Dbusek memoria aurkeztu du eta 2016aren balantzea egin du
Dbuseko Administrazio Kontseiluak 2016ko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak eta Erantzukizun Sozial Korporatiboari buruzko Memoria onartu ditu. Memoria jada eskuragarri dago www.dbus.eus webgunean.
Dbusek urtean zehar bai enpresaren barruan bai kanpoan egin dituen ekintzen laburpen zehatza da dokumentua. Memoriak alderdi ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak hartzen ditu bere baitan, eta, besteak beste, eskainitako zerbitzuarekin lotura duten alderdiak, egindako jarduketak, autobusen flotari buruzko datuak eta Dbus partaide izan deneko proiektuak zein 2016an egin dituen ezarpen teknologikoak zehazten ditu. Dbusen 130. urteurrena dela-eta, 2016ko abuztutik 2017ko uztailera bitartean antolatutako jarduerak ere sartzen dira.
Era berean, bidai kopuruak eta garraio titulu desberdinen erabilera aztertzen dira, bai eta Konpainiak izan dituen emaitza ekonomikoak eta eskuratu dituen sariak ere.
Horrez gain, memoriak bereziki azpimarratu ditu Dbusek alderdi sozial, ekonomiko eta ingurumenekoekin zein bere langileekin hartutako konpromisoaren isla garbia diren kudeaketa etikoa eta garapen iraunkorra; kudeaketan eta zerbitzuaren kalitatean bikaintasuna lortze aldera enpresak egindako apustuaren baitan sartzen dira horiek.
Bidaia kopurua handitzea
Donostiarren erreferentziako garraiobidea da Dbus. Donostiako biztanle bakoitzak 171 bidaia egin ditu batez beste urtean hiriko garraioan, eta zifra hori Europan dagoen handienetako bat da, bai eta Espainian biztanle kopuru antzekoa duten gainerako hirietakoa baino askoz handiagoa ere.
2016an bidaiari kopuruak gora egin zuen, eta bidaiak 28.500.119 izan ziren guztira. Hazkunde hori iaz hartutako neurri ugariei eta martxan jarritako jarduketei esker izan da, esaterako hauei esker:
- Flotan beste 2 autobus elektriko gehiago, 10 autobus hibrido, 2 autobus artikulatu eta Euro 6 teknologiadun mikrobus 1 gehitu ziren, eta horiekin une honetan 130 ibilgailu dira flotan, autobusen batez besteko adina 7,04 urtekoa izanik.
- Zerbitzuan hobekuntzak egin ziren, Donostiako autobus geltokiaren inguruko zerbitzuak berregituratuz eta 45-Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete linea sortuz, autobus eta tren geltokiak Erdialdearekin, Antiguarekin, unibertsitateekin eta Aietekin lotzeko zerbitzuak ematen baititu. Era berean, Aieten zerbitzua hobetu da, 19-Aiete-Bera Bera, 23-Errondo-Puio, 32-Puio-Errondo eta B2-Aiete-Bera-Bera lineetan egindako aldaketekin.
- Gaueko zerbitzuak zabaldu dira hainbat lineatan, eta eskaripeko Taxibus zerbitzua jarri da martxan Ulian, zeinak Gros eta Uliako Aterpetxea lotzen dituen.
- Hurrengo geldialdiaren berri emateko sistema eguneratu da Dbuseko autobus linea guztietan, autobus barruan doazen erabiltzaileei autobusa non dagoen eta hurrengo geldialdia non egingo duen jakinarazteko. Sistema berriak beste linea batzuen iritsiera denborak ere ematen ditu, eta, horrela, geltoki bakoitzean egin daitezkeen loturen gaineko informazio zehatzagoa eta zabalagoa eskaintzen du.
- Dbusen web orriaren bitartez eta app ofizialaren bidez autobusen iritsiera orduen berri emateko zerbitzua, bai eta kontsultak egiteko gainerako sistemak ere.
- Komunikaziorako eta gizartean parte hartzeko jarduera batzuk egin dira, hala nola Olatu Talkan antolatu zen Gymkhana, markesinetan egindako “Goruntz begira” izeneko argazkien erakusketa, ”Dbus eta Gabonak” Gabonetako haurren marrazki lehiaketa edo hainbat elkarte edo talderekin egindako elkarlanak.
- Dbusen 130. urteurrena ospatzeko 2016ko uztailean hasi eta 2017ko uztailera arte luzatuko den programaren barruan egindako jarduerak: #NikEreDbus kanpaina, Donostiako pertsona ezagunekin eta pertsona anonimoekin egin zena; oroitzapenezko ONCEren kupoi bat, autobus maketak egiteko tailerrak, perching ekintzak…
- Garraio publikoaren sustapena Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen barruan, ekintza hauen bitartez: autobusen barruan belaunaldien arteko bizikidetza hobetzeko kanpainak, pertsona helduei autobusean nola bidaiatu erakusteko ikastaroak, eta Dbusen web orrian atal berri bat sortzea irisgarritasunari buruzko informazioarekin.
- Gidatze ekonomiko, seguru eta ekologikoari buruz eta giza harremanei buruz langileei eman zaizkien ikastaroak.
- Barne komunikazioari buruzko politika indartu da, eta Konpainian Giza Baliabideak hobetzeko plan bat ezarri da.
Gehien erabili diren lineak eta ordaintzeko moduak
Pasa den urtean zerbitzuko 6.744.995,965 kilometro eta 471.236,43 ordu eskaini ziren, eta batez beste horien %97tan zerbitzua puntuala izan zen. Hauek izan ziren gehien erabili ziren lineak:
– 28.Amara-Ospitaleak: 4.210.237 bidaia
– 13.Altza: 3.644.742 bidaia
– 5.Benta-Berri: 3.007.457 bidaia
Linea horiek AENORen kalitate ziurtagiria eskuratu dute berriro, Bidaiarien Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauaren arabera, eta ziurtagiri horrekin linea horien zerbitzuaren kalitatea egiaztatzen da. Gaur egun, arauak ezartzen dituen konpromisoak egiaztagiria duten lineetan ez ezik autobus flota osoan eta Konpainiaren eguneroko jardunean ere ezartzen dira. Dbusek eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatean eta Dbuseko erabiltzaileek egiten duten balorazio onean ikusten da filosofia hori.
Ordaintzeko moduari dagokionez, azpimarratzekoa da bidaiarien %90,92k deskontuak izan zituztela egindako bidaia bakoitzeko.
Horretaz aparte, 2016an Donostiako Udalaren ekarpena 0,51 zentimokoa izan da bidaiako; Donostia hiriaren ezaugarri antzekoak dituzten gainerako hirietan garraio kolektiboek eskuratzen dutena baino nabarmen txikiagoa da zifra hori, hiri horietan udalek garraio kolektiboei egiten dieten ekarpena 1 €-koa baita batez beste:
Ingurumenarekin ikuspuntutik iraunkorra den flota bat
2016an, Dbusek ahalegin handia egin du ingurumenarekin errespetutsuagoak diren ibilgailuekin bere flota berritzeko. 3 autobus %100 elektriko eta 20 autobus hibrido ditu, eta horiei esker Euskadin dagon autobus flotarik iraunkorrena da, bai eta gutxien kutsatzen duenetako bat ere Estatu mailan, izan ere, 12 metroko autobusen %25 elektriko-hibridoak dira. Grafiko honetan nabarmen ikusten da bilakaera hori:
Dbusek, gainera, kontsumoak murrizten laguntzen duten beste sistema batzuk ezarri ditu, esaterako, Topodyn sistema. Sistema hori, funtsean, autobusen abiadura kaxetan instalatzen den software bat da, eta abiadura aldaketak hobetzen ditu eta ibilgailuen kontsumoa eta igorpen kutsatzaileak gutxienez %3 txikiagoak izatea egiten du.
Ildo honetan, kontsumoa murrizteak kilometroko CO2ren igorpenak gehiago murriztea ere ahalbidetu du azken urte hauetan. Murrizketa horrek gorakada handia eduki du 2015az geroztik, grafiko honetan adierazten den moduan:
Era berean, pasa den urtean Dbusek hainbat proiektu europarretan parte hartzen jarraitu zuen, esaterako hauetan: REPLICATE, EBSF-2 edo Manbus. Proiektu horiek guztiak autobus garraio publikoa efizienteagoa eta erakargarriagoa egitera bideratuta daude, ibilgailu iraunkorragoen eta kontsumoak eta igorpen kutsatzaileak murrizten dituzten sistemen bitartez.
Ildo horretan, Dbus ahalegin handia egiten ari da hiria gero eta hobea eta gero eta bizigarriagoa, gizatiarragoa eta iraunkorragoa izan dadin. Hiriaren erronka estrategiko horretan, funtsezko zutabea dira autobusa eta garraio publikoa erabiltzen duten pertsona guztiak.