Dbus-ek eraginkorrago gidatzeko eta geltokietara puntualtasun handiagoz iristeko sitema berritzailea aurkeztu du
Dbusek bere autobusen eraginkortasun energetikoa eta zerbitzuaren puntualtasuna hobetzeko sistema berritzailea instalatu du autobusetan. Donostian instalatu den sistema berriak EKObus izena dauka eta aitzindaria da munduan, lehenengo aldiz instalatu baita.
EKObusek, euskarri gisa, Tablet bat dauka gidariaren postuaren ondoan, zeinak, irudi bidezko kontsignen bitartez, modu iraunkorragoan eta ezarritako ordutegiak betez gidatzen laguntzen baitu. Gaur egun 5, 25 eta 28 lineetako autobusek dute instalatuta, baita hiriko hainbat lineatan dabilen autobus hibridoak ere. Gidatzea eta puntualtasuna optimizatzeko elkarren osagarriak diren bi sistema ditu:
1. Eraginkorrago gidatzeko laguntza sistema
Erregai kontsumoa murrizten eta eguratsera gas kutsatzaile gutxiago igortzen laguntzen duen sistema bat da. Ikono moduan bistaratzen diren kontsignei esker, sistemak gidatzeko modu egokia adierazten dio gidariari une bakoitzean, gidatzea bera hobeto egiteko, erregaia aurrezteko eta matxura gutxiago edukitzeko.
2. Anti-bunching sistema geltokietako ordutegiak hobeto betetzeko
Puntualtasuna hobetzeko sistemari esker, linea bereko autobusen artean egon beharreko tarteari eutsi ahal zaio, linearako ezarritako maiztasuna ahalik eta gehien errespetatzeko. Hala, semaforo baten antzera dabilen sistema baten bitartez, gidariari abiadura moteldu edo azkartu behar duen adierazi egiten zaio, bai eta maiztasunari eusteko geltokian eman beharreko denbora zehatza eta geltokitik irteteko une zehatza ere.
Sistema biak elkartu egin dira gidariari informazioa sistema bakarraren bidez emateko, bide batez gidariaren postuaren ergonomia hobetuta. Sistema berri honen inplementazioak erregai gehiago aurreztea eta zerbitzuak puntualagoak izatea espero da, gidariei zein erabiltzaileei eta hiritar guztiei on eginez.
Irizar Taldekoa den Datik enpresa teknologikoak eta Berkeleyko Unibertsitateak (Kalifornia) sortutako VIA Analyitics enpresak elkarrekin garatu dute EKObus sistema. Sistemaren garapenerako Carlos F. Daganzo Berkeleyko Unibertsitateko Garraioaren Zientziaren katedradunaren eta ikertzailearen laguntza eduki da.
Sistema hainbat hilabete ari da martxan Dbuseko autobus batzuetan, eta ATUC Hiri Garraio Kolektiboen enpresa kudeatzaileen Elkarteak, Dbusen presidentea izanik eta Teknologia Berriak, Kalitatea eta Marketina Batzordearen bitartez, urriaren 9 eta 10erako Donostian antolatu duen jardunaldian aurkeztuko da. Jardunaldian hainbat hiritako garraio enpresen ordezkariak izango dira.
EKObus ekimena batez ere ibilgailuen eraginkortasun energetikoa lantzen duen SmartCem proiektuaren baitan sartzen da, eta bertan Dbusek eta Donostiak beste hiri batzuekin elkarlanean dihardute, esaterako Bartzelonarekin, Turinekin eta Newcastlerekin. SITE proiektuaren baitan ere kokatzen da, eta proiektu horretan Dbusek Eremu Atlantikoko beste bost hirirekin dihardu garraio publikoa hobetuko duten sistema teknologikoen inplementazioa bultzatzeko.