TUVISA-ko ordezkaritza bat Dbus-en bisitan
Dbusek TUVISA Vitoria-Gasteizko autobusen udal enpresako ordezkaritza baten bisita hartu du bere instalazioetan. Ordezkaritzak Kotxetegietako instalazioak ikusi ditu eta Dbusen funtzionamendua egiaztatu du zehatz-mehatz. TUVISAko teknikariak interesatuta agertu dira Konpainiaren barruko antolaketaz, bai eta Dbusen eta Dbuseko autobusetan ezarritako sistema teknologikoez ere.
Kotxetegietara egin duten bisitan, TUVISAko ordezkariek ezagutu dituzte Ustiapenean Laguntzeko Sistema (SAE), antibunching sistema (autobusek bat ez egiteko sistema) eta gidatze eraginkorrerako sistema, Donostiako hiriko BRT berritzailea (Bus Rapid Transit), eta ticketing sistema, zeinari esker Dbusek abiadura komertziala handia duen (17,5 km/h), erabiltzaileen balorazio positiboaz gain.
Ordezkaritzak ezagutu ditu, halaber, Dbusek garatutako komunikazio ekintzak eta erabiltzaileentzat dituen informazio sistemak, izan ere, horiei esker, erabiltzaileek autobusen iritsiera orduak kontsultatu ditzakete Dbusen web orriak, mugikorretarako app ofizialak, panel elektronikoak eta geltokietan informazioa QR kode, SMS eta Bluetooth bidez eskuratzeko dauden beste sistema batzuk erabiliz. Egiaztatu ahal izan dute, halaber, itsuentzako audio sistemaren funtzionamendua eta txartelak azkarrago eta eraginkortasun handiagoz balioztatzen dituzten makinak, bai eta autobusen erabilera, efizientzia eta segurtasuna kontrolatzeko eta alderdi horien hobekuntza kudeatzeko sistemak ere.
Era berean, TUVISAko arduradunak interesatuta agertu dira Dbusen autobus elektrikoez, ingurumenarekin errespetutsuagoa den teknologia baitute. Ordezkaritzak ibilgailu horien zaintzarako eta kargarako sistema ikusi ahal izan du, autobus hibridoen funtzionamendua egiaztatzeaz gain. Une honetan, Dbusek 3 autobus %100 elektriko ditu eta 16 autobus hibrido, eta datozen asteetan beste 4 ibilgailu hibrido gehiago izango ditu.
Dbusen barruko antolaketari dagokionez, ordezkariak aukera izan dute ikusteko nola planifikatzen diren enpresako departamentu guztietako giza baliabideak eta baliabide teknikoak, planifikazio horrek Dbus sektoreko erreferente bihurtzea ahalbidetu baitu.
Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du, bai eta etorkizuneko ikuspegi berri bat lortzea ere, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.