Dbusen autobusen erabilerak gora egin du 2019ko lehen seihilekoan
Dbusen autobusetan zenbatutako bidai kopuruak goraka jarraitzen du. 2019ko ekainaren 30ean urteko 29 milioiko bidai kopurua gainditu da berriro, izan ere, azken 12 hilabeteetan 29.311.304 bidaia erregistratu dira. Kopuru hori errekor historikoa da, Donostian autobusek historian izan duten erabilerarik handiena izan baita.
Aurretik, 2011ko ekainean lortu zen kopuru historiko bat; orduan, 29.297.317 bidaia erregistratu baitziren azken 12 hilabeteetan. Aurreko urtean eta garai berean erregistratu ziren datuekin alderatuta, 653.165 bidaia gehiago egon dira aurten (%2,3ko igoera). Ondoko grafikoan ikus dezakegu bidaia kopuruak seihilekoka izan duen bilakaera:
Analisia lineaz linea
Lineei dagokienez, 2019ko lehen seihilekoan gehien erabili den linea 28-Amara-Ospitaleak izan da, eta horren atzetik 13-Altza eta 5-Benta Berri lineak. Bidaiarien Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauaren arabera AENORen kalitate ziurtagiria duten hiru lineak dira, eta ziurtagiri horrekin linea horien zerbitzuaren kalitatea egiaztatzen da.
Era berean, sei hilabete hauetan bidaia kopuruak gora egiten jarraitu du Antiguon, Berion, Ibaetan eta Igaran zerbitzua ematen duten lineetan (5-16-25-33-40-43-45 lineak), aparteko 10.000 bidaia baino gehiagorekin, eta Amaran zerbitzua ematen dutenetan (17-21-26-28 lineak), aparteko 12.000 bidaia baino gehiagorekin.
Modu berean, Ekialdeko aldean aldaketa garrantzitsuena Altza eta Bidebieta lineetan (13-14 lineak) egon den hazkunde handia izan da, aparteko 23.000 bidaiari baino gehiago izan ditu eta. Aiete aldeko lineek (18-19-23-31-32-45 lineak) gora egiten jarraitu dute, duela 3 urte egin ziren hobekuntzen ondoren. Aparteko 40.000 bidaia gehiago zenbatu dira.
Horrez gain, bigarren urtea da, jarraian, Gautxori zerbitzuek gorakada handia izan dutena. 2019ko lehen seihileko honetan 1.123 bidaia gehiago zenbatu dira.
Beste albiste oso positiboa izan da auzoen arteko lineetan (24-27-41 lineak) bidaiak berreskuratu direla, aparteko 65.000 bidaia baino gehiago eduki dituzte-eta. Horren arrazoia izan da Astiñeneko zubia ireki dela, 2018ko lehen seihilekoan itxita egon baitzen.
Bidaien analisia
2019ko lehen seihilekoan, urtarrilaren 31 izan da autobusa gehien erabili den eguna, 101.039 bidaiarekin, eta horren atzetik, maiatzaren 3a, 99.022 bidaiarekin (Real Sociedad- Real Betis Balompie taldeen arteko kopako partida, Anoetan) Kasu honetan, 2019ko urtarrilaren 19a (San Sebastian bezpera) larunbata izan da eta 88.573 bidaia zenbatu dira (ohiko larunbat batean baino 25.000 bidaia gehiago).
Zentzu horretan, lanegunetako autobusen batez besteko erabilera tarifak bateratu zirenetik handiena izan da, 91.986 bidaiarekin (90.746 bidaia 2018an). Larunbat eta jaiegunetako erabilerari dagokionez, lehen seihileko honetan batez besteko erabilera 2018koa baino handiagoa izan da, baita tarifak bateratu zirenetik erregistratutako handiena ere. Izan ere, larunbatetan 69.050 bidaia erregistratu dira (66.029 bidaia 2018an) eta 40.021 bidaia jaiegunetan (39.169 bidaia 2018an).