren, aurten Dbusek esperientzia errepikatu nahi izan du, Gabon garai hau atseginagoa izan dadin adineko pertsonentzat eta haien ingurukoentzat.

 

 

 

Irakurri

Dbusen zerbitzuak abenduaren 19rako, greba eguna

Sektore publikoak, datorren abenduaren 19rako, asteartea, deitu duten greba dela-eta, Dbusek egun osoan gutxieneko autobus zerbitzuak eskainiko ditu. 

Horren guztiaren ondorioz, erabiltzaileei jakinarazten zaie lineen ordutegiak eta maiztasuna murriztu egingo direla, eta, gainera, linea batzuek ez dutela zerbitzurik emango egun osoan.

Era berean, zerbitzuen hasierako eta amaierako orduetan ere eragina izango du. Lehen zerbitzuak 7:00etatik 7:30era bitartean hasiko dira, eta azkenak 22:00etatik 22:30era bitartean amaituko dira.

Hala ere, grebaren jarraipena kontuan hartuta, zerbitzu gehigarriak eskainiko lirateke, gutxieneko zerbitzuen maiztasuna hobetzeko.   

Aldaketak ikusi(pdf-a)

DBUSEN ZERBITZUETAKO ALDAKETAK MANIFESTAZIOA DELA ETA

Gainera, abenduaren 19an, asteartean, manifestazioa egingo da Donostian, 11:30etik 12:30etara gutxi gorabehera, eta hori dela-eta aldaketak egingo dira Dbuseko zerbitzuetan.

Aldaketak ikusi (pdf- a)

 

 

Dbusen anezka zerbitzuak bidaia kopuru bikoitza egin du lehen 7 egunetan

Illunbeko aparkalekuaren eta Donostiako erdigunearen arteko doako anezka zerbitzuak erabiltzaile kopuruaren hazkunde handia izan du zerbitzuko lehen 7 egunetan, izan ere, 2.371 bidaia egin ditu, 2022ko garai berean egindakoak baino %68 gehiago, orduan 1.413 bidaia erregistratu ziren eta. 

Zehazki, 2023an batez beste 338 bidaiari erregistratu dira, 2022an erregistratutako kopuruaren ia bikoitza, orduan egunean 176 pertsona zenbatu baitziren batez beste.

Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak nabarmendu duenez, “datu horiek erakusten dute bisitatzen gaituztenen artean zerbitzua arrakasta izaten ari dela eta gero eta ezagunagoa eta baloratuagoa dela haien artean, eta gure hirira modu eroso eta jasangarrian iristeko alternatiba bikain bihurtu dela”.

Gainera, Mugikortasun Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat lortu dute, Gipuzkoako errepide nagusietan jarritako argi panelen bidez ekimen horren berri emateko.

Gabonetako kanpainan Donostiara autoz hurbiltzen diren pertsona guztien artean anezka zerbitzuaren erabilera sustatzen jarraitzeko, abenduaren 16tik urtarrilaren 6ra arte zerbitzua egunero eskainiko da, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, egun horietan ez baita zerbitzurik egongo.

 

Irakurri

Gabon hauetan, anezka zerbitzua dohainik Illunbeko aparkalekutik hiriko Erdialdera

Datorren larunbatean, abenduak 2, hasi eta urtarrilaren 6ra arte, Gabonak eta Gabon aurreko asteak direla-eta, Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bitartez, doako autobus anezka jarriko dute berriro, Illunbeko aparkalekua eta hiriko erdialdea lotzeko.

Lehen asteetan, zerbitzua asteburuetan eta jaiegunetan eskainiko da. Gainera, abenduko zubian egunero egongo da anezka zerbitzua, hirira hurbiltzen diren bisitariek joan-etorriak erosoago egin ditzaten.

Abenduaren 16ko asteburutik aurrera, zerbitzua egunero eskainiko da, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, egun horietan ez baita zerbitzurik egongo.

Anezka zerbitzu horrek Illunbeko doako aparkalekuaren eta Donostiako erdialdearen arteko joan-etorriak errazten ditu, hirian garraio publikoa sustatzeko eta trafikoa murrizteko helburuarekin.

2021ean abian jarri zenetik, herritarrek oso ondo hartu dute ekimena. Hala erakusten dute 2022ko datuek, orduan 7.011 bidaia egin baitziren, aurreko urtearekin alderatuta eguneroko erabileraren batez bestekoa hirukoiztuta (orduan 2.711 bidaia erregistratu ziren).

Horregatik guztiagatik, eta Gabonetako kanpainan Donostiara autoz hurbiltzen diren pertsona guztien artean erabilera sustatzen jarraitzeko, Mugikortasun Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat egin dute, errepide nagusietan jarritako argi panelen bidez zerbitzu horren berri emateko.

Autobus %100 elektrikoa

Illunbetik hiri erdialdera joan-etorriak egingo dituen ibilgailua 12 metroko autobus bat da, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa. MAN Lions City 12e modeloa da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikoaren ezohiko deialdiaren barruan erosi da, Next Generation Europako funtsek finantzatuta.

MAN TRUCK & BUS IBERIA, SAU enpresari egindako erosketaren barruan zerbitzuan jartzen den lehen autobusa da, enpresa horrek irabazi baitzuen lizitazioa, eta, erosketa

horrekin, Donostiako autobus lineetan 12 metroko beste 13 autobus %100 elektriko eta 18 metroko sei autobus %100 elektriko sartzea ahalbidetuko da.

Zerbitzuaren datuak

Anezka zerbitzua 20 minutuan behin izango da, bi geltoki izango ditu, orain arte bezala:

  • Illunbeko geltokia: irteerak 11:00etatik 22:20ra, 20 minutuan behin
  • Mendeurreneko plazako geltokia: irteerak 11:10etik 22:30era, 20 minutuan behin.

Zerbitzua egun hauetan eskainiko da:

  • Abenduaren 2, 3, 6, 7, 8, 9 eta 10a.
  • Abenduaren 16tik urtarrilaren 6razerbitzua egunero eskainiko da, abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a izan ezik, ez baita zerbitzurik egongo.

 

 

 

Irakurri

Aldaketak Dbuseko 13-17-26 lineetan

Puntualtasun arazoak konpontzeko, azaroaren 13tik aurrera, astelehena, aldaketak egingo dira Dbuseko 13-Altza, 17-Gros-Amara-Miramon eta 26-Amara-Martutene lineetan, haien zerbitzu maiztasunak aldatzeko eta, horrela, ibilbidea egiteko denbora gehiago eduki dezaten.

 13- Altza:
13-Altza lineak maiztasuna aldatuko du lanegunetan, 9:00etatik 12:00etara, 14:30etik 16:30era eta 19:30etik 21:00etara, 7-8 minutuko maiztasunez emango baitu zerbitzua.

 17-Gros-Amara-Miramon:
Lanegunetan, 9:00etatik 20:00etara, 17-Gros-Amara-Miramon linearen maiztasuna 12 minutukoa izango da.

26 – Amara-Martutene:
Lanegunetan, 9: 00etatik 20:00etara, linearen maiztasuna aldatuko da, 15 minutukoa izango baita.

 

 

 

EGUNERAKETA: aldaketak Dbusen 5-8-9-14-16-31-42 lineetan

Dbusen zerbitzuen funtzionamendua hobetzeko helburuarekin, urriaren 18tik aurrera, asteazkena, aldaketak egingo dira 5-Benta Berri, 8-Gros-Intxaurrondo, 9-Egia-Intxaurrondo, 14-Bidebieta, 16-Igeldo, 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza eta 42-Aldapa-Egia lineetan. 

Aldaketa horiek guztiak ibilbideen eta geltokien aldaketak dira. Maiztasunen aldaketak azaroan egingo dira.

  • 5-Benta Berri:
    Astegunetan 5-Benta Berri lineako zerbitzu guztiak 9:00etatik 20:00etara Zumalakarregi Hiribidean eta Tolosa Hiribidean ibiliko dira, Matia eta R. M. Azkue kaleetan eta Zarautz Hiribidean ibili beharrean. Geltoki hauek kenduko dira: Matia, Benta Berri, R.M. Azkue, R.M. Azkue 32, Zarautz 90 eta Zarautz 122, eta Zumalakarregi 10era, Antiguaoko Anbulatoriora, Majisteritza Tolosa 14ra, Unibertsitatera, Tolosa 112ra eta Tolosa 138ra lekualdatuko dira. 

  • 8-Gros-Intxaurrondo:
    8-Gros-Intxaurrondo lineak Boulevardeko 15ean egingo du azken geldialdia, Boulevardeko 19an egin beharrean.

  • 9-Egia-Intxaurrondo:

    9-Egia-Intxaurrondo lineak Okendo 18an egingo du azken geldialdia, Boulevardeko 15ean egin beharrean. Askatasunaren Hiribideko 6ko geltokia mantentzen da. Horrez gain, Askatasunaren Hiribideko 15eko geltokia Askatasunaren Hiribideko 7ra lekualdatuko da. Okendo 18tik aurrera, Bengoetxea eta Idiakez kaleetan zirkulatuko du, Askatasunaren Hiribidera irteteko.

  • 14-Bidebieta:
    14-Bidebieta lineak, Erdialderantz, Nafarroa Hiribidean ibiliko da Galtzada Nagusian ibili beharrean. Ategorrieta 31ko geltokia Jesuitetara aldatuko da, eta Galtzada Nagusiko geltokia Mariaren Bihotzera aldatuko da.

  • 16-Igeldo:
    16-Igeldo linea dagoeneko aldatu da, eta urrian ere 20 minutuko maiztasuna izango du, ekainetik irailera bitartean ematen den zerbitzu berdina emateko. Datorren urtean, maiztasun hori maiatzean ere aplikatuko da.  Halaber, Okendo 18ko azken geldialdia Boulevardeko 19ra aldatuko da. Okendo 5ean gelditu ondoren, Boulevarderaino joango da (geltokia) eta Hernani eta Miramar kaleetatik jarraituko du Urbieta 6ra.
  • 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza
    31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza lineak Askatasunaren Hiribidea 15ean egingo du geldialdia, Askatasunaren Hiribidea 3an egin beharrean.

  • 42-Aldapa-Egia:
    42- Aldapa- Egia lineak Okendo 18an egingo du azken geldialdia, Boulevardeko 19an egin beharrean. Horrez gain, Askatasunaren Hiribideko 15eko geltokia Askatasunaren Hiribideko 7ra lekualdatuko da. Okendo 18tik aurrera, Bengoetxea eta Idiakez kaleetan zirkulatuko du, Askatasunaren Hiribidera irteteko. Kursaaleko geltokia Colón pasealekura eramango da.

Iraila izan da Dbusek bere historian izan duen erabilerarik handieneko hilabetea

2023ko iraila izan da, Donostiako udalerrian,  Konpainiaren historian Dbus zerbitzuak gehien erabili diren hilabetea. Zehazki, 2.657.183 bidaia erregistratu dira, pasa den urteko irailean baino %15,13 bidaia gehiago, orduan 2.254.978 bidaia erregistratu ziren eta.

Zifra horien arabera, 2023ko iraila da Dbusek eskari gehien izan duen bost hilabeteen rankingaren barruko lehena. Hauek dira, hain zuzen, bost hilabete horiek:

  1. 2023ko iraila: 2.657.183 bidaia
  2. 2019ko urria: 2.641.815 bidaia
  3. 2023ko abuztua: 2.621.695 bidaia
  4. 2018ko abuztua: 2.599.594 bidaia
  5. 2011ko martxoa: 2.592.816 bidaia

Era berean, irailaren 30a izan da Konpainiaren historian erabiltzaile gehien erregistratu deneko larunbata, Aste Nagusiko eta San Tomaseko larunbatak kenduta. 90.443 bidaia erregistratu dira, 2019ko larunbatetan batez beste erregistratu ohi zirenak baino %25,8 gehiago.

Dbusen zerbitzuen eskariaren igoera hori, halaber, QR txartelarekin ordaintzeko sistema abian jartzeak eraginda izan da, duela aste batzuetatik Dbusen autobus linea guztietan erabilgarri baitago. Sistemak aukera ematen du bidaia txartela QR dinamiko baten bitartez ordaintzea autobusaren barruan. Dbusen app ofizialaren bidez eskuratzen da QR kode dinamiko hori. Bidaia txartelen lau modalitate daude (30 minutukoa eta egunekoa, 30 minutuko eta gauekoa; 24 ordukoa; eta 48 ordukoa). Sistema abian jarri denetik 500 unitate gutxi gorabehera saldu dira.

QR kodearekin ordaintzeko modua Europako E-MOBASK proiektuari eta Next Generation funtsei esker inplementatu da. Zehazki, E-MOBASKek eguneko eta gaueko 30 minutuko QR txartelen garapena finantzatu du, eta 24 orduko eta 48 orduko QR txartelen garapena, berriz, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren bidez (MITMA) lortutako Next Generation funtsei esker egin da.

Irakurri

Zerbitzu gehiago Igeldora urrian

Urrian ere ordutegiaren maiztasuna handiagoa izango da 16-Igeldo linean, ohiko erabiltzaileen eta turisten eta bisitarien garraioa errazteko. Aurreko hilabeteetan bezala, 10:05etik 21:05era bitartean zerbitzua handiagoa izango da, ordu tarte horretan maiztasuna 20 minutukoa izango baita.

Era berean, maiztasun handiago hau urtero eskainiko da maiatzetik urrira bitartean.

Irakurri

Dbusek QR kodearekin ordaintzeko aukera ezarri du autobusetan

Dagoeneko erabilgarri dago Dbusen autobusetan bidaia txartela QR kodearekin ordaintzeko aukera. Sistema berritzaile hori Dbusen linea guztietan erabil daiteke, eta txartela ordaintzeko beste aukera bat da, eskudirutan ordaindu ordez, Donostian autobusez bidaiatzea errazago eta erosoago eginda.

Lau garraio titulu berri

Zehazki, Dbusek QR kodearekin ordaintzeko lau modu berri sortu ditu. Dbusen app ofizialaren bidez eros daitezke ordainketa modu horiek, eta appa iOS eta Androiderako eskuragarri dago. Neurri hori abian jartzeko, apparen bertsio berri bat ere kaleratu da, eta bertsio horretan “Tickets” izeneko atal berri bat dago.

Hauek dira lau garraio titulu berriak:

  • 30 minutuko QR txartela, egunekoa: eguneko nahi beste zerbitzutan erabil daiteke, erosi eta hurrengo 30 minutuetan. Transbordoak egiten uzten du. Prezioa 1,85€ da.
  • 30 minutuko QR txartela, gauekoa: aurreko kasuan bezala, garraio titulu hau  erosleak gaueko nahi beste zerbitzutan erabil dezake, erosi eta hurrengo 30 minutuetan. Prezioa 2,50€ da, eta transbordoak egiten ere uzten du.
  • 24 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 24 orduz, bai eguneko zerbitzuetan, bai gaueko zerbitzuetan, eta  6 €-ko prezioa dauka.
  • 48 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 48 orduz, eguneko eta gaueko zerbitzuetan ere bai. Prezioa 10€ da.

Kreditu edo zordunketa txartel baten bidez erosten da, txartelaren datuak appean sartuz. Sartutako datuak appean gorde daitezke, aurrerago egiten diren erosketetan erabiltzeko. Erosketa sistema segurua da, eta ordainketa Redsys ordainketa pasabidearen bidez egiten da. Txartela appean erostean, QR kode dinamiko bat sortzen da, eta, autobusera igotzean, gidariaren postuaren ondoan dagoen makinan baliozkotzen da, mugikorraren pantaila gora begira jarriz kodea eskaneatu ahal izateko (ikus irudia). Txartel bat baino gehiago eros daiteke aldi berean, eta eragiketan erosten diren txartelak adina QR kode sortuko dira, autobusean banan-banan baliozkotzeko. Erosketa egiten den uneak markatuko du txartelaren iraungitze unea, erosketa egin eta hurrengo 30 minutuetan, edo 24 edo 48 ordutan erabili beharko da-eta, txartelaren modalitatearen arabera.

Sistemarekin, bidai txartelak erostea erraztu egiten da eta ordainketa arinago egiten da autobusean sartzean, geldialdi bakoitzaren denbora gutxiago eginda eta bidaietan emandako denbora murriztea ahalbidetuta. Txartela EMV kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzeko modalitatearen osagarria da, zeinak 2017az geroztik funtzionatzen baitu Dbusen autobusetan, eta MUGI txartelarekin ordaintzeko modalitatearena ere bai. Txartel berriak oso praktikoak eta baliagarriak izan daitezke, bisitarientzat eta turistentzat ez ezik, une jakin batean MUGI txartela ez daramaten edo saldorik gabe geratu eta eskudirua ez duten ohiko erabiltzaileentzat ere. QR ordainketa sistemari esker, segundo gutxi batzuetan eros dezakete QR txartela geltokian edo autobusean bertan daudenean.

Era berean, aurreikusita dago datozen hilabeteetan autobusek aurrealdean ezkerrean eta erdiko atean dituzten baliozkotzeko makinak berritzea, txartel berri horiek autobuseko makina guztietan baliozkotu ahal izateko makina berri horiek gidariaren postuaren ondoan dauden makinek dituzten funtzionalitate berberak izango baitituzte, hala nola QR kodearekin, banku txartelarekin eta Bat eta Barik txartelekin zein MUGI txartel mota guztiekin ordaintzeko aukerak. 

QR kodearekin ordaintzeko modua Europako E-MOBASK proiektuari eta Next Generation funtsei esker inplementatu da. Zehazki, E-MOBASKek eguneko eta gaueko 30 minutuko QR txartelen garapena finantzatu du, eta 24 orduko eta 48 orduko QR txartelen garapena, berriz, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren bidez (MITMA) lortutako Next Generation funtsei esker egin da.

 

 

 

Irakurri