Berriak

Dbus-ek autobusetako makina balioztatzaileak berrituko ditu, Next Generation funtsen bidez

DTK-k lizitaziora atera du Dbusen autobusetako makina balioztatzaileak berritzeko lana. Zehazki, 310 unitate berrituko dira. Autobusetan aurre ezkerraldean eta erdialdean dauden makina guztiak dira horiek. Izan ere, gidariaren postuaren ondoan dauden txartel makinak berriki eguneratu dira. Horrela, Dbusen autobus guztietan ordainketa makina guztiek gidatzeko postuaren ondoko makinek dituzten funtzionalitate berritzaile berberak izango dituzte.

Kontratuaren barruan, makinak instalatu, abian jarri eta mantentzeko lanak sartzen dira. Garapena eta martxan jartzea Europar Batasunaren Suspertze eta Erresilientzia Funtsak (Next Generation Funtsak) finantzatutako jardueretan sartzen dira, udalerriei igorpen txikiko eremuak ezartzen eta garraioaren eraldaketa digital eta iraunkorra egiten laguntzeko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA) duen laguntza programaren barruan.

Berritzeko epea 52 astekoa da, kontratua sinatzen denetik, eta kontratuaren balio zenbatetsia 1.088.892 eurokoa da (BEZik gabe). Diru kopuru horretatik, 662.742 € Next Generation funtsekin finantzatuko dira. Esleipena udazkenean egin ahal izatea aurreikusten da. 

 

Makina berrien funtzionalitateak

Makina berriek era guztietako sistemekin ordaintzeko aukera emango dute: MUGI txartelak, BAT eta BARIK txartelak, San Sebastian Card eta Basque Card turista txartelak, EMV kontakturik gabeko banku txartelak, baita Dbusen laster ezarriko den QR kodeen sistema ere. Horrela, autobuseko makina guztiek funtzionalitate berberak eskainiko dituzte, eta erabiltzaileek ordaintzeko modu gehiago eta bidaia esperientzia hobea edukiko dute.