Author: Esti

Dbuseko autobusen erabilera handia San Tomas egunean

Pasa den abenduaren 21ean, larunbatean, 2019ko San Tomas eguna ospatu zen, eta egun horretan Dbuseko autobusen erabilera handia erregistratu da. 112.648 bidaia zenbatu dira, kopuruak behin-behinekoak badira ere.  

Emaitza horiek kontuan izanda, bidaiarik gehien eduki duen larunbata da Dbusen historian, hiri zerbitzuak Donostian soilik ematen dituenetik. Kopuru horiek 2013an erregistratutakoak gainditzen dituzte; orduan ere San Tomas eguna larunbata izan zen eta 104.604 bidaia zenbatu ziren. Neguko ohiko larunbat batean baino 51.000 bidaia gehiago dira, halaber.

Lineaz linea begiratuta, hauexek izan ziren erabilienak:

  • 13-ALTZA: 16.124 bidaia
  • 5-BENTA BERRI: 14.668 bidaia
  • 28-AMARA-OSPITALEAK: 13.143 bidaia
  • 26-AMARA-MARTUTENE:  9.021 bidaia

Autobusen erabilera arrakastatsu hori lortzeko, DBUSek lineak indartzeko dispositibo berezia jarri zuen abian egun osoan zehar, 29 gidari eta autobus gehiagorekin.

Era berean, Mugikortasuneko Agenteen laguntza erabakigarria izan zen garraio publikoak behar bezala funtzionatu ahal izateko.

Irakurri

Dbusek berriro hurbildu dizkie Gabonak adineko pertsonei “Argibusa” jarduerarekin

Bigarren urtez jarraian, Dbusek “Argibusa” jarduera antolatu du, Konpainiaren autobus bat erabiliz adineko pertsonei Donostiako Gabon giroa eta dekorazioa hurbiltzeko.  Oraingo honetan, Zorroaga Fundazioarekin elkarlanean antolatu da jarduera, eta zentro horretan bizi diren adineko 24 pertsonak aukera izan dute gaur, abenduak 19, autobusean irteera bat egiteko eta hirian dagoen gabon giroa ikusteko.

Hiria lagunkoia izaten laguntzeko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da. Horrela, jardueran parte hartu duten pertsonek arratsalde alaitsua igaro ahal izan dute eta Gabonetako apaingarriez eroso eta seguru gozatu. Hiritik egin duten ibilbidean hirian funtsezkoak diren hainbat leku ikusi dira, hala nola Alderdi Eder, Artzain Ona eta Loiola kalea, Santa Katalina zubia, Frantziako pasealekuaren ingurua, eta Maria Cristina zubia, besteak beste.

Hirira hurbildu eta Gabon garaian kale argitsuetatik ibiltzeko zailtasuna dituzten 75 eta 90 urte bitarteko adineko pertsonak dira. Ekimenari esker hainbat lekutatik igaro ahal izango dira –kasu batzuetan leku esanguratsuak–, eta pertsona askorentzat ohikoa den jarduera bat gogoratu eta hurbiletik bizi ere bai. Jarduera horretako partaide gehienek senideekin batera egin dute ibilbidea, esperientzia partekatu ahal izateko, eta zentroko arduradunak ere egon dira beraiekin.

Pasa den urtean Matia Fundazioaren Lamourous Zentroan bizi zirenen artean jarduerak eduki zuen arrakastaren eta harrera onaren ondoren, aurten Dbusek esperientzia errepikatu nahi izan du, Gabon garai hau atseginagoa izan dadin adineko pertsonentzat eta haien ingurukoentzat. Jarduerak garai hauetako ohiko hitzordu bihurtzeko asmoa dauka, hiriko hainbat egoitzarentzat.

 

Irakurri

Dbus, “Mugikortasuna genero ikuspegitik” izeneko jardunaldiko partaide

Gaur, “Mugikortasuna genero ikuspegitik” izeneko jardunaldia egin da Bilbon, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzako Zuzendaritzak antolatuta, eta Dbusek bertan parte hartu du. 

Jardunaldian, garraioaren sektoreko emakumeen ikuspegi profesionaletik zein emakumeen mugikortasunaren beraren ikuspegitik landu da gaia, kontu hauei helduta: emakume gidarien presentzia garraio publikoan; sektoreko berdintasun politikak; autobus lineetako eskaripeko geldialdiak edo puntu beltzen hobekuntzak; eta genero ikuspegia garraio azpiegituretan. Mahai inguru bat ere antolatu da, eta bertan Konpainiako gidaria den Nerea Bravok hartu du parte.

2010az geroztik dauka Dbusek Emakundek ematen duen Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Erakunde Laguntzailearen zigilua, enpresan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean aurrera egiteko hartutako konpromisoagatik eta egindako lanagatik eta horrela eremu soziolaboralean ekimen berriak sustatzeagatik. Sare horretako partaide izanik, Dbusek urrats bat gehiago ematen du berdintasunaren eta Konpainiako langileen garapenean laguntzen duten praktika onen alde hartutako konpromisoan.

Irakurri

Dbusek autobus linea guztietara hedatu du banku txartelaz ordaintzeko aukera

Dbusek jada inplementatu du Donostiako autobus linea guztietan bidaiak banku txartelaz ordaintzeko aukera. Sistema 2017ko abuztuan jarri zen abian Dbusen 16-Igeldo eta 45-Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete lineetan, proiektu pilotu gisa, eta orain, berriz, Konpainiaren linea guztietara hedatu da. Ekimen hori E-MOBASK europar proiektuaren baitakoa da eta Kutxabankekin batera gauzatu da, enpresa hori izan baitzen horrelako eragiketak burutzeko ordainketa pasabide bat kontratatzeko lizitatatutako lehiaketa publikoaren esleipenduna.  

Donostia da, Madril eta Londresekin batera, Europako lehen hirietako bat linea guztietan sistema berritzaile hori inplementatzen. Sistemak noizbehinkako bidai txartela eta gauekoa ordaintzea ahalbidetzen du kontakturik gabeko bankuetako kreditu eta zordunketa txartelak (EMV) eta mugikorretako zenbait aplikazio erabilita. Txartelak Visa, Mastercard eta American Express dira.

Bankuko txartel bakoitzak edo mugikorreko aplikazio bakoitzak erabiltzaileak nahi beste bidaia ordaintzen uzten du, noizbehinkako bidai txartelaren prezioan eta komisiorik gabe.  Oraingo honetan, eta proiektu pilotuan ez bezala, gidariaren postuaren ondoan dagoen tiket makinan egingo da ordainketa eta ez da beharrezkoa izango aparteko makinarik jartzea. 

Proiektuaren aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Donostiako Alkate Eneko Goiak, Mugikortasuneko eta Garraioetako Zinegotzi Pilar Aranak, Dbuseko Zuzendari Gerente eta Zuzendari Laguntzaile Igor Gonzalezek eta Javier Vallejok, eta Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko Zuzendari Ainhoa Arruabarrenak. Denek nabarmendu dute horrelako proiektuek hiria Euskadiko eta Europako abangoardian kokatzen dutela, hiriko autobusetako ordainketa sistema aurreratuei dagokienez. Ildo horretan, Eneko Goiak sistemaren erosotasuna eta praktikotasuna azpimarratu ditu; izan ere, esan du “sistemari esker Dbuseko zerbitzuen erabiltzaileak eta bisitariak askoz errazago mugitu ahal izango dira, erabiltzailearen esperientzia hobetuta, euskal banku erakunde baten eskutik. Donostia da sistema berritzaile hau ezarri duen lehen euskal hiriburua, eta berriro ere Dbus autobusen udal konpainia da, bere historia zabalean erakutsi duen moduan, zerbitzuaren kalitatea hobetzen duen sistema bat ezartzen lehena”.

Ainhoa Arruabarrenak, berriz, ziurtatu du “Kutxabanken parte hartzea dela Gipuzkoarekin dugun konpromisoaren beste erakusgarri bat. Gainera, digitalizazioa eta ordainketarako bide berriak lehentasunak dira, bezeroek gero eta gehiago eskatzen baitituzte horrelako zerbitzuak. Era berean, funtsezko beste alderdi bat ere badauka, garraio publikoaren erabilera erraztu nahi duelako eta iraunkorrago egin, eta Kutxabankek konpromiso argia dauka iraunkortasunarekin.” 

Sistemak abantaila ugari dauzka

Sistema berriak abantaila ugari dauzka: alde batetik, erabiltzaileei ordainketa errazten zaie, ez baitute garraio txartelik edo eskudirurik beharko bidaia ordaintzeko, eta, gainera, sistemak erabat seguruak dira, Kutxabankek kudeatuta. Tiketak erosteari buruzko informazioa ere erraztu egin da. Horrez gain, ordainketa arinago egiten da autobusean sartzean, geldialdi bakoitzaren iraupena murriztuta eta bidaietan denbora gutxiago egiteko aukera emanda. Horrela, garraio publikoaren erabilera bultzatzen da.

Egunero eskudirutan bilduko den dirua gutxiago izatea ere ekarriko du, likidazio lanak erraztuta. Gaur egun, Dbuseko autobusetan urtean egiten diren bidaien %8,70 ordaintzen dira eskudirutan. Gainera, beste herrialde batzuetatik datozen pertsonek ez daukate zertan legezko monetarik eduki, beren banku txartelekin ordaindu baitezakete bidaia, txartel horiek autobus barruan balioztatuta.

Sistema berria ezagutzera emateko, komunikazio kanpaina bat jarri da abian lau hizkuntzatan (euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa): kartelak jarriko dira Dbuseko markesinetan eta bost autobus errotulatuko dira. Gainera, autobusera sartzeko atearen ondoan pegatina bat jarri da eta, horrela, erabiltzaileek sistema ezagutu dezakete autobusera sartzean. Barrualdean, berriz, kartelak jarri dira eta pantailetan informazioa emateko mezuak agertzen dira. Era berean, aurki hoteletan eta turismoko informazio bulegotan sistemari buruzko informazioa emateko orriak banatuko dira.

E-MOBASK proiektua

Neurria E-MOBASK proiektu europarraren baitakoa da, eta bere helburua da Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera bultzatzea eta erraztea, erabilera errazagoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa izan dadin eta garraio publikoa ibilgailu pribatuak baino gehiago erabiltzea bultzatzeko. Sistemaren bitartez lineen puntualtasuna ere hobetuko da eta ibilbideak egiteko denborak txikiagoak izango dira, kontsumoa murriztuz.Era berean, proiektuaren barruan aurreikusita dago bidai txartelaren ordainketa QR kode sistema baten bitartez egin ahal izatea. Erabiltzaileek Dbusen doako aplikazio mugikorraren bitartez erosi ahal izango dute ohiko tiketa (Dbusen App ofiziala). Aplikazioa iOS, Android eta

Windows Phonerako eskuratu ahal izango da, kasuan kasuko online dendetan. Tiketa erosi ondoren, mugikorrean QR kode bat sortuko da eta kode hori da balioaztu beharko dena. Balioztatzeko, berriz, mugikorraren pantailan dagoen QR kodea gidariaren postuaren ondoan dagoen makinara hurbilduko da. Kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzen uzten duen makina berbera izango da.

E-MOBASK proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) kofinantzatu du %65ean, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.

Irakurri

“Dbus eta Gabonak”, 13. haurrentzako marrazki lehiaketaren sari banaketa

Hamahirugarren urtez jarraian, Dbus eta San Martingo Azokak, FNAC-en parte-hartzearekin, “Dbus eta Gabonak” Haurrentzako Marrazki Lehiaketa antolatu dute. Edizio honetako parte-hartzea paregabea izan da, 3 eta 12 urte arteko 1.407 haur baino gehiagoren marrazkiak jaso baitira.

Gaur, 2019ko abenduaren 14an, San Martin Merkatuko FNACen sari banaketa burutu da.

A mailako irabazleak (8 urte bitarteko haurrak) ondorengoak izan dira:

  • 1. Saria: Ane Alkain Navascués, 8 urtekoa, Santo Tomas Lizeoa. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 6 hilabetetan + LENOVO 10” Tableta (marrazkia ikusi).
  • 2. Saria: Amaia Salvador Azurza, 6 urtekoa, Santo Tomas Lizeoa. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 3 hilabetetan + FUJIFILM MINI 9 bat-bateko kamera + papera (marrazkia ikusi).
  • 3. Saria: Nora Eguren Sánchez, 8 urtekoa, Amara Berri Ikastetxea. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 3 hilabetetan + Liburu sorta eta idazketarako sorta (marrazkia ikusi).

B mailako irabazleak (9 urtetik 12 urte bitarte) ondorengoak izan dira:

  • 1º Saria: Izaro Ximenez Ledesma, 11 urtekoa, Amara Berri Ikastetxea.. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 6 hilabetetan + LENOVO 10” Tableta (marrazkia ikusi).
  • 2. Saria: Martin Arraztio Fernández,  10 urtekoa,  Axular Lizeoa. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 3 hilabetetan + FUJIFILM MINI 9 bat-bateko kamera + papera (marrazkia ikusi).
  • 3º Saria: Markel Makuso Cañas, 11 urtekoa, Zurriola Ikastola. Txartel pertsonal eta eskualdaezina, Dbuseko autobusetan nahi beste erabiltzeko, 2020ko 3 hilabetetan + Liburu sorta eta idazketarako sorta (marrazkia ikusi).

13. marrazki lehiaketa honetako gainontzeko finalistek ere sariak jaso dituzte, parte hartu izana bermatzen duen diploma, Dbusen txartel-zorroa eta Konpainiako autobusetako baten maketa hain zuzen. Gainontzeko finalistak ondorengoak izan dira:

A Maila:

B Maila:

Marrazki finalistak abenduan zehar DVBUSen agertuko dira eta aldi berean DBUS eta San Martin Merkatuko web orrian argitaratuko dira. Dbusetik haurrek marrazkiak egiterakoan jarritako ilusioa eta sormena eskertu nahi dugu, bai eta guraso eta eskolen parte-hartzea ere.

MARRAZKIEN ERAKUSKETA

Donostia Kulturaren kolaborazioa dela eta, aurre-aukeratutako 200 marrazkiak ikusgai egongo dira abenduaren 18tik urtarrilaren 23ra arte, Aiete Kultur Etxean (Aiete pasealekua 63).

Lekua: AIETE KULTUR ETXEA

Datak: Abenduaren 18tik urtarrilaren 23ra arte (Itxita: abenduak 25 eta 31; urtarrilak 1 eta 6).

Irakurri

Dbusek enpresetako soldata arrakala aztertzeko estrategia aurkeztu du BAI SAREA-ren 3. batzarrean

BAI SAREA-k, lan eremuan berdintasuna bultzatzeko eta bermatzeko asmoz Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatuta eratu den Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Erakunde Laguntzaileen sareak, hirugarren batzarra egin du, eta Dbusek bertan parte hartu du. 

Jardunaldi honetan, Dbuseko Pertsonen eta Giza Baliabideen arduradun Nerea Diezek lan merkatuko ordainsari arrakalaren azterketarako BAI SAREAn sortutako lantaldeak egindako lana aurkeztu du. Lantaldeak bere baitan dauden enpresen egoera aztertu du, sarea eratzen duten erakunde guztiek beren enpresetan dagoen egoera aztertzeko eta ordainsari arrakala txikitzeko neurriak abian jartzeko erabili ahal izango dituzten tresnak ateratzeko.

BAI SAREA sarea

BAI SAREAren barruan dauden 63 erakundeek Berdintasunerako Erakunde Laguntzailearen zigilua dute, Emakumearen Euskal Erakundeak emanda. Sarearen helburua da erakundeek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari lotutako esperientziak, tresnak eta metodologiak partekatu ahal izatea. 

2010az geroztik dauka Dbusek Emakundek ematen duen Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Erakunde Laguntzailearen zigilua, enpresan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean aurrera egiteko hartutako konpromisoagatik eta egindako lanagatik eta horrela eremu soziolaboralean ekimen berriak sustatzeagatik. Sare horretako partaide izanik, Dbusek urrats bat gehiago ematen du berdintasunaren eta Konpainiako langileen garapenean laguntzen duten praktika onen alde hartutako konpromisoan.

Irakurri

Noizbehinkako bidai txartelaren aldaketa Dbusen

Abenduaren 10etik aurrera, asteartea, Dbuseko noizbehinkako bidai txartela aldatzea aurreikusten da. Hauek dira aplikatuko diren prezio berriak:

  • Noizbehinkako txartela: 1,80 €
  • Gaueko txartela: 2,10 €

Joan den apirilaren 1ean MUGI eta LURRALDEBUS garraio txartelei aplikatzen zaizkien prezioak aldatu ziren:

  • Hil bereko 1-20 bidaiak: 0,95 €
  • Hil bereko 21-50 bidaiak: 0,77 €
  • Hil bereko 51. bidaiatik aurrera: 0,18 €
  • Hil bereko 51. bidaiatik aurrera GAZTE TXARTELEAN: 0 €
  • Mugi txartel anonimoa: 1,22 €
  • Bat eta Barik txartelak: 0,95 €
Irakurri

Azaroan, Dbusek bere historiako batez besteko erabilerarik handiena erregistratu du lanegunetan

Pasa den hilean, 2019ko azaroan, Dbuseko autobusen erabilerak igoera handia eduki du lanegunetan, egunean batez beste 97.730 bidaia egin baitute, bere historiako bidai kopururik handiena izanik. Guztira, 2.486.844 bidaia zenbatu dira azaroan.  

Zehazki, Dbuseko hiru lerro nagusiek –5-Benta Berri, 13-Altza eta 28-Amara-Ospitaleak–9.984, 11.427 eta 13.153 bidaia egin dituzte batez beste lanegunetan, hurrenez hurren. 

Oso datu positiboak izan dira, hirian egiten ari diren obrak, hala nola Tolosa hiribidea asfaltatzeko lanak, eta baldintza klimatologikoak direla-eta hilabete hauetan erregistratzen ari diren zirkulazio zailtasunak gorabehera.

Dbus ahalegin handia egiten ari da lineen maiztasunei eutsi ahal izateko eta erabiltzaileen gero eta eskari handiagoari erantzuteko, zerbitzua 5-6 gidarirekin eta autobus unitate gehiagorekin indartuta. Era berean, egunero lineen emaitzak monitorizatzen dira aztertzeko zer hobekuntza egin daitezkeen erabilgarri dauden baliabideen arabera.

Datu horiek urrian erregistratutako emaitza onei batzen zaizkie, hilean 2.641.815 bidaia zenbatu baitira erabileraren errekor historikoa hautsita. Horrek esan nahi du, halaber, erabilera kopururik altuena izan dela Dbusek zerbitzua soilik Donostian ematen duenetik

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Boluntariotzaren Nazioarteko Egunarekin

Abenduaren 5a, osteguna, Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna da. Boluntarioen lana ezagutarazteko eta kohesio soziala bultzatzeko Sareginez irabazi asmorik gabeko erakundeen sareak antolatutako jarduerekin bat egin nahi du Donostiako Udalak. 

Horregatik, ostegunean Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Datozen lau urteetan Dbus-en 12 metroko autobusen %90 hibrido-elektrikoak izango dira

Dbusek MAN TRUCK & BUS IBERIA, SAUri esleitu dio 12 metroko hamabi autobus hibridoren erosketa, datozen hiletan Donostiako autobus lineetan zerbitzuan jartzeko. Datozen lau urteetan ezaugarri horiek dituzten 39 autobus -gehienez ere- eskuratzeko aukera emango duen eta horrekin zerbitzuan hobekuntzak egitea ahalbidetuko duen kontratu baten barruan sartzen da erosketa hau.

MAN Lions City 12C Efficienthybrid autobusa da flota berritzeko aukeratu den modeloa. Autobus hibridoaren modelo berria da, indartsuagoa eta Dbuseko lineen ibilbide zorrotzetarako egokia den motorizazioarekin. Gaur egun Dbusek 38 autobus hibrido ditu, eta horietatik 19 MAN markakoak dira. Modelo berriak Dbuseko flotaren ezaugarri guztiak betetzen ditu, hau da, plataforma baxuak eta arrapala elektrikoak ditu mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, autobusa %100 irisgarri izan dadin. Era berean, ibilgailua erabat egokitzen da Dbusen baldintza teknikoetara, hala nola, gidariaren lanpostuaren diseinura eta erabiltzaileentzako lekuaren banaketara, besteak beste. 

Ibilgailuaren nobedadeetako bat da erabiltzaileen eserlekuetan oinetarako leku gehiago dagoela; izan ere, eserlekuak alboko panelen bitartez lotzen dira lurrera, eta, horri esker, espazio gehiago egoteaz gain irisgarritasuna hobetzen da eta errazagoa da autobusa barrutik garbitzea. Start&Stop sistema ere badu, zeinarekin autobusaren motorra gelditu egiten baita ibilbideko semaforoetan edo geltokietan. Horrela, erregaia aurreztu eta kutsadura atmosferikoa eta akustikoa murrizten dira.

Igorpenen murrizketari dagokionez, modelo berriak igorpenak %10 inguru murrizteko aukera ematen du antzeko ezaugarriak dituzten autobus dieselen aldean, eta agerian uzten du Dbusek ekologia eta jasangarritasunarekin hartuta duen konpromiso etengabea. Ildo horretan, hamabi autobus berriak sartuta aurreikusten da urtean 61,6 tona CO2 gutxiago igorriko dela.

Autobus bakoitzaren prezioa 287.000€-koa da, entrega epea zazpi hilabetekoa, eta bermea bost urtekoa.  Lehen aldiz, berme hori luzatu egin da, MAN ibilgailuetan aurretik zegoen 3 urteko bermetik gaur eguneko 5 urteko bermera. Hori hobekuntza handia da ibilgailuen mantentze lanetarako.

Dbusek bere flotako autobus zaharrenak ordezteko ibilgailu berriak jarri behar ditu zerbitzuan, eta premia horri erantzuten dio autobus hauen erosketak.  Azken urteetan, Dbus ahalegin handia egiten ari da bere flota apurka-apurka berritzeko.

Autobus berriak sartuta, aurreikusten da datozen lau urteetan Dbusen 12 metroko flotaren %90 elektriko-hibridoa izango dela, eta ingurumena gehien errespetatzen duen flotetako bat izango dela.  Era berean, urte hauetan berrituko diren autobusak Dbusen 12 metroko autobusen ia erdia izango dira; beraz, Dbusek flota berritzeko bere historian egin duen prozesurik garrantzitsuena da.

 

Irakurri