Dbus-ek 18 metroko 4 autobus hibrido artikulatu berri sartu ditu bere flotan, MAN markakoak, eta datozen asteetan beste 5 iristea aurreikusten da. Lau horiek martxan daude dagoeneko Donostiako autobus lineetan, eta besteak prestatzen ari dira, datozen asteetan zerbitzuan jartzeko asmoz.
MAN LION’S CITY (18 C) Efficienthybrid EURO 6d modeloko ibilgailu hibrido bat da eta eta motorizazio bat du, aurreko belaunaldiko ibilgailuekin alderatuta kontsumoa eta emisio kutsatzaileak murrizten dituena. Era berean, autobus modelo berria material konposatuekin fabrikatuta dago; beraz, autobusaren bizitza baliagarriaren amaieran bere birziklapen tasa handiagoa izango da.
Autobus berri hauekin, Dbusek bere flota apurka-apurka berritzen jarraitzen du, Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraioko zinegotzi Pilar Aranak azaldu duenez: “Donostia jasangarriagoa eta CO2 isuriak murriztera bideratua lantzen ari garen estrategiaren barruan, Dbus-ek urrats sendoz lan egiten jarraitzen du. Berrikuntza berri horri esker, kalitatezko zerbitzua ematen jarraituko dugu donostiarrentzat, eta, aldi berean, jasangarriagoak eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoak izateko helburuak lortzeko bidean aurrera egingo dugu”.
Gaur egun Dbusen flotaren %58 12 metroko ibilgailu hibridoak edo elektrikoak dira eta %25 18 metroko hibrido artikulatuak, flota modernoa, erosoa, iraunkorra eta segurua eskaintzeko, kalitate estandarrik handienak eta egungo baldintzetan beharrezkoak diren neurri guztiak betez.
Hauek dira autobus berrien ezaugarri nagusiak:
– Aurreko 12 metroko autobusak bezala, autobuseko barra guztiek dute geldialdia eskatzeko sakagailua, erabiltzaileek sakagailua eskuragarriago eduki dezaten. Sakagailu horiek braillez ere errotulatuta daude. Era berean, barren profila ergonomikoagoa da.
– Leku gehiago erdiko aldean haur aulkietarako eta gurpildun aulkietarako, eta erdiko alde horretara sartzeko lekua zabalagoa da, eta oztoporik gabea, maniobrak errazago egiteko.
– Lehenengo aldiz, autobusak kartel espezifikoak eta desberdinak edukiko ditu geldialdia eskatzeko eta arrapala eskatzeko, autobuseko puntu guztietatik gehiago ikusteko moduan.
– Argitasun handiagoa ibilgailuaren barrualdean, zeharkako argiaren bitartez.
– Ikusgarriagoak dira linearen eta helmugaren gaineko informazioa emateko autobusak kanpoaldean dituen kartelak.
Autobusek, halaber, DTKren eskakizun guztiak bete dituzte irisgarritasun, erosotasun eta segurtasunari dagokienez, eta %100 irisgarriak dira, zoru baxua eta sartzeko arrapala baitituzte bi aulki gurpildunetarako lekura iristeko.
2014az geroztik Dbusen sartu diren autobusak bezala, ibilgailu berriek USB kargarako puntuak dituzte, bidaian zehar gailu elektronikoak doan kargatu ahal izateko.
Ingurumeneko kalitate handiagoa
Autobus modelo berriak kontsumoak eta igorpenak murriztea ahalbidetzen du, frenatzearen energia berreskuratzeko sistema bat eta Start&Stop sistema erabiliz, horiengatik baita ibilgailu hibridoa. Horrez gain, autobus modelo honek mantentze lanen denborak optimizatzea eta mantentze lanen kostuak murriztea ere ahalbidetzen du, modelo berberaren aurreko belaunaldiarekin alderatuta.
9 autobus berri horiek martxan jartzean, Dbusek ingurumenaren aldetik iraunkorrena den flotetako bat izango du, 62 autobus hibrido edo elektrikorekin, hau da, flota osoaren % 45. Gutxiago kutsatzen duten teknologiako ibilgailu horiei esker, urtean 1.500 tona CO2 baino gehiago gutxiago isurtzen dira, Donostiako herritarren bizi-kalitatea hobetuz.