Berriak

125 urte Donostiarren zerbitzura

1886an Donostiak 26.000 biztanle baino zertxobait gehiago zituen eta hedatze prozesuan sartuta zegoen. 22 lehenago harresiak eraitsi zituzten eta urte bete beranduago Gran Casino inauguratuko zen.

Hiritar batzuen ekimenez, abuztuaren 28an Donostiako Tranbia Konpainia jaio zen, eta 11 hilabete beranduago, 1887ko uztailaren 18an, zerbitzua ematen hasi zen zaldiek tiratutako tranbiekin; handik gutxira tranbia horiek kendu eta tranbia elektrikoak jarri zituzten haien ordez.

Garraiobide kolektibo hau hirian sortzea Erabilera publikoko obratzat jo zuten jada 1886an, eta horrek behartu zuen Konpainia azpiegitura garrantzitsuak egitera, esaterako Kontxa eta Ondarreta lotzen dituen tunela, gaur egun hirirako funtsezkoa dena.

1948an trolebusak ezartzen hasi ziren tranbia zaharrak ordezkatzeko, eta, garai batean, gainera, bi solairuko trolebus enblematikoak ere ekarri ziren Londresetik. Azkenean trolebus guztiak autobusekin ordezkatu ziren, malgutasun eta erosotasun handiagoa eta hiriko leku garaienetara iristeko aukera ematen zutelako.

Lineei dagokienez, bilakaera handia izan dute, hiriak berak izandakoarekin batera. Lehen linea, 1887an inauguratu zena, Kontxa, Boulevarra eta Ategorrietako kotxetegiak lotzen zituen. Ondoren eta bereziki autobusak ezarri zirenetik aurrera, zerbitzuak hiriko zonalde gehienetara zabaldu ziren, eta, orain, sartu diren azken mikrobusekin esan daiteke zerbitzua donostiarren %99ri heltzen zaiela.

Bere historian zehar Konpainiak arazo ekonomiko handiak izan zituen, eta horiek beti Udalak urtero egiten zizkion diru ekarpenekin gainditu ahal izan ditu. Konpainiaren egoera ekonomikoa kaskartu egin zen eta horrek egoera larritzea ekarri zuen, baina zerbitzua donostiarrentzat garrantzitsua zenez, 1981eko irailaren 30ean, hau da, duela 30 urte baino gehiago, Donostiako Udalak enpresaren kapital sozial gehiena erosi zuen. Enpresa udalaren eskura igarotzearekin posible izan da linea berriak sortzea betidanik zerbitzurik izan ez duten auzo eta zonaldeetarako, kasu askotan ekonomikoki errentagarriak izan ez diren lineak, hain zuzen ere. Udalaren eskura igarotzeak, halaber, donostiarren kolektibo askorentzat tarifa murriztuak aplikatzea ahalbidetu du, esaterako errenta txikiko pertsonentzat, langabetuentzat edo erretiratuentzat edo autobusen ohiko erabiltzaileentzat, besterik ez. Zerbitzuaren hasierako prezioa 10 zentimo izan zen bidaia bakoitzeko, gaur egungo tarifen aldean askoz handiagoa dena.

Gaur egun DTK oso eredu ezaguna da garraio publikoko enpresen artean; izan ere, Konpainiak gaur egun jasotzen duen diru ekarpena txikiena da, gure inguruko hirietako garraio zerbitzuekin alderatuta, eta, gainera, erabiltzaile asko ditu. Hasierako helburua urtean 500.000 bidaiari izatera heltzea bazen, gaur egun 29 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu urtean, zifra errekorra autobusu erabilerari dagokionez, Donostiaren tamainaren antzekoa duen edozein hiri europarretan erabilera txikiagoa baita.

Hori dena ezinezkoa litzateke guztion ahaleginik gabe, bai sortzaile eta hasierako akziodunena, bai urte hauetan guztietan zehar DTKtik pasatu diren langile guztien edo hirian izan diren alkate eta udal korporazio guztiena, autobusaren erabilera bultzatu eta konpainiaren hobekuntzen alde egin dutelako, eta batez ere Donostian autobusa modu masiboan erabili duten eta erabiltzen ari diren hiritar guztiei esker.

Gaur egun, 125 urte igaro eta gero, Gipuzkoako enpresa zaharrenetako bat izaten jarraitzen du, bai eta Europan garraio publiko zerbitzuak eskaintzen denbora gehien daramana ere, eta, horretaz aparte, Konpainia inoiz baino inplikatuagoa dago Hiriaren mugikortasunaren hobekuntzan. Hori dela eta, zorionak 125 urte hauengatik, batez ere donostiar guztiei, autobusa modu masiboan erabiltzen dutelako eta, horrekin, Donostia hiria bizgarriago, garbiago, onuragarriago eta gizatiarrago egiten laguntzen dutelako, inolako zalantzarik gabe.

Gerardo Lertxundi
Zuzendari Gerentea