Dbusek bere flota progresiboki berritzeko zereginean jarraitzen du, 12 metroko 12 autobus hibrido gehituta. Autobusak 10 urterako 3.444.000€-ko mailegu jasangarri bati esker erosi dira, eta Kutxabanken proposamena izan da merkatutik jasotako eskaintzarik onena.
Mailegua gaur sinatu da Donostiako udaletxean, eta ekitaldian parte hartu dute Ogasuneko eta Finantzetako Zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak, Dbuseko Zuzendari Gerente Igor Gonzalezek eta Kutxabankeko Banku Instituzionaleko Zuzendari Jaione Lamyk.
Flotaren berrikuntza garrantzitsua
Azken urteetan, Dbusen flotak bere historiako berrikuntzarik handienari ekin dio, ibilgailuen gaur egungo batez besteko adina 6,4 urte izanik. 2014az geroztik, flotari gehitu zaizkion autobus guztiek diesel motorra ez bezalako teknologia dute, eta azken aurrerapen teknologikoak dituzte. Dbusek 3 autobus %100 elektriko ditu eta 12 metroko 50 autobus hibrido, hau da, gutxi gorabehera, 12 metroko flotaren erdia elektriko-hibridoa da.
Kalkulatzen da autobus berri horiek 10 litro gutxiago kontsumitzen dutela 10 km-ko, baztertuko diren autobusekin alderatuta. Flota berritzeko prozesuak flota osoaren erregai kontsumoa %15 inguru murriztea ahalbidetuko du, eta urtero atmosferara 1.300 tona CO2 igortzea saihestuko du.
Flota moderno, eroso, seguru, irisgarri eta jasangarria eskaintzeko konpromisoan beste urrats bat eginez, Dbus lanean ari da autobus artikulatuak ere berritzeko. Gaur egun 18 metroko 30 autobus dauzka, eta aurreikusita dago autobus unitate artikulatu hibrido berriak erostea, Dbusek teknologia horrekin erositako 18 metroko lehen unitateak izango direnak.
Kutxabanki dagokionez, inbertsio jasangarriak bultzatzeko estrategiaren beste pauso bat da, helburuak izanik ingurumen inpaktu positiboa duten jarduerak egitea, efizientzia energetikoa hobetzea, karbono aztarna murriztea eta ‘ekonomia berdea’ delakoa garatzea.