Berriak

Dbusek sistema bat probatuko du geltokietako zerbitzua erabiltzaileen eskariaren arabera egokitzeko

Autobus geltokietan zain dagoen pertsona kopurua abiapuntu hartuta zerbitzua erabiltzaileen benetako eskaerara egokitzea ahalbidetuko dion sistema berritzaile bat inplementatu du Dbusek. Sistemak aukera ematen du denbora errealean kalkulatzeko zenbat pertsona dauden autobusaren zain geltokian, datu horrekin jakiteko noiz indartu behar den zerbitzua autobus gehiagorekin, eta, horretarako, ikusmen artifizialeko sentsoreak erabiltzen ditu.

ATUCek (Hiri Garraio Kolektiboen Enpresa Kudeatzaileen Elkartea) Teknologia Berriak, Marketina eta Kalitatea Batzordea egin du berriki Madrilen, eta Batzorde horren barruan aurkeztu du Dbusek sistema hori. Harrera oso ona eduki du sistemak, eta, bertan ikusi denez, Europako erreferente gisa zerbitzuaren eta teknologiaren abangoardian egoten jarraituko du.

Hasteko, bost panel elektronikotan instalatu dira sentsore horiek, eta prozesadore batek, sentsoreetatik jasotako datuak monitorizatu ondoren, balio bat kalkulatu eta kontrol zentrora datu bat bidaltzen du 60 segundoan behin geltoki bakoitzetik. Horrela, une bakoitzean geltokietan dagoen eskariaren arabera indartu daiteke zerbitzua.

Hauek dira sistema hori duten panel elektrikoak:

– Askatasunaren hiribideko 21ekoa (13-37 lineak).

– Askatasunaren hiribideko 15ekoa (9-29-42 lineak).

– Pinares-Mirakruz 16 (13-27-37 lineak)

– Urbieta 6 (19-23-26-31-32-36-46 lineak)

– Urbieta 58 (21-28 lineak)

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere finantzatzen du jarduketa hau, Lehiakortasuna Indartzeko duen programaren barruan. Era berean, emaitzak positiboak baldin badira, sistema panel elektronikoa duten Dbuseko gainerako geltokietan instalatzeko aukera aztertuko da. Hitz batean, kontua izango da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea eta planifikatzea sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premietarako egokia den garraio publiko bat eskaintzeko.