Dbus-ek bere aurrerapen teknologikoak aurkeztu ditu Donostian Garraio Sistema Adimendunei buruz egin den XIII. Biltzarrean
Ekainaren 18tik 20ra bitartean Garraio Sistema Adimendunei buruzko Espainiako XIII. Biltzarra egin da CEITek (Azterketa eta Ikerketa Teknikoen Zentroa) Donostian duen egoitzan, eta bertan mugikortasun, trafiko eta garraio publikoarekin lotuta dauden azken aurrerapen teknologikoak aurkeztu eta eztabaidatu dira.
Biltzarreko saio teknikoetan Dbusen partaidetza garrantzitsua izan da. Inaugurazio ekitaldian Konpainiaren Zuzendari gerente Gerardo Lertxundik garraio publikoko Ticketing sistemen gaineko saioa eta garraioan NFCren orainari eta etorkizunari buruzko mahai ingurua presiditu zituen. Mahai inguruan telefoniako enpresetako ordezkariek, soluzio teknologikoen hornitzaileek eta garraioko agintaritzek parte hartu zuten, eta garraio publikoan telefono mugikorrekin ordaintzeko kontakturik gabeko teknologien ezarpenari buruz aritu ziren.
Javier Vallejo Dbuseko Planifikazio eta Zerbitzu buruak, berriz, garraio publikoan herritarren zerbitzura egindako azken garapen teknologikoen txostena aurkeztu zuen Biltzarrean zehar. Aurkeztu zituen teknologietako asko dagoeneko operatibo daude Donostiako hiri autobusetan eta gainera europar proiektu batzuen babesa dute, esaterako Dbus Eremu Atlantikoko beste bost hirirekin batera aurrera eramaten laguntzen ari den Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) finantzatuta dagoen SITE proiektuarena (Smart Traveling in Atlantic Cities).
Biltzarrean zehar Dbusek bere lineetan dagoeneko operatibo duen autobus hibridoa erakutsi zuen. Autobus hori 2011z geroztik ari da hiritarrei zerbitzua ematen, kontsumoan %30era arteko aurrezpena lortuz. Bisita teknikoan pertsona itsu edo ikusmena urritua dutenentzat hiri erdian berriki instalatu diren audio sistemarekin egokitutako panelak erakutsi ziren, bai eta pertsona horiek garraio publikoa autonomia handiagoz erabili ahal izan dezaten autobusetako barrualdean eta kanpoaldean jarritako audio sistema ere. Bisitan zehar Dbusen 5 eta 28 lineetan dagoeneko martxan den BRT sistemaren (Bus Rapid Transit) ezaugarriak aurkeztu dira, izan ere, horren bidez konpainiak nazioarteko errekonozimendu handia lortu du, esaterako, Garraioaren Nazioarteko Foroak emandakoa, mundu mailan antolatzen dituen “Garraioaren Lorpenen” sarietan.