Berriak

Dbizi-k 100.000 bidaia baino gehiago egin ditu irailean

Donostiako bizikleten alokairurako sistemak, Dbizik, emaitza onenak izan ditu irailean, 2020ko abenduan zerbitzuan jarri zenetik. Guztira, hilean 114.335 bidaia egin dira. Aurreko urteko hilabete berean baino 30.426 bidaia gehiago izan dira, orduan 83.909 bidaia erregistratu baitziren; beraz, zerbitzuaren erabilerak %36 egin du gora.

Hain zuzen ere, uda honetan zabaldu du Dbizik bere sistema: uztailaren amaieran 21 geltoki berri jarri zituen martxan, auzo berrietara iritsita, esaterako, Altzara, Bidebietara edo Añorgara. Geltoki berriez gain, 257 bizikleta elektriko gehiago sartu ziren. Zerbitzuaren zabaltze horren zati bat, zehazki gehituko diren 132 bizikletak, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren (MITMA) Next Generation Funtsen bidez finantzatu dira.

Udako datuek zerbitzua finkatu dela berresten dute. Ekainean, uztailean eta abuztuan 244.200 bidaia erregistratu ziren, eta 2022ko hilabete berdinetan, berriz, 226.141 bidaia. Horrek esan nahi du %8ko hazkundea izan dela. Sisteman abonatutako pertsonei dagokienez, 2023ko irailaren 30ean 10.879 abonatu zeuden, 10.000 abonatuko langa gaindituta. Geltoki erabilienei dagokienez, Bretxakoa (8.072), Mirafloresko markesaren kalekoa (7.536), Kristina infantakoa (7.225), Udaletxekoa (7.024) eta Easokoa (6.854) dira. 

Hazkunde etengabe horrek berresten du erabiltzaileek gure hirian mugikortasun jasangarriago baten alde egiten dutela, eta udako berezko klimatologiak lagundu du apustu horretan.