Author: Esti

Next Generation funtsek onartutako laguntza eskaeren lehen lizitazio orriak argitaratu ditu DTK-k

DTK-k Flota elektrifikatzeko kotxetegien azpiegitura elektrikoan egin beharreko eraberritze lanak egiteko eta Dbuseko flotarako 19 autobus %100 elektriko erosteko lizitazio orriak argitaratu ditu Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean (EBAO). Emisio gutxiko guneak ezartzeko eta hiri garraioaren eta mugikortasunaren eraldaketa digitala eta iraunkorra egiteko Garraio, Mugikortasun eta Ingurumeneko Ministerioak onartutako proiektuak dira.

Lizitazio orriak, halaber, Illunbeko disuasio aparkalekuaren eta hiriaren erdigunearen artean ibiliko den 12 metroko autobus lantzadera elektrikoa erosteko izango dira. Helmugetako Jasangarritasun Turistikoaren ezohiko deialdiaren barruan aurkeztu eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak onartutako proiektua da.

Ministerio bien dirulaguntzak Europako Next Generation funtsen baliabideekin finantzatuta daude.

Lizitazio horien helburua da, lehenengo, Kotxetegien eraikin nagusiko autobus plazak eta ibilgailu mota guztiak (12 metrokoak, artikulatuak, mikrobusak, furgonetak eta autoak) elektrifikatzea ahalbidetuko duen azpiegitura elektriko bat edukitzea, 119 plaza elektrifikatu edukitzeko aukerarekin. Plaza horiek hauek lirateke: 26 autobus artikulatu, 12 metroko 88 autobus, eta 5 mikrobus, zerbitzuko furgonetetarako 6 plaza elektrifikatuez gain. Eta bigarrenik, 20 autobus %100 elektriko martxan jartzea, horiekin urtero eguratsera 1.800 tona CO2 gutxiago igortzea saihestuta.

Bi jarduketek 17.711.000 euroko aurrekontua dute guztira (BEZa sartu gabe), honela xehakatuta:

  • Proiektua idatzi, obra egin eta karga ekipamendua hornitu eta muntatzeko zerbitzuak, harik eta kotxetegiak elektrifikatzeko azpiegitura erabat martxan jarri arte: 5.211.000 euro.
  • 12 eta 18 metroko hiri autobus %100 elektrikoen hornidura kontratatzea, loteka: 12.500.000 euro.

2 proiektuak gauzatzeko, DTK-k 7.748.800 euroko dirulaguntza jasoko du bi Ministerioetatik.

Aurreikusten da kontratuak 2022aren bigarren seihilekoan esleitu ahal izatea eta autobus elektrikoen lehenengo entregak 2023tik aurrera gauzatzea.

Irakurri

Ekainaren 1etik aurrera zerbitzu gehiago Igeldoko linean

Ekainaren 1etik aurrera, Dbuseko 16-Igeldo linearen zerbitzuak maiztasun handiagoz emango dira, ohiko erabiltzaileen eta turista eta bisitarien garraioa errazteko.

16-Igeldo linea ekainaren 1ean, asteazkena, hasiko da zerbitzu gehiago ematen eta irailaren 30ean, ostirala, bukatuko, egun bi horiek barruan sartuta. 

10:05etik 21:05era handituko da zerbitzuaren maiztasuna, denbora tarte horretan 20 minutukoa izango baita.

Irakurri

Mikrobus zerbitzua Pasealeku Berria eta Urgull mendira ekainean

Ekainaren 4tik aurrera, larunbata, Dbusek mikrobus zerbitzua emango du Urgull Mendian, 39-URGULL linearekin. Ekainaren 22ra arte, zerbitzuak larunbatetan eta igandeetan emango dira, baina ekainaren 23an zerbitzuak egunero ematen hasiko dira.

Zerbitzuak 30 minuturo izango dira goizeko 11:00etatik 13:30era, eta arratsaldeko 17:00etatik eta 20:00etara.

-Urgull alderantz irteerak SALAMANCA PASEALEKUTIK izango dira, ondorengo orduetan:

11:00 – 11:30 – 12:00 – 12:30 – 13:00 – 13:30

17:00 -17:30 – 18:00 – 18:30 – 19:00 – 19:30 – 20:00

 

-Urgulletik irteerak SANTIAGOKO BATERIATIK izango dira ondorengo orduetan:

11:15 – 11:45 – 12:15 – 12:45 -13:15 -13:45

17:15 – 17:45 – 18:15 – 18:45 – 19:15 – 19:45 – 20:15

Urgullerako zerbitzuaz gain, mikrobus honek Bretxa eta Pasealeku Berriko aparkalekuen arteko garraio publikoko konexioa dakar.

Uztailean eta abuztuan ere egunero emango da zerbitzu hau, Aste Nagusian eta aurreko eta ondorengo egunetan izan ezik, Pasealeku Berriko barraken instalazioa dela eta. Irailean zerbitzua asteburuetan izango da berriz ere, Estropadetan izan ezik.

Irakurri

Dbizik Aenorren ziurtagiria lortu du UNE-EN 13816 Arauaren arabera, zeinak bere zerbitzuaren kalitatea bermatzen duen

Donostiako bizikleta alokairu sistemak, Dbizik, AENORen ziurtagiria lortu du, Garraio Publikoaren Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren gaineko UNE-EN 13816 arauaren arabera, zeinak bere zerbitzuaren kalitatea aitortzen duen. Bizikleta alokatzeko enpresetatik arau honen arabera AENORen ziurtagiria eskuratu duen lehena eta bakarra da. Gaur eman zaio ziurtagiria Donostiako Udaletxean, eta ekitaldian parte hartu dute hiriko Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak, Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek, BIZISS ABEEko gerente Jesús Sánchezek eta AENORen Euskadiko zuzendari Gonzalo San Antoniok.

Dbizi 2020ko abenduan jarri zen martxan, eta urte eta erdi eskasean zifra errekorrak lortu ditu, erabiltzaile kopuruari eta egindako bidaiei dagokienez. 2022ko lehen lauhilekoan modu ikusgarrian eta etengabean hazten jarraitu du, eta 196.790 bidaia egin ditu. 2021ean, berriz, 113.445 bidaia erregistratu ziren denbora tarte berean. Abonatuei dagokienez, 2022ko lehen lauhileko honetan Dbizik 6.431 erabiltzaile ditu, 2021eko aldi bereko 3.901 abonatuen aldean. Gainera, bizikletak alokatzeko hiriak aurretik izandako sistemarekin erregistratu ziren kopuruak baino askoz handiagoak dira.

BIZISS ABEEak (MOVUSek eta URBASERek eratutako ABEEa) kudeatzen du Dbizi sistema, Dbusen eta Donostiako Udalaren bitartez. AENORen ziurtagiri berri horretaz gain, BIZISS ABEEak kalitatea kudeatzeko ISO 9001 Arauaren araberako ziurtagiria du.

 

Erabiltzaileen gogobetetzea

Ziurtagiri horren esparruan, Dbizik gogobetetze inkesta bat egin die erabiltzaileei, eta emaitza oso onak eman ditu; izan ere, erabiltzaileek baieztatu dute zerbitzuak ondo funtzionatzen duela eta aitortu dute pandemiaren gorabeherak baldintzatutako urte honetan ahalegina egin dela. Datu horiek hiriko auzoetan bizi diren 16 urtetik gorako eta genero desberdineko 252 erabiltzaileri egindako inkesten bidez lortu dira. Inkestatuek zerbitzuaren hainbat alderdiri (irisgarritasuna, informazioa, erosotasuna, segurtasuna edo ingurumeneko eragina) ematen dieten garrantzia baloratu behar izan zuten, baita alderdi horietako bakoitzarekin zenbateraino dauden pozik adierazi ere. Lehentasun ordenaren arabera, hauek izan dira ondoen baloratutako alderdiak:

 

  1. Bizikleta eta ainguraleku libreen eskuragarritasuna geltokietan.
  2. Bizikletek eskaintzen duten segurtasuna.
  3. Bizikletak garbi aurkitzea.
  4. Matxuratutako bizikletak aldizkakotasun egokiarekin (24 h) ordezkatzea.
  5. Egindako erreklamazioei erantzuteko azkartasuna.
  6. Sisteman alta emateko sarbidea erraza izatea.
  7. Bizikleten alokairu zerbitzuaren abonu motei buruz webgunean dagoen informazioa egokia izatea.
  8. Bizikletak erabili ahal izatea, gehiago kutsatzen duten beste garraiobide batzuk erabili ordez.

 

Zerbitzua zabaltzea

2020an zerbitzua martxan jarri zenean aurkeztu zen bezala, Dbizi sistema zabaltzeko lanean ari da, geltoki gehiago eta bizikleta gehiago jarriz. Etengabe hobetzeko ildo horretan, datorren udazkenean Herreran bizikletetarako beste geltoki bat jartzea aurreikusita dago. Geltoki mistoa izango da, bizikleta elektriko eta mekanikoekin.

 

Bizikletaren erabilera bultzatzea Donostian 

Dbizi sistema berria hiriaren mugikortasun iraunkorraren alde apustu handia egitea izan da. Datozen egunetan, Bizikletaren Aldeko Hirien Sareak bisita tekniko bat egingo du Donostian, eta sistema berria ezagutuko du. Espainiako 1.000 udalerri inguru ordezkatzen dituzten 140 erakundek osatutako elkartea da, eta Donostiako Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Arana bizikletaren enbaxadore izendatu du aurten.

Irakurri

Dbusek E-MOBASK proiektuaren amaierako ekitaldian parte hartu du

Gaur, E-MOBASK proiektu europarrari amaiera emateko mintegia egin da Hendaian. Proiektua 2018ko urtarrilean hasi zen eta bere helburua da Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera bultzatzea eta laguntzea, ibilgailu pribatuaren aldean errazagoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa izan dadin eta ibilgailu pribatua baino gehiago erabiltzea bultzatzeko. Dbusek Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin eta Ipar Euskal Herri – Aturriko mugikortasunen Sindikatuarekin batera parte hartzen du proiektu honetan, eta hiru ardatz nagusi ditu: informazioa hobetzea, ticketing integratua eta ordaintzeko modu berriak eskaintzea, eta garraio publikoaren elektromugikortasuna eta energia eraginkortasuna sustatzea. Aurkezpena azken lau urteetan garatutako mugaz gaindiko beste proiektu batekin batera egin da, SMARTMOB proiektuarekin.

Mintegian, proiektuaren esparruan Donostian egin diren berrikuntzak aurkeztu ditu Dbusek. Berrikuntza horietako bat da Dbusen linea guztietan EMV kontakturik gabeko banku txartelekin ordaintzeko aukera ezartzea, zeinarekin noizbehinkako bidai txartelak eta gaueko bidai txartelak banku erakunde desberdinen EMV kontakturik gabeko Visa, Mastercard eta American Express kreditu txartel eta zordunketa txartelekin eta mugikorretako aplikazio batzuekin ordaindu ahal izango diren. Era berean, lanean jarraitzen da datozen asteetan noizbehinkako txartelaren ordainketa QR kodearekin ere egin ahal izateko. 

EKObus sistema Dbusen autobus flota osora zabaltzea da ezarri den beste neurri bat. EKObus sistema munduan aitzindaria da, autobusek bat egin ez dezaten eta eraginkortasunez gidatzeko sistema bat da. 2013az geroztik, Dbusek 32 autobusetan zuen sistema hori, eta E-MOBASK Europako proiektuari esker, flota osoan ezarri ahal izan da, lineen puntualtasuna hobetuta eta kontsumoak eta emisioak oro har murriztuta. Era berean, ordutegiak betetzen ere laguntzen dio gidariari, linearen maiztasuna mantentzen saiatzeko.

E-MOBASKek, halaber, hiri garraioa kudeatzen duten mugaz gaindiko erakunde bien arteko lankidetza iraunkorra ezartzea ahalbidetzen du, beren ibilgailuen floten trantsizio energetikoari batera ekiteko eta mugaz gaindi beren inpaktua optimizatzeko. Horretarako, bai Dbusek bai Ipar Euskal Herri – Aturriko mugikortasunen Sindikatuak beren 12 eta 18 metroko autobus %100 elektrikoen funtzionamenduari buruzko azterketak egin dituzte, eta bi flotak konparatzeko analisia ere egin dute.

Efizientzia energetikoa hobetzeko ildo honetan, Dbusek eguzki energiaz elikatzen diren bi informazio panel instalatu ditu autobus geltokietan. Donostian teknologia horrekin funtzionatzen duten lehen bi panel elektronikoak dira. Panel horiek autobusen geltokietako iritsiera orduak ematen dituzte, bai eta erabiltzaileentzat interesgarriak diren beste ohar batzuk ere. Hirian instalatuta dauden gainerako panelen aldean, panel berriek elikatze sistema alternatibo eta berriztagarria erabiltzen dute, markesinen goiko aldean jarritako eguzki plaken bitartez elikatzen baitira.

Informazioaren hobekuntzari dagokionez, hiru erakundeak material komunikatiboak lantzen aritu dira elkarrekin, eta mugaz gaindiko bidaiari hirueledunaren gida bat argitaratu da, lurraldeko biztanleek eta bisitariek Euskal Eurohirian dauden mugaz gaindiko mugikortasunerako irtenbide guztiak ezagutzeko aukera izan dezaten.

Azkenik, datozen hilabeteetan ticketing sistemen interoperabilitatea eta integrazioa aurreikusita dago, Ipar Euskal Herri – Aturriko mugikortasunen Sindikatuak kudeatzen duen garraioaren erabiltzaileek Dbusen Txik-Txak garraio txartelarekin bidaiatu ahal izan dezaten, eta, era berean, MUGI txartela duten erabiltzaileek Ipar Euskal Herriko garraiobideetan bidaiatu ahal izan dezaten, aurrerago Ipar Euskal Herriko erabiltzaileek ere Txik-Txak txartelarekin MUGI sistemaren sare osoan bidaiatzeko aukera izan dezaten.

 

E-MOBASK proiektua

E-MOBASK proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) kofinantzatu du %65ean, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.

Irakurri

Alsa Marruecos-en ordezkaritza bat Dbusen, bisitan

Gaur, Dbusek bisitan etorritako Alsa Marruecos enpresaren ordezkaritza bat hartu du bere instalazioetan. Marokoko sei hiri hauetan jarduten du Alsa Marruecos enpresak: Marrakex, Rabat, Casablanca, Tanger, Agadir eta Khourigba. Ordezkaritzako lagunek, Dbusen hainbat sistema teknologiko garatu dituen Indra enpresa teknologikoak operadore horretan ere parte hartu baitu, Kotxetegien instalazioak ezagutu ahal izan dituzte, baita Donostiako autobus flotan instalatutako azken aurrerapenak xehetasunez egiaztatu ere.

Bisitan zehar, SAE ustiapenerako laguntza sistemaren funtzionamendua egiaztatu ahal izan dute, bai eta Dbusen ticketing sistemaren funtzionamendua ere, bereziki EMV kontakturik gabeko banku txartelaren bidez ordaintzeko Dbusen autobus linea guztietan instalatuta dagoen sistema.   Sistema berritzaile horri esker, kontakturik gabeko Visa, Mastercard eta American Express kreditu txartelekin eta zordunketa txartelekin eta mugikorretako aplikazio batzuekin ordaindu daitezke noizbehinkako bidai txartelak. Gidatzen laguntzeko EKObus sistema ere ezagutu dute. Sistema aitzindari hori ere Donostiako flota osoan dago erabilgarri. Eraginkortasunez gidatzen laguntzeko sistema batez eta anti-bunching sistema batez (autobusek bat ez egiteko sistema) osatuta dago. Gidariari laguntzen dio era ekonomikoan eta ekologikoan gidatu dezan, erregai fosilen kontsumoa eta kutsatzaileen igorpena gutxituta eta, aldi berean, linearen maiztasuna eta puntualtasuna mantenduta. Euskal Eurohirian garraio publikoa sustatzea helburu duen E-MOBASK proiektu europarraren barruan sartzen dira sistema biak.

Sistema horiekin batera, ordezkaritzak geltokiak sentsorizatzeko sistema ere ezagutu du, geltokian dauden erabiltzaileen kontaketaren ia kontrol zehatza egiteko aukera ematen duena, eskaera aurreikustea ahalbidetuta. Ildo horretan, big datatik abiatuta Konpainiaren autobusetan bidaiatzen dutenen jatorria-helmuga matrizea eraiki dezakeen programa berritzaile bat ere badu. Autobusetako ticketing datuetatik abiatuta eta algoritmo matematiko bat erabiliz, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaiak osatu ditzake. Hau da, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaien erregistroa hartuz jakin daiteke zer geltokitan igotzen eta jaisten diren erabiltzaile horiek, haien jatorri-helmuga matrizea, alegia. 

Hitz batean, kontua izango da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea eta planifikatzea sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premietarako egokia den garraio publiko bat eskaintzeko.

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu nazioarte mailan hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du eta etorkizuneko ikuspegi berri bat ere bai, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz gain.

Irakurri

Dbusek bat egiten du Hesteetako Hanturazko Gaixotasunen Munduko Egunarekin

Bihar, maiatzaren 19an, Hesteetako Hanturazko Gaixotasunen Munduko Eguna da eta Dbusek bat egingo du egun horrekin, bai eta eguna ospatzeko Crohn eta Kolitis Ultzeraduna duten gaixotasunen Gipuzkoako Elkarteak antolatu dituen jarduerekin ere.

Horregatik, bihar Donostiako hiriko autobus guztiek informazio kartel bat eramango dute egun osoan, gaixotasun horiek dituzten pertsonek egunero bizi dituzten errealitateak ahalik eta gehien zabaltzeko eta erakusteko, eta kontzientzia soziala areagotzeko egingo diren jarduerak bultzatzeko. 

Irakurri

Dbusek mugikortasun jasangarriarekin eta etorkizunarekin lotutako hainbat ekitalditan parte hartuko du

Dbus-ek mugikortasun iraunkorrarekin lotutako hainbat ekitalditan parte hartuko du aste honetan.

Lehenengoa, eta Go Mobility by MUBIL nazioarteko aretoak eskaintzen duen topaketa-aukeraren barruan, Wake Up Post-Panp Cluster Meeting Commision de i+D+I networking tailerra izango da, gaur, apirilak 26, Gipuzkoako Teknologia eta Zientzia Parkean egiten ari dena eta Tecnaliak koordinatu eta gidatuko duena.

Sektoreak azkenaldian egin eta abiarazi dituen berrikuntza ugariei buruz eztabaidatuko den ekitaldi honetan, Dbus-ek MaaS: Movility as a Service sistemari buruzko aurkezpen bat egingo du, konpainiak epe laburrera ezarri nahi dituen proiektuak ezagutaraziz, hala nola Dbus-en titulu digital berrien QR ordainketa, Dbus eta Dbiziren arteko integrazio digitala eta noizbehinkako txartelaren oztopoak murrizteko helburuarekin.

Bigarren ekitaldia apirilaren 28an izango da, Ficoban, Go Mobility by MUBIL 2022 topaketaren barruan. Dbus City Market Place-ko parte-hartzaileetako bat izango da, Malaga, Bartzelona, Iruñea, Gasteiz bezalako beste hiri batzuekin batera. Esku-hartze honetan Dbus-ek mugikortasun iraunkorraren arloan konpainiaren oraina eta etorkizuna markatzen duten Dbus-en proiektu estrategiko berriei buruz hitz egingo du. Dbus-en flotaren elektrifikazioaz, garraio publikoaren digitalizazioaz, 17. linea BEI (Bus Elektriko Adimenduna) bihurtzeaz, Dbizi-ren sistema handitu eta hobetzeaz eta MaaS sistemaz hitz egingo da.

Aldi berean, eta apirilaren 28an, osteguna, Dbusek smart cities eta bereziki mugikortasunaren, energiaren, ingurumenaren eta IKTen zutabeak delakoekin lotutako Europako beste kluster batzuetako hainbat enpresen bisita jasoko du,. Anoetako Kultur Etxean egingo den bisita hau Dbusen aurkezpenarekin hasiko da. Dbusek konpainiak duela gutxi ezarritako proiektu teknologikoei buruz hitz egingo du, hala nola EKOBUS sistema, EMV ordainketa, eskaria iragartzeko sistema edo jatorria-helmuga sistema nagusia, eta 5. lineako autobus % 100 elektriko batean amaituko da, hiria eta autobusetan ezarritako berrikuntza teknologikoko sistema guztiak ikusteko.

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Egunarekin

Gaur, apirilaren 25ean Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta Dbusek adierazi nahi du egunarekin bat egiten duela, AVAIM elkarteak (Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkartea) antolatu dituen jardueretan lagunduz.

Horregatik, gaur Donostiako hiri autobus guztiek egunaren kartela eramango dute, egoera hori bizi duten pertsonei babesa eta elkartasuna erakusteko eta kontzientzia sozial handiagoa lortzeko egingo diren jardueretan laguntzeko.

Irakurri

Dbusek “Handitan zer izango naiz?” izeneko kanpaina abiatu du, genero rolik gabeko haurtzaro baten alde

Apirilaren 15ean Haurren Eguna izango dela eta, Dbusek kanpaina bat abiarazi du herritarrak lanpostuei lotutako genero rolen inguruan sentsibilizatzeko eta haurrei rol horiek ez transmititzeak duen garrantziaz ohartarazteko.

“Handitan zer izan nahi dut izango naiz?” leloarekin, haurtzaroan ateak irekitzeak duen garrantzia transmititu nahi da, emakumeei edo gizonei dagozkien lanen gainean dauden aurreiritziak eta oztopoak ezabatuz eta baldintzarik gabe aukeratzeko aske izan daitezela sustatuz.

Kanpainan erabiliko diren argazkietan Dbuseko benetako langileak agertuko dira, beraien egiten duten lana seme-alabei, ilobei eta bilobei harrotasunez erakusten, haientzat erreferenteak izateko, izan ere, garrantzitsua da berdintasun           ean heztea, ez soilik esanda, baizik eta eredu izanda ere. 

Kanpainan, konpainiako langileek, gidariek, tailerreko mekanikari batek eta ikuskatzaile batek parte hartu dute, egunerokoan tradizionalki maskulinoa izan den sektore batekin lotzen diren genero oztopoak ezabatzeko lan egiten duten langileek, alegia.

Azken hamarkadan berdintasunaren arloan egindako lanari esker, Dbuseko plantillaren %12 emakumeak dira dagoeneko, 57 gidari eta 2 ikuskatzaile, zehazki. 

Dbusek Emakundek ematen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen zigilua dauka 2010az geroztik, enpresan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean aurrera egiteko hartutako konpromisoagatik eta egindako lanagatik eta horrela eremu soziolaboralean ekimen berriak sustatzeagatik. Era berean, BAI SAREAn parte hartzen du, Konpainiaren langileen garapena bultzatzen duten jardunbide egokiak sustatzeko.

Kanpaina hiriko markesinetan, Dbusen webgunean, sare sozialetan eta autobusen barruko pantailetan egongo da ikusgarri.

Irakurri