Author: Esti

24-27-41 lineak ohiko ibilbideak egiten ari dira Astiñeneko zubia ireki ondoren

Astiñeneko zubiko lanak bukatu direla eta, Dbuseko 24, 27 eta 41 lineak beren ohiko ibilbideak egiten ari dira.

  • 27-ALTZA-GROS-ANTIGUO-INTXAURRONDO

Larratxo alderantz: Loiolan zerbitzua ematen hasi da berriro eta La Salle, Patxillardegi, Loiola Parking, Bartzelona 26, Bartzelona 10 eta Toribio Alzagako geltokiak lehengora bueltatu dira.
Obrek iraun duten bitartean egon diren behin-behineko geltoki hauek, ordea, zerbitzurik gabe geratu dira: Nemesio Etxaniz (behin-behineko zutoina), Zorroagako pasealekua (behin-behineko zutoina) eta Erriberako Pasealekua (hiri arteko autobusen geltokia).

Antiguo alderantz: aldaketarik gabe.

  • 27-ALTZA-INTXAURRONDO-ANTIGUO-GROS

Loiola alderantz: Loiolan zerbitzua ematen hasi da berriro eta Aralar Mendilerroa 34, Patxillardegi eta Loiola Parkingeko geltokiak lehengora bueltatu dira.
Obrek iraun duten bitartean Nemesio Etxanizen egon den behin-behineko geltokia, ordea, zerbitzurik gabe geratu da.

Larratxo alderantz: aldaketarik gabe.

  • 41-GROS-EGIA-MARTUTENE:

Martutene alderantz: ohiko ibilbidea egiten hasi da.

Gros alderantz: Geltoki hauek lehengora bueltatu dira: Bartzelona Hiribidea 35, Bartzelona Hiribidea 15, Egia 17, Frantziskotarrak, Mandasko Dukea 3 eta Euskadi plaza.
Obrek iraun duten bitartean egon diren behin-behineko geltoki hauek, ordea, zerbitzurik gabe geratu dira: Nemesio Etxaniz (behin-behineko zutoina), Erriberako pasealekua (hiri arteko autobusen geltokia) eta Maria Cristina zubia.

 

 

Donostiako Udalak kanpaina bat abiarazi du Dbusen autobusen bidez GGEE-en Aldarrikapen Unibertsala aditzera emateko

Uztail-abuztuetan, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko artikulu banarekin “jantziko” dira Dbuseko 30 autobus. Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Nagusiak onartu zituen, 1948an. Diseinatzaile profesionalek kartel bidez eginiko artelanez ilustratuta egongo dira 30 artikuluok —euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez—. EHUk bultzatzen duen Giza eskubideei begira erakusketa kolektiboa eratzen dute kartelek.

Giza Eskubideen Bulegoak antolatu du ekimena, eta helburu du dokumentu horretan jasotako balio eta eskubideak aditzera ematea, aipatu agiri hori mugarritzat baitute Giza Eskubideen historian, aurreneko aldiz, mundu osoan eta pertsona guztientzat babestu beharreko oinarrizko eskubideak ezarri zituelako. Dokumenturik itzuliena da munduan, 500 hizkuntzatan baino gehiagotan eskuragarri baitago.

Kanpainaren aurkezpenean Donostiako alkate Eneko Goiak nabarmendu duenez, garrantzitsua da herritarrak jakitun jarri eta sentikor bihurtzea gizakiok ditugun askatasun eta eskubideez, ez dela inor berezi behar “arraza, larru kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik”, aldarrikapenak berak jaso bezala.

Ibilbide pedagogikoa eta argitalpena

Eneko Goiak gogorarazi bezala, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko Eskerrak Giza Eskubideei erakunde arteko ekimenean sartzen da. Hartan, Autonomia Erkidegoko hiru hiruburuetako udalek, foru aldundiek, EUDELek eta EHUk parte hartzen dute, eta helburu du giza eskubideak sustatzea, aldarrikatzea eta babestea.

“Ikusizko formatu ibiltari hori eta udaldia aukeratu dituzte mezua  gera dadin uda honetan bisitari etorriko zaizkigun hamaika eta hamaika lagunengan. Donostia Giza Eskubideen alorrean erreferentziazko hiri konprometitua delako, eta ekin eta ekin horretan jarraituko dugulako eginkizun  horretan”.

Gainera, ekinaldi honetan, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala poltsiko argitalpen batean berrargitaratuko du Donostiako Udalak, ikastetxeetan eta herritarren artean banatzeko, abenduaren 10aren inguruan, aldarrikatu izanaren 70. urteurrena betetzeko delako.   Gainera, ospakizun horrekin batera, ibilbide pedagogiko bat eratuko dute Aiete parkean, hain zuzen ere, aldarrikapenaren 30 artikuluak aditzera eman eta haien gainean gogoeta egitera gonbidatzeko, “joandako urteak gorabehera, erreferente etikoa izaten jarraitzen du, estatu, herri eta nazioetarako. Eta indarrean dirau, zoritxarrez —deitoratu du alkateak—, egunetik egunera eskubide horiek urratzen jarraitzen dutelako mundu osoan”.

 

 

 

Irakurri

Ekainaren 29an hasi zen eskaripeko geldialdien zerbitzua Dbus-en B8 gaueko linean

Dbusek eta Donostiako Udalak eskaripeko geldialdien sistema bat probatuko da Dbuseko B8-Mirankontxa-Benta Berri-Seminarioa gautxori linean.  Linea horren zati jakin batzuetan eskatu ahal izango da ibilbidearen geltoki ofizialen artean gelditzeko.  Ekainaren 29an,ostirala, hasi zen zerbitzua.

Zerbitzua ezagutzera emateko, eskuorri bat argitaratu zen, zerbitzuaren gaineko informazioarekin. Eskuorria buzoietan banatu zen, lineak eskaripeko geldialdiak egin ditzakeen guneetan. Era berean, eskuorria B8 lineako autobusaren barruan banatu ziren eta Dbusen web orrian (eskuorria ikusi) dago eskuragarri. Materialak zerbitzuaren ezaugarri nagusiak jasotzen ditu.

Zer zerbitzu egiten du B8 Lineak?

B8 lineak ostiral, larunbat eta jai bezperetan ematen du zerbitzua, eta hiriaren mendebaldetik egiten du ibilbidea.

Ordutegiak:

Irteerak Boulevardetik:

– Ostiralak eta jai bezperak: 00:30 – 01:30 – 02:30 (03:30ean, ekainaren 23tik abuztuaren 31ra)

– Larunbatak:

00:15 – 00:45 – 01:15 – 01:45 – 02:15 – 02:45 – 03:15 – 03:45

Irteerak Avancotik:

– Ostiralak eta jai bezperak:

00:05 – 00:55 – 01:55 (02:55ean, ekainaren 23tik abuztuaren 31ra)

– Larunbatak:

00:40 – 01:10 – 01:40 – 02:10 – 02:40 – 03:10

Nork eskatu dezake eskaripeko geldialdia?

Eskaripeko geldialdia gidariari eskatu behar zaio berariaz, eta emakumeek eta 18 urtetik beherakoek egingo dute eskaera. Jaisteko baino ez dira izango geldialdiak. Geldialdi horietan ezin izango da autobusera igo.

Nola eskatzen da eskaripeko geldialdia?

Erabiltzaileak berak jaitsi nahi duen lekua baino geltoki bat aurretik eskatu beharko dio gidariari, zuzenean. Gelditzeko eskaera egin duen erabiltzaileak autobusaren aurreko aldera joan beharko da, aurreko atetik jaitsi beharko baita.

Ibilbidearen zer zatitan egin daiteke eskaera?

Eskaripeko jaitsiera zerbitzua kale hauetan baino ezingo da eskatu:

– Sanserreka
– Pio Baroja
– Pinuen pasealekua
– Heriz pasealekua
– Aizkorri
– Donostizarra
– Portuene
– Mikelete

Zer baldintza bete behar ditu leku batek bertan eskaripeko geldialdia egin ahal izateko?

Funtsezko baldintza da gutxienez 1,5 metroko zabalera duen espaloia egotea eta arrisku egoerarik ez sortaraztea. Egoera hauetan, nagusiki, ez da jaisterik egongo:

– Autobusa ezingo da izkina, bidegurutze nahiz bidebanatze batetik bost metrora baino gutxiagora gelditu.

– Ezingo da oztopatu  ibilgailuak pasabide lizentzia dutela behar bezala seinaleztatzen duten eraikinetara pasatzea, ez pertsonek eraikin batera sartu nahiz ateratze ohiko lekuak erabiltzea ere.

– Ezingo da geldialdirik egin seinaleak bete behar dituzten erabiltzaileei seinale horiek ikustea galarazten zaien tokietan, ez eta besteri maniobrak eginarazten zaienetan ere.

– Ezingo da geldialdirik egin irlatxo, erdibitzaile, sestran dauden pasaguneetan, bizikletazaleen pasaguneetan, oinezkoen pasaguneetan eta espaloia janda dagoen lekuetan.

– Ezingo da geldialdirik egin gelditzea debekatuta dagoela seinaleztatuta dagoen nahiz arauek hala ezartzen duten tokietan.

Halere, zalantzazko egoeretan gidariaren irizpideak edukiko du lehentasuna.

Nola eskatu dezake eskaripeko geldialdia gurpildun aulkian bidaiatzen duen pertsona batek?

Arrapalatik autobusera igotzean, gurpildun aulkian doan bidaiariak (emakumeak edo 18 urtetik beherakoak) non jaitsi nahi duen jakinaraziko dio gidariari. Gidariak erabiltzaileari jakinaraziko dio ea eskatutako lekuan baldintza egokiak dauden arrapala jaisteko eta baldintzak egokiak ez badira beste leku bat proposatuko dio jaisteko.

Eskuorria ikusi (pdf)

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Dravet Sindromearen inguruko Kontzientziazioa bultzatzeko Nazioarteko Egunarekin

Ekainaren 23an, larunbatean, Dravet Sindromearen Inguruko Kontzientziazioa Bultzatzeko Nazioarteko Eguna ospatzen da.

Dravet Sindromea edo Haurtzaroko Epilepsia Miokloniko Zorrotza 4 eta 12 hilabeteko haurrengan agertzen da lehen aldiz, eta konbultsio kloniko edo toniko-kloniko orokor edo aldebakarrekin lotua dago. Orokorrean iraupen luzekoak dira konbultsioak, sukarrarekin edo gabe. Azken ikerketen arabera, gaixotasun honek 20.000 jaiotzetik 1i eragiten dio.

Dbusek bat egiten du Dravet Sindromea ezagutarazteko eta gaixotasun honen aurka lanean dihardutenei babesa emateko tokiko plataformak egiten dituen ekintzei. Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek Dravet Sindromearen kartela eramango dute egun guztian zehar.

Irakurri

Plaka bat Mikel Zabalzaren eta Angel Portugalen oroimenez, Dbus-en egoitzan

Donostiako Udalak eta Dbusek plaka oroigarri bat jarri dute Dbusen instalazioetan, Euskal Herrian modu batean edo bestean azken hamarkadetan egon den biolentziaren biktima izan diren langileen omenez. Plakak testuinguru horretan hil ziren Dbuseko bi langileren aipamena egiten du, Konpainiaren gidari izan ziren Mikel Zabalza eta Angel Portugalena.

Plaka gaur goizean egindako ekitaldi batean ezagutarazi da, non langile bien senideak ez ezik, Donostiako alkate Eneko Goia, Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalez, Dbuseko Administrazio Kontseiluko kideak, Donostiako Udaleko Giza Baliabideen Batzordeko zinegotzi eta kideak, Gogora elkarteko ordezkariak eta Gipuzkoako Aldundikoak eta Dbuseko lehengo langile batzuk ere egon diren.

Plaka oroigarri hori Dbuseko Enpresa Batzordeko kide diren sindikatuen ekimenez jarri da, eta testua Donostiako Udaleko Giza Baliabideen Batzorde Ez-iraunkorrean onartu da, non Udaleko talde politiko guztiek parte hartzen duten. Alkatea da organo horren burua, eta bertan giza eskubideei lotutako udal politikaren alderdiak aztertzen dira.

Mikel Zabalza, Dbuseko gidaria, 1985ean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta ondoren bere gorpua agertu zen Bidasoa ibaian. Angel Portugal, hau ere gidaria, bihotzeko batek jota hil zen, 1997an berak gidatzen zuen autobusak kale borrokako ekintza bat pairatu ondoren.

Plaka hau jarrita, bai Donostiako Udalak bai Dbusek estimua adierazi nahi die hainbat hamarkadatan testuinguru zailean lan egitea egokitu zaien langile guztiei eta, batez ere, hildako bi langileei.

Irakurri

Aurkeztu da Dbus-en lehen autobus %100 elektriko artikulatua

Datozen egunetan zerbitzua ematen hasiko da Donostian lehen autobus %100 elektriko artikulatua, Irizar Taldeak fabrikatutako ie tram modeloa. Ibilgailua berritzailea da eta gaur goizean aurkeztu da. 6 hilabetez egongo da Dbuseko 28-Amara-Ospitaleak linean, autobusak benetako baldintzetan eta bidaiariekin nola funtzionatzen duen frogratzeko egiten ari den proiektu pilotu baten barruan.

Proiektuaren aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Donostiako Alkate Eneko Goiak, Dbuseko Zuzendari Gerente Igor Gonzalezek, Irizar Taldeko Zuzendari Nagusi José Manuel Orcasitasek eta Diputatu Nagusi Markel Olanok, iraunkortasunaren aldeko apustu sendoa eta  iraunkortasunarekiko konpromisoa berretsita. Denek azpimarratu dute honen moduko proiektuekin hiria eta Gipuzkoa mugikortasun elektrikoaren munduko abangoardian kokatzen direla.

Autobus %100 elektriko artikuluaren ezaugarriak

Irizarren ie tram-a 18 metroko autobus bat da, ez du batere kutsatzailerik igortzen (0 igorpenak) eta isila da. Horrez gain, diseinu berritzailea dauka, estetika aerodinamiko erakargarria. Barruan, elementuen kokapenari esker errazago da ibiltzea, autobusaren bi zati nagusien artean leku gehiago baitago, eta argi gehiago dago, leihoak handiagoak direlako eta beheko aldean leihoak dituelako.

Ibilgailuak Dbuseko flotan ohikoak diren erosotasun eta segurtasuneko elementu guztiak ditu, hala nola erdiko atetik sartzeko arrapala teleskopikoa, gurpildun aulkietarako edo haur kotxeetarako erdialdean dituzten bi lekuak edo entretenimenduko edukiak edo zerbitzuari buruzko informazioa ematen duten autobus barruko pantailak. Autobusa Irizar Taldearen teknologiarekin fabrikatu da, eta beste nobedade azpimarragarri hauek ere baditu:

– Lau ate ditu autobus artikulatuek eduki ohi dituzten hiru ateen aurrean. Lehen atea sartzeko da eta beste hirurak jaisteko.

– Autobusaren atzerako ispiluen ordez kamerak ditu, ibilgailuaren kanpoaldea ikusteko.

– Autobusak argi gehiago dauka barrualdean, eta eserlekuak beste modu batean antolatuta daude.

– Barruko argiak led dira.

– Erdiko aldeko hauspoa zabalagoa eta argitsua.

– USB atakak eserleku guztietan.

– Litio ioizko bateriak ditu, potentzia dentsitate handikoak eta bizitza baliagarri luzekoak baitira.

Duela gutxi, autobusak 2018ko urteko autobusaren saria eta 2018ko Ibilgailu Industrial Ekologikoaren saria eskuratu ditu Espainian. Ildo horretan, autobusaren alderdi berrienak eta ekologikoenak azpimarratzeko, eta proiektu pilotua abian jarri dela aprobetxatuta, komunikazio kanpaina bat diseinatu da, donostiarrek proiektuaren berri eduki dezaten eta kutsatzailerik eta zaratarik igortzen ez duen ibilgailuaren abantailak ezagutu ditzaten. Ibilgailuaren errotulazioan bertan zein 28 autobus linearen geltokietan egongo da informazio hori.

Karga geltokian

Autobusa gauean kargatzen da, Kotxetegietan, baina, halere, aukerako karga bat ere egin behar du ibilbidean zehar. Aukerako karga hori 28 autobus linearen burualdeko geltokian egingo da, Miramonen, han jarri baita horretarako behar den azpiegitura elektriko. Autobusak, Miramoneko linea bukaerako geltokira iristen den bakoitzean, gutxi gorabeherako 5-6 minutuko karga bat egingo du. Autobusak pantografo bat dauka, zeina autobusaren sabaian zabaltzen den eta karga zutoinarekin konektatzen den, 500kW-potentziako karga jasotzeko.

Autobusa martxan jarrita, posible izango da urtean 120 tona CO2 gutxiago igortzea eguratsera. Aldi berean, beste urrats bat gehiago emango da Donostiako autobus flota elektrifikatzeko bidean eta, bereziki, 28 linearen erabateko elektrifikazioan, zeina Dbuseko linearik erabiliena baita eta urtean bidaiari kopururik handiena erregistratzen duen autobus linea Euskadin.

Era berean, agerian uzten du Dbusek elektromugikortasunarekiko eta ingurumenarekin gero eta errespetutsuagoak diren teknologiak bultzatzearekin duen konpromiso etengabea. 2014an Dbusek Europan fabrikatutako 12 metroko lehen autobus elektrikoa jarri zuen martxan, Irizar etxearen ie2 modeloa, eta harrez gero Dbusek hiru autobus %100 elektriko eta 24 autobus hibrido gehitu ditu bere flotan, eta ingurumena gehien errespetatzen duten flotetako bat bihurtu da.

Irakurri

Start-Stop sistema ezarrita, diesel autobusen kontsumoa eta igorpenak murriztuko ditu Dbus-ek

Gaur, ekainak 5, Ingurumenaren Munduko Eguna da eta, egun horrekin bat etorrita, Dbusek bukatu berri du Konpainiaren diesel autobusen efizientzia energetikoa hobetzeko sistema bat ezartzen. Zehazki, Start-Stop sistema ezarri da flotako bi autobusetan. Sistema horri esker, autobusa gelditzen denean, esaterako autobus geltokietan, semaforoetan edo auto pilaketetan, motorra ere gelditzen da, erregai kontsumoa murrizteko, kutsatzaile gutxiago igortzeko eta zarata gutxiago ateratzeko, eta horrela autobusek autobus hibridoen antzera funtzionatuko dute.

Espero da sistema honekin, zeina EIKAk garatu baitu, kontsumoak eta igorpenak %15 gutxiago izatea. Neurria E-MOBASK proiektu europarraren zatia da, eta bere helburua da Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera bultzatzea eta erraztea, erabilera errazagoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa izan dadin eta garraio publikoa ibilgailu pribatuak baino gehiago erabiltzea bultzatzeko.

Proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) kofinantzatu du %65ean, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020).  POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.

Proiektu europar horren barruan ere Dbusek EKObus sistema zabalduko du bere flota osora. Sistema Sart-Stoparekin bateragarria da, eta eraginkortasunez gidatzen laguntzeko sistema bat eta anti-bunching sistema bat (bat ez egiteko sistema) dauzka, linearen maiztasunari eusten saiatzeko eta, beraz, geltokietan ordutegiak hobeto betetzeko. EKObus autobusa martxan dagoela aktibatzen da, eta horregatik Start-Stop sistemaren osagarria da.

Dbusen flota ingurumena gehien errespetatzen duen flotetako bat da. 3 autobus %100 elektriko eta 24 autobus hibrido dauzka, Start-Stop sistemari esker modu hibridoan ere funtzionatzen duten bi autobus diesel hauetaz aparte. Era berean, urtea amaitu baino lehen Dbusek 14 autobus hibrido gehiago sartuko ditu bere flotan. Horrela, beraz, 2018aren bukaerarako flotaren ia %45 elektriko-hibridoa izango da.

Horren froga da azken sei urteotan Dbusen flotak ibilitako kilometro bakoitzeko batez besteko kontsumoa %15 jaitsi dela, hurrengo grafikoan ikusi daitekeen moduan:

Kontsumoa murrizteak kilometroko CO2ren igorpenak proportzio beran murriztea ere ahalbidetu du azken. Murrizketa horrek gorakada nabarmena eduki du 2015etik, bikoiztu egin baita, flotan sartutako ibilgailu hibrido eta elektrikoei esker eta Start-Stop edo EKObus sistemen ezarpenari esker.

Ildo honetan, datozen asteetan ie tram lehen autobus %100 elektrikoa probatzeko proiektu pilotua ere hasiko da. Autobusa Irizar Taldeak fabrikatu du eta proiektuak 6 hilabete iraungo du.

Irakurri

46-Morlans linea: Morlans 51 geltoki berria

Dbuseko 46-Morlans autobus lineak geltoki berria dauka Morlans aldean: Morlans 51. Geltoki berri hori zonaldeko bizilagunek eskatu dute, eta bere helburua da auzoaren erdiko aldean eta goiko aldean bizi diren pertsonen joan-etorriak erraztea.

Geltoki berria Morlans alderantz kokatuta dago, Morlans 73 eta Morlans Igogailua geltokien artean.

Irakurri

Dbus-eko geltoki berria B6 eta B10 lineetan

Ekainaren 1etik aurrera, ostirala, B6-Altza eta B10-Zubiaurre-Bidebieta-Buenavista Gautxori lineek Leosiñetan egingo dute geldialdia, Martillun eta Larratxo 46 geltokien artean.

Orain arte geltoki horretan 13-Altza linea baino ez zen gelditzen, eta orain Altza aldean zerbitzua ematen duten gautxori linea biak ere geldituko dira leku horretan.

Irakurri