Berriak

Dbus-ek QR kodeak instalatu ditu geltokietan, autobusen iritsiera orduak kontsultatzeko

Dbusek autobusen iritsiera orduak denbora errealean kontsultatzeko QR kodeen bitartezko sistema berri bat jarri du erabiltzaileen esku. Kodeak gaur egun informazio panel elektronikorik ez duten geltokietan daude erabilgarri, eta kode horien bitartez internet konexioa duen telefono mugikorra dutenek kontsultatu ahal izango dute zenbat denbora falta den autobusa beraien geltokira heltzeko.

Gaur egun, internet konexioa duten telefono mugikor gehienek QR edo Bidi kodeak irakurtzeko aplikazio edo app bat ere izaten dute edo beraien aplikazio zerbitzurik jaitsi dezakete dohainik. Kodearen funtzionamendua oso erraza da. Aplikazioa aktibatu eta mugikorra kodearen aurrean jarri, argazki kamerarekin kodearen irudi osoa hartzeko, eta segundo batzuen ondoren erabiltzaileak geltoki horretara doazen linea guztietako autobusen iritsiera orduak ikusi ahal izango ditu Dbuseko mugikorretarako webgunearen bitartez. Kodea azkar irakurtzen da eta autobusen iritsiera orduen gaineko informazioa berehala eskuratzen da; horrek denak zerbitzua erosoa eta efizientea izatea egiten du.

QR kodeak hiriko geltokietan instalatuta, Dbusek autobusen iritsiera orduak kontsultatzeko dituen sistema ugariei beste bat gehitzen die, erabiltzaile mota guztietara egokituta. Gaur egun, Dbuseko autobusak erabiltzen dituzten pertsonek kontsultarako hainbat sistema dute, SMSak, mugikorretarako webgunea, geltoki askotan dauden informazio panel elektronikoak, Bluetooth sistema eta web orria, esaterako, eta orain horiei denei QR kodeak gehituko zaizkie.

Kontsultarako sistema berriak agerian uzten du Konpainiak pertsona guztiei lineen gainean eta autobusen iritsiera ordu eta denboren gainean informazio osotua eta eguneratua helarazteko hartu duen konpromisoa, hiritik mugitzeko garraio publikoa, garraio ekologikoa eta iraunkorra, eskuragarriago jarrita.

QR kodeak geltokietan inplementatzea SITE proiektuaren baitan (Smart Traveling in Atlantic Cities) garatutako ekimena da, garraio publikoaren gaineko informazioa eskuragarriago egiteko hobekuntza neurrietako bat, zehazki. Proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) finantzatuta dago, eta Dbusek Eremu Atlantikoko beste bost hirirekin batera parte hartzen du bertan garraio publikoa hobetzeko diren sistema teknologikoen ezarpena bultzatzeko asmoarekin.