Berriak

Dbus-ek erdiko ateko sarbidea hobetu du mugikortasun urriko pertsonentzat eta haurren aulkiekin bidaiatzen dutenentzat

Dbusek txartelak baliozkotzeko makinak jarriko ditu bere autobusetako erdiko atean mugikortasun urria izan eta gurpildun aulkian doazen pertsonek eta haurrentzako aulkiekin bidaiatzen dutenek garraio publikora igotzea errazago izan dezaten.

Baliozkotzeko makina erdiko atean jartzearen arrazoia izan da gero eta premia handiagoa dagoela autobus irisgarriagoak eta egokituagoak edukitzeko, bidai txartela eroso eta seguru ordaindu ahal izateko. Hala, hemendik aurrera erdiko atetik sartu behar diren pertsonek ez dute gidaria dagoen lekuraino joan beharrik izango bere txartela baliozkotzeko.

Haurren aulkiekin bidaiatzen duten pertsonen kasuan, horiek ere ez dute haurrarentzako bidai txartelik atera beharko, helduaren txartela baliozkotuta automatikoki haurrarentzako txartela aterako baita, ordainketa prozesua erraztuta eta paperezko bidai txartelen kontsumoa txikiagotuta. Erdiko atetik haur batekin bi haurrekin sartuz gero, gidariari haur txartel bat eskatu beharko zaio.

Makina berriak poliki-poliki instalatzen joango dira Dbuseko autobus guztietan, eta espero da udan zehar makina berriak autobus guztietan instalatuta egotea.

Garrantzitsua da gogoratzea baliozkotzeko makina berri hauek bakarrik esandako kolektiboek erabiltzeko direla, hau da, bakarrik gurpildun aulkietan doazen mugikortasun urriko pertsonek eta haurren aulkiekin bidaiatzen dutenek erabiltzeko direla, horiek dira-eta erdiko atetik sartzeko baimena dutenak. Gainontzeko erabiltzaileek aurreko atetik sartzen jarraituko dute, eta gidariaren ondoan dauden makinetan baliozkotuko dituzte beraien txartelak.

Baliozkotzeko makina berriak autobusaren erdiko gunean egongo dira instalatuta, gurpildun aulkietarako eta haurren aulkietarako egokitutako guneetan. Baliozkotzeko makina berria autobusaren erdiko gunean instalatzeko lanekin batera, baliozkotzeko beste makina eredu bat ezarriko da gidariaren gunean, autobusera sartu eta ezkerraldean egongo dena. Horrekin pertsona batek baino gehiagok txartelak batera baliozkotu ahal izango dituzte, aldi berean autobusera azkarrago sartzea ahalbidetuta.

Autobusak irisgarriak izatea Konpainiak duen lehentasunetako bat da, eta helburu hori poliki-poliki lortzen ari da, autobusen %100ean sartzeko arrapalak instalatuz, gurpildun aulkietarako eta haurren aulkietarako guneak eratuz, autobusen barrualdea mugikortasun urria duten pertsonen premietara egokituta diseinatuz, eta duela gutxi informazio paneletako eta autobusetako informazioa soinu bidez emateko sistema ezartzeko egin diren egokitzapenak eginez.

Baliozkotzeko makinak erdiko atean jartzea SITE proiektuan (Smart Traveling in Atlantic Cities) sartutako ekimena da, autobusen irisgarritasuna hobetzeko neurrietako bat, alegia. Proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) finantzatuta dago, eta Dbusek Eremu Atlantikoko beste bost hirirekin batera parte hartzen du bertan garraio publikoa hobetzeko diren sistema teknologikoen ezarpena bultzatzeko asmoarekin.