Ezagutu Donostiako hiriko ingurune naturala Dbuseko markesinetan
Urriaren 1ean Habitataren Munduko Eguna izango dela eta, Dbusek eta Cristina Enea Fundazioak indarrak batu dituzte Donostiako fauna eta flora autoktonoa ezagutarazteko, horretarako hiriko autobus markesinak erabiliz.
“Hurrengo Geltokia: hiriko natura” da kanpainaren leloa, eta Hiri Berdearen jardueretako bat izanik, bere helburua da Donostiako ingurune naturala ezagutaraztea eta balioestea eta garraio publikoa bultzatzea, hiritik mugitzeko modu iraunkorra den heinean.
Horrela, Donostiako hainbat animalia espezie eta gune natural aukeratu dira, haien gaineko informazioa eman ahal izateko. Animalia espezie eta gune natural horien kokalekuetatik hurbilen dauden Dbus geltokietan emango da esandako informazioa. Donostiarrentzat oso ezagunak ez diren espezieak eta guneak dira eta autobus geltokiak hiriko leku estrategikoetan daude, espezie eta gune horien kokalekuetatik oso hurbil. Hiriko ingurunean, non erakinak gero eta ugariagoak diren, ohikoa da natura ezkutuan eta bigarren planoan gelditzea. Halere, Donostiak natura aberatsa dauka, hainbat leku edo gunetan dibertsifikatuta.
Ildo horretan, hainbat auzotako 10 geltokitan binilo batzuk jarri dira, interesgune hauen gaineko informazioarekin:
– Cristina Enea Parkea → Frantziskotarrak (Egia)
– Ibaetako Haritza → Irakasle Eskola (Antigua)
– Ametzagainako Parkea → Garbera
– Urgulleko sugandila → Boulevard
– Ulia Mendia → Gaiztarro (Bidebieta)
– Uliako ur biltegiak → Toki Eder (Ategorrieta)
– Ondarretako marearteko zabalgunea → Londres Hotela
– Muga kretazeoa/Paleozenoa → Ondarreta eta Zumalakarregi 21
– Altzako bioaniztasuna → Arri Berri (Altza)
Liburuxka batean ere jaso da informazio hori, eta liburuxka hori Dbusen web orrian, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean eta kultur zentroetan eskuratu daiteke.
Ipuin kontalariak Dbuseko autobus batean
Urriaren 5ean, ostirala, 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzako ipuin kontalarien saioak egongo dira Alderdi Ederreko lorategietan, non Dbuseko autobus bat jarriko den. 30na minutuko 3 saio egongo dira, euskaraz: 17:30ean, 18:15ean eta 19:00etan.
Ipuin kontalarien saio horietan naturarekin lotura duten istorio batzuk kontatuko zaizkie haurrei, hiriko naturaren aberastasunari eta Dbusen ikurrari, alegia, galzorian dagoen eta Donostiako alde batzuetan existitzen den Euskal Herriko hegoaldeko zuhaitz igelari, keinu bat eginda.
Liburuxka ikusi (pdf)