Dbusek Volvo markako 12 metroko autobus % 100 elektrikoa probatuko du
Datozen bi asteetan, Dbusek Volvo markako 12 metroko autobus %100 elektrikoa eta zero emisiokoa probatuko du. Autobusa zirkulatzen ari da jada Donostiako kaleetan. Benetako zerbitzua ematen ari da bidaiariekin, eta ziur aski uztailaren 3ra arte emango du zerbitzua, 16-Igeldo linean, larunbat, igande eta jaiegunetan, eta 25-Benta Berri-Añorga linean, lanegunetan.
Azken belaunaldiko Volvo 7900e modeloa da, 470kWh-ko ahalmena duten eta gauean Kotxetegietan kargatzekoak diren bost bateria dituena. Era berean, kamera bidezko atzerako ispilu digitalak ditu, eta besaulkien eta argiztapenaren diseinu berritzailea barruan. Une honetan, modelo horretako 640 unitate baino gehiago daude Europako hainbat hiritan zerbitzua ematen.
Proba hau da Dbusen flota elektrifikatzeko prozesuaren aurreko fasean autobus elektrikoekin egiten ari diren frogetako bat. Izan ere, Next Generation funtsen bidez laguntzak eskatu zaizkio MITMAri (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa) 19 autobus %100 elektriko erosteko (4.160.000€-ko dirulaguntza jasoko da) eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioari ere beste autobus elektriko bat gehiago erosteko (550.000€-ko dirulaguntza jasoko da), eta dirulaguntza horiei esker egiten ari dira froga horiek.