BAT eta BARIK txartelak jada erabilgarri Dbus-eko linea guztietan
BAT (Araba) eta BARIK (Bizkaia) txartelak erabiltzen dituzten pertsonek Dbuseko linea guztietan ordaindu ditzakete jada bidaiak. Aurtengo otsailean hasi zen Interoperabilitateko proiektua Dbusen, 45-Estaciones Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete linean, zehazki, Gipuzkoako Garraio Agintaritzak, Dbusek eta Donostiako Udalak izenpetutako hitzarmenari esker. Harrez gero, astero-astero Dbuseko gainerako lineetara zabaltzen joan da, eta horri esker erabiltzaileek berdin-berdin erabili ditzakete MUGI, BAT eta BARIK txartelak bidaia ordaintzeko. Dbuseko zerbitzuen puntualtasuna eta abiadura komertziala ere hobetu da horrekin.
Horrela, BAT eta BARIK txartelen erabiltzaileek tarifa hobaridunak eduki ditzakete Donostiako hiri autobusen sare osoan, eta txartel anonimoek, gainera, baliozkotze bat baino gehiago egiteko aukera ematen dute. Horretarako, bidai txartelak ordaintzeko makina berriak jarri dira Dbuseko autobusetan eta gidariek prestakuntza espezifikoa jaso dute. Makinak gidariaren ondoan egongo dira eta BAT eta BARIK logoekin identifikatuta egongo dira.
Neurri honekin aurrera egiten da Euskadin bidai txartel bakarra lortzeko bidean, izan ere, une honetan dauden hiru garraio txartelak egokitzea (BAT, BARIK eta MUGI, lurralde bakoitzeko bat) eta euskal garraio publikoko sare osoan berdin-berdin erabili ahal izatea du helburu. Proiektua hainbat erakunde eta operadoreren laguntzari esker hartu ahal izan da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarena, Euskadiko Garraio Agentziarena (EGA), Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzarena (GGLA), Bizkaiko Garraio Partzuergoarena (BGP), Arabako BAT txartelaren Erakunde Kudeatzailearena eta Dbusena.