Berriak

Dbus-ek MAN etxeko Euro 6 motorra duten autobus artikulatu ekologiko berriak edukiko ditu bere autobus flotan

Donostiako Tranbia Konpainiak, Dbusek, bere autobus flota berritzeko planaren baitan, 18 metroko autobus artikulatu ekologiko berriak erosiko ditu eta horniketa hori MAN Truck & Bus Iberia enpresari esleitu dio. Hasieran Dbusek lau autobus erosiko ditu eta horiek 2014an sartuko dira flotan, eta ondoren, baliteke, beste hiru unitate gehiago erostea.

MANen eskaintzako autobusek ekologia, efizientzia eta irisgarritasunari dagokienez eskatutako ezaugarriak betetzen zituzten. MAN Lion’s City G da eskainitako modelo guztietatik aukeratu dena, eta modeloak Euro 6 igorpen teknologia du, igorpen mailak merkatuko mailarik txikienetara murriztea ahalbidetzen duen teknologia, alegia. Dbus da MANen teknologia berri hori daukaten autobus artikulatuak erosi duen lehen enpresa.

Erosketa horrekin Dbusek autobus zaharrenak eta kutsadura gehien sortzen dutenak ordeztuko ditu. Teknologia berriarekin kontsumoak murriztuko dira, kendutako autobusekin alderatuta, eta horrek urtean eguratsera gutxi gorabehera 30 tona CO2 gutxiago igortzea ekarriko du, hirian aire garbiagoa eta osasuntsuago egotea bermatuta.

MAN autobus berriak Konpainiarako pertsonalizatuak izango dira, bere bidaiarien egungo premietara egokituta egongo dira eta. Hala, DTKren eskakizun guztiak beteko dituzte irisgarritasun, erosotasun eta segurtasunari dagokienez, eta %100 irisgarriak izango dira, zoru baxua eta sartzeko arrapala edukiko baitute 2 gurpildun aulkitarako lekura iristeko. Horretaz aparte, autobusek makurtzeko sistema bat edukiko dute ibilgailuaren zorua eta geltokia altuera berean jartzeko, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak, gurpildun aulkian doazenak eta haurren kotxeak errazago sar daitezen. Mugikortasuna murriztuta dutenentzako eserlekuak ere badituzte, eta autobusen barrualdean zein kanpoaldean itsuentzako eta ikusmena murriztua dutenentzako informazio sistema akustikoak ere bai; beraz, autobus berriak Dbusek duen soinu bidezko informazio sisteman integratuta egongo lirateke.

Autobus berriek Euro 6 motorra izango dute, 320CV-koa, bai eta ZF ECOLIFE abiadura kutxa automatiko efizientea, segurtasunez frenatzeko ABS + ASR sistemak, Thermoking aire girogailua, ate azkar bikoitzak eta irristagarriak, barruko LED argiak eta eguneko kanpoko argiztapen sistema ere.

Dbusek, gaur egun, MAN etxeko 89 autobus ditu bere flotan, eta horietako bat autobus hibridoa da, %30 gutxiago kontsumitzen duena. Erositako MAN etxeko EURO 6 autobus ekologiko berriekin Dbusek garbiago eta efizienteagoak diren autobus gehiago izango ditu bere flotan, donostiarrei eta hiria bisitatzera datozenei zerbitzua emateko.