Dbusek autobus linea guztietara hedatu du banku txartelaz ordaintzeko aukera
Dbusek jada inplementatu du Donostiako autobus linea guztietan bidaiak banku txartelaz ordaintzeko aukera. Sistema 2017ko abuztuan jarri zen abian Dbusen 16-Igeldo eta 45-Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete lineetan, proiektu pilotu gisa, eta orain, berriz, Konpainiaren linea guztietara hedatu da. Ekimen hori E-MOBASK europar proiektuaren baitakoa da eta Kutxabankekin batera gauzatu da, enpresa hori izan baitzen horrelako eragiketak burutzeko ordainketa pasabide bat kontratatzeko lizitatatutako lehiaketa publikoaren esleipenduna.
Donostia da, Madril eta Londresekin batera, Europako lehen hirietako bat linea guztietan sistema berritzaile hori inplementatzen. Sistemak noizbehinkako bidai txartela eta gauekoa ordaintzea ahalbidetzen du kontakturik gabeko bankuetako kreditu eta zordunketa txartelak (EMV) eta mugikorretako zenbait aplikazio erabilita. Txartelak Visa, Mastercard eta American Express dira.
Bankuko txartel bakoitzak edo mugikorreko aplikazio bakoitzak erabiltzaileak nahi beste bidaia ordaintzen uzten du, noizbehinkako bidai txartelaren prezioan eta komisiorik gabe. Oraingo honetan, eta proiektu pilotuan ez bezala, gidariaren postuaren ondoan dagoen tiket makinan egingo da ordainketa eta ez da beharrezkoa izango aparteko makinarik jartzea.
Proiektuaren aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Donostiako Alkate Eneko Goiak, Mugikortasuneko eta Garraioetako Zinegotzi Pilar Aranak, Dbuseko Zuzendari Gerente eta Zuzendari Laguntzaile Igor Gonzalezek eta Javier Vallejok, eta Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko Zuzendari Ainhoa Arruabarrenak. Denek nabarmendu dute horrelako proiektuek hiria Euskadiko eta Europako abangoardian kokatzen dutela, hiriko autobusetako ordainketa sistema aurreratuei dagokienez. Ildo horretan, Eneko Goiak sistemaren erosotasuna eta praktikotasuna azpimarratu ditu; izan ere, esan du “sistemari esker Dbuseko zerbitzuen erabiltzaileak eta bisitariak askoz errazago mugitu ahal izango dira, erabiltzailearen esperientzia hobetuta, euskal banku erakunde baten eskutik. Donostia da sistema berritzaile hau ezarri duen lehen euskal hiriburua, eta berriro ere Dbus autobusen udal konpainia da, bere historia zabalean erakutsi duen moduan, zerbitzuaren kalitatea hobetzen duen sistema bat ezartzen lehena”.
Ainhoa Arruabarrenak, berriz, ziurtatu du “Kutxabanken parte hartzea dela Gipuzkoarekin dugun konpromisoaren beste erakusgarri bat. Gainera, digitalizazioa eta ordainketarako bide berriak lehentasunak dira, bezeroek gero eta gehiago eskatzen baitituzte horrelako zerbitzuak. Era berean, funtsezko beste alderdi bat ere badauka, garraio publikoaren erabilera erraztu nahi duelako eta iraunkorrago egin, eta Kutxabankek konpromiso argia dauka iraunkortasunarekin.”
Sistemak abantaila ugari dauzka
Sistema berriak abantaila ugari dauzka: alde batetik, erabiltzaileei ordainketa errazten zaie, ez baitute garraio txartelik edo eskudirurik beharko bidaia ordaintzeko, eta, gainera, sistemak erabat seguruak dira, Kutxabankek kudeatuta. Tiketak erosteari buruzko informazioa ere erraztu egin da. Horrez gain, ordainketa arinago egiten da autobusean sartzean, geldialdi bakoitzaren iraupena murriztuta eta bidaietan denbora gutxiago egiteko aukera emanda. Horrela, garraio publikoaren erabilera bultzatzen da.
Egunero eskudirutan bilduko den dirua gutxiago izatea ere ekarriko du, likidazio lanak erraztuta. Gaur egun, Dbuseko autobusetan urtean egiten diren bidaien %8,70 ordaintzen dira eskudirutan. Gainera, beste herrialde batzuetatik datozen pertsonek ez daukate zertan legezko monetarik eduki, beren banku txartelekin ordaindu baitezakete bidaia, txartel horiek autobus barruan balioztatuta.
Sistema berria ezagutzera emateko, komunikazio kanpaina bat jarri da abian lau hizkuntzatan (euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa): kartelak jarriko dira Dbuseko markesinetan eta bost autobus errotulatuko dira. Gainera, autobusera sartzeko atearen ondoan pegatina bat jarri da eta, horrela, erabiltzaileek sistema ezagutu dezakete autobusera sartzean. Barrualdean, berriz, kartelak jarri dira eta pantailetan informazioa emateko mezuak agertzen dira. Era berean, aurki hoteletan eta turismoko informazio bulegotan sistemari buruzko informazioa emateko orriak banatuko dira.
E-MOBASK proiektua
Neurria E-MOBASK proiektu europarraren baitakoa da, eta bere helburua da Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera bultzatzea eta erraztea, erabilera errazagoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa izan dadin eta garraio publikoa ibilgailu pribatuak baino gehiago erabiltzea bultzatzeko. Sistemaren bitartez lineen puntualtasuna ere hobetuko da eta ibilbideak egiteko denborak txikiagoak izango dira, kontsumoa murriztuz.Era berean, proiektuaren barruan aurreikusita dago bidai txartelaren ordainketa QR kode sistema baten bitartez egin ahal izatea. Erabiltzaileek Dbusen doako aplikazio mugikorraren bitartez erosi ahal izango dute ohiko tiketa (Dbusen App ofiziala). Aplikazioa iOS, Android eta
Windows Phonerako eskuratu ahal izango da, kasuan kasuko online dendetan. Tiketa erosi ondoren, mugikorrean QR kode bat sortuko da eta kode hori da balioaztu beharko dena. Balioztatzeko, berriz, mugikorraren pantailan dagoen QR kodea gidariaren postuaren ondoan dagoen makinara hurbilduko da. Kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzen uzten duen makina berbera izango da.
E-MOBASK proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) kofinantzatu du %65ean, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.