“Dbus, 133 urtez Donostian” erakusketa
Irailaren 16tik 22ra bitartean Europako Mugikortasun Astea ospatuko da, eta hori dela-eta Dbusek erakusketa bat antolatu du Konpainiaren historiaz eta 1886an sortu zenetik eduki duen bilakaeraz. “Dbus, 133 urtez Donostian” izena du erakusketak, eta gaur inauguratu da Aiete Kultur Etxean. Mugikortasun eta Garraioko zinegotzi Pilar Aranak eta Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek hartu dute parte Inaugurazio ekitaldian.
Dbus, Donostiako Tranbia Konpainia, Gipuzkoan oraindik jardunean dagoen enpresa zaharrenetako bat da, eta jarduera honen asmoa da erakustea enpresa hiriarekin batera aldatuz joan dela, donostiarren bizimoduaren parte izanik. Erakusketa Donostia Kulturarekin elkarlanean antolatu da eta Aiete Kultur Etxean dago ikusgai, irailaren 13tik azaroaren 2ra arte.
Erakusketan ikusi daitezke hiriaren irudi mitikoak zein konpainiaren ibilgailu historikoen irudiak, bai eta aspaldiko elementu batzuk ere, hala nola aspaldiko bidai txartelak eta bidai txartelen makinak, lineen kartelak eta tailerreko erreminta batzuk. Azpimarragarriak diren zenbait elementu:
– Autobus txartelen bilduma, Jon Garmendia Matia kaleko harakinarena, zeina Guiness errekorren liburuan sartu baitzen autobus txartelen bildumarik handiena edukitzeagatik. Bonobusak erabiltzen hasi ziren egunean, 1985eko otsailaren 15ean, erabilitako bonobus bat dauka bilduman.
– Duela hamarkada batzuk kotxetegi zaharreko sutegian egindako erreminta batzuk.
– Tranbia, trolebus eta autobusen maketak, Fernando Izpura Matia kaleko liburu saltzaile eta maketa zale handiak egindakoak.
– Langileentzako abisu zaharrak. Adibidez, Espainiako Bankuan pezeta gutxi zeudela jakinarazten zuen abisu bat. Txanponak erabili beharrean, gidariek kupoiak ematen zituzten geroago diruarekin trukatu ahal izateko.