Donostiako autobus markesinak berritzeko lanak esleitu ditu Dbusek
Orain dela hilabete batzuk hiriko markesinen kudeatze integralerako lehiaketa publikoa argitaratu zen eta orain, berriz, Dbusek Promedios Taldeko PM TRANS EUROPE S. L. U. enpresari esleitu dio lizitazioa. Kontratuak 15 urteko iraupena izango du, eta bere barruan sartzen dira hiriko garraio sareko geltokien instalazioa, birkokapena eta mantentze lanak, eta, horiez gain, publizitatearen ustiapena ere bai.
Lizitazioak aurreikusten du Donostiako 110 markesinak berritzea; orain arte berritu den markesina kopururik handiena da. Donostiak 563 geltoki ditu, eta horietatik 309 markesina erakoak dira eta 254 zutoin erakoak; halere, berritze lan hauetan markesina erakoak baino ez dira eguneratuko. Berritze hori gehienez ere 3 urte eta erdiko epean egingo da, urtean 34-36 markesina inguru eguneratuta.
Markesinak berritzeko lanek ez diote kosturik eragingo Dbusi, TRANS EUROPE enpresak markesinetan ustiatu ahal izango duen publizitatearen bitartez finantzatuko baitira. Horrez gain, Dbusi 494.450€ ordainduko dio urtero, kanon finko gisa. Esleitutako kanon finko hori baldintza pleguan eskatzen zen kanon minimoa baino %60 handiagoa da gutxi gorabehera.
Esleipenerako, kalitate, irisgarritasun eta diseinuko irizpideak hartu dira kontuan. Helburuetako bat zen hiriko altzariak bateratzea eta homogeneizatzea; beraz, markesinak berritzeko aukeratu den modeloa Donostia modeloa da. Markesina arina da, gure hiriarentzat bereziki diseinatua eta Dbuseko geltokietan azken aldian instalatu den Grimshaw modeloaren antzekoa. Gaur egun, 40 geltoki Grimshaw modelokoak dira eta 263 geltoki 2003 modelokoak.
Aukeratu den modeloa eguraldi txarretik egoki babesteko diseinatuta dago, atzeko aldea eta alboak itxita ditu-eta. Beirek bandalismoaren aurkako xaflak dituzte, grafitiak egitea eragozteko, eta zutoinen altzairuaren akabera mikrotesturizatua izango da.
Era berean, markesina berriak Irisgarritasunaren Legera egokituta egongo dira. Irizpide orokor gisa, geltokiak uzten duen guztietan, sarrera albotik eta erdiko aldetik edukiko dute, igarotzeko gutxienez 90 zentimetroko zabalera utzita. Manpara guztiak zeharrargiak izango dira eta kolore biziko bi banda edukiko dituzte kristala dagoela adierazteko. Linearen zenbakia eta destinoa ere adieraziko dituzte, braillez, eta berme iskiatikoko eserleku bat edukiko dute.
Kontratuaren indarraldian aurreikusten da mupi digitalak instalatzea. Mupi horietan publizitatea materiala zein zerbitzukoa sartuko da, Dbusentzat kosturik eduki gabe, izan ere, 1.000€-ko kanon gehigarri bat ordainduko da unitateko eta urteko, gehi mupi bakoitzeko publizitatearekin fakturatzen den %40.
Berritzeko, Dbusek Donostiako Udalaren Mugikortasun Departamentuarekin elkarlanean markesinen egoeraren gainean egin duen analisia hartuko da abiapuntu gisa .