Gabon hauetan, anezka zerbitzua dohainik Illunbeko aparkalekutik hiriko Erdialdera
Datorren larunbatean, abenduak 2, hasi eta urtarrilaren 6ra arte, Gabonak eta Gabon aurreko asteak direla-eta, Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bitartez, doako autobus anezka jarriko dute berriro, Illunbeko aparkalekua eta hiriko erdialdea lotzeko.
Lehen asteetan, zerbitzua asteburuetan eta jaiegunetan eskainiko da. Gainera, abenduko zubian egunero egongo da anezka zerbitzua, hirira hurbiltzen diren bisitariek joan-etorriak erosoago egin ditzaten.
Abenduaren 16ko asteburutik aurrera, zerbitzua egunero eskainiko da, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, egun horietan ez baita zerbitzurik egongo.
Anezka zerbitzu horrek Illunbeko doako aparkalekuaren eta Donostiako erdialdearen arteko joan-etorriak errazten ditu, hirian garraio publikoa sustatzeko eta trafikoa murrizteko helburuarekin.
2021ean abian jarri zenetik, herritarrek oso ondo hartu dute ekimena. Hala erakusten dute 2022ko datuek, orduan 7.011 bidaia egin baitziren, aurreko urtearekin alderatuta eguneroko erabileraren batez bestekoa hirukoiztuta (orduan 2.711 bidaia erregistratu ziren).
Horregatik guztiagatik, eta Gabonetako kanpainan Donostiara autoz hurbiltzen diren pertsona guztien artean erabilera sustatzen jarraitzeko, Mugikortasun Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat egin dute, errepide nagusietan jarritako argi panelen bidez zerbitzu horren berri emateko.
Autobus %100 elektrikoa
Illunbetik hiri erdialdera joan-etorriak egingo dituen ibilgailua 12 metroko autobus bat da, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa. MAN Lions City 12e modeloa da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikoaren ezohiko deialdiaren barruan erosi da, Next Generation Europako funtsek finantzatuta.
MAN TRUCK & BUS IBERIA, SAU enpresari egindako erosketaren barruan zerbitzuan jartzen den lehen autobusa da, enpresa horrek irabazi baitzuen lizitazioa, eta, erosketa
horrekin, Donostiako autobus lineetan 12 metroko beste 13 autobus %100 elektriko eta 18 metroko sei autobus %100 elektriko sartzea ahalbidetuko da.
Zerbitzuaren datuak
Anezka zerbitzua 20 minutuan behin izango da, bi geltoki izango ditu, orain arte bezala:
- Illunbeko geltokia: irteerak 11:00etatik 22:20ra, 20 minutuan behin
- Mendeurreneko plazako geltokia: irteerak 11:10etik 22:30era, 20 minutuan behin.
Zerbitzua egun hauetan eskainiko da:
- Abenduaren 2, 3, 6, 7, 8, 9 eta 10a.
- Abenduaren 16tik urtarrilaren 6razerbitzua egunero eskainiko da, abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a izan ezik, ez baita zerbitzurik egongo.