Berriak

Baionako garraio arloko profesionalak bisitan Dbus-eko instalazioetan

IMG_2248Gaur Dbusek Baionako ACBA Euskal Kosta-Aturri Aglomerazio Elkargotik bisitan etorritako ordezkaritza bat hartu du bere instalazioetan. Profesionalek Kotxetegietako instalazioak ezagutzeko aukera izan dute, eta Donostiako autobusetan instalatutako azken aurrerapen teknologikoen xehetasunak egiaztatu ere egiaztatu dituzte.

Ordezkaritzak Dbuseko autobus elektrikoa ezagutu du. Autobus hori Irizarrek sortu zuen eta uztailean jarri zen martxan. Ezaugarri horiekin Europan dagoen lehen autobusa da, eta Donostia da autobus hori zirkulazioan izan duen lehen hiria. Donostia lidertzat jotzen da Europan Garraio Publikoaren erabilerari dagokionez, eta, Elektromugikortasunaren esparruan, Donostia guztiz lerratuta dago EBk 2050erako finkatutako helburuekin, hau da, hiriguneen barruan dabiltzan ibilbide guztiak elektrikoak izan beharko luketela ezartzen duen helburuarekin.

Euskal Kosta-Aturri Aglomerazio Elkargoko arduradunek autobus hibridoa ere ezagutu dute. Ingurumena gehiago errespetatzen duen teknologia dauka, Dbusek ekologiarekin eta iraunkortasunarekin duen konpromiso etengabearen erakusle.

Ordezkaritza Donostiako Hiriko BRT sistema berritzaileaz ere (Bus Rapid Transit) interesatu da. Bus sistema hori, funtsean, garraiorako bide esklusiboak eta erreserbatutako plataformak dituen sistema bat da, konexio eraginkorra eta erabiltzaileari denbora errealean informazioa emateko sistema bikaina eta zerbitzuan modu optimizatuan planifikatzeko aukera eskaintzen dituena. Gaur egun Dbusek BRT sistema dauka bere bi lineatan, zehazki Benta-Berriko 5 linean eta Amara-Ospitaleetako 28 linean.

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu nazioarte mailan hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du eta etorkizuneko ikuspegi berri bat ere bai, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.