Dbus, munduan ticketing berritzaileena duten zazpi garraio enpresen artean
Dbus da Transport Ticketing Global sarian, Garraio Enpresa Berritzaileenaren kategorian, finalista geratu diren zazpi garraio enpresetako bat. Garraio publikoko ordainketa sistemak aitortzeko nazioartean ematen den ospe handiko saria da. Garraioa jasangarriagoa eta eraginkorragoa izan dadin berrikuntzak egitearen alde bikain ari diren garraio publikoko operadoreen lana azpimarratzen du sariak.
Ezarri dituen jarduera ugariri esker aukeratu dute Dbus. Jarduera horien artean ticketing sisteman egindako hainbat hobekuntza nabarmentzen dira, batez ere txartela ordaintzeko beste aukera batzuk ezarri izana (eskualdeetako garraio txartelak, hala nola, Mugi, Bat, Barik eta Txiktxak; EMV Contactless txartel adimendunak; mugikorretako QR kodea; etab.).
Era berean, beste jarduera azpimarragarri bat izan da ticketing datuetan oinarritutako sistema bat ezartzea, erabiltzailearen jatorria-helmuga matrizea kalkulatzeko, baita funtzionamenduan dagoen bus bakoitzak denbora errealean duen okupazioa kalkulatzeko ere.
Geltokietan autobusaren zain dauden erabiltzaileak sentsore bidez zenbatzeko ahalmena ere baloratu da; ahaztu gabe Dbus gaur egun 10 autobusetan arrapala adimendunaren proba pilotua egiten ari dela, kontrol gunean arrapalen alertak jasotzeko.
Azpimarratzekoa da sariarekin aitortzen dela garraio publikoa asko erabiltzen dela (Donostia da autobusen erabilera indizerik handiena duen hiria; donostiar bakoitzak 180 bidaia inguru egiten ditu, Europako erabilera kopuru handienetako bat eta antzeko tamaina duten gainerako hirietako erabilera kopuruaren oso gainetik), autobus zerbitzua etengabe hobetzen dela (abiadura komertziala eta puntualtasuna handiak dira), zerbitzuetan maila teknologiko aurreratua duela, ticketing sistemaren hobekuntzak egin direla eta kutsatzen ez duten garraiobideen erabilera sustatzeko hainbat ekimen egin direla. Faktore horiek guztiak funtsezkoak izan dira epaimahaiaren balorazioan eta Transport Ticketing Awards sari ospetsuan finalista gisa aitortzean.
Zazpi finalisten artean, Dbusez gain, garraio enpresa garrantzitsu hauek daude: Osloko “Flytag” (Norvegia), Wellingtongo “Snapper” (Zeelanda Berria), “Jak Lingko Integrated Fare” (Indonesia), “Park & Ride” (Australia), “Train Busyness Indicators (Arriva Trains)” (Erresuma Batua) eta “Transformation of the Public Transport Infrastructure of Mexico City to Address Urban Inequalities in the Metropolitan Area (Mobility Ministry SEMOVI)” (Mexiko).
Erakunde antolatzaileak Londresen jakinaraziko du zein den zazpi finalisten arteko irabazlea, 2023ko martxoaren 7an.