Berriak

Hartu parte Dbus-en autobusetan ordainketa NFC mugikorren bitartez egiteko proiektuan

IMG_1357Dbusek hiriko autobusetan ordainketa telefono mugikorren bitartez egiteko proiektuaren beste fase bati ekin dio. Fase berrian Konpainiako autobusetan ohiko bidaiari diren 50 lagunek hartuko dute parte.

 Telefono mugikorretako teknologien aurrerapenei esker, etorkizunean gero eta errazagoa eta erosoagoa izango da bidai txartelaren ordainketa egitea garraio publikoan; izan ere, laster posible izango da eguneroko zerbitzu asko gailu bakar batez egitea. NFC teknologia da (Near Field Technology) hurbilen ditugun aurrerapen horietako bat. Berarekin posible da telefono mugikorraren SIM txartelean ordainketa txartel adimenduna emulatzea, mugikorra billeteak baliozkotzeko makinara hurbilduta autobus billetea ordaintzeko aukera emanez. Gainera, sistemak aukera ematen du txartela mugikorrarekin zuzenean kargatzeko, baimendutako establezimendu batera edo salmenta gune batera joan beharrik izan gabe.

Pasa den ekainean Donostian egin zen Garraio Sistema Adimenduei buruzko XIII. Kongresuan Dbusek azaldu zuenez, 2011z geroztik Dbusek NFC proiektu pilotu bat dauka abian jarrita, eta proiektu horretan 10 erabiltzailek autobusa telefono mugikorraren bitartez ordaintzeko sistema bat probatu dute. Orain hasiko den bigarren fasean, Proiektua jada garraio txartela duten beste 50 erabiltzailerengana helduko da. Erabiltzaile berri horiek Dbusen ohiko bidaiak egin ahal izango dituzte billetea telefono mugikorrarekin ordainduta. Deskontuak orain arteko berberak izango dituzte, baina billetea ordaintzeko modua errazagoa izango dute.

Proiektuan, nahi duten erabiltzaileek parte hartu ahal izango dute, eta, horregatik, izena emateko prozesuari hasiera ematen zaio. Izena Dbuseko web orri honetan bertan eman ahal izango da, eskabide formularioa betez. Proiektuan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da Mugi edo Lurraldebus txartel arrunta edukitzea, bai eta Movistarreko telefono mugikorra ere (Samsung Galaxy SIII edo Blackberry), 7.0 baino bertsio txikiagoko sistema eragilearekin eta NFC sistemarekin.

Hasieran Proiektua terminal horietarako baino ez bada ere, espero dugu Proiektuaren beraren aurrerapenekin poliki-poliki Telefoniako beste operadore batzuen beste terminal batzuekin ere erabili ahal izatea.

Proiektuaren fase honetan parte hartzeko, jasotzen diren lehen 50 eskabideak aukeratuko dira. Onartzen diren eskabideen egileei beraien telefono mugikorreko SIM txartela aktibatzeko nora joan behar duten azalduko zaie, eta proba pilotuan parte hartzeagatik 20 bidaia kargatuko zaizkie dohainik, opari gisa.

Ekimena aitzindaria da Europan; izan ere, Europako bi hiri lotuko ditu eta Gijonen eta Donostian egingo da batera, aplikazio bakarrarekin Donostiako zein Gijongo hiri autobusetan bidaiatu ahal izango baita telefono mugikor berberarekin.

Proiektua SITE (Smart Travelling in Atlantic Cities) Europar Batzordearen ticketing ekimenaren baitan kokatzen da, Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) finantzatuta, non Dbus, EMTUSA Gijongo hiri garraiorako udal enpresarekin, Movistar telefoniako operadorearekin eta Telvent eta Oberthur konpainia teknologikoekin elkarlanean, hiri bat baino gehiagoren artean jarduteko moduko NFC ordainketa sistema bat garatzen ari baita.

Hasieran, Donostiako esperientzia Dbuseko hiri autobusetara mugatuko da, eta ondorengo faseetan beste operadoreetara zabaltzeko aukera aztertuko da. Edozein kasutan lortutako esperientzia erabilgarria izan daiteke Gipuzkoako Garraio Agintaritzarentzat, etorkizunera begira ordainketa sistema berriak aztertzeko.

Ekimen berri honekin nabarmentzen da Konpainiak hiri garraioaren irisgarritasuna eta erosotasuna handitzen lagunduko duten aurrerapen teknologikoen alde egiten duen apustua; izan ere, hala erakusten dute azken hilabeteetan egin dituen azken inplementazioek, esaterako autobusen iritsiera orduak kontsultatzeko QR kodeak eta billeteak baliozkotzeko autobusen erdiko ateetan jarritako makinak. Inplementazio horiei esker, Dbus finalera heldu ahal izan da munduan ospetsuak diren Transport Ticketing sarietan, Garraio Konpainia Berritzaileenen kategorian.

Honekin lotutako dokumentuak

1. Parte hartzeko eskaera orria

Eskaera orria deskargatu  (pdf)

2. Galdera ohikoenak

Dokumentua deskargatu (pdf)