Dbusek 246 markesina berrituko ditu datozen bi urteetan
Datozen bi urteetan (2022-2024), Dbusek bere historiako markesina berrikuntzarik handiena egingo du, 246 unitate berri jarriko baititu. Markesina berri horietako 136 Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Ministerioak (Next Generation funtsak) finantzatuko ditu, emisio txikiko eremuak ezartzeko eta hiri garraioaren eta mugikortasunaren eraldaketa digital eta jasangarria egiteko laguntzen bidez. Gainerako 110 markesina, berriz, markesinen eta hiriko altzarien beste elementu batzuen kudeaketa integraleko zerbitzuaren emakidaren barruan berrituko dira.
Markesinak berritzeko plana zehazteko, hainbat irizpide hartu dira kontuan, hala nola markesinen narriadura, irisgarritasuna, ordezko piezen hornidurarik eza, markesinak gehiago hedatzeko beharra, hiriko auzoen araberako eguneratze orekatua, zutoinen ordez markesinak jartzea, etab. Horrez gain, hiriko markesinen estetika homogeneizatu nahi da, modelo bakarra erabilita geraleku guztietarako eta soilik haien konfigurazioa egokituta, lekuaren orografiaren edo irisgarriak izateko oztopoen arabera.
Berritze fasea datozen asteetan hasiko dela aurreikusten da. Hasteko, lehenengo 30 markesinak jarriko dira, eta markesina horiek bi funtzionalitate berri izango dituzte:
- Gidatze sistema: sistema honek ikusmen urritasuna duten pertsonei aukera ematen die ingurune ezezagunetan orientatzeko, seinaleztatutako elementuraino oso modu zehatzean iristeko eta testuinguruaren informazioa eskuratzeko, adibidez, autobusak iristeko denbora erreala eta helmuga, markesinaren kokapen estrategikoetan jarritako seinale digital irisgarri eta unibertsal baten bidez (urrutitik irakur daitezkeen QR kodeak) eta mugikorreko aplikazio berezi bat erabiliz. Sistema baliagarria da, halaber, beste dibertsitate funtzional sentsorial edo kognitibo motaren bat duten pertsonentzat, horiek ere orientatu eta informatu baitaitezke irudien eta seinale akustikoen bidez eskura daitezkeen edukiei esker.
- Argiztapenerako sentsorea: argietara konexioa duten markesina berriek presentziaren sentsoreak izango dituzte, eta sentsore horiei esker kortesiazko argiak aktibatu ahal izango dira eta markesinaren barruko ikuspena nabarmen hobetuko da, barrutik nahiz kanpotik, puntu beltzak ezabatzeko eta ingurunearen segurtasuna hobetzeko. Kortesiazko argi horiek beren argia graduatuko dute markesinan pertsonen presentzia dagoen ala ez kontuan hartuta, eta, beraz, energia gastua aurrezteko aukera ematen da, beharrezkoa ez denean erabilera mugatuta.