Noticias

Garraio publikoaren erabilera sustatzea, Mugikortasunaren Astea dela eta

Irailaren 16tik 22ra Mugikortasunaren Astea izango da, eta hori dela-eta, autobus geltokietan dagoen informazio materiala berrituko du Dbusek, lineen ibilbideen eta ordutegien irudia eguneratuz, errazago ulertzeko eta erakargarriago egiteko. Datozen egunetan hasiko dira materialak eguneratzen, eta pixkanaka eguneratuko dira Dbuseko geltoki guztietan. Era berean, Donostian zerbitzua ematen duten hiriko linea guztien
ibilbideak jasotzen dituzten planoak ere berrituko dira.

Informazioaren hobekuntza horren helburua da erabiltzaileen esperientzia hobetzea, garraio publikoaren erabilera sustatzeko. Era berean, egun horietan, 2020an abiatu zen eta Dbusen oso harrera ona izan zuen kanpaina bat berreskuratuko da. Garraio publikoaren onuren inguruan da kanpaina, eta autobus garraio publikoa ibilgailu pribatuaren alternatiba ona dela azpimarratzen duten lau ideia erabiltzen ditu. Ideia horiek grafikoan daude adierazita:

– Garraio publikoan bidaiatuz bidaiaren denbora beste zeregin batzuetarako erabil daiteke.
– Gastuak murriztu daitezke
– Ingurumena zaintzen da
– Espazio publikoaren erabilera hobetzen da

Kontua da aldaketa txikiak eginez mugikortasun iraunkorraren ereduan aurrera egiten jarraitzea Donostian, garraio publikoan bidaiarik gehien erregistratzen duen hirietako batean. Izan ere, Donostiak erregistratzen duen bidai kopurua Europako handienetako bat da eta Espainian Donostiaren antzeko neurria duten gainerako hirietakoa baino askoz handiagoa.