DONOSTIAKO GARRAIOBIDEEN ARAUDIA

 

ZIOEN AZALPENA

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, bere 25. artikuluan, udalak bidaiarien garraiorako hiri zerbitzuak kudeatu eta antolatzeko duen eskumena ezartzen du, eta oinarrizko zerbitzutzat hartzen du. 86.2 artikuluak toki erakundeei esleitzen die jarduera hori.      
Eskumen hau arloko legediaren baitan gauzatu behar da, gaur egun Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko 16/1987 Legearen oinarrizko xedapenek eratzen dutena (1211/1990 Errege Dekretuak lege hori garatu eta haren Arautegia onartzen du). 

Horrez gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan, Bidaiariak Errepidez Garraiatzeari buruzko 4/2004 Legea ere hartu behar da kontuan, udalen eskumena ezartzen duena bidaiarien garraio publikorako zerbitzuen antolamendu, kudeaketa, ikuskapen eta zehapenerako, dagozkion tituluen emakidarako eta tarifa erregimena finkatzeko, kontuan izanik halaber aplika daitekeen legediak adierazten duena. 

Legez dagozkion eskumenak aintzat hartuz, Donostiako Udalak Arautegi hau onartu du, eskaintzen duen garraio publikoko zerbitzua arautzeko tresna gisa.   

Zerbitzu eraginkorrago bat eskaintzeko helburuarekin, Udalak lankidetza hitzarmena egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Irungo Udalarekin eta Errenteriako Udalarekin, eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza (GGLA) sortu zen horrela.

Erakunde horien lankidetzatik, garraio publikoaren tarifa sistemaren bateratzea jarri zen abian Gipuzkoako Lurralde Historikoan, eta MUGI txartela sortu zen, garraio titulu gisa. Txartel horren kontratazio eta erabilera baldintza orokorrak 2014ko martxoaren 27ko Batzar Orokorrak onartu zituen, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, 2014ko apirilaren 4an.

Donostiako Udalak, Gobernu Batzarrak 2013ko urtarrilaren 25ean hartutako erabakiz, MUGI txartela onartu zuen (haren modalitate guztiak), Donostiako hiri garraioa erabiltzeko baliozko titulu gisa, eta garraioko udal tituluak aldatu zituen, dagokion Ordenantza Fiskalak ezarritako hiri garraio publikoko tasak barne, koherentzia mantentzeko tarifa sistema bateratuaren eta udal erregulazioaren artean.  

Tarifa sistema bateratuari esker, sare bateratu modura antolatu da Gipuzkoako garraio publikoko sistema, garraio tituluei, tarifei, deskontuei, hobaritutako kolektiboei… dagokienez.  

Udalak aintzat hartu behar du hau guztia bere erregulazioan, eta pertsona erabiltzaileen eskubide eta betebeharren araubide bat erantsi dio horregatik bere Arautegiari, integrazio sistemak behar duen koherentzia mantentzen duena beste entitateen erregulazioei dagokienez, udal autonomia eta eskumen esparrua errespetatuz betiere. 

Era berean, GGLAren helburua da, Udal honekin partekatutako helburua, irisgarritasun unibertsala bermatzea hiriko garraio publikoan, ahal den neurrian. 

Kontuan izanik pertsona guztien eskura egongo den zerbitzu egoki, seguru eta eroso bat bizi kalitatearen mesederako dela, Arautegi honek betekizun batzuk ezartzen ditu garraio zerbitzua eskuragarri izan dadin edozein pertsonarentzat, garraio katearen une eta gune bakoitzean bete beharreko baldintzak eta espezifikazioak ezarriz: azpiegitura edo instalazio finkoak; ibilgailuak; aurreko bien arteko lotura; informazio, seinalizazio eta orientazio sistemak; eta, azkenik, zerbitzu eskaintza bera. 
 
Arautegia honela egituratuta dago: Atariko Titulua eta sei Titulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.
Atariko Tituluak, xedapen orokorrak biltzen dituena, arauaren aplikazio eremua eta zerbitzuaren izaera publikoa arautzen ditu.    

I. Titulua garraioaren irisgarritasunari eskainia dago.

II. Tituluak garraio erregularra arautzen du, bai erabilera orokorrekoa bai berezia.  Berrikuntza gisa, geldialdiak eskatzeko aukera jasotzen du, hiriaren segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko genero ikuspegitik.

III. Tituluak garraio zerbitzuaren erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak zehazten ditu, aintzat hartuta bizitza pertsonalaren eta profesionalaren beharretatik eratortzen diren haien interesak eta beharrak.
IV. Tituluak garraio enpresa operadoreen betebeharrak jasotzen ditu.
V. Tituluan, garraio tituluari buruzkoa, titulu baliodunen zerrendan sartzen dira GGLAren tarifa sistema bateratuaren txartelak. 
VI. Tituluak zehapen araubidea ezartzen du, betebeharrak betetzen ez direnean eta Arautegi honetan tipifikatutako arau-hausteak egiten direnean aplikatu beharrekoa, bai enpresa operadoreen eta haien langileen kasuan, bai pertsona erabiltzaileen kasuan.

Arautegi honen oinarrian dagoen GGLAk onartutako arautegi proposamena lantzean, aintzat hartu dira hainbat kolektiboren beharrak, erakunde eta taldeen parte-hartzearen bitartez: ONCE, Elkartu, Hirukide eta Kalapie.

 

ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Arautegiaren xedea eta aplikazio eremua.

Arautegi honen xedea da bidaiariak errepidez garraiatzeko udal zerbitzu publikoa arautzea (erabilera orokorreko nahiz bereziko zerbitzua), Donostiako udalerrian.

Arautegi hau ezarriko zaie udal garraio publikoaren erabiltzaileei eta zerbitzu hori eskainiko duten enpresa operadoreei.

2. artikulua. Zerbitzuaren izaera publikoa.

Bidaiarien hiriko garraio zerbitzuak izaera publikoa du; beraz, zerbitzu hori erabiltzeko eskubidea izango dute hala nahi duten pertsona guztiek, muga bakarra izanik Arautegi honek eta arlo honetan indarrean dagoen legediak ezartzen dituzten baldintzak eta betebeharrak.
Donostiako Udalak eskura dituen tresna guztiak erabiliko ditu irisgarritasuna eta mugikortasuna bermatzeko bere zerbitzuan.

3. artikulua. Kudeaketa modalitatea.

1.- Erabilera orokorreko garraio publiko zerbitzu erregularra –iraunkorra, aldi baterakoa eta turistikoa– zuzenean kudeatuko da.

Udaleko Osoko Bilkurak zerbitzuaren kudeaketa modalitatea aldatu ahal izango du, behar bezala arrazoituz aldaketaren aukera eta egokitasuna.

2.- Gobernu Batzarrak erabakiko du, dagokion txosten teknikoa jaso ondoren, zer organo edo entitate arduratuko den udal eskumeneko garraio zerbitzuak eskaintzeaz. 

3.- Arautegi hau onartzeko unean, Donostiako Tranbia Konpainia udal sozietate publikoak (dbus izen komertzialaz) eskaintzen du erabilera orokorreko garraio publiko erregularreko zerbitzua. 

Aldiz, zerbitzu turistikoa Donostia-SS Turismo SA udal sozietatearen esku dago.

4.- Lehenengo aldiz ezartzen den zerbitzu bat edo lehen zuzenean ematen ziren zerbitzuak lizitatzeko hiri-garraioko eskumena duen udal organoaren berariazko ebazpena izan behar da, dagokion txosten teknikoa egin eta hura aldekoa izan eta gero hartuko den ebazpena.

Erabaki horretan, zerbitzuaren ezaugarriak eta zerbitzuetan edo lizitatuko diren lineetan balio izango duten garraio txartelak zehaztu behar dira, hiri-garraiorako onartuta diren tarifak errespetatu eta araudi honetako 11, 20 eta 42. artikuluetan jasotako kasuetan zerbitzua doan izan beharko da.

4. artikulua. Definizioak.

Arautegi honen eraginetarako kontuan hartu beharreko definizioak:

Pertsona bidaiaria: Pertsona bat bidaiaritzat hartzen da zerbitzua eskaintzen duen ibilgailura igotzen den unetik beste geltoki batean ibilgailutik jaisten den arte (hots, bidaia osoan).

Erabilera orokorreko errepide bidezko garraio publiko erregularreko zerbitzua: erabilera orokorreko garraio publiko erregulartzat hartzen dira (iraunkorrak nahiz aldi baterakoak), Donostiako Udalak ezarri aurretik, eskaera orokor bati erantzun nahi diotenak, errepideetatik ibiltzen diren ibilgailuen bidez (autobusa, mikrobusa, taxia…).  

Zerbitzu hauek eskaerari egokitutako garraio zerbitzu modura eratu ahal izango dira. Kasu honetan, soilik eskaera baldin badago ezarriko da zerbitzua.

Izaera turistikoko erabilera orokorreko errepide bidezko garraio publiko erregularreko zerbitzua: turismoari eta aisiari nahitaez lotutako erabilera orokorreko hiri garraio erregularra da, erabilera orokorreko garraio erregularreko gainerako ibilgailuetatik argi bereizten duten ezaugarri bereziak dituen ibilgailu baten bidez egiten dena.

Eskatu ahalako garraio zerbitzua: Nornahik erabiltzeko moduko garraio zerbitzu publikoa da, erregularra eta errepidez egiten dena, eskumena duen organoak zerbitzua jarri eta gero hura erabili behar duen pertsonak telefonoz edo telematikoki eskatu ahala ematen dena.

Zerbitzu konbentzional bat  jartzea ekonomikoki justifikatuta ez dagoen aldeetan, ordutegietan nahiz ustiaketa motetan baino ezin izango da jarri zerbitzu hau.

Ibilgailua: Garraiobide bat, pertsonak hirian errepidez garraiatzeko prestatuta dagoena, izan daiteke autokar edo autobusa, autobus txiki edo mikrobusa eta bustaxia (turismo autoa).

Geltokia: Donostiako Udalak bide publikoan egokitutako lekua, garraio publikoko ibilgailuak gelditzeko, eta bidaiariak ibilgailuetara igo (ibilgailuaren zain daudenak) eta jaisteko (ibilgailuan etorri direnak).

Geltokiak, bere ezaugarri berezien arabera, bere eginkizuna betetzeko behar dituen elementu guztiak izango ditu: markesina, informazio elementuak, eserlekuak, etab.

Bizikleta: bi gurpildun zikloa, pertsonak pedalen bidez sortutako muskulu energiaren bultzadaz mugitzen dena.

Irisgarritasun Unibertsala: Inguruneek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek, baita objektuek, tresnek, lanabesek eta gailuek ere, bete behar duten baldintza bat da, pertsona guztiek ahalik eta modu autonomo eta naturalenean uler, erabili eta eskuratu ditzaten, seguru eta eroso. Berekin dakar “diseinu unibertsala edo pertsona guztientzako diseinua” estrategia, beharrezkoak diren arrazoizko egokitzapenen kalterik gabe.
Garraio kolektiboko sistemek Irisgarritasun Unibertsalaren diseinu jarraibideak bete behar dituzte, edozein pertsona erabiltzailerentzat egokia izango den zerbitzua eskaintzeko, kontuan izanik giza aniztasuna eta horren araberako eskakizunak (eskakizun horiek, hain zuzen ere, garraio modu bakoitzeko diseinu irisgarrirako zehaztasun tekniko multzo batean eta horien arteko elkarrekintzan gorpuzten dira).
Mugikortasun urriko pertsonak: aulki gurpildunetan ibiltzen diren pertsonak dira, eta, oro har, beren egoera pertsonala dela-eta beren burua edo hirugarren bat arriskuan jarri gabe zutik bidaiatu ezin dutenak, 8. artikuluan adierazten den moduan.
Plataforma: autobus barneko zona berezia, gainerako zonetatik argi bereizia, kanpotik sarbide zuzena duena eta eusteko elementuez eta/edo eserleku bereziez hornitua, aulki gurpildunetan ibiltzen diren pertsonak, mugikortasun urria duten pertsonak, haur kotxe eta aulkietan doazen haurrak, bizikletak eta objektu jakin batzuk garraiatzeko.

 

I. TITULUA. IRISGARRITASUN UNIBERTSALA

5. artikulua. Esparru erregulatzailea.

Garraio operadoreek garraio publikoetako irisgarritasun unibertsalari buruzko araudia bete behar dute, eta araudi hori jasota dago indarrean dagoen legedian, arautegi honetan, garraio arloko klausula erregulatzaileen pleguetan, garraio baimenetan eta, hala dagokionean, emakida tituluan. 

6. artikulua. Irisgarritasuna sustatzen duten elementuak.

1.- Autobusak irisgarritasun sistemez hornituta egongo dira, eta sistema horiek erabilgarri eta aktibagarri egongo dira beti, horretarako ezarritako gailuen bitartez.
2.- Ibilgailuek, beren ezaugarrien arabera, pertsonak sartu-irteteko sistema hauek eduki beharko dituzte:
-Inklinazio sistemak zoru baxuko autobusetan. Sistema hauek beti erabiliko dira, arrapala aktibatu baino lehen, ezaugarri orografikoak eragozpen direnean izan ezik, mugikortasun urriko bidaiariak autobusera igotzeko eta jaisteko.
– Arrapalak zoru baxuko autobusetan, aulki gurpildunetan ibiltzen diren pertsonek ez ezik, mugitzeko material ortoprotesikoa behar dutenek ere erabil ditzaketenak (ibiltariak, makuluak, etab.)
– Plataforma jasotzaileak zoru altuko autobusetan, aulki gurpildunetan mugitzen diren bidaiariak sartu-irteteko.
3.- Donostiako Udalak sustatu egingo du dei txirrinen eta abisu sistemen erabilera erraztuko duten piktogramen eta beste elementu batzuen instalazioa. Abisu sistemek bolumen eta tonu egokiak izango dituzte, gidariari eragozpenik ez sortzeko modukoak.
4.- Donostiako Udalak informazioaren irisgarritasuna sustatuko du, autobusetan eta geltokietan, baita komunikazio zerbitzu osagarriak ere erabiltzaileen arreta zerbitzuetan eta web orrialdeetan (hala nola sistema handitzaileak eta alternatiboak, ahozko komunikazioa errazteko sistemak eta zeinu hizkuntza, ukimen komunikazioko sistemak eta komunikazioa errazteko beste gailu batzuk).
5.- Ikusmen arazoak dituzten pertsonak garraiatzeko, ibilgailuek seinale argidunak eta akustikoak (ez kirrinkariak) izango dituzte, sarrerako atea aurkitzen laguntzeko. Gainera, eskatutako geldialdiei buruzko informazio bisuala eta soinuduna emango da, ibilbide osoan funtzionamenduan egongo dena.
6.- Donostiako Udalak irisgarritasun gailuak aktibatzeko urrutiko kontrolak banatuko ditu hala eskatzen duten erabiltzaileen artean.

7. artikulua. Irisgarritasun eta mugikortasun bermea.

Donostiako Udalak neurri egokiak hartuko ditu garraio sistema unean uneko irisgarritasun eta mugikortasun beharretara egokitzeko.

Gainera, neurriak hartuko ditu ere prestakuntza egokia emateko garraio enpresa operadoreetako langileei, mugikortasun urriko pertsonen beharrei erantzuteko.

8. artikulua. Mugikortasun urriko pertsona bidaiariak.

Mugikortasun urriko pertsona bidaiaritzat hartuko dira –autobus barnean erreserbatutako eserlekuak eta lekuak erabiltzeari dagokionez, besteak beste– honako hauek:

  1. Aulki gurpildunetan ibiltzen diren pertsonak.
  2. Zentzumen eragozpenak (ikusmena, entzumena, mintzamena), adimen zailtasunak edo ohiko garraio zerbitzua erabiltzeko zailtasun handiak dituzten pertsonak.
  3. Faktore antropometrikoak direla-eta maniobra zailtasunak dituztenak (autobus barneko zona eta eserlekuen erabilera eragozten die).
  4. Bihotz edo arnas gaixotasunak dituzten pertsonak, edo mugitzea eragozten dien beste gaixotasunen bat dutenak.
  5. Adin handikoak izanik ibiltzeko edo beren kabuz mugitzeko arazoak dituzten pertsonak.
  6. Haurdun dauden emakumeak.
  7. Sei urtetik beherako haurrak eta haiekin doan pertsona.
  8. Gorputz-adarrak immobilizatuta, igeltsuarekin, dituzten pertsonak, edo makuluekin ibiltzen direnak.
  9. Mugikortasun funtzionalik gabeko pertsonak, batetik bestera ibiltzeko arazoak dituztenak.
  10. Oro har, beren egoera pertsonala dela-eta beren burua edo hirugarren bat arriskuan jarri gabe zutik bidaiatu ezin dutenak.

9. artikulua. Mugikortasun urriko pertsonak ibilgailura sartzea eta irtetea.

Mugikortasun urriko bidaiariak ibilgailura sartu eta irtetean, guztiz bermatuko da segurtasuna, aplikagarria den araudiaren arabera.

Ibilgailura sartzeko maila igo ezin duten mugikortasun urriko bidaiariek bere egoeraren berri emango diote gidariari, dagozkion neurriak har ditzan. Ibilgailura sartu eta irtetean, erosoena den eta ahalegin fisiko txikiena eskatzen dien atea erabiliko dute.

Aulki gurpildunak erabiltzen dituzten pertsonek horretarako prestatuta dagoen atea erabiliko dute, inklinazio sistema eta arrapala edo plataforma jasotzailea aktibatu ondoren, eta aurrera edo atzera begira kokatuko dira, ibilgailuaren mugimenduaren noranzkoari dagokionez, kasuaren arabera, balaztari eraginda. Eta, ahal den guztian, ibilgailuaren segurtasun-uhalaz ondo lotuta.
Oro har, bi aulki gurpildun soilik egongo dira ibilgailuaren plataforman.

Aulki gurpildunean ibiltzen diren pertsonek lehentasuna izango dute ibilgailura sartzeko, haur kotxe edo aulkietan doazen haurren eta bizikleten aldean, azken horiek autobus barnean daudenean izan ezik.

Mugikortasun urriko pertsonek erabiltzen dituzten elementu lagungarriek edo eustekoek (hala nola ibiltariak) egoki lotuta egon beharko dute bidaiak iraun bitartean.
Objektu horiek kalteak eragiten badizkiete pertsonei edo ondasunei, erantzukizuna objektuaren eramailearena izango da, garraio enpresak erantzukizunik baduela frogatzen denean izan ezik.

10. artikulua. Eserleku eta zona erreserbatuak.

Bidaiariek nahi dituzten eserlekuak erabiliko dituzte, mugikortasun urriko pertsonentzat bereziki gordeta daudenak izan ezik.
Autobusetan, aulki gurpildunetan ibiltzen diren pertsonentzako bi leku erreserbatuko dira gutxienez, eta lau eserleku 12 metroko luzera duten autobusetan eta sei eserleku, 18 metroko luzera duten autobus artikulatuetan. Eserleku hauek ateetatik hurbil egongo dira, egoki seinaleztatuak, eta eskura edukiko dituzte balidatzaileak, txirrinak eta geldialdi seinaleak.

Mikrobusetan, aulki gurpildunetan ibiltzen diren pertsonentzako leku bat eta bi eserleku erreserbatuko dira gutxienez mugikortasun urria duten pertsonentzat. 

Mugikortasun urriko pertsonentzako eserlekuak gainerako erabiltzaileek ere erabili ahal izango dituzte, libre egonez gero eta pertsona horien eskaririk ezean.

Mugikortasun urria ez duen pertsona batek erreserbatutako eserleku bat bidegabe erabiltzen duenean, mugikortasuna urria duen pertsonari uzteko eskatuko dio gidariak. 

11. artikulua. Mugikortasun urriko pertsona bidaiarien tarifa araubidea.

Mugikortasun urria duten bidaiariei gainerako bidaiarien tarifa araubide bera ezarriko zaie, bidaian erabiliko duten lekua gorabehera.

Bidaiari itsuen edo aulki gurpildunetan doazenen segurtasuna eta erosotasuna bermatzea eginkizun duten pertsona laguntzaileek ez dute bidaia txartelik ordainduko, eta itsuekin doazenek eserleku erreserbatuak ere erabili ahal izango dituzte.

Gidariak uste badu laguntzaileak bidaia ordaindu behar duela, bere irizpidea nagusituko da, eta gerora laguntza ezinbestekoa dela egiaztatzen bada, bidaiaren zenbatekoa berreskuratu ahal izango da.  

 

II. TITULUA. GARRAIO ERREGULARRA

I. Kapitulua. Erabilera orokorreko hiri garraio erregularra 

12. artikulua. Erabilera orokorreko hiri garraio zerbitzu erregularra ezartzea, antolatzea eta ustiatzea.

1.- Udal organo eskumendunak ezarriko ditu bidaiariak hirian errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregularrak, Donostiako udalerrian aplika daitekeen arloko araudiaren arabera.

2.- Gainera, dagokion txosten teknikoa jaso ondoren, erabilera orokorreko garraio publiko erregularreko zerbitzua antolatu eta planifikatuko du, bai lineei, ibilbideei, geltokiei, ordutegiei eta horiei lotutako beste alderdi batzuei dagokienez, bai pertsona guztien irisgarritasun unibertsala bermatuko duten sistema eta elementuei dagokienez (hala nola inklinazio sistemak, arrapalak, plataforma jasotzaileak eta txirrin egokituak), bai eta txartela baliogabetzeko sistemei dagokienez ere.
3.- Garraio zerbitzua eskatu ahala emateko erabakian, alderdi hauek behintzat zehaztu behar dira:

a)   Zerbitzua emateko erabiliko diren ibilgailuek irisgarritasun aldetik bete behar dituzten baldintzak betetzea, ibilgailuaren ezaugarrien arabera.
b)   Zerbitzua eskatzeko izango diren baliabideak eta erabili nahi den garraioa atera eta zenbat denbora baino lehen eskatu behar den hura. Eskaerak kontuan hartzeko, eskaera jaso den ordenari begiratuko zaio. Zerbitzua beteta bada, segituan jakinaraziko zaio eskatzaileari tokirik ez dela hark eskatutako bidaia egiteko.
c)    Zerbitzua hartzeko eta uzteko izango diren geltokiak.
d)   Zer tarifa ordaindu behar den. Tarifa hori eta zerbitzu arruntarentzako aurreikusita dagoen tarifa, berbera izango da, nahitaez.
e)   Zerbitzua behar bezala antolatzeko izan behar diren beste baldintza batzuk.

4.-Hiriaren irisgarritasuna eta segurtasuna genero ikuspegitik hobetzeko helburuarekin, dagokion txosten teknikoa jaso ondoren, arrazoi sendoak daudenean gai honetan neurriak hartzeko, erabiltzaileek geldialdia eskatu ahal izango dute autobus linean ezarritakoetatik kanpo, zerbitzu bakoitzerako zehaztutako zati, baldintza eta ordutegietan.

13. artikulua. Erabilera orokorreko aldi baterako garraio erregularra.

Erabilera orokorreko aldi baterako garraio erregulartzat hartzen dira ezohiko edo koiunturazko trafiko bolumenei erantzuteko aldi jakin baterako ezartzen direnak, hala dagokionean aldizka errepikatzearen kalterik gabe.

Kategoria honen barnean sartzen dira Anoetako estadiora edo Belodromora doazen zerbitzu zuzenak, Illunbera doazenak eta hiri garraioko linea erregularretako ohiko ibilbide eta ordutegietatik kanpo dauden antzeko beste zerbitzu batzuk.

14. artikulua. Aldi baterako garraio erregular turistikoa.

Arau honen 4. artikuluak definitzen duen garraio erregular turistikoaren barnean sartzen dira Autobus Turistikoak eta Tren Turistiko Artikulatuak eskaintzen dituzten zerbitzuak.

Tren artikulatuak hiru bagoi artikulatu izango ditu gehienez, kapota garden tolesgarriak, itzulpen zerbitzua eta eserlekuak bidaiari guztientzat.

Autobus turistikoa bi solairuko ibilgailu bat da, “ingeles” motakoa: goiko solairua deskapotablea da, itzulpen sistemez hornitua dago eta eserlekuak ditu bidaiari guztientzat.

 

II. Kapitulua. Erabilera bereziko garraio erregularra

15. artikulua. Erabilera bereziko garraio erregularra.

Garraio erregular berezia erabiltzaile talde jakin batzuekin bakarrik erabiltzen da: ikasleak, langileak eta beste kolektibo batzuk.

16. artikulua. Baimena.

Garraio mota honetan, ibilbidea Donostiako udalerritik irteten ez denean, Udalaren baimena eskuratu behar da. Prozedura honen bidez egiten da:

1.- Garraio enpresak garraio zerbitzua adostuko du lehenik taldearen edo kolektiboaren ordezkariarekin, dagokion kontratu edo aurrekontratuaren bidez.

2.- Kolektiboen ordezkaritzat hartuko dira kolektiboarekiko duten posizio espezifikoan oinarrituta garraiolariekiko harremana bere gain hartuko duten pertsonak: ikastetxeen gaineko eskumena duten administrazio organoak; ikastetxeen edo produkzio zentroen jabe edo zuzendariak; ikasleen guraso elkarteen ordezkariak; langile elkarteen ordezkariak; eta abar.

3.- Baimenak kontratuan jasota dagoen denbora eperako emango dira, eta, nolanahi ere, urtero berrituko dira. Oro har, ikasleen garraiorako ematen diren baimenak dagokion ikasturterako izango dira; aldiz, langile taldeei emandako baimenen iraupena bat etorriko da urte naturalarekin.

4.- Baimenak zerbitzuaren prestazio baldintzak zehaztuko ditu, kontratuan ezarritakoaren arabera, eta egin beharreko ibilbidea edo ibilbideak finkatuko ditu, honako hauek adierazita: trafikoak, irteera eta helmuga puntuak, geltokiak eta ordutegiak.

17. artikulua. Erabilera bereziko garraioaren ibilbideak eta geltokiak

Udalak zerbitzu mota honetarako ibilbideak eta geltokiak ezarriko ditu urtero. Hala eta guztiz ere, aurreplangintzan ezarri gabeko geltokiak edo ibilbideak baimendu ahal izango dira, eskaini behar den zerbitzuaren berezitasunak kontuan hartuta, hala nola ezgaitasun fisikoak edo psikikoak, etxebizitza zona berrien garapena edo behar bezala arrazoitutako beste arrazoi batzuk.

Autobusen geldialdia bidaiariek igotzeko edo jaisteko behar duten denbora tartera mugatuko da, eta ibilgailura sartzeko eta irteteko operazioak ahalik eta azkarren egingo dira.

Geltokian arrazoirik gabe denbora gehiago badaude gelditik, dagokion zehapen espedientea ezarri ahal izango da.

 

III. TITULUA. GARRAIO ZERBITZUAREN BIDAIARIEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

I. KAPITULUA. Eskubideak

18. artikulua. Pertsona bidaiarien eskubideak.

1.- Arautegi honen aplikazio eremuaren barnean dauden enpresa operadoreek eskainitako garraio zerbitzuaren hartzaile diren pertsona bidaiariek eskubide batzuk dituzte, araudi orokorrean eta Arautegi honetan berariaz jasota daudenak.

2.- Bereziki, pertsona bidaiarien eskubideak dira:

a. Garraiatuak izatea, garraio titulu baliodun bat edukitzea izanik baldintza bakarra. Bidaiariak une bakoitzean indarrean dauden garraio tituluen artean aukeratu ahal izango du, indarreko tarifen arabera, eta Arautegi honetan ezarritako baldintzak beteko ditu beti.

Garraiatua izateko eskubidea erabiltzeko baldintza aukeratutako zerbitzuan plazak egotea da.

b. Garraiatuak izatea izaera orokorrarekin ezarritako eta programatutako zerbitzu eskaintzaren baldintzetan, irisgarritasun eta mugikortasun unibertsalaren printzipioen arabera.

c. Garraiatuak izatea autobus, autokar, mikrobus, minibus eta taxibusen zirkulazioari dagozkion nahitaezko aseguruen estalpean, homologazio arauak betetzen dituzten ibilgailuetan, eta egoki prestatuta dauden langileek gidatuak, horretarako gaitzen dituen administrazio baimena dutela.

d. Zerbitzuaren funtzionamendu, tarifa eta baldintza zein gorabeherei buruzko informazioa jasotzea, irisgarritasun eta mugikortasun unibertsalaren printzipioen arabera beti.

e. Laguntza txakurrek lagunduta joatea, aplikagarria den indarreko legedian ezarritakoaren arabera.

f. Informazioa erabili eta jasotzea Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan.

g. Tratu egokia jasotzea garraio enpresa operadoreetako langileengandik; azken horiek pertsona erabiltzaileek zerbitzuarekin lotuta egiten dituzten laguntza eta informazio eskaerei erantzungo diete.

h. Ibilgailura eskuko fardel edo paketeekin igotzea, baldin eta eragozpen edo arriskutsu ez bada beste bidaiarientzat edo ibilgailuarentzat, Arautegi honetan ezarritakoaren arabera.

i. Kotxe eta aulkiekin bidaiatzea gehigarririk ordaindu gabe, Arautegi honetan ezarritakoaren arabera.

j. Bizikletak eramatea, gehigarririk ordaindu gabe, beren ezaugarriak direla-eta horretarako aukera ematen duten ibilgailuetan, aurretik zehaztutako linea, geltoki eta ordutegietan, Arautegi honen 23. artikuluan ezarritakoaren arabera.

k. Etxe abereekin bidaiatzea, gehigarririk ordaindu gabe, baldin eta eragozpen edo arriskutsu ez bada beste bidaiarientzat edo ibilgailuarentzat, Arautegi honen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

l. Unean uneko erreklamazio orria eskatu eta eskuratzea, garraio enpresa operadoreen ibilgailu guztietan eta instalazio finkoetan, zerbitzu prestazioarekin zerikusia duen edozein erreklamazio egiteko.

m. Gorabeheraren baten ondorioz ibilgailua erretiratu behar denean, bidaia jarraitzea linea berean edo, hori ezinezkoa denean, antzeko ibilbidea duen beste linea batean. Kasu honetan, bidaiariek ez dute ibilbide alternatiboa ordainduko, eta bidaia irisgarritasun baldintza egokietan egingo dute.

n. Galdutako objektuak berreskuratzea, ibilgailuetan aurkitzen direnean, objektuen jabetza edo edukitza legitimoa egiaztatu ondoren. Objektu horiek garraio enpresa operadoreen bulegoetan edo objektu galduen udal bulegoetan entregatuko dira, garraio enpresa operadoreetako langileek aurkitutako egoera berean.
Objektu galduak aurkitu eta bi urtetan egongo dira haien jabetza egiaztatzen duten pertsonen eskura; aldi hori igaro eta gero, objektuak aurkitu zituen erabiltzaileari itzuliko zaizkio edo, ezinezkoa bada, objektuez arduratu zen garraio enpresa operadoreko langileari. Ibilgailu batean objekturen bat galdu duela uste duen edozein bidaiari harremanetan jarri ahal izango da zerbitzua ematen duen garraio enpresa operadorearekin, objektua berreskuratzeko. 

19. artikulua. Hizkuntz politika.

1.- Kapitulu honetan ezarritakoari jarraituz, pertsona bidaiariek, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen erabilerari dagokionez, hizkuntza eskubide hauek izango dituzte:
a. Bidaiarien errepide bidezko erabilera orokorreko garraio zerbitzu publiko erregularren titularrak diren administrazio publikoekin harremanetan jartzeko aukeratutako hizkuntza ofizialean artatua izateko.

b. Bidaiarien errepide bidezko erabilera orokorreko garraio zerbitzu publiko erregularrak ematen dituzten enpresa operadoreekin eta enpresa horien establezimenduekin harremanetan jartzeko orduan, hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko eskubidea; zerbitzu horietan ari diren langileek bidaiariak artatzeko moduan egon beharko dute, erabiltzen duten hizkuntza ofiziala edozein dela ere.

c. Aukeratzen duten hizkuntza ofizialean, garraio zerbitzuari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

d. Hizkuntza ofizialetako edozeinetan erreklamazioak egiteko eskubidea.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen Kontsumitzaileen Estatutuari jarraituz, bidaiariekin harremanetan jartzeko orduan, bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuta egongo da honako hauetan:
a. Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeko establezimenduetan, errotulu, abisu eta oro har publikoari zuzendutako komunikazioetan.

b. Bidaiariek betetzeko prestatu diren inprimaki edo eredu ofizialetan.

c. Bidaiariak berariaz bi hizkuntza ofizialetako bat erabiltzea hautatzen duenean izan ezik, atxikipen kontratu, klausula ereduak dituzten kontratu, kontratu arautu, baldintza orokor eta kontratu horiei lotutako edo kontratuak gauzatzearen ondoriozko dokumentuetan.

d. Bidaiariei berariaz zuzendutako komunikazioetan eta, halaber, faktura, aurrekontu eta antzeko agirietan, bidaiariak berariaz bi hizkuntza ofizialetako bat erabiltzea hautatzen duenean izan ezik.

e. Bidaiariei zuzendutako garraio zerbitzuen eskaintza, sustapen eta publizitatean, edozein izanda ere erabilitako euskarriak.

3.- Bidaiarien errepide bidezko erabilera orokorreko garraio zerbitzu publiko erregularra eskaintzen duten enpresa operadoreek artikulu honen 1. eta 2. ataletan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

20. artikulua. Adingabeen garraioa.

1.- Sei urtetik beherako adingabeek doan bidaiatuko dute; hala ere, doaneko txartela izeneko titulua eduki beharko dute, plazak zenbatzeari eta trafikoari buruzko legediak ezarritako nahitaezko aseguruen estaldurari dagokionez.

Adingabearen adinaren inguruan desadostasunik egonez gero, gidariaren irizpidea nagusituko da, eta, hala ere, bidaiaren zenbatekoa itzuliko da, inguruabar hori behar bezala egiaztatu eta gero.

Sei urtetik beherako adingabeek beren segurtasunaz arduratuko den pertsona batek lagunduta bidaiatuko dute.

Pertsona heldu batek sei urtetik beherako lau adingaberekin bidaiatuko du gehienez.

2.- 6 eta 18 urte bitarteko bidaiariak ibilgailura sartzen badira haien segurtasunaren erantzulea den pertsona heldu baten laguntzarik gabe eta tarifa sistema bateratuko txartel pertsonalizatua (MUGI txartela) eramaten badute, gurasoek edo tutoreek baimendutako adingabetzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta, hortaz, haien erantzukizunpean bidaiatuko dute.

21. artikulua. Eskuko bagajea.

1.- Bidaiariek eskubidea izango dute pakete edo objektu txiki batzuk, skateak, patineteak eta antzekoak nahiz eskuko bagaje batzuk ere eramateko, baldin eta eragozpen edo arriskutsu ez badira beste bidaiarientzat, eta ibilgailuaren plaza kopurua murrizten ez badute.

Oro har, ez da onartuko 100 x 60 x 25 cm neurria gainditzen duen objekturik eramatea.

Nolanahi ere, bidaiariak ondo eutsiko die bere objektu edo fardelei, ibilgailura sartzen denetik irteten den arte.

Ezin izango da inola ere lurrean utzi ibilgailuaren sarrera-irteerak, igarobideak, zona erreserbatuak edo geltokia bera oztopatzen duen objektu edo bagajerik.

Eskuko fardelak daramatzan bidaiariari egokituko zaio ekipaje hori zaintzea, eta, ondorioz, bidaiari horren kontura izango dira ibilgailuaren barruan egon bitartean ekipajeak paira edo sor ditzakeen kalteak, betiere garraio enpresa operadorearen erantzukizuna frogatzen ez bada. Frogatuz gero, ezargarriak izango dira indarrean dagoen legediak ekipajeei dagokienez xedatzen dituen mugak.

2.- Zutik doazen bidaiariak onartzen diren garraiobideetan, fardel edo ekipaje onargarriak izango dira eskuarki erabili eta onartzen direnak, hala nola erosketako orgak, tolestuta dauden bizikleta tolesgarriak, haur kotxe eta aulki tolestuak edo antzekoak, aurreko paragrafoan adierazitako neurriez bestelakoak izan ditzaketenak, dituzten ezaugarrien arabera.

Zutik bidaiatzea dagoen ibilgailuetan, bidaiariek eskubidea izango dute kirolean eta aisialdian erabiltzen diren objektu edo fardelak edo horien antzekoak direnak eta bigarren paragrafoan aurreikusitako neurriak gainditzen dituztenak eramateko (adibidez, surfeko oholak, eskiak, musika tresnak edota antzekoak), betiere horretarako nahiko espazioa badago, aulki gurpildunetan ibiltzen diren pertsonentzako edo haurrentzako kotxe eta aulkietan eramaten diren haurrentzat erreserbatutako tokira iristea eragozten ez badute eta igarotzeko eta sartu-irteteko lekuetan trabarik egiten ez badute, eta halaber, pertsona bakar batek garraiatzeko modukoak badira, bi metroko garaiera gainditzen ez badute, eta dagokien zorroak babestuta badaude. Espazioaren inguruko eztabaida sortzen bada, gidariaren irizpidea nagusituko da.

Fardela daraman bidaiariak bertikalean mantenduko du, gainerako bidaiariei eragozpenik sortu gabe edota bidaiarien zirkulazioan trabarik egin gabe, bai sartu eta irtetean, bai ibilgailuaren barruan.
Fardelak eramaten dituen pertsona izango da adierazitako objektuek pertsonei edo ondasunei sor diezazkieketen kalteen erantzule, betiere egindako kaltean garraio enpresa eragileak erantzukizunik ez duela frogatzen bada.

22. artikulua. Haur kotxe eta aulkietan doazen haurrak.

1.- Haur kotxe eta aulkietan doazen haurrak onartuko dira ibilgailu guztietan, ibilgailuen ezaugarriek hala ahalbidetzen dutenean.

Ibilgailuaren plataformara haurrak kotxe edo aulkietan dituztela sartu nahi duten bidaiariek errespetatu egingo dute aulki gurpildunetan ibiltzen diren pertsonek duten lehentasuna. 

Haurrik gabe doazen haur kotxe edo aulkiak tolestu egingo dira beti, eta ezin izango dira autobusera irekita sartu. Ahal dela, haur kotxe edo aulki tolestuak aurreko atetik sartuko dira.

2.- Ahal dela, haur kotxe eta aulkiak daramatzaten pertsonak ibilgailuan sartuko dira horretarako prestatuta dagoen atetik, aulki gurpildunak igotzeko arrapala aktibatu gabe, baina bai ibilgailuaren inklinazio sistema.

Haur kotxea edo aulkia plataforman utziko da, eragozpenik eragin gabe beste bidaiariei. Lotuta eramango dira beti, ibilgailuak horretarako dituen mekanismoen bidez, balazta eraginda, haurra ibilgailuaren mugimenduaren noranzkoaren aurka begira dagoela.

Haur kotxea edo aulkia daraman pertsonaren ardura izango da baldintza horiek guztiak betetzea, adingabearen eta gainerako bidaiarien segurtasuna bermatzeko moduan.

3.- Bi haur baino gehiago ez dago sartzerik 18 metro bitarteko ibilgailuetara haurren kotxe eta/edo aulkietan, eta haur bat besterik ez ibilgailu txiki edo mikrobusetara. Dena dela, horrelakoetan ere gurpil aulkian ibiltzen diren mugikortasun murriztuko pertsonek izango dute ibilgailuetara sartzeko lehentasuna.

Biko edo gehiagoko aulki batean haur bat baino gehiago joanez gero, pertsona bakar bat bakarrik doala jo daiteke, baldin eta ibilgailuan tokirik bada.

4.- Ez da gehigarririk ordainduko haur kotxe edo aulkia eramateagatik, Arautegi honen 18.2.i artikuluan ezarritakoaren arabera.

23. artikulua. Bizikletak garraiatzea.

1.- Bizikletak soilik garraiatu ahal izango dira horretarako modua eskaintzen duten ibilgailuetan, garraio arloan eskumen duen organoak ezarritako linea, geltoki eta ordutegietan.

Behar bezala seinaleztatuko da zer geltoki eta lineatan baimenduta dagoen bizikletak daramatzaten pertsonak ibilgailuetan sartzea, eta baita horretarako dauden geldialdi ordutegiak ere, hala dagokionean.

Bizikletak dituzten pertsonak autobusaren erdiko atetik sartuko dira, eta plataforman kokatuko dituzte, ondo lotuta.

Bizikleta bakarra onartuko da pertsona bakoitzeko, eta bi bizikleta garraiatu ahal izango dira batera gehienez.

Edonola ere, aulki gurpildunetan ibiltzen diren pertsonek eta haur kotxe edo aulkietan doazen haurrek lehentasuna izango dute, eta bizikletek beren txanda itxaron beharko dute. 

Autobusaren plataforman aulki gurpildunetan ibiltzen diren pertsonarik edo haur kotxe edo aulkietan doan haurrik baldin bada, ezin izango da bizikletarik sartu. 

2.- Tolestutako bizikletei dagokienez, Arautegi honen 21. artikuluak ezartzen duena hartuko da kontuan.

3.- Ez da gehigarririk ordainduko bizikleta eramateagatik, Arautegi honen 18.2.j artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.- Bizikleta daraman pertsona izango da bizikletak pertsonei edo ondasunei sor diezazkiekeen kalteen erantzulea, garraio enpresa operadoreak erantzukizunik baduela frogatzen denean izan ezik.

24. artikulua. Etxe abereak

Etxe abere txikiak sartu ahal izango dira ibilgailura, eta besoetan garraiatuko dira, edo edukiontzi berezietan. Animaliarekin doan pertsonak eserita joan beharko du, erreserbatu gabeko eserlekuren batean, eta animaliaren tamainak ez du gaindituko eserlekuaren zabalera.

Txakur gidariek eta laguntzakoek (zentro homologatuek eginkizun horietarako kreditatuak) ez dute aurreko baldintza bete beharko, eta animalia hauek jabearen ondoan bidaiatu ahal izango dute, aplikagarria den araudian ezarritako moduan.

25. artikulua. Ibilbideak etetea eta aldatzea.

1.- Oro har, obra, jai, festa, ekitaldi berezi eta abarren ondorioz ibilbidea aldatu edo zerbitzua aldi baterako eten egin behar denean, horren berri emango da lehenbailehen, garraio enpresa operadoreen informazio zutoinak, markesinak eta web orrialdeak erabilita, edo ibilgailuak berak. Informazio hori gertakizun bakoitzaren garrantziaren arabera antolatuko da, eta ahal dela, aldaketak eragindako geltoki eta lineetan ezarriko da.

2.- Txartelaren zenbatekoa itzuliko da, bakar-bakarrik, zerbitzua hasi baino lehen eten egin bada. Bidaiariei txartelaren zenbatekoa itzultzeko, garraio titulu balioduna aurkeztu beharko dute, egoki balidatua, hala dagokionean.

3.- Ez da zerbitzu etenduratzat hartuko edozein linea ohiko ibilbidetik desbideratzea, edo zerbitzua behin hasita gelditzea, garraio enpresaren borondatearen aurkako arrazoiengatik denean. Zerbitzua matxura bategatik eteten denean, garraio enpresak beste ibilgailu bat jarriko du, bidaia amaitzeko, ahalik eta lasterren, hurrengo autobusean lekua dagoenean eta ordezkoa baino lehen iristeko moduan dagoenean izan ezik.
Matxuratu den autobuseko bidaiariak, garraio titulu berarekin, gidariak esandakoari kasu eginez, garraio enpresak bidaia amaitzeko jarriko duen ibilgailura igoko dira, irisgarritasun baldintza egokietan.

 

II. Kapitulua. Betebeharrak

26. artikulua. Bidaiarien betebeharrak.

1.- Arautegi honen aplikazio eremuaren barnean dauden enpresa operadoreek eskainitako garraio zerbitzuaren hartzaile diren pertsona bidaiariek eskubide batzuk dituzte, araudi orokorrean eta Arautegi honetan berariaz jasota daudenak.

2.- Zehazki, pertsona bidaiarien betebeharrak dira:

a. Garraio titulu balioduna eramatea, Arautegi honek ezarritako moduan. Titulua ibilbide osoan gordeko da, eta enpresa zerbitzu emailearen, enpresa operadoreko langileen eta Donostiako Udaleko langileen esku egongo da.

b. Garraio enpresa operadoreetako langileen jarraibideak betetzea, zerbitzuari eta haren gorabeherei dagokienez.

c. Instalazioetan eta ibilgailuetan ipinitako kartel edo gomendioek adierazitakoa errespetatzea, eta ez egitea beste bidaiarientzat edo garraio enpresako langileentzat eragozpen izan daitekeen ezer.

d. Mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatutako eserlekuak eta zonak errespetatzea, eta erreserbatutako eserlekua uztea mugikortasun urria duen pertsona bati, hala eskatzen duenean.

e. Autobusera igotzea sarrera atetik, eta garraio titulua eskuratu edo balidatu ondoren, irteera ateetatik hurbil kokatzea, ibilgailu barneko bidaiarien mugimendua errazteko.

f. Geltokian, itxaron ilara errespetatzea.

g. Ibilgailutik era ordenatuan jaistea, linean ezarritako geltokietan.

h. Geldialdi eskaera garaiz egitea, igo edo jaisteko.

i. Segurtasun uhalak erabiltzea, halakorik balego, bide segurtasuneko araudiak horretara behartzen ez duenean izan ezik.

j. Eserleku osagarriak tolestea, hori egitea komenigarria egiten duten egoeretan; hala nola pertsonak autobus barnean eroso ibiltzea eragozten duten jende pilaketak sortzen direnean.

k. Norberaren higiene eta osasun egoera dela-eta, kutsapen arriskurik edo eragozpenik (usainak barne) ez sortzea beste bidaiariei edo gidariari.

l. Zerbitzuak, ibilgailuak eta geltokiak gaizki erabiltzeagatik, edo norberaren ondasunak gaizki kokatzeagatik, zerbitzuari lotutako elementuei edo beste bidaiariei eragiten zaizkien kalteen aurrean erantzutea.

m. Gidariaren irizpidea onartzea zerbitzuarekin zerikusia duten arrazoiengatik bidaiarien artean eztabaida sortuz gero (leihoak ireki eta ixtea, aire girotuko gailuen funtzionamendua, etxe abereak, etab.).

n. Objektuak edo fardelak eramanez gero, Arautegi honen 21. artikuluak ezarritako baldintzak betetzea. 

ñ. Etxe abereak garraiatuz gero, Arautegi honen 24. artikuluak ezarritako baldintzak betetzea.

27. artikulua. Debekuak.

1.-  Berariaz debekatuta dago:

a. Ibilgailura sartzea gidariak autobusa beteta dagoela adierazten duenean.

b. Bidaiatzeko ez diren ibilgailuaren zonetan bidaiatzea.

c. Beren ezaugarriengatik, zuzenean edo zeharka, edo kanpoko faktoreekiko konbinatuta, bidaiarientzat eragozpen edo haien osasunerako edo osotasun fisikorako arriskutsu izan daitezkeen objektuak garraiatzea. Bereziki debekatuta dago ibilgailura sartzea materia leherkorrak, sukoiak, korrosiboak, erradioaktiboak, pozoitsuak, toxikoak, kutsagarriak edo antzekoak.

d. Ibilgailura arriskutsuak izan daitezkeen animaliak sartzea.

e. Ibilgailura patinak jantzita sartzea.

f. Ibilgailuen barrualdea edo kanpoaldea eta geltokiak hondatzea, zikintzea, idaztea, margotzea…

g. Ibilgailu barnean paskinak, liburuxkak eta edozein propaganda edo publizitate mota banatzea.

h. Ibilgailu barnean eskean aritzea.

i. Irratiak, soinua erreproduzitzeko edo komunikatzeko gailuak, gailu elektronikoak edo antzekoak erabiltzea, bidaiarientzat edo gidariarentzat eragozpen izan daitekeen bolumenarekin.

j. Ibilgailura mozkortuta edo drogen eraginpean sartzea, zerbitzuaren funtzionamendu normala eragozteko moduan.

k. Ibilgailuetan erretzea, aire librean dauden zonetan izan ezik.

l. Ibilgailura sartzea izozki, likidoz betetako ontzi eta botila irekiekin; pipak edo beste edozein jangarri jatea, ibilgailuak zikintzen direnean edo beste bidaiarientzat eragozpen denean.

m. Ibilgailuko leihatiletatik objektuak botatzea, edo gorputz atalak ateratzea.

n. Gidariarekin hitz egitea, zerbitzuarekin zerikusia duten beharrengatik ez bada; edo, justifikatutako arrazoirik gabe, ibilgailua martxan dagoela gidatzean arreta galarazi edo eragozpenak sortzen dituen edozein ekintza burutzea.

ñ. Ibilgailutik jaistea edo igotzea ezarritako geltokietatik kanpo, edo ibilgailua mugitzen ari denean, justifikatutako arrazoirik gabe.

o. Zutik bidaiatzea horretarako berariaz jarrita dauden segurtasun gailuei behar bezala helduta egon gabe.

p. Ibilgailu barnean, ibiltzen ari dela, heldulekuei egoki heldu gabe ibiltzea, balaztatu behar denean edo trafikoaren ondorioz edozein gorabehera gertatzen denean norberaren edo gainerako erabiltzaileen osotasun fisikoa arriskuan jarriz.

q. Ibilgailuaren edozein segurtasun edo laguntza mekanismo erabiltzea justifikatutako arrazoirik gabe.

r. Ateak ireki eta ixteko mekanismoak manipulatzea edo indarrez erabiltzea.

s. Biluzik edo alkandorarik gabe bidaiatzea.
2.- Gidariak ibilgailura sartzea debekatuko die goian aipatutako debekuak betetzen ez dituzten pertsonei, edo ibilgailutik jaistea aginduko die, txartelaren zenbatekoa berreskuratzeko eskubiderik gabe.

Ez-betetzea ibilgailuaren barnean gertatzen denean, Arautegi honetan ezarritakoa betetzeko edo hurrengo geltokian jaisteko esango dio gidariak debekua hautsi duen pertsonari.

Erabiltzaileak bere jokaera mantentzen badu eta gidariaren eskaerari jaramonik egiten ez badio, gidariak berehala emango die horren berri ikuskapen zerbitzuei edo agintaritza agenteei, garraio enpresa operadoreko langilearen oharpenei kasurik ez egiteagatik salaketa jar dezaten, edota, bestela, aurpegiratutako egintzagatik egokia den salaketa jar dezaten.

 

IV. TITULUA. GARRAIO ENPRESA OPERADOREEN BETEBEHARRAK

I. Kapitulua. Zerbitzua eskaintzen duen enpresen betebeharrak 

28. artikulua. Informazioa.

1.- Garraio enpresa operadorea arduratuko da zerbitzu eskaintzaren ezaugarriei, zerbitzu garapenean eragina duten gorabeherei eta Erreklamazio Liburu edo Orriari buruzko informazioa emateaz.

Garraio tituluen erabilera baldintzen edo tarifen aldaketa, edo baliozkotasun muga data baino lehen agortu ez diren tituluen trukea, dagokion moduan jakinaraziko zaie pertsona erabiltzaileei. Titulu baliodunen trukearen onarpenari buruzko informazioa ibilgailu guztietan emango da.

2.- Ibilgailuetan, honako hauek egongo dira ikusgai:

a. Arautegi honen xedapenen laburpen bat;

b. Garraioko udal tituluen eta hiri garraio publikorako onartutakoen zerrenda, xeheki adierazita haien erabilera baldintzak.

c. Unean uneko indarreko tarifak.

3.- Donostiako Udalak zainduko du pertsona guztiek zerbitzuaren ezaugarri, baldintza, funtzionamendu eta tarifei buruzko edo bestelako gorabehera, kexa, iradokizun edo erreklamazioei buruzko informazioa pixkanaka jaso edo kontsultatzeko aukera izatea, edozein formatu irisgarritan, jatorria eta euskarria zein den ere.

Adierazitako formatu irisgarri eta hautazko horiek honakoak izan daitezke, besteak beste: karaktere handiak, hizkera erraza, braille, teknologia moldagarriaren bidezko komunikazio elektroniko irisgarriak eta audio-zintak edo antzekoak.

Formatu alternatiboetan emandako informazio hori ibilgailuetan, instalazio finkoetan, geltokietan, web orrialdeetan edo beste edozein tokitan eman beharko da.

4.- Donostiako Udalak sustatu egingo du erabiltzaileei ematen zaien informazioa euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, beste hizkuntza batzuetan ere ematea, garraio zerbitzua erabiltzen duten atzerritarren eskaerei erantzuteko.

29. artikulua. Geltokiak.

1.- Geldialdiak terminalak edo eskatu ahalakoak izan daitezke.

Lineako geldialdi terminalak, edo ibilbidearen bukaerakoak, nahitaezkoak izango dira, eta ordutegiak erregularizatzeko balioko dute.

Eskatu ahalako geldialditzat hartzen dira ibilgailua bidaiariak sartu eta irteteko beharrezkoa den denboran soilik gelditzen den aldiak, ibilgailuaren barruan txirrina sakatuta geldialdia eskatu delako, edo gidariak geltokitik igarotzean eta martxa moteltzean ikusi duelako bertan bidaiariak badaudela eskua altxatua, ibilgailuan sartu nahi dutela adieraziz horrela.

2.- Ibilgailua espaloiarekiko paralelo geldituko da, oinezkoen eta ibilgailuen trafikoari eragozpenik ez sortzeko moduan, garraio publikoko ibilgailuentzat erreserbatutako espazio eta erreien kalterik gabe.
 
Hainbat lineak partekatzen dituzten geltokietan, bi ibilgailu edo gehiago elkartzen direnean, lehenengo biak bakarrik egongo dira bidaiariak sartu eta irtetea onartzeko arauzko posizioan.

Atzean dauden ibilgailuek ez dituzte ateak irekiko, arauzko posizioan egon arte. Ibilgailua bigarren lekuan gelditzen denean, gidariak egiaztatu beharko du geltokian ibilgailura igo gabe geratu den inor ez dagoela.
3.- Geltoki terminaletan (gidariek atsedena hartzeko arauzko denboran eta ibilgailua iristen denetik ezarritako ordutegiaren arabera irten den arteko tartean salbu), sartzeko ateak irekita egongo dira, bidaiariak sartu ahal izateko.

4.- Geldialdi luzeetan, motorra gelditu egingo da, eta piztu egingo da berriro abiatu baino minutu bat lehenago, edo behar adinako aurrerapenaz ibilgailuaren barnealdearen klimatizaziorako.

4 minututik gorako geldialdiak geldialdi luzetzat hartuko dira.

5.- Segurtasun arrazoiak direla medio, debekatuta dago bidaiariak geltokitik kanpo sartu edo irtetea, ezinbesteko kasuetan izan ezik, baldin eta egokiak diren baldintzak badaude eta ibilgailuaren barruan eta kanpoan dauden erabiltzaileentzat arriskurik sortzen ez bada.

Aurreko paragrafoan araututakoa ez zaio aplikatuko gertakizun berezietarako baimendutako geldialdien araubideari, ezta 12. artikuluaren azken paragrafoan aurreikusitako ibilgailutik jaisteko geldialdiei ere. 

30. artikulua. Zerbitzuen ordutegiak eta maiztasunak.

1.- Garraio enpresa operadoreak behartuta daude ezarritako irteera ordutegiak eta maiztasunak betetzera. Eskatu ahalako geldialdietarako adierazitako maiztasun eta ordutegiak gutxi gorabeherakoak dira, eta, besteak beste, trafikoaren edo klimatologiaren inguruabar txarrek eraginda suerta daitezke.
Enpresaren kalitate irizpideen barruan, finkatutako maiztasunak betetzeko baliabideak ezarri beharko dira, edo, egokia bada, ibilgailuak ibilbideko geltoki batetik ez igarotzeko iragarritako ordua baino lehen.

Zerbitzuen ordutegia eta maiztasuna zehazteko xedez, ibilgailuen barruko ekipo eta informazio panel guztiak sinkronizatuta egongo dira doitasun handiko denbora errealeko erloju baten bidez; erloju hori, halaber, sistemarekin sinkronizatuta egongo da, GPSko NMEA protokoloko bilbeen bitartez. Erloju hori izango da ordutegiak era ofizialean markatuko dituena.

2.- Linea, ordutegi eta maiztasunak, behar bezala eguneratuak, bidaiarien eskura egongo dira beti geltokietan –haien ezaugarriek hala ahalbidetzen dutenean–, garraio enpresa operadoreen bulegoetan, eta web orrialdeetan. Informazioaren barruan, nolanahi ere, lehenengo eta azken zerbitzuaren hasierako ordutegia eta bidaien maiztasunak egongo dira. Maiztasuna 20 minutukoa edo hortik gorakoa denean, abiaburuko irteera ordutegi zehatzak adierazi ahal izango dira.

3.- Garraio enpresa operadoreak informazio hori zabalduko du, linea bakoitzaren ezaugarrien arabera, sarearen planoak edo beste edozein informazio osagarri emanda, eta horretarako, Donostiako Udalak edo Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren lankidetza eskatuko du, erakunde horien eskumenak kontuan hartuta.

31. artikulua. Ibilgailuen identifikazioa

1.- Turistikoa ez den bidaiariak errepidez garraiatzeko erabilera orokorreko garraio publiko erregularreko zerbitzuari atxikitako ibilgailuak, behar bezala justifikatutako arrazoiek galarazten dutenean izan ezik, Donostiako Tranbia Konpainiaren irudi korporatiboaren bereizgarrien bidez identifikatuko dira, eta garraio arloan eskumena duen udal organoak erabakitako beste elementu batzuen bitartez. 

2.- Izaera turistikoko bidaiariak errepidez garraiatzeko erabilera orokorreko garraio publiko erregularreko zerbitzuari atxikitako ibilgailuek, behar bezala justifikatutako arrazoiek galarazten dutenean izan ezik, garraio arloan edo dagokion emakida tituluan eskumena duen udal organoak erabakitako identifikazio elementuak izango dituzte.

32. artikulua. Publizitatea ibilgailuetan.

Donostiako Udalak publizitatea baimendu ahal izango du ibilgailuetan, barruan nahiz kanpoan, betiere publizitate edukiek errespetatu egiten badute indarrean dagoen legeria, bereziki, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa eta droga-mendekotasunaren prebentzioari buruzkoa.

Jartzen den publizitateak errespetatu egin beharko du dagokion irudi korporatiboa, ibilgailuak herri garraiokoak direla identifikatzeko moduan.

Ez du eraginik izango gidariek gidatzeko duten ikus-espazioetan, eta ez da baimenduko, inola ere, publizitatea ibilgailuaren aurrealdean jartzea.

33. artikulua. Higiene eta erosotasun baldintzak.

Ibilgailuak nahiz zerbitzua emateko garraio enpresa operadoreek erabiltzaileei arreta emateko erabilitako instalazio finkoak egoera onean mantenduko dira, erabilera osasungarritasun eta higiene baldintza egokietan egin ahal izateko moduan.

Gidariek komunikaziorako eta soinua erreproduzitzeko gailuak zein irratiak erabiltzen dituztenean, erabiltzaileak ez gogaitzeko moduko bolumenean jarriko dituzte. Nolanahi ere, gogaikarritzat hartuko da 55 LAeq (dB)-tik gorako muga balioa, ibilgailuko kabinaren barruan neurtuta, ateak eta leihoak itxita daudela.

Artikulu honetan adierazitako betebeharrak funtsezkoak izango dira zerbitzua ematen denean.

34. artikulua. Ibilgailuen edukiera.

Ibilgailuan sartzen den bidaiari kopurua ez da zirkulazio baimenean zehaztutakoa baino handiagoa izango. Ibilgailuaren edukiera beteta dagoenean, ez da irekiko igotzeko atea, eta gidariak gorabehera horren berri emango du bere trafiko zentroan.

Ibilgailuaren barruan, erraz ikusten den lekuan, adierazita egongo dira eserleku kopurua, zutik joan daitezkeen bidaiarien kopurua, eta, hala badagokio, aulki gurpildunetan ibiltzen artikulu diren pertsonentzat eta mugikortasun urria duten gainerako bidaiarientzat erreserbatuta dauden plaza eta espazio kopurua.

Zutik doazen bidaiariak garraiatu ahal izango dira, bakar-bakarrik, hala ahalbidetzen duten ibilgailuetan, haien homologazio ezaugarri teknikoen arabera, eta berariazko arrazoiengatik baimenduta dauden zerbitzuetan.

35. artikulua. Ibilgailuen garbiketa eta mantentzea.

1.- Ibilgailuak behar bezala garbituko dira zerbitzuan hasi aurretik. Desinfekzioa eta desinsektazioa egingo da aplikagarria den araudiak ezarritako epeetan.

2.- Era berean, egunero, ibilgailuak zerbitzua ematen hasi aurretik, enpresa operadoreek alderdi hauek egiaztatuko dituzte:
a. Inklinatzeko sistemek, arrapalek eta plataforma jasotzaileek, txirrinek eta sakagailuek zein ikusizko eta soinu bidezko ohar sistemek behar bezala funtzionatzen dutela.

b. Ateak behar bezala ireki eta ixten direla, baita txartel makinak eta balidatzaileak, eta lokalizazio eta komunikazio sistemak ere behar bezala dabiltzala.

c. Segurtasun osagai guztiak eskura daudela eta erabiltzeko baldintza zuzenetan (mailuak, kristalak haustekoak, su itzalgailuak, nahitaezko segurtasun gerrikoak, etab.).

d. Erregaiaren eta olioaren mailen egokitasuna, baita pneumatikoen egoera egokia ere, besteak beste.

3.- Sartu-irteteko arrapala, plataforma jasotzaile, txartel makina eta balidatzaile, komunikazio eta klimatizazio sistemen edo segurtasunean eraginik ez duen ibilgailuko beste edozein elementuren funtzionamenduan gertatzen den edozein irregulartasun berehala konpondu beharko da urgentziaz.

4.- Ibilgailua egoera horretan erabiltzeko baldintza izango da aurkitutako arazoa eta ibilgailuaren ordez beste bat jartzeko ezintasunaren arrazoiak Donostiako Udalari berehala jakinaraztea, aurkitutako arazoa konpontzeko aurreikusten den epea adierazita.

36. artikulua. Ibilgailuen segurtasuna.

Garraio publikoko zerbitzuaren ustiapenari atxikitako ibilgailuak, behar bezala homologatutako modeloak izango direnak, funtzionamendu egoera onean egongo dira, beren ezaugarri teknikoak indarrean dagoen Ibilgailuen Arautegian ezarritakoaren araberakoak izango dira, eta ibilgailuen azterketa teknikoak (IAT) zein emakida baldintzak bete eta egunean eduki beharko dituzte.

Inola ere ez da zerbitzurik egingo segurtasun baldintzak betetzen ez dituzten ibilgailuak erabilita.

37. artikulua. Istripu kasua.

1.- Istripua gertatzen bada, gidariak formalizatuko du partea, gertatutako egintzei buruz ahalik eta informaziorik zabalena bilduz, eta bidaiariei adieraziko die zein den gorabehera izapidetzeko bide egokia.

2.- Garraio zerbitzua erabiltzean kaltetuta gertatzen diren erabiltzaileek gidariari eman beharko diote gertatutako egintzen berri, gidaria egintza horiez ohartu ez bada.

Ez Donostiako Udala, ez zerbitzua ematen duen enpresa operadorea ez dira erantzule izango erabiltzaileek gertatutakoaren parterik ematen ez badute gerta daitezkeen ondorio negatiboen aurrean, betiere ezinbesteko inguruabarrek gertatutakoaren berri adierazitako moduan ematea galarazten badute, adierazitako terminoetan.

3.- Zerbitzua ematen duen enpresak hitzartuak izango ditu indarrean dagoen legeriaren arabera nahitaezkoak diren aseguruak, istripu baten ondorioz bidaiariei edo hirugarrenei sortzen zaizkien kalte pertsonal edo materialak egoki ordaintzeko.

38. artikulua. Txartela emateko betebeharra.

Garraio enpresa operadoreak behartuta daude zerbitzua eskudirutan ordaintzen duten erabiltzaileei egokia den paperezko txartela ematera, baita dohainik bidaltzen dutenei ere, plazak zenbatzearren eta nahitaezko aseguruen estaldura izatearren.

20 euro arteko txanponen edo billeteen atzerakoa eman beharko dute. Betebehar horrek funtsezko baldintzaren izaera du zerbitzua emateko orduan.

39. artikulua. Erreklamazio liburua edo/eta orriak

Garraio enpresa operadoreek erreklamazio liburuak edo/eta orriak jarriko dituzte erabiltzaileen eskura, bidaiariek kexak eta erreklamazioak egin eta Udalak, zerbitzuaren titularrak, haien berri izan dezan.
Liburuaren ale bat edo erreklamazio orrien kopuru nahikoa egongo dira erabiltzaileen eskura honako leku hauetan:

– Txartelak emateko baimendutako instalazio finkoetan.
– Txartelak emateko baimendutako instalazio finkorik ez dagoen lekuetan geltokiak dituzten zerbitzuetako ibilgailu guztietan.

Erreklamazioak egingo dira erreklamazioaren gai den zerbitzu normalean ez eragiteko moduan eta gainerako bidaiariei kalterik ez egiteko moduan. Erreklamazioa egiteko gidariaren arreta beharko balitz eta hark zerbitzua eten edo haren baldintzetan eragina izango balu, erreklamazioa garraio enpresa operadorearen instalazio finkoetan aurkeztu beharko da, edo ezarritako bitarteko elektronikoen bidez.

Bidaiariak erreklamazioa egin eta garraio enpresa operadoreak erreklamazioa jaso ondoren, garraio enpresak Donostiako Udalari bidaliko dio hogeita hamar egun balioduneko epean, egokitzat jotzen dituen alegazioekin batera, eta erreklamazio jartzailearen nahia onartzen duen ala ez adierazita.

Donostiako Udalak egokiak diren neurriak hartuko ditu, garraio operadore guztiek, pixkanaka, erreklamazioak interneten bidez egiteko aukera eskain dezaten.

 

II. Kapitulua. Garraio enpresa operadoreetako langileen betebeharrak

40. artikulua. Garraio enpresa operadoreetako langileen betebeharrak.

1.- Garraio enpresa operadoreetako langileek zorrotz bete beharko dituzte Arautegi honetako aurreikuspenak, baita nahitaez bete beharreko gainerako arauetakoak ere.

2.- Enpresa operadoreetako langileen betebeharrak hauek dira, zerbitzuaren titularrak ezar litzakeen beste batzuen kalterik gabe:

a. Gidarien kasuan, ibilgailuak Trafiko, Motor Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide Segurtasun Legea eta hura garatzen duten Arautegiak zorrotz betez ibilgailuak gidatzea, eta ibilgailua gidatu eta leun gelditzea, geldialdiak eta abiatzeak eginez astinaldirik eta mugimendu zakarrik gabe, eta arreta berezia eskaintzea bidaiari eta oinezkoei, eta gainerako zirkulazioari.

b. Erabiltzaileekin une oro tratu zuzena mantentzea, egiten ari diren zerbitzuari lotuta dauden laguntzeko eta informatzeko eskaerei erantzunez.

c. Enpresa operadorearen irudiaren parte diren elementuak mantentzen laguntzea eta higiene baldintza minimoak biltzea, bereziki bidaiariekin aurrez aurreko harreman zuzena duten langileen kasuan.

d. Enpresa operadorearen gidarien eta ikuskapen langileen kasuan, ez zaie bidaiariei sartzen utziko kasu hauetan:

  1. Patinak badituzte.
  2. Betebehar higieniko-sanitarioak betetzen ez badituzte.
  3. Eskuko fardelekin sartzeko Arautegi honetako 21. artikuluan ezarritako baldintzetako bat ez badute betetzen.
  4. Etxe abere batekin sartzeko Arautegi honetako 21. artikuluan ezarritako baldintzetako bat ez badute betetzen.
  5. Ibilgailuaren gehienezko okupazioa iritsi bada.
  6. Nabarmen hordituta edo estupefazienteen eraginpean sartzea, zerbitzuaren ohiko funtzionamendua galarazteko moduan.

 

e. Ibilgailuak dituen sartu-irteteko sistemak ez erabiltzea, mugikortasun urria duen pertsona bat bertan sartu edo irten behar denean.

f. Arautegi honetan aurreikusitako irisgarritasun sistema guztiak aktibatuta mantentzea zerbitzuan zehar.

g. Erreserbatuta dagoen aulki baten erabilera lagatzeko agintzea mugikortasun mugarik ez duen pertsona bati, mugikortasun urria duen bidaiari batek eginiko eskaerari jaramonik egin ez dionean.

h. Bidaiariei agintzea 27.1 artikuluko, f, k eta ñ letretan ezartzen diren jarduera edo jarrera debekatuak egiteari uzteko.

i. Bidaiariei agintzea 27.1 artikuluko g, h, i,eta l letretan ezartzen diren jarduera edo jarrera debekatuak egiteari uzteko.

j. Debekatuta dago bidaiariak garraiatzea horretarako erabiltzen ez diren eta egokituta ez dauden lekuetan.

3.- Artikulu honetako 2.d ataleko azken bi tartekietan eta 2.e, 2.f, 2.g eta 2.h ataletan ezartzen diren enpresa operadoreetako langileen betebeharrek funtsezko izaera dute zerbitzua emateko orduan.

Gainerako puntuetako enpresa operadoreetako langileen betebeharrak zerbitzua emateko baldintza gisa sartuko dira, garraio arloan ematen diren aginduen klausula arautzaileen pleguetan eta, egoki denean, dagokion emakida tituluan.

4.- Garraio enpresa operadoreen betebeharra izango da adierazitako betebeharrak nahiz araudi orokorraren ondorioz bidaiariei dagozkien guztiak bertako langileei betearaztea.

 

V. TITULUA. GARRAIO TITULUA

41. artikulua. Garraio titulu baliodunak.

1.- Garraio titulua, behar bezala balidatua, hala badagokio, ibilbide jakin batean bidaiatzeko baimena ematen duen agiria da.

2.- Gobernu Batzarraren eskumena da titulu berriak sortzea eta haien baldintzak zehaztea; egoki balitz, jadanik erabilgarri dauden tituluak ezabatzea, eta beste erakunde batzuek sortutako tituluak udal hiri garraioaren zerbitzuan baliozkotzat onartzea, besteak beste, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza.

3.- Garraio titulu baliodunak dira turistikoa ez den erabilera orokorreko garraio erregularrekoak: aldian behingo txartela, txartel berezia eta dbus bonobusa. 
Garraio mota hori egiteko garraio titulu baliodun gisa onartzen dira Garraioaren Lurralde Agintaritzak jaulkitako tarifa sistema bateratuko MUGI txartelak, behar bezala balidatuak. 

Txartel pertsonalizatuen kasuan, erabilera desegokia edo iruzurtia denean, txartelen erakunde jaulkitzailearen baldintzen arabera, ulertu egingo da garraio titulua ez dela baliozkoa.

Bidaia anitzeko txartelak erabiltzen badira edo tarifa sistema bateratuko txartelaz ordaintzen bada, erabiltzaileak egiaztatu beharko du balidazioa edo kontrol eragiketa behar bezala egin dela eta txartel horrekin bidaiatzen ari den bidaiarien kopuruarekin  bat datorrela. Tituluak ibilgailutik jaisten den azken pertsonaren esku gelditu beharko du.

4.- Garraio titulu baliodunak dira turistikoa den erabilera orokorreko garraio erregularrekoak: autobus turistikoaren helduentzako txartela, autobus turistikoaren haurrentzako txartela (5 eta 12 urte bitartean), tren turistikoaren helduentzako txartela eta tren turistikoaren haurrentzako txartela (5 eta 12 urte bitartean).

5.- Garraio titulu guztiek istripu kasuetarako egokia den nahitaezkoa aseguruaren estaldura daramate beraiekin.

42. artikulua. Aldian behingo txartela.

1.- Bidaiaria igotzean ibilgailuan bertan jaulkitzen den aldian behingo txartela da, dirutan dagokion tarifa ordaindu ondoren. 
Txartel hori doakoa izango da sei urtetik beherako adingabeentzat, egoki den kreditatze titulua duten pertsona baimenduentzat eta itsuen eta aulki gurpildunetan bidaiatzen duten laguntzaileentzat.

2.- Bidaiaria aldian behingo txartelaren zenbateko zehatza ordaintzen ahaleginduko da. Hala ere, 20 euro arterainoko txanpon edo billete atzerakoa jasotzeko eskubidea izango dute.

Bidaiariak garraio titulua erosten duenean egiaztatu beharko du jasotako atzerakoak zuzenak direla.

Ibilgailuetan txeketegia eraman ahal izango da, eta horren bidez eskudirutan eman ezin diren atzerakoak itzuliko dira. Emandako txekeak diru bihurtu daitezke hurrengo egunetik aurrera, garraio enpresa operadorearen bulegoetan, edo zehaztu daitezkeen beste leku batzuetan.

Erabiltzaileak 20€-tik gorako zenbatekoa duten billeteekin soilik ordaintzerik balu bidaia, ezin izango da ibilgailura igo. Ibilgailua abiatu egin bada, hurrengo geltokian jaitsi beharko da.

43. artikulua. Garraio titulu balioduna eramateko betebeharra.

1.- Bidaiari orok, baita dohainik bidaiatzen dutenek ere, garraio titulu baliodun bat izan beharko dute ibilgailura igo direnetik; sartzean, ibilgailuaren kontrolpean jarri beharko dute, haien ezaugarrien arabera, edo igotzean aldian behingo txartela eskuratu beharko dute, eta hondatu gabe gorde, helmuga geltokian ibilgailutik jaitsi arte.

Titulu baliodunik gabe bidaiatzen dutenek ibilgailutik jaitsi beharko dute, egoki den zehapen espedientearen hasieraren kalterik gabe.

2.- Garraio tituluak ikuskatzaileek edo/eta garraio enpresa operadoreetako langileek eskatuz gero aurkeztu beharko dira. Garraio titulu pertsonalizatuen kasuan, bidaiariek nahitaez identifikatu beharko dute beren burua nortasuna egiaztatzen duen agiri batekin.

Bidaiariak ikuskatzeko eginkizunetan laguntzeko duen betebeharra borondatez betetzen ez badu, zerbitzua ematen duten enpresetako langileek Udaltzaingoaren laguntza eskatu ahal izango dute.

 

VI. TITULUA. ZEHAPEN ARAUBIDEA

44. artikulua. Eskumena eta prozedura.

Donostiako Udalari dagokio errepide bidezko bidaiarien hiri garraio kolektiboan egiten diren arau-hausteak ikuskatu eta zigortzea.

Arautegi honetan aurreikusitako zigorrak ezartzeko prozedura, baita haiek betetzea ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zehapen eskumenaren otsailaren 20ko 2/1998 Legean xedatutakoari lotuko zaio

45. artikulua. Ikuskapena.

1.- Garraio enpresa operadoreek ikuskatu ahal izango dute bidaiariek nola betetzen dituzten Arautegi honetan ezarritako betebeharrak; hala ere, Udaleko ikuskatzaileek ere ikuskapena egin ahal izango dute.
2.- Aipatutako enpresa operadoreetako langileek edo Udaleko ikuskapeneko langileek baimena dute adierazitako betebeharrak nola betetzen diren zaindu eta ikuskatzeko. Hautemandako arau-hausteen berri eman beharko dute egokia den salaketaren bidez; eta, egokia bada, zehapen espedientea irekiko da.

46. artikulua. Erantzukizuna Arautegi hau ez betetzearen ondoriozko arau-hausteak egiteagatik.

1.- Pertsona fisikoek edo garraio enpresa operadoreek edo/eta haien langileek egindako arau-hausteen kasuan, erantzukizuna zerbitzua esleituta duen operatzailearena izango da, edo emakida edo baimenaren titularra, egoki denean, arau-hauste horien erantzule materialak diren zerbitzuari atxikitako langileen aurka egoki irizten diren ekintzen kalterik gabe.
2.- Nolanahi ere, arau-hauste independentetzat hartuko dira ibilaldi desberdinetan egiten direnak, nahiz eta arau berak edo antzekoak hautsi.
Hala ere, araua hautsi duten egintzek garraio enpresa operadorearen bulegoetan egiten den jarduera administratiboarekin zerikusi zuzena dutenean, edo erabilitako ibilgailuarekin, eta ibilgailuaren abiagunea zen enpresa egoitzara itzuli arte zuzendu ezin direla frogatzen denean, egintza horiek arau-hauste bakartzat hartuko dira, nahiz eta bien bitartean egindako ibilaldi zatikakoetan behin eta berriz gertatuak izan.
3.- Bidaiariek arauak hausten dituztenean, erantzukizuna haiena izango da.

47. artikulua. Arau-hausteen definizioa eta sailkapena.

1.- Errepide bidezko bidaiarien garraio legerian tipifikatutako aplikagarriak diren arau-hausteez gainera, Arautegi honetan ezarritakoaren arau-hausteak izango dira honako titulu honetan tipifikatu eta zigortutako ekintzak eta ez-egiteak.

2.- Arautegi honetan aurreikusitako arau-hausteak larri eta arin artean sailkatzen dira.

48. artikulua. Garraio operadoreek edo haien langileek egindako arau-hausteak.

1. Arau-hauste larriak dira betebehar funtsezkotzat jotzen diren zerbitzua emateko baldintzak, ez-betetze hori ez dagoenean bestela berariaz tipifikatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Bidaiariak Errepidez Garraiatzeari buruzko 4/2004 Legean.

2. Arau-hauste arinak dira Arautegi honetako 40.2. d, lehen-laugarren tartekia eta 40.2 i artikuluan aurreikusitako zerbitzua emateko betebeharrak edo baldintzak ez betetzea, baita Arautegi honetan ezarritako funtsezko izaera ez duten bestelako betebehar eta debekuak ez betetzea ere, ez-betetze hori ez dagoenean bestela berariaz tipifikatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Bidaiariak Errepidez Garraiatzeari buruzko 4/2004 Legean.

49. artikulua. Aurreko artikuluko arau-hausteei dagozkien zigorrak.

1.- Arau-hauste larriak 1.501 eta 2.000 euro arteko isunez zigortuko dira.
2.001€ eta 3.000€ arteko isunarekin zigortuko dira aurreko artikuluko arau-hauste larriak, haien erantzulea jadanik aurreko 12 hilabeteetan zigortu balute, bide administratiboa amaitzen duen ebazpen bitartez, honako Arautegi honetan aurreikusitako Euskal Autonomia Erkidegoko Bidaiariak Errepidez Garraiatzeari buruzko 4/2004 Legean aurreikusitako beste edozein arau-hauste oso larri edo larri bat eginez gero.
2.- Arau-hauste arinak 201 eta 300 euro arteko isunez zigortuko dira.
301€ eta 400€ arteko isunarekin zigortuko dira aurreko artikuluko arau-hauste larriak, haien erantzulea jadanik aurreko 12 hilabeteetan zigortu balute, bide administratiboa amaitzen duen ebazpen bitartez, honako Arautegi honetan aurreikusitako Euskal Autonomia Erkidegoko Bidaiariak Errepidez Garraiatzeari buruzko 4/2004 Legean aurreikusitako beste edozein arau-hauste oso larri bat eginez gero.

50. artikulua. Erabilera orokorreko hiri garraioaren erabiltzaileek eginiko arau-hausteak.

1.- 26.2. d eta ñ artikuluetan aurreikusitako betebeharrak eta 27.1 artikuluan, d, f, j, k eta letretan aurreikusitako debekuak ez betetzea arau-hauste larriak dira.

2.- Arau-hauste arinak dira:

a.- 27.1 artikuluan, e, g, h, i eta l letretan aurreikusitako betebeharrak eta debekuak ez betetzea.

b.- Garraio titulurik gabe bidaiatzea edo bidaiaren ezaugarrien eta aurreikusitako erabilera baldintzen arabera nahikoa ez den tituluarekin, baita tituluaren jabeak egiten duen erabilera desegokia ere.

51. artikulua. Aurreko artikuluko arau-hausteei dagozkien zigorrak.

1.- Arau-hauste larriak 101 eta 200 euro arteko isunez zigortuko dira.

2.- Zerbitzuaren erabiltzaileen arau-hauste arinak ohartarazpenaz edo 100 euro arteko isunaz zigortuko dira. Ez da ohartarazpenik egingo arau-hauslea berrerorlea denean.

Hala ere, arau-hauste horiek 201 eta 300 arteko isunarekin zigortuko dira, haien erantzulea jadanik aurreko 12 hilabeteetan zigortu balute, bide administratiboa amaitzen duen ebazpen bitartez, honako Arautegi honetan aurreikusitako Euskal Autonomia Erkidegoko Bidaiariak Errepidez Garraiatzeari buruzko 4/2004 Legean aurreikusitako beste edozein arau-hauste oso larri bat eginez gero.

3.- 50.2 b artikuluan aurreikusitako arau-hauste arina 50€-ko isunarekin zigortuko da.

Salaketa edo arau-hauste akta jakinarazten denetik 20 eguneko epean isuna ordainduko balitz, zigorraren zenbatekoa 20€-ra jaitsiko da eta horren ondorioz, prozedura amaitu egingo da, ulertuko baita interesdunak aitortu duela bere erantzukizuna.

Akta edo salaketa  jakinarazitzat hartuko da salatuak jakinarazpenari uko egiten badio, eta inguruabar hori aipatu dokumentuan agerrarazi beharko da.

Zigorra ordaintzeak ez du bidaia jarraitu ahal izateko garraio titulu baliodun bat eskuratzetik salbuesten.

52. artikulua. Arautegi honetan jasotako arau-hausteen eta zigorren preskripzioa.

1.- Prozedura hasten denetik sei hilabeteko epean ebazpena jakinarazi ez bada, prozedura iraungi egingo da, Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen legerian ezarritako moduan eta ondorioekin.

Aurreko atalean adierazitako araudian ezartzen diren kasuetan ez ezik, prozedura interesdunei egoztekoak diren arrazoiengatik geldirik dagoen bitartean ere eten egingo da sei hilabeteko epe hori.

Arau-hauste larriak bi urtera preskribatuko dira, eta arinak, urtebetera.

Arau-hauste larriengatik ezarritako zigorrak bi urtera preskribatuko dira, eta arau-hauste arinengatik ezarritakoak, urtebetera.

 

Xedapen Gehigarri Bakarra. Udaltzaingoaren lankidetza.

Udaltzaingoak kolaboratu egingo du zerbitzua behar bezala egin dadin; ahaleginduko da zerbitzu hauetarako erabiltzen diren ibilgailuentzako zirkulazio librea bideratzen eta herri garraioko geltokiak eta erreserbatutako erreiak libre izaten, egoki denean, eta herri garraioak erabilitako gainerako bideak ere libre izaten.

Era berean, udaltzainek enpresa operadoreei lagunduko diete bidaiariren batek aplikagarriak diren betebeharrak eta debekuak bete ez dituenean, eta bere jokaera borondatez zuzentzen ez duenean.

 

Xedapen Iragankor Bakarra.

Ibilgailuek soinu bidezko ohar sistemarik ez duten bitartean, gidariek jakinaraziko diete ibilgailuaren barruan dauden eta ikusmen urritasuna duten pertsonei aldez aurretik adierazi dioten geltokira iritsi direla.

 

Xedapen Indargabetzaile Bakarra.

Indargabetu egiten da 2011ko uztailaren 13an Udalbatzan behin betiko onartutako Donostiako Hiri Garraio Publikoko Zerbitzuaren Arautegi onartua, 5. artikulua izan ezik. 

 

Azken xedapenak

Lehenengoa. Arautegi hau indarrean sartuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denetik 20 egun baliodun igarotzen direnean.

Bigarrena. Bidaiarien errepide bidezko erabilera orokorreko garraio zerbitzu publiko erregularrak ematen dituzten garraio enpresa operadoreek behar bezala zabalduko dute Arautegi hau bertako langileen artean.

Garraioari buruzko Arautegia deskargatu (pdf) 

Azken eguneraketa: 2018ko otsailaren 23an