Gaur, Bilboko BAT – B Accelerator Towerrean egin da “5G Euskadi” proiektuari amaiera emateko ekitaldia. Proiektuaren azken hiru urteetan, 5G sare esperimental bat zabaldu da Euskal Herriko hiru parke teknologikoetan (Miramon, Zamudio eta Miñao) eta Abadiñoko herrian. Euskadin garatu den lehen 5G proiektu pilotua da, eta bere helburua zen Euskal Herriko enpresa eta zentro teknologiko nagusien berrikuntza eta eraldaketa industriala bultzatzea. Proiektuan 13 agentek parte hartu dute eta 9 erabilera kasu inplementatu dira. Kasu horietako hirutan Dbusek hartu du parte.
Ekitaldian, proiektuan parte hartu duten erakunde guztietako ordezkariak bildu dira, eta inplementatu dituzten erabilera kasuak azaldu dituzte. Ekitaldian egon dira, halaber, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburu Estibaliz Hernaez eta Gai Ekonomikoen eta Eraldaketa Digitalaren Ministerioaren menpeko Red.es erakundeko Zerbitzu Publiko Digitalen zuzendari Francisco Javier Garcia Viera.
Ekitaldian, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari laguntzaileak, 28-Amara-Ospitaleak linean, Euskadin erabiltzaile gehien erregistratzen dituen hiri autobuseko linean, autobusetan ezarritako 5G teknologia aurkeztu du. Zehazki, autobus barruan doazen erabiltzaileei eskaintzen zaien wifi konexioa hobetzeko zein autobusetako bideozaintza sistema hobetzeko erabili da teknologia hori.
Dbus izan da estatuan bere hiri autobusetan 5G konexioa ezarri duen lehen mugikortasun operadorea. Garapena bi fasetan egin da: lehenik, URSALINK UR75 routerra instalatu da, eta, bigarrenik, ekipamendua ezarri da, autobusetan ontziratutako ekipoetan zein neurketa ekipoetan hardware eta software egokitzapenak eginda. Azkenik, 5G ekipamendu hori Donostiako hiri sareko 10 autobusetan instalatu da.
Proiektuaren esparruan egindako garapen hau Konpainiaren izaera berritzailearen erakusgarri argia da, eta, hain zuzen ere, Transport Ticketing Global sarietan munduko enpresa berritzaileenetakotzat aitortua izan da.
Horrez gain, proiektuaren barruan, Dbus definitzen aritu da 5G sarea autobusaren barne aldagaien monitorizazioan aplikatzeko betekizunak, matxura izan dezaketen elementu kritikoak, hala nola motorra, abiadura kaxa edo direkzioa, nola dauden identifikatu ahal izateko, ibilgailuaren mantentze planak optimizatzeko eta geldialdi denborak minimizatzeko.
5G Euskadi proiektua
5G sareek etorkizunean izango dute garapenaz eta teknologia hori mugikortasunaren, energiaren, industriaren eta zibersegurtasunaren eremuetan aplikatuz lurraldearen garapen sozialerako eta ekonomikorako izango duten garrantziaz gogoeta egin ondoren jaio da “5G Euskadi” proiektua. Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren mendekoa den Red.es erakunde publikoak deituriko programaren zati bat da.
Dbusekin batera, proiektuan bazkide hauek parte hartu dute: Euskaltel, R, Orange, MásMóvil, ZTE, Gestamp, Ikusi (Velatia Taldea), CAF, Datik (Irizar Taldea), CEIT eta Vicomtech. Enpresa horiek, gainera, Iberdrola, Basque Security Center (Eusko Jaurlaritza), Tecnalia eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetza hitzarmenak ezarri dituzte. Proiektuak, halaber, erakunde hauen babesa izan du: Eusko Jaurlaritza (Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Saila), Donostia-San Sebastiango Udala, Gipuzkoako Aldundia, Bizkaiko Aldundia, Arabako Aldundia, Zamudioko Udala eta Abadiñoko Udala.
Proiektuak 7,1 milioi euroko aurrekontua zen guztira. Aurrekontu horretatik, Dbusi 338.316€-ko aurrekontua dagokio, eta Ekonomia eta Enpresa Ministerioak eta Eskualde Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) elkarrekin finantzatu dute, Espainiako Eskualde askotako Programa Operatiboaren kontura (POPE).