Berriak

Dbus-ek adimen artifizialari buruzko jardunaldi batean parte hartu du, eta zerbitzuan inplementatutako berrikuntza teknologikoak aurkeztu ditu bertan

Dbusek adimen artifizialari buruzko jardunaldi batean parte hartu du. Spri Taldeak, Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, antolatu du jardunaldia, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, Miramonen, eta bertan egon dira adimen artifizialeko teknikariak eta adituak. Jardunaldian, Javier Vallejo Dbuseko zuzendari laguntzaileak HUPI enpresa teknologikoarekin batera Dbusen ezarritako azken soluzio berritzaileak aurkeztu ditu. Sistema horien helburua da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea eta planifikatzea, sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premietarako egokia den garraio publiko bat eskaintzeko.

Berrikuntza horietako bat da geltokien sentsorizazio sistema; izan ere, sistema horrek ahalbidetzen du geltokian dauden erabiltzaileen zenbaketaren kontrol ia zehatza egitea, eta datozen egunetarako eskaera aurreikusi ahal izatea, baliabideak optimizatzeko. Jardunaldian, halaber, Javier Vallejok beste programa berritzaile baten funtzionamendua azaldu du. Big datatik abiatuta konpainiaren autobusetako bidaiarien jatorri-helmuga matrizea eratzeko gai den programa da. Autobusetako ticketing datuetatik abiatuta eta algoritmo matematiko bat erabiliz, erabiltzaileen bidai ohiturak osatu ditzake. Hau da, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaien erregistroa hartuz jakin daiteke zer geltokitan igotzen eta jaisten diren erabiltzaile horiek, haien jatorri-helmuga matrizea, alegia. 

Zentzu horretan, saioan Smart Ramp eta Smart Clima proiektuak ere aurkeztu ditu Dbusek. Proiektu horiek aurreikuspen analisi adimenduneko proiektuak dira eta, autobusen arrapalen funtzionamenduari aplikatuak, hedapen automatikoa hobetzeko eta arazo teknikoak saihesteko, bai eta klimatizazio sistema monitorizatzeko ere baliatzen dira, mantentze prediktiboa hobetzeko, alertak ezartzeko eta zerbitzuko gorabeherak argitzeko, besteak beste.

Dbusek 15 urte baino gehiago daramatza berrikuntza teknologikoak ezartzen, eta erreferentea da Estatuan eta Europan garraioari aplikatutako berrikuntzetan, nazioarteko sarien finalista baita munduko garraio operadore berritzaileenaren kategorian.